www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRU GARRENA

 

Et erit in templo abominatio desolationis et usque
ad consumationem et finem perserveravit desolatio.
Eta izango da tenploan nazkatasun galgarri bat,
eta denporen askenetaraño iraungo du galdumendijak
(Daniel Igarleak, 9 garren buru ta 27 garren bersuan.)

 

        Zure b. S. txit S.: N. A. M.: Eskritura santuak gordetzen duen egia billatzea txit da gauza bat zalla, baño baita ere txit ongarri ta irabazi andikoa. Bere irudi bizi batzuen atzetik agertzen da misterio andien sakontasuna, bere ipui-esakera batzuen aspian ikusten da ostargian bezela espirituko egia, pintatzalle baten pensamentua bere kuadro baten ikusten dan bezela, gorputzaren zati guzietan odola, gizonaren izatean anima bezela. Mira profunditas eloquiorum tuorum, dio S. Agustiñek, mira profunditas Deus meus. Dira Jaungoiko santuaren itzak errazak eta senzilloak ikuste batean, itxas olatu gabearen ur urdiñ malsoak bezela, bañan gordetzen ditue beren barruan iñork ikusi ez dituan leize zulo askengabeak.

        Iriki dezagun gaur gabean Eskritura santuetako liburu ori ta begira dezagun an billatzen degun gertaera bildurgarri batera, irakurri dezagun gure Salbatzalleak nola pintatzen duan uri baten azken gaistoa, Jerusalengo azkena; Jerusalen, Igarleak ta erregiak maitatu zuen uria, Jerusalen, tenplorik ederrenaren jabea, birtuterik andienen ta gaistakeririk gogorrenen jaiotokia, Jerusalen, Jaungoikoaren tronua, ta Jaungoikoaren urkamendiko lekua! Bañan, ezkuaz gaur ikustera Jaunaren zigorra erori zitzaion erri onen azken tristea, histori edo kontaera onetako gertaera danak jakiteagatik. Jaunak gizonari dion errukitasun neurrigabeak nai du zerbait ikasi dezagula kontaera onetan gure animaren onerako, Jerusalenen galduera izan dedilla osasungarria guretzat; bada, Jerusalen iriki nai ezik bere begiak egiazko argira, Jerusalen entzun nai ezik Jesusen dotriña ta gezurraren aldekoa, Jerusalen Jesus maitearen illtzallea da egia gabe ta maitasun gabe bizi dan arimaren irudia, da Jaungoiko gabe bizi dan animaren irudia, bada atzo ta eraiñegun ikusi degu Jesus dala egia, Jesus dala maitasuna. Au da nere gaurko sermoiaren gaia, gai andia, gai tristea, eta eztakit nola erakutziko dizuetan.

        Ah! Nik entzun izan banu Jesusek Samaritana bati, Jakob-en putzu inguruan zegoalarik, egin zion dei biguna, esanaz: ¡Si scires donum Dei! Bazenki, anima gaixoa, zer galtzen dezun Jaungoikoa galtzean! Nik orduan ikasiko nuan nere Jaungoikoarentzat animak irabasteko jakinde zerutarra. Ah! Nik baneuzka amodiozko mintzoerak Jesusek arrendatzalleari apostulatzara deitu zionean zeuskan bezelakoak! Nik orduan, o zer poza neretzat! egingo nuke zuen biotzak, ososuan, eman zaiozkutela Jesusi, eta, nere aditzalleen artean pekataririk badago, pekatari ori, gaurdandik aurrera, izan deitela, ez Jerusalen errukarriaren irudia, ezpada Jaungoikoaren Uri Santua eta Jesusentzako Apostolu berri bat.

        Eskatu zaiogun Jaungoikuari bear dedan laguntasuna nolabaitean nere eginkizuna betetzeko, ta eska zaiogun beti bezela Maria Santaren bitartez, zeñi esango diogun Abe Maria bana.

        Et erit... etc. (Daniel Igarlearen itzak len esandako buru ta bersotik artuak.)

        Z. b. S. TX. S.: N. a. m., San Mateo Ebangelistak esaten digunez, bein batean erten zuan Jesusek Jerusalengo Tenplotik, ta bazijoan bere bidean, inguratu zitzaiozkanean bere ikasle batzuk Tenploaren edertasunak erakusteko; baña Jesusek esan zien: «Egi-egiaz esaten dizuet, ezta emen arri bat beste arri baten gañean geldituko arrasatu gabe».

        Benetan, n. k., txit zan eder ta ikusgarria Jerusalengo Tenploa edo lege zarreko Eleiz nagusia; bada zillar ta urrez betea zegoan; baña zer dauka ze ikusi gizonen edertasunaren ondoan? Gizonak dauzka bost zentzun apaiñak, zillar ta urre guztiak baño geiago balio duenak: begiak ikusteko, belarriak aditzeko; aua, gauzai gustua artzeko; sudurra, usai egiteko; eta eskuak ta gorputz guzia gauza guztiai ikutzeko; eta zentzun aben bitartez ikusten ditu ta esagutzen ditu mundu zabalean diran gauza guztiak; gizona dago gañera aberastua adimen edo entendimentuarekiñ, nun daukan indarra munduko gauzak entenditzeko; eta orregatik, ikustean mundu onetan gauza guztiak amaitzen dirala, billatzen du beñere amaituko eztan gauza bat, betikotasuna. Txit da bizikorra berez, ta gorrotatzen du eriotza; sentitzen du bere biotzaren erdian desio neurrigabeko bat, bizi naia, zergatik eztuan entenditzen utza ta ezereza, ta ikustean bere aldemenean dena iltzen dala, orduan billatzen du Jaungoikoa, beñere illko eztan Jaungoikoa. Orregatik, n. a., gizona beñere ezta gorago jaso, bere ezereza esaguturik, belauniko jarrita, Aita gurea, zeruetan zaudena, esaten duanean baño.

        Bai, n. a. m., gure anima Tenplo bizi bat da, Jaunak egiña, espirituko apainduri askorekin aberastua; baña ainbeste aberastasunen erdian askotan ikusten degu koloka ta balanztan dabillela, ta azkenez erortzen dala beberaño, zergatik Danielek esagutu zuan esfinge edo abere gezurrezkoak bezela, zimendu lurrezkoak dauzkan. Gizona eri dago pekatu jatorrizkotik, ta bere barruan jagitzen zaizko griña gaistoak, soberbia, andi-izan-naia, gorrotoa ta gezurra bere miseri ta lotsagabekeri guziekiñ. Eta deabrua, griña gaistoen bandera beltz bildurgarriarekiñ gizonagan sartzen danean, gezurra lapurretara animan sartzen danean eta arrapatzen duanian animaren fedea, anima gelditzen da desegiña ta galdua, uri eder misteriosko onetan ezta arri bat beste arri baten gañean gelditzen.

        (Zer da gizona egia gabe? Bere entendimentuan argirik eztuala, bizi leike ta biziko da itxu baten gisan, betiko illuntasunian, zuzen bidetik dijoalakuan leiza zuloan bera bere burua botatzeko zorian, bañan etorriko zaio denbora triste ta bildurgarrizko bat, noiz esagutuko duan bere itxumen galgarria, baña berandu. Eta bizi dan artean zer gertatuko zaio? Ara zer dion Jesusek.)

        2. Eta izango da, jarraitzen du, izango da gozea ta izurritea, ta lurrikarak sentiko dira errietan. Bai, n. a. m., egia galtzen duan arimak lenengo sentitzen duan gauza da gosea, espirituzko gosea adimenean ta biotzean. Fedea aldentzean utzitzen du utsune andi bat ezerekin betetzen eztana: federik eztaukan gizonarentzat eztago zerurik, eztago Jaungoikorik; dana da berezko gauza, ta berezko gauza desaraude bat da, desordena bat. Eta gizona zer da federik eztaukanarentzat? Gizona? Berez sortu dan gauza bat, beste gustiak baño errukarrijagua, bada aberiak eztue esagutzen zeñ miseriaz beteak diran ta gizonak bai. O gizon fedegabea! Zure pensamentua, zure adimena, zure arrasoia ezta beste beste gauzarik, zure obi gañean piska baten aidatuko dan fosforo argi bat baño! O gizon fedegabea! Ez begiratu zerura zure naigabietan! Zeru eder izartsu ori ezta zuretzat egiña, ezta iñorentzat egiña, da utza, da gauza utzaren anditasuna. O kristauak, kristauak! Eztu gizonak sentituko egiaren gosia gezurrezko dotriña añ bildurgarrien aurrian!

        Mingarria da esaten ere, baña onetara jotzen due gaur erakusten dirañ dotrinak. Gaur gizona da gauza guzien iturburua, gizonak egiten ditu legeak Jaungoikoaren legien kontra; gizona da maisua ta gizonak erakusten ditu Jaunaren kontrako dotriñak: gaur gizona da Jaungoikoa. Gizonak bere arrasoi argalarekiñ esagutzen duana, ori da egia; gizonak ikusten eztuana dudan jarri biar da; eta nola Jaungoikoa ikusten eztan bere andi izate gustiarekiñ, Jaungoikua egongo da bere txandaren zai gizonak esamiñatu dezan arte, ia Jaungoiko dan edo eztan. O zer ikusgarria! Itxuak argitasun guzien iturburuba esamiñatu naian! Ikusi dezue, k. arrotasun andiagorik, soberbi andiagorik, txorotasun andiagorik? Nik eztet esango gizon arro guztiak, beren buruarekiñ gauza danak esplikatu nai dituen guziak txoruak dirala, bañan oroitu bear dizuet gizon jakintsu baten oarkera bat, eta da: txoro guztiak arruak dirala, panparroiak dirala, eztuela egiten beurai deizkioten gauza baño besterik, eta eztuela siñistatzen beurak entenditzen duena baizik, eta denok dakigu nola dagon aien burua.

        Bai. h., egiaren gosia sentitzen du gizonaren adimenak, txoratua ezpadago, eta maitasunaren gosea gizonaren biotzak. Gizon fedegabearen biotzak bide asko dauzka irekiak griñarik gaistoen ta naskagarrienak asetzeko, bada Jaunaren kontrako dotriñak dionez, gauza bat da ona gizonari gustatzen bazaio eta txarra gustatzen ezpazaio; baña bide oietatik barrura juaten danak laster senti bear du egiazko maitasun gozoaren gosea ta egarria eta griña guziak aseta ere, ezta aseko gure biotza, ezta aseko mundu guziko gozotasun guziekiñ ere, beti eskatuko du geiago, ezta aseko Jaungoiko gabe. Fecisti nos Domine ad te, S. Agustiñek dio, et inquietum est cor nostrum donec resquiescat in te. Munduak begien aurrian jartzen diskigun gauzak txit kolore ederrekuak dira, daukate gañ paketsu gustagarri bat, baña gauza oien barruan sartu danak badaki zeñ minkaitzak diran barrutik, zenbat naigabe ta animako ikara ekartzen duen, beren ondorean eztauke pakerik ta deskanzurik iñon ere ta sentitzen due maitasun garbi ta santuago aren gosea.

        Eta jaikiko dira jente batzuk bestien kontra eta erriak errien kontra, jarraitzen du Igarle santuak. Eta au ezta esan degunaren ondorengo primiazkoa baño. Griña gaistoak ta gezurra beñere eztira paketsuak izan; bakar bakarrik fedea ta esperanza santua dira pakean ta soseguz bizi diranak. Egia ta birtutea kendu nai diranean ezta egiten gerra gabe: nai ta naiez bear da gerra gezurrak gure konzienziako arra ito nai duanean. Erri Jaungoiko iltzalleak bezela gizon pekatariak deadar egiten du: «Kendu Jaunaren lege ori, kendu oitura zar ori, kendu nere griña guzien kontra gerran dabillen relijio gogor ori, beti eriotzaren gañean ta infernuaren gañean itz egiten duan relijio ori kendu». Baña jaikitzen da, jaikitzen gure konzienzia esanaz: «bai, baña nik nai ezpadet ere eriotzako ordua etorriko da, eta zer izango da orduan nerekin? Nik nai ezpadet ere betiko kastigu bat an dago nere zai, ta, zergatik, zerurako jaiua izan ezkero, betiko kondenatua izan bear det?» Eta orduan sentitzen du gizonak gerra izugarri bat bere konzienzia ta bere griña gaistoen artian, eta geienetan griña gaistoak irabasten due gerra, eta bide zuzena jarraitzen duenak, gizon gaistoen farreak ta burlak eraman biar izaten ditue, Jaunak emandako kurutze bat bezela. Oraindik ezta denbora asko, eta ez urrutietan, emendik Zumaiaraño bidian, mutill gaste bat zijoan mesa nagusitara eta bide onduan jolaserako prest zeguan beste mutill pilla batek, farre ta burla egiñaz, esan zion mesatara zijoanari: «fralle edo jesuita jun biar al dek?» Zer deitzazue, a.? Zeñ denporetara etorri geran! Zer? Frailleak ta jesuitak izan bear dira kristua onak? Frailleak ta jesuitak salbatu bear dira?

        Baña guazen igarrera edo profezi onen askenera. Irutogeita amar urte igaro ziran gure salbatzalleak len aitatu ditudan itzak esan zituanetik, Israelgo erriak galdu zituanian zeruko bedeinkaera guziak ta Juda-ko zetrua, eta Jerusalengo Tenplua an zeguan, isiltasunian, bere puskaera ta desegintzaren orduaren zai. Alperrik da jaikitzea garaitzallearen kontra: Israelgo ejerzituen aurretik eztijua oraiñ Jehoba santuko aingerua. Egun batean agertu ziran Jerusalen ondoko mendi gañetan Bespezianoren bandera bildurgarriak, eta gerra gogor baten ondorean, pausu bakoitzean israeltarrekiñ purrukatzen zala, eldu zan irugarrengo murruraño; eta andik, gerrarien zarata, diadarra ta madarikazioa isiltzen zanean, entzutzen zan, Jerusalengo emakumeak beren janaritzat beren erraietako umetxoak erretzean, zurtan aragiak ateratzen zuan txingar ots ta zartada; eta andik, etxe ondatu ta gizon ildakoen artetik, ikusten zan nola zaramazkiten ildako asko, orazio gabe ta malkorik gabe, lenagoko denporetan, Dabid erregearen berso ederrak kantatuaz, kutxa santua eramaten zan kalietatik ziar. Eman zan azkenengo asaltoa, sartu ziran erromatarrak Jerusalenen, erre zuten Tenploa, ill zituen jenteak, bizirik gelditu ziranak artu zituen garaitzalleen serbitzari, eta Erromarontz lotuta zaramazkitela betiko agur triste bat egin zioten jaioterriari: An gelditzen zan Jerusalen, etxe errietatik ertetzen zuan azkenengo ke tartean: etzeguan arri bat beste arri baten gañean.

        O Jerusalen! Zure kondaira da munduaren baster bat genastu zuan gertaera bat, baña da kondaira bat egunoro gizon pekatariarekiñ gertatzen dana. Judeatarren itxumen gogor ta arma da pekatarien itxumen ta arrotasuna berbera. Judea-tarrak etzuen aditu nai izan Jesusen dotriña zerutarra, Jerusalentarrak ill zuen Jesus gaizkille bat bezela; gizon pekatariak ere eztu ikusten egia, eztu entzuten Jesusen dei biguna, illtzen du Jesus berriro pekatu illkor edo mortal bakoitzean. Baña Jerusalen bere itxumenagatik ta Jesusi eman zion eriotza ikaragarriagatik ondatua izan zan bezela, zeruko egia gabe bizi dan gizona, Jesusen maitasun gabe bizi dan gizona, gizon pekataria, fruturik ematen eztuan arbola bat bezela, Jesusen malkuak ta Jesusen odolak narotu eztuan arbola igarra bezela, izango da ebakia ta betiko surtara eramana.

        Et usque ad consumationem et finem perseverabit desolatio. Eta Jerusalengo ondamendija betiko izango dan bezela, mundua mundu dan artean Jaungoikoagandik urruti bizi dan gizonaren galduera bere animako aberastasun guziak ondatu dituan gizonaren galduera betikotasun amaigabekoa izango da, sasoian entzuten ezpadu beti parkaziorako prest daguan Jaungoikoaren deija. Jerusaleni gerta zitzaiona gertatuko zaio biotz gogordunari: beretzat alperrik izango dira predikazio, sermoi ta ejenplu on guziak; begiak badauzka, baña eztu ikusten; belarriak baditu, baña eztu aditzen. Jaungoikoak esango du beragatik Jerusalenegatik esan zuana: ¡Jerusalem, Jerusalem, quoties volui congregare filios tuos quomodo gallina congregat pullos suos sub allas et noluisti. O pekataria! zenbat bidar nere biotz amodioz betiak deitu dizu, eta zuk eztezu nai izan entzun nere deija; zenbat bidar begiratu dizut maitasunez beterik, eta zuk iges egin dezu nere begien aurretik; zenbat bidar eldu da zure belarrietaraño nere egia gozua eta zuk eztezu nai izan aditu! Oroi zaite, gizon edo emakume pekataria, S. Pedro bat damutasunezko malkuak ixurtzen zegoala, Judas bat soka batetik izekita askenengo arnasa estuan zegoan bitartian, bear bada bere arpegian Jesusen laztana sentitzen zuala oraindik. Batak ikusi zuan Jaunaren begirune gozoa, bestia itxua ta gorra zegoan.

        N. a. m.: Utzi ditzagun alde batera arrotasun bidegabeko ta galgarriak, ta esagutu dezagun egia Jaungoiko Jesusegan bakarrik dagola; esagutu dezagun beñere amaitzen eztan maitasun egiazkoa Jesusegan daukagula; ta maita desagun gure anima guziarekin. Ez gaitezen izan biotz dollorrekuak; ez gaitezen ase mundu onetan irabaziko degunarekiñ; geiago biar degu gure biotza betetzeko; jaso dezagun biotza zeruraño, Jaungoikuagañaño. Zenbat denporan biziko gera munduan? Larogei urtian? A ez! Larogei urtian millatik bat edo beste bizitzen dira; baña edozertara ere zer dira larogei une betikotasunaren onduan? Zer irabaziko degu munduan? Dirua? Onorea? Gozotasuna? Ein zagun kontu baietz, eta, zer daukagu oiekiñ betiko zoriona galtzen badegu?

        O n. k. m.! Izan dezagula gaur denok indarra, jaiki lurreko gauzetatik ta Jaunagana biurtzeko: ezteilla bat bakarra gelditu n. aditzalleen artean Jesusi biotz osua emango eztionik. Inor badago emen, batez ere gasteren bat, bildur dana bere lagunak esango duenak-gatik, ori kobarde bat izango da, deabruak lotuta daukan kobarde andi bat, bada eztauka indarrik lagun txarretatik apartatzeko, eztauka indarrak deabruaren lokarria puskatzeko; eta edozeñek edonundik eramango du umetxo bat bezela.

        Aditzalle biotzekoak: Jarri det zuen aurrian Jerusalen errukarriaren ta egi gabeko ta maitasun gabeko animaren irudi bat, zuentzat ta neretzat osasungarrizko pentzakizun bat bezela. Ikasi dezagun ta egin dezagun zerbait gure animaren onerako. Eztedilla gure animetako deseigoen gañean negarrik egin bearrik izan Jeremiasek Jerusalenen gañean negar egin zuan bezela ¡Quomodo sedet sola civitas! esaten zuan, A! Nola dagon bakartadean jarririk lenago jentez betea zegoan uria! Lenago dierri askoren artean lenengo zana orain alargun bat bezela gelditu da! Probinzi askoren jabe zana oraiñ bestien zerbitzari dago! A! ez, k. nereak: lenengoak gera zeruan, eta eztezagula saldu gure burua Luzifer madarikatuaren azpirako. Eztedilla izan gura anima etxe erre ondatu ta erori baten gisan pisti zikiñen bizilekua, ezpada zeruko graziaren kabi ederra, Jaungoikoaren uri bizi ta bedeinkatua.

        Nere Jesus laztana, ainbesteraño gure animak maitatzen dituzuna, zu gordetzeko jauregiak izan nai degu; bañan jauregi betikoak; nai degu egia gure adimenarentzat, ta zugana gatoz egi guztien iturburuba bezela; nai degu maitasuna gure biotzentzat, ta zugana gatoz maitatzellerik onena ta zintzoena zeralako; eztegu nai geiago gorrak izan zure dei bigunerako; zu zera bizitza egiazkua ta zurekiñ bizi nai degu beti, emen, esperantzetan, ta gero zeruan zure Biotz Santuko eztitasun guziak gozatzen beti, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa