www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

DOLORES

 

Zumaya

 

Attendite et videte si est dolor sicut dolor meus.
(Jeremias Igarlearen eskribuetan I buru eta 12 garren bersuan.)
Gelditu zaitezte, munduko bideetan zabiltzatenak,
eta begiratu zazue ete dan beste naigabe bat
nere naigabea bezelakorik.

 

        N. a. m. Laburrak dira nere egunak. Gaur banaiz, biar ez naiz izango; gaur pulpito santu onetatik itz egitera noa, biar, emendik urte batzuetara geienez, nere gorputza lurperatua egongo da or, nunbaiteko basterren batian, ta munduan nere oroimenik izango ezta. Gauza samiña da gizonarentzat, bizitzari añ eutsia egon, eta bizitzak añ laster igeztu bearra; eta samiña da gañera, gizonaren egunak añ lasterrak izanik, munduko pausurik geienetan arantzak billatu bearra; beti miñez, naigabez ta oñazez inguratua egon bearra. Mundu laburra, ta negarrezko mundua.

        Zuek dakizue ondo, n. a. Zenbat urtean bizi zerate munduan? Ez asko; iñortxok ere eztu esango onezkero urte askotan bizi izan dala; bañan denok esango dezue neke asko eraman dezuela.

        Ala da. Zuen gaste denpora (irudiz itz egiteagatik) igaro bazenduen, lasterka batean, zelai berde ta loratsuren bat esperanzaz bete betea, aurrez aurre ta beriala billatu dezue eremu zabal ta legor bat, nun igaro dituzuen beste egun guziak gozotasunaren gosean ta egarrian, beñere gozotasunik billatu gabe, eta orduan, orduan bakarrik iduritu zatzuez luzeak mundu onetako egunak. Au da mundua.

        Benetan esaten det; kristauak ezpagiña, naikua litzateke, etzi, gogazi ta ezbear bat egiteko; baña Jaungoikoaren kupida santuagatik kristauak gera, kristauak benetan; eta iñoiz argaltasun bat izan badegu ere, badakigu jasotzen gure begiak Jaungoikoagana, eta gure begiak jasotzean negarrez ikusten degu gure aurrean, o pozgarria! kurutzean josita Jaungoikoa, samintasunezko Jaungoikoa, guk baño askozaz samintasun geiago eraman duan Jaungoikoa. Eta ez ori bakarrik: gure negar ta zizpururen bitartean, entzuten ditugu diadar triste batzuek esaten duela: O vos omnes qui transitis per viam: attendite et videte si est dolor sicut dolor meus. Lurreko pausuetan negarrez zabiltzaten jenteak: gelditu zaitezte apur batean, eta begiratu zazue ni ere, Jaungoikoaren Ama izanarren, negarrez nagola; ikusi zazue ondo nere samiña eta esan zadazue gero ete dan beste samin bat nerea bezelakorik.

        Maria gure Amaren santaren diadar triste onetan esagutzen det naigabe andi guztiak dauken misteriozko indarra. Naigabe andi baten ondoan naigabe txikiak sentitzen eztira, edo sentitzen badira, arimako sokoren baten gordetzen ditugu. Orrela zuek ere, zuen samiñak gorderik, etorri zerate gure Amarenak pensatzera. Ondo egin dezue.

        Mariaren naigabeak jakitera etorri zeraten eskeroan bada, Attendite, jarri zazue zuen adin edo entendimentuko argia ta zuen borondatearen indar guzia gaur goizeko sermoitxo onetan; et videte eta ikusi zazue ama onen naigabe neurrigabea, eta esan zazue gero ete dagon naigaberikan ama onena bezelakorik. Si est dolor sicut dolor Mariae.

        Daukat asmoa, n. a., erakusteko Maria santaren naigabea izan zala munduko gizonen artean izan diranak baño askozas aundiagoa. Onetarako, esaguturik amodiua dala Ama onen naigabe guzien iturria, agertuko det 1º Mariak Jesusi zion maitasun garbi ta sutsua, 2º Mariak gizonentzako zeukan maitasun egiazkoa.

        O nere ama doekabea! Eman zadazu nik esagutzea zure arimako samintasuna; eman zadazu nik sakontzea zure biotzaren erdi-erdiraño, esaguturik bear bezela zure samiña, erakutzi dezadan zure altara inguratzen duen aditzalleen aurrean, zuri denak sor dizuen maitasun ta errukia.

        Mesede au eskatzen dizut ama maitea, eta geiago mugitzeko denok esango dizugu aingeruak esan zizun salbea. Abe Maria.

        ¡O vos omnes... etc.

        N. a. m.: Arreta piska batekin begiratzen badiogu maitasunari, bereala ikusiko degu maitetasuna dala, batzuetan atsegiñ ta gozotasun guzien iturria, eta beste batzuetan gazitasunik andienen itxasoa. Bada zer da egiasko maitasunaren eginkizuna? Maitasun egiazkoaren eginkizuna da arima birekiñ bat egitea, lokarri batekin lotuko balira bezela, borondate birekiñ bat egitea. Eztituzue esagutzen, or nunbaitean, bene benetan maite diran persona bi? Begiratu zaiezue ondo, eta ikusiko dezue egia dan edo ez nik diodana. Ikusiko dezue batarentzat samintasun ta naigabea diran gauzak samintasun ta naigabea dirala bestearentzat ere, ikusiko dezue batarentzat gozo ta pozgarria dan gauza bestearentzat ere gozo ta pozgarria dala. Orrela da egiazko maitasuna.

        Eta orrela zan Maria santak Jesusentzat zeukana ere. Baña ez munduko maitasun naskagarrien gisan, ezpada ze garbia, zerutarra, Jaungoikozkoa. Zan ama baten maitasuna.

        Esaten da, eta egia da, eztagola maitasun bat amak semiai diena bezelakorik. Ama on batek, nolako lanak erabiltzen dituan bere semearen osasunagatik! nolako oarpillak semeak apaintzeagatik! nolako nekeak bere semeak gero ondo izan ditezen! Eta semea bada bakarra, eta semea berez bada ona ta maitagarria, nork esan amak seme arrentzat dituan amodio ta samurtasunak? Eta beste aldetik, zer naigabeak amarenak semearen gaixo ta minetan! Eztezue ikusi iñoiz ama bat seme bakarraren gaisoan? Eztezue ikusi ama bat seme bakarra ia ilda daguan oe baten aurrian? O! Nola sentitzen dituan amak biotzaren erdi erdian bere semearen miñak! Nola begiratzen dion! Nola betetzen dituan semearen desiorik txikienak! Nola daguan dindilizka berak esango dituan itzetatik! Nola irakurtzen dituan bere begietan pensamentu guztiak! Nola estutzen duan bere bularraren kontra bere bizitza, bere indarra, bere espiritua, eman nai balio bezela indar, bizitza ta espiritua galtzen dijioan semeari!

        Eta n. a., zer dauke ze ikusirik ama guztien maitasunak Mariak Jesusi zion maitasunarekin berdintzerako? Jesus semea, jaiotako gizon guzien ganetik zegoan gisara Maria ama ama guzien gañetik zegoan, ta Mariaren biotza samurragoa zan emakume guzien samurtasunak bat eginda baño.

        Samurtasun gozo onekiñ ikusi zuan Mariak bere seme kutuna, mirariz sortua mirariz jaiotzen, zeruko aingeruan soñu pozgarrienen artean; ikusi zuan mendietako artsaiak eta urietako erregeak adoratzen zuela esaguturik munduaren salbatzalletzat; ikusi zuan asten bere aldamenean landararik mardulena bezela, jakintsu eder ta zoragarria; ikusi zuan amabi urte bakarrik zituala mututurik utzitzen gizonik jakintsuenak bere jakituri Jaungoikozkoarekin; ikusi zuan gero erririk erri ebanjelio osasungarria zabaltzen, ta milla mirari egiten gizon askoren malkoak legortzeko; ikusi zuan azkenez gizon aldra andiak, hosamna! hosana! deizka triunfalaria sartu zuela Jerusalengo urian!

        Ama guztiak maitatzen baditue beuren semeak, nolanaikoak dirala, nola Mariak maitatuko zuan gorputz ta ariman ainbeste diñadi zituan semea!

        Ogeta amairu urtean bizi izan zan gañera Jesusekiñ batian, etxepe batian, mai baten jaten zuela beuren janari pobrea. Milla bidar euki zuan bere magalian Jesus umea aingeruen lo gozo gozoan; milla bidar Jesus umearen eskutxoak katigatu ziran Mariaren lepoan; milla bidar estuturik elkarrekiñ lastandu ziran samurtasunik aundienean; izarrezko lokarria? Jaungoikozko milla bidar egon zan Maria gozotasunez begira Jesus umearen arpegi zoragarria.

        Ta Jesus asi zanean gorputzian bada ariman ta jakiturian gelditu zan Jesus gizonik maitagarriena: bere arpegian argi Jaungoikozko bat ikusten zan; bere begiak ziran bigun, gozo ta zerutarrak; kopeta zabal, garbi jakintsuena; bere gorputz dana ondo egiña; bere ibillera diñadi ta magestade andiz betea... Lurreko amak semien erakusle eta orduan zan Jesus Mariaren maisua, Mariaren gidaria, Mariaren adiskidea, Mariaren zaintzallea; eta Jesusentzat ziran Mariaren pensamentuak, Mariaren borondatia, Mariaren amodio neurrigabeko guzti-guztia.

        Ama guztiak beuren semeak maitatzen baditue nolanaikuak dirala, nola Mariak maitatuko zuan Jesus? Iduritzen zerate nolakuak izango ziran Mariak Jesusekin zeuzkan maitasunezko lokarriak? Gañera, n. a; Mariak maitatzen zuan Jesus munduko eta zeruko gauza guzien gañetik, bere Jaungoikoa bezela. Ezta au gauza erraxa entenditzen arimako gauzetara, espiritu bizitzara emana eztagonarentzat. Mariak maitatzen zuan Jesus maitasunezko iturria bezela, bere Egillea bezela, ontasun utsa bezela; zeru ederrean dauden aingeru guziak baño Jaungoikoaganako maitasun garbi ta sutsuagorekiñ gañezka zegoan Mariaren biotza; bere begiak, munduko gauza guztietatik jasoak egoten ziran beti Jaungoikoagana begira. Ondo zekian Mariak, bere sortuera garbian zerutik artu zituan jakituriakgatik, bera zala, ez bakarrik gizon baten ama, baita ere Jaungoikoaren ama. Ondo zekian Jesus zala lege zarreko irudi guztien bukaera, ainbeste Igarlek esandako Mesias, ainbeste gisaldian desiatua; Pakezko erregia, Zeruaren jabea, Jaungoiko altsua. Ondo zekian gizontasunaren aldetik zala Jesus gizonik santuena ta Jaungoikotasunaren aldetik Irutasun santuaren bigarren Persona, Aita eta Espiritu Santuarekin berdiña, Aita eta Espiritu Santuarekin bat bakarra. Nola bada esaguturik onela zein zan Jesus, nola maitatuko zuan Maria Santak bere semea, bere Jaungoikoa? Esagutzen zualako zeiñ zan Jesus, zeguan Maria maitasun neurrigabeko onen sutan erretzen beti, nai zualako gizon guztiak esagutzea ta maitatzea gizon añ maitagarria.

 

* * *

 

        Eta orain, n. a. m.; maitasunarekin berdiña bada samintasuna, amodiua dan añan badator naigabea desgrazi batean, nolakoa izango da Mariaren naigabea Jesusen oñazeakiñ?

        N. a. Mariak, zuek bezela, laster askoan igaro zituan bere gastetasuneko egun loratsuak eta sartu zan beriala samintasunezko eremu legorrean, baña zuek baño eremu asko legorragoan, zergatik zan samintasunezko Jaungoikoaren amatzat ezleidua?

        Bere seme Jesus jaio ta laster jaiotza miraritsu artako eztiya beastunez bete zion Simeon Igarleak Jerusalengo tenploan. Simeon Igarle santuak agertu zion Jesusen gañera etorri bear zirala gizon gaistoen ta infernutarren persekuzio ta amorruak, eta egun artan gelditu zan eritua Mariaren biotza, orduan sartu zan Maria gazitasunik andienen itxasoan. Nola ez?

        Jaungoikoak egiten diguzan mesedietatik andienetako bat bada da igaroko diran gertaera negargarri asko ez agertzea. Gure artean Jaungoikuak daki zenbat gauza errukarri, zenbat desgrazia izango diran; ilko zakuz gurasoak, anaiak, aideak; izango dira milla neke ta desgrazi gure familietan; bañan ezer eztakigun artean, oroitzen ezkeran artean, dena ikusten degu larrosa kolorezkua ta bizitzen gero paketzu alde orretatikan. Aditu zadazue nere kristauak, batez ere zuek gurasoak: esango balizuteke orain Jaungoikoak zuen seme edo alaba maiteena ilko dala biar edo etsi, eta ilko dala urkamendi batean, nolako larritasun ta naigabea sentituko zenduteke? Bada ori berori agertu bazion Simeonek Jerusalengo Eleizan Maria Santari, agertu bazion zuen guzioen maitasuna bat eginda baño askozaz amodio geiagorekin, maite zuan seme bakarra, milla farre ta burla egin da gero illko ziuela gaizkille baten gizan lapur biren erdian, nork esan, nork entenditu ama onen samin ta naigabea?

        Egun artatik aurrera Mariaren bizitza eriotza izan da: bere oroimenetik ezin izan du kendu iñotara ere Jesusen asken errukarria, eta Jesusek ematen ziozkan gozotasunak beastunez beterik billatzen oi zituan, zergatik oroitzen zitzaiozkan Jesus maite maitearen umillera ta eramanbiar negargarriak ta gizon maite maitearen eskergabetasun ta galdumendiko bideak. Egia zan Simeon santuaren esana bai, egia zan: igo ditu Mariak, igo ditu banan banan, samintasunezko tronura dauden zazpi mallak; igo du Kalbarioko mendira ta or goian jarri du bere tronua, goian mundu guziak ikusi dezan; or urratu zaio osoosoan bere biotz samurra; or dago martiri guzien erregiñatzat koroetua, esanaz munduari: O vos omnes. etc. Lurreko bidetan negarrez zabiltzatenak: ikusi zazue ote dan beste naigabe bat nere naigabea bezelakorik.

        N. a. m.: Iruditu zazue Kalbarioko mendia; jaso zazuez lurretik goruntz, zeruruntz, begiratu zazue mendi orren gañ gañera ta ikusi zazue ondo naigaberaren tronoa. Ezta urre, zillar edo marfillez egina; lurrezkoa da, lur odolduarekiñ egiña; eztago jarrita Maria santa, zergatik bere tronua ezta deskantzuzkoa, nekezkoa baizik; zeru goibelaren azpian iru arbola agiri dira, iru kurutze, ta erdiko kurutzean besuak zabal zabalik, Mariaren tronua eztaldu nai balu bezela, gauza guzien Egillea, zeru ta lurraren jabea, ni instante onetan sentitzen nauan Jaungoikoa, Mariaren seme laztan bakarra dago, il da!... O vos, omnes qui transitis per viam, attendite... etc. Lurrean negarrez zabiltzatenok, zuen neketxoak ezin pazienzian eramanik zabiltzatenok, ikusi zazue zer dan zuen naigabea Mariarenaren aldamenian.

        Baña zertara jun da Maria bere semearen urkamendi orretara? Zertara? Askenengo tantoraño samintasunezko beastunak iruntzitzera. Eta ondo iruntzi ditu.

        Urkamendian iltzen diranen gurasoak, ez bakarrik eztira juten semea iltzen duen tokira, ezpada ze igez egiten due erritik ere eldu eztedin beuren belarrietara tanborraren zarata girogalea edo il kanpaien dei tristea, Zer diot?, geienetan etsaie ematen iltzeko sentenziaren berri, eta gerora, noizbatean, piskaka piskaka ematen zaie il berria. Baña ezta orrela Maria; Mariak dena jakin du batera: jakin du Jesus saldu duala bere ikasle batek; lotuta eraman duela; Pedrok berak ukatu duala; bost milla sartada ta geiago artu dituala; arantzasko koroi batek itxusitu duala Jesusen arpegia, iltzera daramela!; ta jaikitzen da bere bakartadetik; infernutarren garrasi t'uluen artean pasatzen ditu Jerusalengo kaleak bildur gabe; sartzen da borreru ikaragarri guzien erdian; jarraitzen dio bere semearen odol tantoak erakusten diuen bideari mendi tontorreraño; ikusten du nola kentzen diuen Jesusi bere jantzia berristatzen zaizkola eritasun ikaragarriak; ikusten du, samiñez mututurik, borreru gogor aiek jozten duela Jesus kurutzian egur igarra balitz bezela; ikusten du jasotzen duela kurutzian, eta andikan kurutziaren gañetikan, ia illian dagola Sitio esaten duala bere semeak, Sitio, egarri izugarri bat daukat, agoniako egarria; nai luke orduan urtu bere biotza eta edaten eman bere semeari egarri ura kentzeko, baña ezin leike; ikusten du, bere semeak, agonian, eztaukala nun deskantzatu arantzaz josirik daukan burua... Eta...

        O gurasuak, gurasuak: nik eztakit zer esan, iiik estakit zueri galdetzen baizik zer dan orduko Mariaren samiña: nik sentitzen det biotzean estutasun larri bat, baña uste det zuek esagutu bear dezuela obeto zer dan ikustea, iltzen seme bat laguntasunik eman ezinda!, eta iltzen, santua izanik, urkamendi baten, gaizkillea bezela, lapur biren erdian, larru gorrian, mundu guziaren farre eta burleen artian. Beste iskuntza bat nai nuke nik, aingeruen iskuntza, negarrezko izkuntza, negargarri au aditzen emateko, zergatik gizonaren itzakin ezin esan lezake.

        O zabal ta gasia da itxasoa; beltza ta bildurgarria' zerua neguko ekaitz denporako gaberdian, aise indartsuaren soñu tristea ta trumoi gogorraren burrunbada sentitzen danean; bildurgarria da batez ere eriotzako ordua; baña ama onen gazitasunen aldamenian ezta gazia itxasoa; ezta illuna ekaitz denporako gaba; ezta larria eriotzako ordua bera.

        Jesus il danian Mariarentzat mundua utzik gelditu da bada beretzat dana zan Jesus ta Jesus bakarrik. Jesus ill ezkero eztago ezer bere biotza betetzeko Non est qui consoletur eam ex omnibus caris ejus. Negarrez gelditu zan Jakob bere seme Jose galdu zitzaiolako, baña an gelditu zitzaion Benjamin bere malkoak legortzeko. Israeltarrak negar egin zuan Moises il zanean, baña bazuen Josue bat Moisesen ordeazko. Mariak eztauka onelako pozik: galdu du seme bat, seme bakarra, seme kutuna, seme laztana, seme Jaungoikoa... eta ez dauka geiago konsuelorik. Non est qui consoletur eam. Egia da, bere Jesusek S. Juan eman dio semetzat, baña S. Juanek ezin lezake bete Jesusen lekua. Eguzkia betiko itzaliko balitz, nola zeru urdiñeko izartxo batek bakarrik argi egingo lioke munduari gau illun illunean?

        Baña S. Juanekin batera etzaizka or gelditzen gizonak Mariari bere konsuelorako. Ez al ditu maita? Maita? Ojala maitatuko ezpalitu! Obeto izango litzateke Mariarentzat.— Maita ez? Aditu zazuez itz bi bada ere. Jaungoikoari sor diogun maitasuna dago bat egiñik projimoari sor diogun maitasunarekin, añ modutan ze esan giñaike Jaungoikoa maitatzen eztuanak eztuala maitatzen projimoa, ta projimoa maitatzen eztuanak eztuala maitatzen Jaungoikoa bear bezela. Eta izan da iñor ez zeruan eta ez lurrean Jaungoikoa maitatu duanikan Mariak bezela? Ez? Bada orduan ezta ere izan jaiotakoen artean Mariak bezela projimoa, gizona maitatu duanikan. Maitatu ez? Ainbesterañokoa da Mariak gizonagana daukan amodiua eze, Aita zerukoaren irudira, eskeñi du Mariak bere erraietako semearen eriotza munduaren salbaziorako. Maitasunaren señale geiago bear da? Gañera kurutzearen oñetan dagola Jesusen españetatik dindilizka, entzun ditu Jesusek kurutzetik esan diozkan itzak: Mulier, ecce filius tuus. Emakumea, ara or zure semeak, eta nola Jesusen borondatea zan Mariaren borondatea, nola Jesusen itzak ziran Mariarentzat legeak, instante artan ditu Mariak gizon guztiak bere semetzat, eta Mariak badaki gurasoak semeai sor diuen maitasuna.

        Bañan, zer egiten due seme abek bere amaren biotza poztutzeko? Zer? Mariak ikusi ditu bere begiekiñ seme oiek berok nola eraman duen Jesus urkamendira arrastaka, ikusi ditu Jesus laztana kurutzian josten gogortasunik andienarekiñ, ikusi ditu Jesusi, agoniako egarrian, ospiña ta beastuna ematen, ikusi ditu Jesusek bere semetzat eman diozkan orduan bertan jesusen odolarekiñ mantxatuak! Jesusen odolarekiñ!

        Konsolatuko litzateke iñor semea il diuen gizona semetzat emango baliueke? Eta ezta askozaz gogorragoa; ezta milla bidar negargarriagoa borreru ori ez gorrotatzea, gizonak egingo luken bezela, ezpada borreru ori maitatzea?

        Zeñek sakonduko du bear bezela Mariaren biotza! S. Anselmok bere jakituri guziakin, konsiderazio onen gañean gauza bat bakarrik daki esaten, au da: Mariaren samiña martiri guzien oñazeak baño andiagua izan zala. S. Bernardinok berriz esan zuan: Mariak sufritu zuan naigabea jente guzien artean zatituko balitz, jente danak ilko litzakezala miñaren miñez. Sto. Tomasek dio: Mariaren samiña izan zala munduan sufritu leitekean samiñik andiena. Azkenez, Ebangelistak beurak, Kalbarioko mendian gertatu zan negargarria esatean, itz bat bakarrik dauke Mariaren naigabea esateko: Stabat. An zegoan.

        Badira gauza batzuk gure biotzak sentitzen dituanak, baña mingañak ezin esan dituanak: Stabat esaten du Ebangelio santuak: or dago. An zegoan. Bai, an zegoan Maria bere maitasunezko iturri biak egin duen samiñezko itxasoaren erdian.

        Alde batetik an dauka Jesus, bere semea, bere Jaungoikoa ilda dago. Eta bera da Jesusen Ama; beste aldetik an daude borreruak, farrez eta burlaz, eta bera da gizon aien ama: il danaren ama; borreruen ama.

        Eta, n. a. m., naigabe onen aurrian, ikusirikan guri zigun amodiuagatik dala, nor errukituko ezta biotzikan badauka beintzat? Samintasun ta naigabeak berez du misteriozko indarra gizonik otzena berotzeko, biotzik gogorrena biguntzeko, bururik arroenak makurtzeko; añ modutan eze naigabe andi baten aurrean eztago beñere gizon arrorik, eztago bular ta biotz gogorrik, eztago etsairik ere; ta zenbat eta andiagoa naigabea, ainbat eta andiagoa da errukia. Zuek, n. a., dakizue egia dala esaten dedana, zuek egon zerate naigabearen aurrian makurtuak ta negarrez. Nola bada zaudete emen añ otz ta gogorrak? Nola zaudete zuen buruak makurtu gabe? Belauniko mundu guztia! Kristrauak, belauniko!

        O parkatu zadazue gogorregi banago! Nor txoratzen ezta naigabe onen aurrian? Badakit, n. a. m.: zuek etorri zerate Mariari bere naigabietan laguntzeko asmoan errukiz beterikan. Ondo egin dezue, bada, iñoren naigabeak merezi badue errukia, merezi due Mariarenak. Baña ezta naikua errukitzea; eztira Mariaren samiñak amaituko errukiarekin bakarrik: inola amaituko dira Mariaren samiñak ikusten duanean guk, bere semeak, eramaten degula bere irudira Jaungoikoak bakoitzari ematen digun kurutzea; ikusten duanean maitatzen degula Jesus, bere irudira; eta maitatzen degulako apartatzen gerala Jesusi sentimentua ematen diuen gauzetatik. Itz batean, amaituko dira Mariaren naigabeak, apartatzen geranian pekatutik, bada pekatua da berriz Jesus kurutzean josten duana. Onela legortuko dira Mariaren malkoak; zergatik izango dan erruki au Maria eta Jesusi sor diogun maitasunaren iturrikoa.

        O gure ama maitasunezko ta errukizko ama. Legortu itzazu zure malkoak. Zugana gatoz konfianzaz beterik zure semeak maitasunaren billa, gure pekatuakgatik oso damutuak. Argalak gera ta ezerezak zeruko argitan laguntasun gabe: lagundu zaiguzu zeruan gaur daukazun aginbide orrekin. O! gure eriotzako ordu larri artan, zure seme Jesusen irudi santua gure eskuetan ezin idukirik, iñork gure españetan ipintzen digun orduan, naiko degu, ama maitea! zure seme Jesusen eta zure laguntza. Orregatik laguntzen dizugu orain, orregatik nai degu orain negar egin gure pekatuakgatik, gero poz ta atsegiña izan dezagun betikotasun amaigabean. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa