www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

PRESENTACIÓN

 

1898

 

Sanctifica mihi omne primogenitum... mea sunt enim omnia.
(Emaidazute zuekandik ertetzen duan lenengo izatea,
bada nereak dira gauza guztiak.
Exodo deritzaion liburuko XIII garren buru
ta 2 garren bersotik artutako itzak.)

 

        N. a. m: Jaungoiko santuaren beso luze ta emankorrak gauza askotan ta beti lagundu izan zien israeltarrai, baña batez ere Ejiptoko erbestetasunean egon ziran bitartean, Faraonen mendeko erriak gaitzete andi bildurgarrien azpian estutuaz*, ta azkenean, Faraon erregearen aginpedetik beiñ israeltar guziak ateratzeko, Ejiptoko etxadi guztietan lenengo jaio ziran ume guztiai, gau ikaragarrizko batean, eriotza emanaz. Ta laguntasun andi oni esker onarekiñ erantzun zezaioten, Jaungoikoak Berak agindu zion Moises legegilleari, andik aurrera Israelgo etxadietan lenengo jaiotzen ziran ume danak eskeñi zezaiozkatela Berari, zergatik Bera zan gauza guztien Egille ta Jabea. Sanctifica mihi omne primogenitum... mea sunt enim omnia.

        Jaungoiko santuaren beso luze ta emankorrak guri ere gauza askotan ta egunero laguntzen digu erbeste onetan, ta batez ere lagundu zigun Faraon baño milla bidar okerragoa dan deabru gaizkiñaren mendetik ertetzen, zeruetatik bere Seme Bakar Jaungoikoa gure alde ta deabrua aspiratzera biralduaz. Esker onekoak bagiñake, bada, ezkenduke, kristau jaio geranok beintzat, iñoren agindurik bear, gugandik sortzen diran lenengo gauza guztiak Jaungoikoari emateko, biotz ta anima gure buruak Jaungoikoari eskeintzeko, borondaterik onenarekiñ gure izatea Jaunaren mendean jartzeko. J. Kristok berak eskatzen digu biotza, praebi mihi cor tuum mihi, baña eskari ori gabe, berez juan bear luke gure biotzak gure Egille ta Erosle santuari eskerrak ematera. Naikua litzateke onetarako, esagutzea zeñi zor diogun gure jaiotza ta gure bizitza, zeñek eman leikegun beti betiko zorion betea.

        Orrela egin zuan, Eleizak gaur oroitzen digun bezela, Nazaretko alabatxo maite bedeinkagarriak, orrela egin zuan Maria gure Ama Santak: berez joan zan, iru urteko umetxoa zalarik, Jerusalengo Eleizara; bere biotzaren gogo bizi ta sendoak eraman zuan Jaungoikoari eskerrak ematera, Jaungoikoarekiñ bat egiñik bizi izatera.

        Orrela egin bear genduke guk denok ere, txiki ta andi; baño nola umetxoak eztaukaten beren buruan, Mariak bezela, orretarako bear dan aria argirik, zuek, gurasoak, erakutzi bear diozute, Jaun Egilleari zor dioten eskerra ta mendetasuna, zuek erakutzi bear diozute eleizara bidea gastetxoak diraden artean, begiak argitara zabaldu ta bereala jakiñ dezaten nondik eta nola ibilli, ta baita ere lurrean izango dituen estualdietan laguntasuna zeñi eskatu.

        Orregatik, bada, ara emen zer dan gaurko itzaldirako aukeratu detan gaia: «jaio geran guztiok gure biotza Jaungoikoari eskeñi bearra daukagula, ta guraso zeratenok eskeñi bear diozkatzuela zuen umeak Jaungoikoari».

        Lagundu daidala Ama Maria Santak egia eder au n. aditzalleai erakusten, eleiza onetan batu geran guztien onerako. Eskatu zaiogun berari laguntasun au, bestetan oi degun bezela Agur Maria esanaz.

        Sanctifica mihi omne primogenitum... mea sunt, enim, omnia. Emaidazue zuekandik lenengo ertetzen duan izatea, bada neriak dira gauza danak.

        N. a. m: Nazareten, mirariz ta garbi, Anagandik jaio zan Mariak erakusten digu gaur zenbaterañokoa dan gure ganorarik esa, alperkeria ta itxutasuna, luzaroko urtietan Jaungoikoari biotza beñere eskeñi gabe munduaren erdian bizi geralako.

        Maria umetxoa dala dijoa Jerusalengo Eleizara, pozik eta azkar, etxea ta etxeko aide, adiskide ta gurasoak alde batera utzirik, Jaungoikoa gauza guztiak baño lenago dalako Jaungoikoaren mendean jartzera; ta gure egunetako gizon ta emakume asko or dabiltza gastetan eta zartzan lurreko gauzen billa, Jaungoikoarekiñ zereginik ezpalue bezela, Jaungoikoak berekiñ aginpiderik ezpaleukate bezela, edo Jaungoikoaren menpetasunean egotea gauza astun, samiñ ta lotsagarrizkoa balitz gisara.

        Ta, ai! n. a. m.: Jaungoikoarekin guk, Mariaren irudira, eginkizun andiak dauzkagu, gure eginkizunik andienak, animaren betikotasun onerako edo betikotasun txarrerako eginkizunak; Jaungoikoak gure gañ aginpiderik zuzen ta egokiena dauka; Jaunaren mendean egotea ezta gauza astuna, ezta samiña, ta gutxiago lotsagarrizkoa.

        Baño zergatik dauka gure gañeko aginpide ori? Zergatik berak sortu gaituan, joan diran egunetan misionista santu baten aotik aditu dezuten bezela. Mea sunt omnia, esaten du Jaungoikoak, neriak dira gauza guztiak. Nik sortu ditut zeruak ezerezetik eta itz bat bakarra esanda, gizon zintzo guztien poztasunerako; nik sortu ditut infernuak gizon arro ta gaizkille guztien zorigaitzerako; nik atera ditut itz batekiñ ta ezerezetik lurrean ikusten diran gauza guztiak; nik ematen diot eguskiari argia, gabari illuntasuna, aizeari ta olatuari indarra; neria da osasuna, neria da bizitza, neria da eriotza, neria da gizona; izan diran ta izango diran gauza guztiak neriak dira: mea sunt omnia. Nola, bada, eukiko eztu Jaungoikoak gauza guztien gañeko aginpidea, gizonaren gañeko aginpidea, gizona Berak sortu badu?

        Bai, n. a. m.: gauza baten gañean aginpidea izateko gauza ori egitea baño bide oberik eztago, ta gure Jaun ta Jaungoikoak egin gaitu gu, ez gizonak bere gauzak egiten dituan bezela, ol zati batekiñ aulki edo mai bat, edo arri, kare, burni ta egurrarekin etxea, ezpada ezerezetik. Orregatik gera gorputz ta anima Jaungoikoarenak, orregatik egon bear degu bere mendean, orregatik, dena berari zor diogun eskero, eman diogu gogoz ta egiaz gure biotza.

        Gañera, gurekiñ daukan aginpiderako badu Jaungoikoak beste bide bat ere, eta da gu bizirik eukitzea, gure bizitzari iraun eragitea. Irauten due zeruak egin ziranetik gaur arteraño, Jaungoikoak ala nai dualako; irauten dute mendiak, Jaungoikoak ala nai dualako; irauten dute gizonak Jaungoikoak ala nai dualako; Jaungoikoak beti beñere eten gabeko gogo ta alizatearekiñ, zeruen, mendien ta gizonen izatea ematen dielako.— Irudi baten bitartez agertuko dizuet garbiroago. Begiratu zaiozute altara aurrean dagoan argimutill andi orri; araña esango diogu erderazko izenarekiñ: ezekita dago, lurretik gora jasoa dago, soka batek aidean daukalako; soka ori ebakiko bagenduke araña orrek berealaxe joko luke beia. Zergatik? Zergatik araña orrek eztaukan berez aidean egoteko indarrik. Aidean badago urteetan, da soka orren indarrak beñere utzi gabe aidean daukalako. Orrela, bada, n. a. m: mendiak mendi badira luzaroko gizaldietan, itxasoak itxaso badira, gizonak gizon badira, da Jaungoikoak mendi, itxaso edo gizon izateko indarra ematen dielako: Jaungoikoak instante batean bakarrik bere indar emateari utziko balioke, gauza guztiak desegingo litzatezke bereala, gaiski esan det, utzera biurtuko litzatezke.

        Ikusten...

        Oraindik ere Jaungoikoak aginpiderako badauka beste bide bat: asieran aitatu det, eta eztet oraiñ ixillik utzi nai: Gizona lenengo pekatua eginda, deabruaren mendean erori zanean, Jaungoikuak atera zuan deabruaren mendetik: zeruak utzirik etorri zan lurrera, lurrez jantzirik ibilli zan gizonen artean, gizonagatik il zan, eta Berberak Bere odolarekiñ erosi zuan gizonaren zoriona. Zuek, a., gauza bat erosten dezuenean, zuena dala esaten dezue ongi ta egiaz, ta izerdi asko bota badezue gauza ori erosteko, egia andiagoarekiñ ta beroago esango dezue zuena dala, ta zuen bizitzarekiñ, zuen odol guztia emanaz erosi badezue, ezta iñortxo izango, soro gaistoren bat ezpada gauza ori ondo erosia dagoala autortuko eztuanik.

        Eta bada gu Jaungoikoak erosi genduzan bere odolarekin, edo autortu bear degu Jaungoikoarenak gerala, edo soraturik gaude, ta etzaio gure esanari ezertarako begiratu bear.

        2. Ara nola dan, n. a., Jaungoiko Santua gure ondasun guztien iturria ta gauza guztien Jabea; ara zenbat bidetatik daukan Jaungoikoak eskubide andia gizonaren gañean; ara zergatik gizonak zor dion mendetasun egiazkoa bere Egille, Gordetzaille ta Erosle santuari.

        Eta ala ere, gizon asko eztira Jaungoikoaren mendean bizi, gizon askok eztute Jaungoikoa maita. Nolatan ez? Ezta nai-ta-naiezko gauza Jaungoikoa maitatzea? Ez, Jaungoikoak eztu nai nai-ta-naiezko maitetasunik, gogozkoa nai du. Gizonari argi bat eman zion bere Egillea ikusi ta esagutu zezan: ipiñi zuan gero bide biren aurrean, bata okerrerako bidea, bestea zuzen zuen Beragana eramango duana; esan zion aukeratu zezala nai zuan bidea ta jarraitu zezaiola; baño jakiñ zezala, bataren azkenen billatuko zuala betiko zorigaitza, ta bestea amaitzean betiko ta neurrigabeko zoriona... Eta okerbidetik dijoaz asko eta asko. Batzuek beragañ ta jabetasun gabe bizitzea nai due, iru edo lau urtean bada ere; beste batzuek, arrotasunez apaindurik, Luzifer bezela, Jaungoikoaren aurrez-aurre jartzen dira.

        Ta zergatik? Jaunaren legea astuna edo samiña dalako? Ez, Jaunaren agintea ezta astuna, ezta samiña, bada Berberak esaten digu: Nere agintea txit da erraz ta biguna: jugum meum suave est et onus meum leve; ta gañera zuek ikusi dezue: gurasoa maitatzea beñere ezta astuna ondo jaio dan semearentzat. Jaunaren azpian egotea lotsagarria dalako?

        Ezta ere. Bear bada entzungo zenduten zuek ere, n. a., eztala ondo bestien mendean egotea; bear bada zueri ere gogoratuko zitzatzuen obea dala bakoitza bere buruaren jabe izatea. Ta zuen gogamen ori izan leiteke egiazkoa edo gezurrezkoa: nolatan dan. Zuen umeak ume txikiak bere buruen jabe balitzatezke, berak nai duen gisara nai duena egiñaz bizi balirake, zer izango litzateke zuen etxea? Gauza onik ez. Bada gu denok umetxo batzuk gera ta Jaungoikoa da gure guraso gidaria. Ezta ondo, n. a., gaistakerirako edozeñ gizon gaistoren loturik azpian egotea; ezta ondo munduaren edo deabruaren mendean egotea; baña Jaungoiko guraso, maitagarri, gozo ta gauza guztien jabearen azpian egotea txit da gauza ona ta onoretsua; bada ikatzak belztu ta iriñak txuritzen gaituan bezela, gizonak gizondu egiten gaitu, deabruak deabrutu, ta Jaungoikoak berriz anditu, edertu, Jaungoikotu, ta Jaungoikoa izatea baño gauza oberik eztago.

        Zergatik da, bada, Jaunagana ez joatea? Gizon asko itxuturik daudelako. Okerbidetik zear iges eginda Jaungoikoagandik urruti bizi diran gizon oiek ez diote beñere Mariak gaurko egunean ematen digun erakuskizun ederrari begiratu: lurreko gauzen billa dabiltzan lurtarrak dira, Jaungoiko gabe bizi dira, lege gabe bizi dira, itxutasunean daude, eztue nai Jaungoikoaren mendeko izan, ta sarritan erortzen dira gizagaixoak gizonen mendean, ta askozas txarrago dana, deabruaren mendean ere bai.

        3. Baño Jaungoikoa gure Jaun, Jabe ta Gurasotzat esagutzen degunok, zer eskeñi bear diogu Jaungoikoari? Eman bear diogu batez ere gure lenengo gauza, geien maitatzen degun gauza, lenengo gogamena, lenengo itza, lenengo eginkisuna, lenengo umetxoa: omne primogenitum; ta ez edonortara, Jaungoikoa santua dalako eman bear zaio santuturik, berak dion bezela sanctifica mihi; bada lenengo gauza santuturik badijoa, erraz jarraituko due ondorengoak lenengoaren bidetik.— Jakintsu batek dio gure lenengo gauza ta gauzarik onena biotza dala, ta orregatik J. Kristok Berberak esaten digu: Praebe mihi cor tuum mihi. Emaidazu gizona zure biotza, bada zure biotza nai det.

        Ta noiztik asi bear degu Jaungoikoari biotza ematen? Jaiotzen geranetik laster, gure lenengo egunetatik, Jaungoikoa zeiñ dan esagutzen degunetik bereala. Noiz ez gera gu Jaungoikoarenak? Noiz ezkaude bere eskuetatik dingilizka? Bada beti Jaungoikoarenak bagera, beti ta gogoz eskeñi bear diogu gure biotza, bizitzaren asieratik eriotzaren eskuetan erortzen geran arteraño.— Mariak ematen digu onetarako erakuskizun eder bat, bada ume-umetatik eskeñi zion Egille Santuari bere izate guztia; baña gure eskergabetasunak eztio Mariaren bideari jarraitu nai. Eztegu esagutzen, edo eztegu gogoratzen Jaunaren eskuetatik artu degun onegitea; baño ala ere Jaunak guri egindako onegite edo mesedeak gurekiñ ibilliko dira beti ta lagunduko digue, edo betiko zorionera joaten, edo gure anima eskergabea betiko zorigaitzera eramaten.

        N. a. Guk ere Jaungoikoarenak izatea nai degu, ori badakit. Baña noiz? Gero, beti gero. Umeak geran bitartean ez, zergatik umeak ume diran, ta eztakite ongi zer egin bear duen ta zenbat zor diuen Jaungoikoari. Gasteak geran bitartean ez, zergatik aize asko izaten degun gure buruan, ta aizearen ots edo zaratak eztigun utzitzen Jaungoikoaren dei gozoa aditzen. Sasoikoak geraden bitartean ez, zergatik etxealdean gauza askori begiratu bearra izaten degun (lana egin bearra, umeak asi bearra, janaria lortu eziña, ta beste onelako gauza asko). Zarrak geranean ere ez, zergatik nekatuak eta erdi illak gauden, ta geure burua zaintzen naikoa lan daukagun. Ta orrela dijoaz egunak, illak eta urteak, orrela dijoa bizitza, ta beñere eskera Jaungoikoarenak bene-benetan ta egiaz, Jaungoiko gabe bizi gera, geure gogoz edo geure alperkeriz, ta Jaungoiko gabe iltzen gera asko, uste degun baño askozaz geiago.

        Egia da, ta pozik autortzen det: badira lurrean gorputz ta anima Jaungoikoarenak diraden animak, baño gutxi, oso gutxi; bada Jaungoikozkoak diradela uste degun asko eztira Jaungoikozkoak kanpotik eta itxuran baizik: erdizka ematen diote beren biotza Jaungoikoari, ta Jaungoikoak eztu erdizkako gauzarik nai, edo oso-osorik edo baterez. Oso-osorik eman zion Mariak, osoosorik eman bear diogu guk, nai baldin badegu zeruetan sartu.

        4. A. Erakutzi zaiozute zuen umetxoai gaste-gastetatik, egiaz ta osorik Jaunari beren biotza ematen. Mundua, Jaunagandik aldendu dalako, galdua dagola esaten degu guztiok, eta egia da, eguskia baño argiagoko egia. Nai badegu, bada, mundua zuzentzea, goazen guztiok Jaungoikoagana, ta eraman ditzagun umetxoen biotz garbiak. Onezkero eztet uste gizon zarrak gauza onik egingo duenik lurraren alde, zergatik maña txarretan bizi izan diranak maña txarretan amaitu oi dira. Gasteak zuzendu bearko dute lurra, iñork zuzenduko badu.

        A. gurasoak: deadarka daukazue Jaungoikoa, sanctifica mihi omne primogenitum, mea sunt enim omnia, santutu zazue neretzat zuen erratietatik lenengo ertetzen duan izatea, bada nereak dira gauza guztiak; eraman itzatzue erri onetan dauskatzuen ikastetxe egokietara, etxe oietan ikasi ditzaten bear bada zuek ezin erakutzi diozkatzuen gauza on asko.

        Ta zuek, n. a. gastetxoak, (Zumaiako eskoletan gauza on asko ikasten dituzuenak,) jakin zazue Jaungoikoak eta Ama Mariak zuekandik gauza on asko itxaroten dituela. Zuen eskuetan ta zuek bezelako beste gaste guztien eskuetan dago munduaren etorkizun guztia, Zer izango da mundua emendik urte batzuetara? Zuek nai dezuena: ona edo txarra, Jaungoikoarena edo deabruarena. Zeñen alde jarriko dezue mundua? Gaur al danik onduen erakusten zatzue Jaungoikoaren legea; gaur, bide onak erakutzi nairik, Mariaren irudiarekin erakarri zaituztegu eleizara. Biar edo etzi, zuen buruen jabe zeratenean, etorriko zerate eleizara poz-pozik eta gogoz zuen biotzak Jaungoikoari eskeintzera? Edo etorriko zerate eleizetara gorputzarekiñ bakarrik, besteak datozelako, ta utziko dituzue zuen animak ataietako atean, eleizatik kanpora, Jaungoikoagana ekarri gabe? Biar edo etzi, astuko dezue zuek ere Jaungoikoaren legea? Eztezute naiko bizi Jaungoikoaren mendean? Eztituzue alegiñ guztiak egingo, zeraten lekuan zeratela, jaio geran guztiok Jaungoikoa maitetu dezagun, mundu guztia Jaungoikoarena izan dediñ? Ezin det siñistatu, n. gastetxoak, zuek ere, Jaungoikoaren legeari lepoa emango diozuela, okerbidetik joango zeratela deabruaren bandera beltza jasoaz; ezin det siñiste añ eskergabekoak izango zeratela; eztet siñiztu nai alperrikakoak izango dirala zuen animaren onagatik egiten ditugun gaurko gure lan guztiak.

        O nere Ama maite Maria! Zer eskeñi giñaikezu gaur gure maitetasunaren agergarritzat? Zer nai zenduke gugandik? Biotza? Nerearen jabe naiz, nerearen jabe bakarrik, eta nerea eskeiñtzen dizut zure seme Jesusentzat. Eta bestien biotzak? Ai, eztakit!... Zer egin bear dezute gaur, n. a. m. zuen biotzarekiñ? Ukatuko diozute Jaungoikoari, aterako dezute kalera, kalearen erdian edozeñi eskeintzeko? Ez, Ama Maria, gaur zure Semearenak dira emen batu garanen biotz guztiak. Gastetxoak eskeñi zizuen lengo egun batean, gaur eskeintzen dizue beste guztiak. Ai, gaur bezela balirake beti Jesusentzat! Biarko naiz bildur, ta biarko eskatzen dizut begira zaiguzula errukiz, gure Ama errukiorra; lagundu zaiguzula lur onetako gure pausu ta ibillera guztietan, egin gaitzatzula eskertsuak emen, gero zurekin ta zure Seme Jesus Jaungoikoarekiñ betiko zorionekoak izan gaitezen, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa