www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

(ASUNCIÓN)

 

Posuit diadema in capite ejus.
Jantzi zion erregiñaren koroia bere buruan.
Ester liburuko II garren buru eta 17 garren bersuan.

 

        N. a. m.: Ederrak dira Eleiza santak urteoro Mariaren onrian ospatzen dituan jai guziak. Alai ta ederra da Mariaren sortuera garbiko jaia oroitzen digulako Zeruetako erregiña onek irabazi zuan garaipena deabruaren arrotasun madarikatua menderatzean; eder ta pozgarria da Mariaren jaiotza mirarizkoa; poz ta atsegiña munduan zabaltzen zuana; ederra ta osasungarria da ikustea Mariak, umetxoa zalarik, nola eskiñi zuan bere burua Jaungoikoarentzat urterik bigun ta loratsuenetan; baita ere da zer ikasi andietakoa Nazaretko etxetxoan aingeru zerutarraren aurrean auspezturikan erakusten digun umiltasunezko ejenploa; baña, n. a. m., pozgarri ta alaiak, osasungarri ta erakutzi andikoak badira ere beste urte guziko Maria festak eztauke zer ikusirik gaur ospatzen degun festarekin. Errekatxoak itxas zabalean bukatzen diran bezela gaurko festa andian bukatzen dira beste Mariaren festa denak, bada gaur ospatzen degu Mariak zerura igon zuaneko jaia.

        Maria gaurko egunean mundu onetako neke, lan, samin, zispiru ta negarrak beti betiko utzirik igotzen da odei guzien artetik zerurik garbienera, ta izarrik izar, eguskirik eguski aingeru maitagarriz inguraturik zartzen da betiko zorionean.

        Zer ikusgarri ederrra! Aditu zazue nola dirauskun S. Juan Damaszenok: «Gaur, dio, gaur da poz, gozotasun ta atsegiñezko egun doetsua, Jerusalen zerukoa, Maria txit Santa zeruetan sartzen dan eguna. Gaur igaro ditu zeruko ateak Eba berriak, pekatuaren orban edo mantxaren kereisak ikutu gabeko emakumeak. Iltzen da Maria, eriotzari pagatzen dio jaio geran guztiok daukagun sorra, baña Mariaren gorputza beste mundukoen gorputzak bezela ezta lurrarentzat: zeruan dago gertatua bere deskantsurako tokia eta zerura dijoa».

 

aurrekoa hurrengoa