www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

PRESENTACIÓN

 

Zumaya — 1896

 

Bonum est virum cum portaverit jugum ab adolescentia sua.
Gauza ona da gizonarentzat bere umetasunetik lokarri onak erabiltzea.
(Jeremiasen itzak bere dolamenetako
III garren buru ta 27 garren bersotik artuak.)

 

        Nere kristau maiteak: Gizona, Jaungoikoak lurrean egin dituan gauza guztien artean gauzarik andi ta onena izanik ere, bere lenengo egunetan, beste gauza guztiak baño laguntasun geiagoren bearrean izaten da. Artzen badezue zuen eskuetan asi bat, lore baten asiya; artzen badezue ale bat, arto edo gari alea, eta botatzen badituzue lurrean, asi ta ale ori, lurrak, euriak ta eguskiak paraturik egingo dira lore edo landara eta asiko dira bear dan añan, beste geiagoko gauza gabe. Jaiotzen danian abere edo animali bat, izan dedilla urtarra edo lurtarra, izan dedilla andia edo txikia, berealaxen dakizki, iñork erakutzi gabe, bere bizitzarako bear dituan malizi ta bideak, eta izaten badira zeinbaitzuk, lenengo egunetan, gurasuen kontua biar duenak, egun gutxitako gauza da nortara ere, bada laster ikasten due beren munduko bizitza iñork erakutzi gabe. Erleari eztio iñork esan zeñ loretatik atera lezakean eztia eta zeñ lore dauden puzoi edo benenoz beterik; txintxurritxoari eztio iñork erakutzi denbora ona dagon bitartean bete biar dituela janariz beren etxetxoak. Gizona da bakarrik bere lenengo egunetan, bere lenengo urteetan, ezertxo ere eztakiana, eta bear duana besteen laguntasuna gauza guztietarako, jateko, edateko, jasteko, erasteko, ibiltzeko, ikusteko eta ikasteko. Berez, gauza bat bakarra daki, eta da lo egitea. ume jaio berri bat utziko balitz lurrean, laster ilko luke otzak eta goseak; eta orregatik eman bear zaio bear duan epeltasuna, jana eta jantzia.

        Alde onetatik eztet billatzen zer esanikan: guraso guztiak dira alegiñean jokatzen duenak beren umeak janaritzeko eta jasteko, (eta askotan geiegi apaintzeko ere bai); baña kontuan euki biar dan gauza da umetxoa estali ta janaritu biar dala bi modutan: gorputzaren aldetik ta arimaren aldetik. Anima lo daguan bitartean, lenengo illetan naikua da umearen gorputzari begiratzea, bañan laster, anima esnatzen asten danean, estaldu ta janaritu biar da anima maitasun ta ajola andi batekin. Zer da lenengo estalpea? Norbere etxea ta amaren begi zaintzallea. Zer da lenengo janaria? Gurasoak eman biar duen ejenplu ta erakutzi ona. Baña gurasuak ezin gindezke egon beti umeai begira, esango dirazue; naikua lan ta neke daukagu biar degun janaria billatzen eta gañera askotan eztakigu zer ta nola erakutzi. Bada orduan ara nun daukazuen bigarren estalpea, eskolan, nun emango zaien zuen umetxoai Eleizak ondo aukeraturik daukan erakutzi zuzena.

        Gaurko egunez Eleiza santak oroitzen digu urteoro, Maria santak bere umetasunean eman zuan ejenplu ederra. Iru urteko umea zan, txit erakutzi ederrak bere famili santuaren erdian artu zituan umea, eta ala ere, geiago ta geiago gauza onak ikasteagatik, badijoa bere borondatez Jerusalengo Tenplora, Jaungoikoarentzat egindako etxera, an, Jaungoikoari eskeñitako gauzak eta bera estalpe batean bizi izateko asmoetan. Eta nola utzi zioten Mariari bere gurasuak, añ gastea zala, eleizara juaten, bere familiakuen laguntasun gabe bizi izatera? Ez altzuen maita? Maita ez? Oroi zaitezte Maria alaba bakarra zala, alabarik ederrena, alabarik argiena, alabarik onena, santaena eta atara zazue kontu maitatuko ote zuen beren guraso S. Joakin ta Santa Anak. Maitatzen zuen, bene benetan maita, ta orregatik nai zuen egunian baño egunian argiagua ta obea izan zedilla, egunian baño egunian Jaungoikuak geiago maitatu zezala...

        Gertaera onetatik atera biar ditugu lezio bi, aditzalleak, bata gurasuentzat, bestea alabentzat, eta ara onetarako ipintzen detan itzaldi-gaia: «Gurasoak daukatela etxeetan ejenplu onak eman bearra eta umeak eskoletara bialtzeko premia: alabak daukatela etxean ta eskolan erakusten diran lezio onak ikasi bearra».

        Lagundu zadazue, n. k. onetarako biar detan grazia Jaungoiko gure Jaunagandik jaristen, eta eskatu zaiogun denok Mariaren bitartez esanaz denok batera ama bedeinkatu oni. Abe Maria bana.

        Bonum est virum. etc.

        Ezta egia, n. a. gurasuak, denok jaio garela, Jaungoikua maitatzeko eta serbitzeko mundu onetan gero gozatu dezagun betiko zoriontasunean? Ezta ere egia zuek estadu artu zenduenean esan zitzatzuela, zuen seme alabak zerurako asi biar zinduztela? Bada orduan, astu ezpadezue zuen eginbearra, astu ezpazerate zertarako jaioak zeraten, ejenplu ona emango dezue zuen etxeetan, eta zuekandik ikasiko due zuen seme alabak oitura on ta bizimodu zuzena, zergatik gurasuen ejenplu ona baño erakutzi obarik eztago. Nolakua dan gurasua, geienetan ala izan oi da bere semea edo alaba. Gurasoak badaki, goizero, oetik jaikitzen danean, biotza jasotzen Jaungoikuagana ta eskeintzen egunoroko lantxuak zeruaren laguntasuna eskatuaz bere pausu guztietarako, umeak, batere igarri gabe, berez bezela, ikasiko due goizeko erreguak egiten Aita Zerukoari: gurasua bada sarritxo konfesatzen dana, umeak sarri konfesatzeko esan biar andirik eztu izango; gurasua bada langillea, zintsua, leiala ta ona, geienetan umea langillea, zintzua, ona ta leiala izan oi da.

        Geienetan esan det, ez beti. Seneka jakintsuak dio gaistakeriak ikasi biarrik eztuala, berez sartzen dala gizonaren biotzean, bañan gauza ona sarritan erakutzi biar zaiola gizonari. Orregatik, gurasoak, erakutzi biar diote gañera umeari, anima esnatzen asten danean bereala, Kurutze Santuaren señalea, kristauen señale santu gordoztaria egiten; erakutzi biar diote Aita gurea, jakin dezaten nun daukaten beren aita, betiko ta zerutarrak dirala lurtarrak baño geiago; erakutzi biar diote Credoa, jakiñ dezaten zer siñistu bearrean dagon kristaua anima esnatzen zaionean. Au da, janaritu, bada, umien animak, fedearentzat ilda gelditu ez ditezen.

        Ejenplu ona ematea eta gauza abek erakustea gurasuarentzat bear bearrekoa da bere umeak zuzenbiderik izango badu; eta ala ta guztiz ere okertzen bazaio umea bere biotzean, berez, ar gaistoa sortu zaiolako, orduan dauka gurasoak beste egin biar bat, eta da kentzea ar gaisto ura biotzetik, zuzentzea okertzen asi dan landara. Oroitu bear due gurasoak berak erantzun bearko duela Jaungoikoaren aurrian beren nagitasunagatik galtzen badira seme alabak. Erit anima tua pro anima ejus irakurtzen da Erregien liburuan. Zuen animak erantzun biarko du umien animakgatik. Orregatik, bada, begira biar dezue nundik nora ta zeñekin dabiltzan zuen umeak, eta eztaldu ondo eta laster, ejenplu gaistoren baten aise otz madarikatuak il da utzi ez ditzan beren animak.

        Mariaren famili santuan dauzkatzue, aditzalle gurasuak, onetarako ejenplu eder ikasi biarrekuak. Egia da, etzuen S. Joakin ta Santa Anak lanbide andirik izan Mariari erakusten, zergatik alabatxo bedeinkatu au berez zan ona, berez zan argia, berez zan gauza on guztietara emana, Jaungoiko Santuak bere Semearen Amatzat aukeratutako emakume miragarria zalako. Bañan, ala ere, etzioten S. Joakin ta Sta. Anak beren eginbiar edo obligazioari utzi. Etziran beñere astu, batetik Jaungoikoa maitatzeko ta serbitzeko jaioak zirala, ta Jaungoikoa txit ongi maitatzen ta serbitzen bizi izan ziran, eta bestetik Maria umetxoari ejenplo ona emateko obligaziuan zaudela, eta orregatik indartzen zuen Mariaren ontasuna, erakutziaz erregua, ostartzea ta Jaunaganako maitasuna, eta idukiaz etxe basterrean gordea gauzarik maitagarriena bezela.

        Eta au ezta beti kristauen familietan gertatzen. Umetxo askok esaten ditue ta egiten ditue gaistakeriak etxean bertan aditu ta ikasi dituelako, edo etxetik kanpora nun nai, edozeñekiñ ta edozeñ ordutan ibiltzeko astija ta libertades izan duelako. Zer? Pensatzen dezue eztituela aitzen zuen umeak etxean esanten dituzuen bear eztiran gisako iskuntzak? Gorrak al dirala uste al dezue? Zer? Pensatzen dezue eztituela ikusten zuen umetxoak zuen ibillera ta egikera modu gabekuak? Itxuak dirala uste al dezue? Zer? Pensatzen dezue etxetik kanpora edozeñ ordutan dabiltzazanean zuen umeak, santuen bizitza esaten ai dirala beti lagunen artean? Astuta al zaudete gaistakerira okertuak gaudela denok, gaistakerirako bidea txit erraza dala eta bide artara deiezka dauzkagula beti deabrua eta mundua? Ai! Zenbat gurasok izango du erantzun biar andija Jaunaren aurrean! Zenbat seme alabak esango du: «Jauna, egia da, gaistua izan naiz; baña gurasoakgandik ikasi nuan gaistakeria; gaistua izan naiz, baña da gurasoak bide txarretatik atzeratu ez nituelako». Eta zuek erantzun biarko dezue orduan, bada Origenes eleizako gurasuak dio: Omnia, quae deliquerint filii, a parentibus exequiruntur, quos non erudierint neke corripuerint.

        Baña egin dezagun kontu onak zeratela guraso guztiok, ta saiatzen zeratela zuen umeai bide zuzena erakusten. Ala ta guztiz ere, utzune andiak billatzen dira familietan umien erakutzirako. Nola gu, Jauna, egongo gera beti umiei begira? Nola guk emango diegu biar dan argibidia, borondaterik onena, izanda ere, orretarako astija izanda ere, guk ezpadakigu ezertxo ere erakusteko, guk lana ta lana baño beste gauzarik ikasi ezpagenduan? Ara zer erantzuten detan: lana ta lana gauza ona da; baña zuen umeak lanerako indarrik izan baño lenago, badue astija (ta zuek ere batzuek izango zenduen noski) eskolara jun, eta an ikasteko zuek erakusten eztakizuen argibidia. Eleiza Santa guraso on bat da, eta esagutzen dualako famili askotan eztagola astirik eta modurik biar dan ahan anima esnatzen jarduteko, ara or nun dauden eskolak gurasoen laguntasunerako Eleizak jarririk; gurasoak, ordu batzuetan bada ere, deskantzuan egon ditezan zuen umeak. Eskolan diran bitartean badakizue estalpe onean ta gauza onak ikasten daudena, bada an argitzen zaie beren burua ta samurtzen zaie beren biotza; an erakusten zaie Jaungoikuari erregutzen, an erakusten zaie dotriña santua, an erakusten zaie eskuko lana, an erakusten zaie gurasuari sor dioten obedientzia eta errespetoa, eta beste gauza on asko. Zuen aldetik etzatzue eskatzen beste gauzarik ajola piskat artzea baño, goizean, jaiki ondorean, zerbait Jaungoikoari erregutu, arpegiak ederki garbitu ta eskolara umeak bialtzeko. Asko eskatzea da? Geiago da eskoletan egiten dana. Ai! Eztakizue oraindik, n. k. zeñ mesede andia dan erri batentzat eskola onak eukitzea; eztakizue zenbat mesede egiten dizuen mundu onetako bizitzarako eta Jaungoikuaren aurrerako zuen umeak argitzen da zuzentzen lan egiten duen moja gaixoak! Mundu onetarako, zergatik zuen alabak onak eta argiak badira, mesedia ta honra zuentzat ta zuen alabentzat izango da; Jaungoikuaren aurrerako, zergatik zuen alabak onak badira, keska gabe jungo zerate alde orretatik Jaunaren aurrera; eta eskolan egiten da alegiña zuen umeak onak ta argiak izan ditezen.

        Ikasi zazue, erritar gurasuak, S. Joakin ta Sta. Anagandik zuen alabak eskolara eramaten. Zergatik eraman zuen S. Joakin ta Sta. Anak Maria alaba Tenplo santura? Zergatik bazekiten an egongo zala ondo ta an ikasiko zituala gauza on ta mesedegarrizko asko. Ara emen gañera beste ejenplu bat berria. Ara emen kanpo-errietatik beren gurasuak Zumaiako mojen eskolara ekarritako neskatxak. Zergatik ekarri ditue eskola onetara neskatxa abek? Zergatik dakijen emen erakutziko zatela argiak ta onak izaten; zergatik nai duen beren gurasoak neskatxa abek izan ditezela beren etxearen pozgarri ta beren errien osasun, bada erriak mesede andiak izaten ditue emakume onakgandik. Errien osasuna, askotan, emakumeen eskuetan dago. Egia da, gizonak egiten ditue errientzat legeak; baña emakumeak errien oiturak, eta emakumeak onak badira onak izango dira errien oiturak ere.

        Bañan, ezta gaurko sermoi dana gurasuentzat. Badaukat zueri ere zerbait esan bearra, gastetxoak, bada zueri ere ejenplo ona ematen dizue Maria Santak gaurko egun onetan, ta badaukazue zerbait ikasi bearra. Lenengo maitatu biar dituzue Mariak bereak bezela zuen gurasuak, zergatik zor diozkatzuen mesede asko: berakgandik jaio zerate, berak ematen dizue jaten da edaten jaio ziñanetik gaur arteraño, berak jantzi zaitue beti, eta gaur soñean dauzkatzuen jantziak ere berak emanak dira: zuen gurasoak zaintu ezpazinduzte, goseak, egarrijak eta otzak illko zinduezan aspaldijetan. Gañera berak maite zaituzte beste iñork maitatzen etzaituen bezela, eta egia bada, maitasuna maitasunarekiñ pagatzen dala, arraizko gauza da zuek, Jaungoikua kendu eskero, beste gauza guztien gañetik zuen gurasuak maitatzia. Maitasun ori agintzen dizue Jaungoikuak bere lege santuan eta zuen biotzak berak, eskertasunaren izpi bat bakarra gelditzen bazatzue. Bigarren, onoretu biar dituzue zuen gurasuak. Zuen gurasuak, aditzen zaudeten gasteak, dira zuentzat Jaungoikoaren irudi ta ordeazko. Jaungoikoak berak eman die aginpidea zuen gañean, eta orregatik dio E. Santuak: qui tímet Dóminum honorat parentes, Jaungoikuaren bildur danak onoratzen dituala bere gurasuak. Eta, nola onoretu biar dira? Liburu santuak berak erantzuten digu: in toto corde honora patrem tuum: biotz guztitik onoretu biar dala: in opere et sermone et omni patientia onora patrem tuum: itzez ta egitez onoretu biar dala. Itzez. Bere gurasua benetan maitatzen duan alabak, erantzungo dio beti umilki ta gozoro, eta beñerez garratz eta lotsabagakerian. Bere gurasuaren aurrian itza goregitxo jasotzen duanak astuta dauka gurasua maitatu biar dala, astuta dauka gurasua Jaunaren ordeazko dagona, astuta dauka laugarrengo mandamentu santua. Eta onetan, gastetxoak, eztakit nola portatzen zeraten, arroxko samarrak ote zeraten nago, eta bildur naz Jaunaren aurrean umiltasun andiren bat, kastigu gogorren bat izango ez ote dezuen, bada zeruetan ezta sartzen jente arrorik, eta ezta ere Jaunaren legeak astuta bizi danik.

        Irugarren sor diozue gurasuari obedienzia. Denok obedezi biar diogu Jaungoikoari, eta Jaungoikoaren izenean agintzen diguenari, eta nola zueri agintzen dizuen gurasuak Jaungoikoaren izenean, ara or zuek gurasoari obedezi bearra. Eztet geiegi luzatu nai, eta gauza onen gañean esango dizuet bakarrik gurasuak aginduko dizuela beti zueri konbeni zatzuen edo zuen etxeari konbeni zaion gauzaren bat, eta zueri tokatzen zatzuela beti burua makurtzea ta agindua egitea. Eta ala, agintzen dizuenian eskolara juteko, juan zaitezte poz pozik, bada eskola zuen mesederako ipiñita dagon estalpea da. Onetarako, jakiñ biar dezue lenengo, etzeratela beti ume izango, eta anditxoak zeratenian, gauza askoren biarrian izango zeratela, eta ikasi alak ikasita ere, beñere eztezuela naikua jakingo. Gogoratu biar dezue, bigarren, oraintxe daukazuela astija ta sasoia zerbait ikasteko, eta eztezuela mugaldi oberik izango, bada etxeko zeregiñetan edo kanpoko lanetan gastatu biarko dituzue laster zuen denbora ta gorputzeko indarrak. Esagutu biar dezue, gañera, jakitea ta ona izatea dala edozeñentzat apainduri ta doterik onena; eztuela balio ezertxo ere jakituriaren onduan, jantzi ederrak eukitziak eta ezta ere aberastasun andien jabe izateak; eztagola gauza oberik emakume batentzat jakitea ta ona izatea baño.

        Orregatik, eskolara zuaztenian, aditu ondo ta gogoz zuen maestrak erakusten dizuena denbora alperrik galdu gabe; errespetatu biar dan bezela zuen erakustzallea guraso bat bezela; eta maitatu biotzez, bere jardun ta lan guziak zuen onerako egiten ditualako. Onela portatzen bazerate, zuen gañeara etorriko dira Jaungoikoaren bedeinkazioak, eta eskolatik ertetzen dezuenean eramango dituzue zuen etxeetara adimenean argija ta biotzean borondate ona, eta badakit etzeratela damutuko zuek eskolara juna, eta zuen gurasuak eztira damutuko zuek eskolara eramana.

        Jerusalengo Tenploan ikasi zuan gure Ama bedeinkatuak bere birtute andi ta ugariak geiago ta geiago indartzen; Jerusalengo Tenplotik atera zuan alaba on bat, emaste on bat, eta martiri andi bat izateko indarra, bada zeruak aukeratua zeukan martiri guztien erregiñatzat. Ai! Nork daki, zuek ere, familiaren erdian martiri bezela bizi biarko badezue? Nork daki etorkizunaren berri? Zuek ames egiten dituzuen egunak esperantzaz beteak egon arren, zuek ames egiten dituzuen gertaldiak alai ta pozgarrizkoak izan arren, ai! amesak beti oi dira ames!; eta eztakigu nola izango dan gertaldi egiazkoa! Nik dakitana da kristandade guztian kurutze asko daudela zabalduak, eta zuek ere, andia edo txikia, kurutzeren bat eraman biarko dezuela. Orregatik, ordu ori datorrenerako nik nai nuke ikasi dezazutela pazienzia santuan eramaten eskolara juan biarrak eta familiako errietak, ikasi dezazutela gastetatik indartzen zuen anima geroko kurutzea ondo eramateko; ikasi dezazutela bene benetan onak izaten.

        Jakiña dago, n. k., eskolara datozen ume guzti-guztiak eztirala argiak eta onak izango. Baña badakit ere eskoletatik erten dirala famili askori izen andi ta onoretsua eman dioten seme edo alabak; eta eskoletan ibilli diranak baño nunnaiko basterretan dabiltzazan umeak negar geiago eragin oi diotela gurasuari bere zartza errukarijan.

        Oh! Eskola onean ikasijak izan balira gizon guztiak! zenbat gaistakeri gutxiago izango zan munduan! Mundua ondu nai dezu?, galdetzen zuan jakintzu batek. Ondu itzatzu umeak eta mundua ona izango da. Ara emen garbiro esanda gure asmua. Ara emen zuen zeregiña, gurasuak. Ara emen mojen t'abadien» zeregiña. Oh zer poza gurea Jaunaren aurrera guazenean esan al badegu egiaz: «Jauna, zuk, zure odolarekin irabazi zenduan mundu zabala, guk ondu degu!». Edo orren besteraño ezin bada: «Jauna, zuk maita zenduan kristandadeko erri bat osua, guk ondu degu, guk salbatu degu».

        O Maria, gure Ama maite bedeinkatua! Bada salbatzea da ikaskizun andiena, ikasi dezagula denok salbaziorako bidea: ume abek ta ume eztiranak aprobetxa dezatela eskolako denbora, jarrai dezatela gero gaur ikasten duena, bizi ditezala kristau onen gisara, munduko bizitza amaitzian erori ditezen zure besuen erdian betiko zorionerako, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa