www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SOLEDAD

 

Azpeitia 1893

 

Idcirco ego plorans, et oculus meus deducens aquas:
quia longe factus est a me consolator.
Orregatik nago ni negarrez, ta nere begiak iturri bi dira,
bada nere atsegiña nigandik urruti dago.
(Jeremias Igarlearen itzak, lenengo kapituluan, 16 garren bersuan).

 

        N. a. m: Ixil ta bakartadean dakuzgu emakume bat, emakumerik santa ta garbiena; ama bat, amarik samur ta errukiorrena, Maria santa, gizonetatik jaio diranen artian andiena; Zeruetako erregiña, Jaungoikoaren ama, negarrez ta zizpuruz, samintasunik neurrigabienarekin. Idcirco ego plorens, et oculus meus deducens aquas, quia longe factus est á me consolator. Negar egiten det, dio, nere begiak erreka bi dira, zergatik galdu dedan nere poz ta atsegiña.

        Samintasun ta naigabeak berez du misteriozko indar bat bezela gizonik otzena mugitzeko, biotz ta bularrik gogorrena biguntzeko, bururik arroena makurtzeko; añ modutan eze nai gabe andi baten aurrian eztago beñere gizon arrorik, eztago bular ta biotz gogorrik ta ezta etsairik ere; eta zenbat eta andiagoa, zenbat eta urreragokoa dan zorigaitza ainbat eta andiagoa da biotzetan sortzen duan errukia.

        N. a: Mariak negar egiten duan zorigaitza da zorigaitzik andiena; Mariak negar egiten duan samiña ezin leiteke izan urreragokoa. Zuek, kristauak, edozer zorigaitzen aurrian samurtzen zeraten kristauak, esaguturik Maria santaren samintasun neurrigabea inguratu zerate errukiz beterik bere altara aurrian, zeru ta lurreko erregiña onekin batera negar egiteko asmoan.— Ondo egin dezue, bada munduko naigabeak merezi badue laguntasun ta errukia, ongi merezi du Mariaren naigabeak. Oroitu zaitezte zuen bizitza guztian irakurri dituzuen gauzarik mingarrienakin; oroitu zaitezte ikusi dituzuen gauzarik negargarrienakin; oroitu zaitezte zuen senarra edo emastea, gurasoa, semea edo anaia bat galtzean sentitu dezuen naigabeakin... eta jakin zazue gero naigabe oiek eztirala naigabeak Mariak sentitzen duan samintasunaren onduan.

        Zabala ta gazia da itxasoa; bildurgarria da ekaitz denporako gaberdia, aise indartsuaren soñua ta trumoi gogorraren burrunbada sentitzen danian; ordu larria eriotzako ordua... baña ama onen gazitasunaren aldamenian ezta gazia itxasoa; ama onen ariman dabiltzan ekaitzen onduan ezta bildurgarria ekaitz denporako gaba; ama onen larritasunen ondoan ezta larria eriotzako ordua bera.

        Mariaren penak jakitera etorri zeraten eskeroan, Attendite, esango dizuet Jeremias Igarlearekin, attendite et videte si est dolor sicut dolor Mariae. Zuen entendimentu ta zuen borondatearen indar guziarekin begiratu zazue ete dan beste naigabe bat Mariaren naigabea bezelakorik.

        Agertuko dizuet sermoi laburtxo batian Mariaren naigabea, galdu dualako bere arimak maita zuana eta daukalako utsune bat iñork beteko eztuana.

        O nere ama doakabea! Eman zadazu nik esagutzea zure arimako naigabea, eman zadazu nik sakontzea zure biotzaren erdiraño, esaguturik bear bezela zure naigabea, erakutzi dezadan zure altara inguratzen duen aditzalleen aurrean zuri denak sor dizuen maitasun ta errukia. Mesede au eskatzen dizut, ama maitea, eta geiago mugitzeko esango dizugu denok aingeruak esan zizuen salbea. Abe Maria.

        Idcirco etc.

        N. a. m.: Arreta piska batekin begiratzen badiogu maitasunari, ikusiko degu beriala dala maitasuna, batzuetan atsegin ta gozotasun guzien iturria, eta, beste batzuetan gazitasunik andienen itxasoa. Bada, Zer da egiazko maitasunaren eginkizuna? Egiazko maitasunaren eginkizuna da arima birekin bat egitea lokarri batekin estutuko balira bezela, borondate birekin bat egitea. Eztituzue esagutzen or nunbaiten benetan maite diran persona bi? Begiratu zaiyozue ondo, eta ikusiko dezue egia dan edo ez nik diodana. Ikusiko dezue batarentzat samintasun ta naigabeak diran gauzak samintasun ta naigabeak dirala bestearentzat ere, ikusiko dezue batarentzat gozo ta pozgarri dan gauza bestearentzat ere gozo ta pozgarria dala. Orrela da egiazko maitasuna.

        Eta orrela zan Maria santak Jesusentzat zeukana ere, bada Jesusekin gauza bat zan bere arima guziarekin, baña etzan munduko maitasun naskagarriak bezela, ezpada ze maitasun garbia, zerutarra, Jaungoikozkoa. Zan ama baten maitasuna.

        Esaten da, ta egia da, eztagola munduan maitasun bat amak semiai dien maitasuna bezelakorik. Ama on batek, nolako lanak erabiltzen dituan bere semearen osasun ta apainduriak gatik! Zer oarpilla ta nekeak semeak gero ondo izan ditezen! Eta semea bada bakarra, ta semea berez bada maitagarria, nork esan amak seme arrentzat dituan amodio ta samurtasunak? Eta beste aldetik, zer naigabeak amarenak semearen gaixo ta miñetan! Eztezue ikusi iñoiz ama bat bere seme bakarra ia illian daguan oe baten aurrian? O! Nola sentitzen dituan amak biotzaren erdi erdian bere semearen miñak! Nola betetzen dituan semearen desio txikienak! Nola irakurtzen dituan bere begietan pensamentu guztiak. Nola dagoan dindilizka berak esango dituan itzetatik! Nola estutzen duan bere bularraren kontra, bere bizitza, bere indarra, bere espiritua eman nai balio bezela indar, bizitza ta espiritua galtzen dijoan semeari!

        Eta, n. a., zer dauke ze ikusirik ama guztien maitasunak Mariak Jesusi zion maitasunakin berdintzerako? Maria Betikotasunetik izan zan Jesusen amatzat esleitua eta bere sorrera garbian jaio baño ere len aberastu zuan Jaungoikoak milla grazi, milla birtute, milla samurtasun, milla apainduri eta espirituko aberastasunez. Aberastasun ugari abekin bada, bear zan bezela, emakume guzien gañetik zegoan, bere semea jaiotako gizon guzien gañetik zegoan gisan eta Mariaren biotzean samurtasun geiago zegoan emakume guzien samurtasunak bat eginda baño. Samurtasun neurrigabeko gozo onekiñ ikusi zuan Mariak bere seme kutun mirariz sortutakoa mirariz jaiyotzen; ikusi zuan mende eta artzaiak ta urietako erregeak adoratzen zuela esaguturik salbatzalletzat; ikusi zuan asten bere aldamenian landararik mardulena bezela, jakitun, eder ta zoragarria; ikusi zuan amabi urte bakarrik zituala mututurik utzitzen gizonik jakitunenak bere jakituri Jaungoikozkoarekin; ikusi zuan gero erririk-erri Ebanjelio osasungarria sabaltzen, milla mirari egiten gizon askoren malkoak legortzeko; ikusi zuan erriak ¡hosanna! deiezka triunfalaria eramaten zuela.

        Ama guztiak beuren semeak maitatzen baditue, nolanaikuak dirala, nola Mariak maitatuko etzuan seme añ maitagarri ta apainduriz betea?

        Ogeta amairu urtean bizi izan zan gañera Jesusekin batian, etxepe batian, mai batian jaten zuela beuren janari pobrea. Milla bidar euki zuan bere magalian irribarrezko aingeruen lo gozogozoan; milla bidar Jesus umearen eskutxoak katigatu ziran Mariaren lepoan; milla bidar eztuturik elkarrekin lastandu ziran samurtasunik andienean. Jesusekin bizi izan zan Belenen, Jesusekin bizi izantzan Nazareten; berak jasten zuan Jesus, berak ematen zion jaten da edaten; bere gozotasunik andiena zan Jesusen umetasunian, bere seme laztanaren arpegi zoragarria ikustea.

        Asi zanean Jesus, gorputzian bezela ariman ta jakiturian Jesus izan zan bere maisua, bere gidaria, bere adiskidea, bere saintzallea... eta Jesusentzat ziran Mariaren pensamentuak, Mariaren desiuak, Mariaren amodio neurrigabe guzti-guztia.

        Iruditu zaitezte bada, aditzalleak, nolakuak izango ziran Mariak Jesusekin zeuzkan maitasunezko lokarriak. Gañera, zan Jesus berez ederra: bere arpegian Jaungoikozko argi bat ikusten zan: bere begiak biguñ, gozo ta zerutarrak: kopeta zabal garbi jakintsuena: bere gorputz dana ondo egiña: bere ibillera diñadi ta magestade andiz betea... añ modutakoa zan Jesus eze ezin zezakion begiratu errespeto andi ta maitagarri bat gabe. Nola bada Maria Santa ordu guzietan, egun guzietan ogeta amairu urtean berarekin bizi izan zanak maitatuko zuan Jesus? Ama guztiak beuren semeak maitatzen baditue nolanaikuak dirala, nola Maria-amak maitatuko zuan ainbeste diñadi gorputz ta ariman zaukazan semea?

 

* * *

 

        Eta gañera, aditzalleak, Mariak maitatzen zuan Jesus bere Jaungoikua bezela. Bere begiak goialdietan jira-biraka dabillen arranoaren gisan, bere birtute ta aberastasun goienekoetatik, beti zeuden begira Eguski Jaungoikozkoari, ainbesteraño eze bere bizitza gustiko zeregiñetan, beiñ ere etzuan galdu maitasunezko begiratzean. Ondo zekian Mariak bere sorrera garbian zerutik artu zituan jakituriakgatik, zala bera ez bakarrik gizon baten ama, baita ere gizon Jaungoikoaren ama. Ondo zekian Jesus zala lege zarreko irudi guztien akabera, ainbeste Igarlak esandako Mesias munduari agindua, ainbeste gisaldian desiatu izandakua, Pakezko erregia, Zeruaren jagolea, Jaungoiko Altsua. Ondo zekian gizontasunaren aldetik zala Jesus gizonik santuena ta Jaungoikotasunaren aldetik Irutasun Santuaren bigarren Persona, Aita eta Espirituarekin berdiña, Aita eta Espiritu Santuarekin bat bakarra. Nola bada esaguturik onela zein zan Jesus, nola maitatuko zuan Maria santak bere seme Jaungoikoa? Orregatik zeguan Maria maitasun neurri gabe onen sutan erretzen, orregatik ziran bere zuspirioak, nai zualako gizon guziak maitatzia Jaun añ maitagarria.

 

* * *

 

        Eta oraiñ, aditzalleak, maitasunarekin berdiña bada samintasuna, nolakua izango da Mariarena orain bakardadean pentsatzen degunean galdu duala bere seme Jesus? Nolakoa izango da Mariaren samiña, oraiñ, bakartadean gogoratzen zaizkonian Jesusen umetasuneko kontuak? Nolakoa izango da Mariaren samiña oraiñ, bakartadea gogoratzen zaionean il dala bere seme laztan ederra, il dala bere Maisu jakintsu, il dala bere gidari zuzena, il dala Jaungoiko illezkorra?

        Eta nolakoa izango da Mariaren samiña oroitzen danean nolako eriotzarekin il duen bere semea? Zergatik Mariak dana daki eztalako beste munduko amak bezela. Munduan, ama bati bere semearen ill berria ematen diuenean esaten diue piskaka piskaka eta modurik onenean, baña Mariak dana daki batera. Daki Jesus saldu duala bere ikasle batek, lotuta eraman duela, Pedrok ukatu duala, bost milla sartada ta geiago artu dituala, arantzasko koroi batek itxusitu duala Jesusen arpegia, iltze gogorrakin josi kurutzian ta ill duela gaizkille baten gisan, lapur biren erdian.

        Dana daki Mariak! Zer diot daki? Mariak berak ikusi badu bere semearen eriotza! Maria ezta beste emakumiak bezela ez jaiotzan, ez eriotzan, ez atsegiñetan, ez naigabietan; danian da andia, danian da goitarra. Urkamendira eramaten dituenen amak, ez bakarrik eztira joaten, semia iltzen duen tokira, ezpada ze iges egiten due erritik ere beuren belarrietara eldu eztedin jentien zaratarik, tanbor otzik edo il kanpaien durundirik.— Baña Maria zeruak indartua sartu da jente aldra ta borreru guzien artetik, ikusi du semea, jarraitu dio semearen odol tanto preskoak erakusten ziuen bideari ta eldu da Kalbarioko mendi tontorrera. An ikusi du kendu diuela seme lastanari bere soñekua, berriztatzen ziozkala eritasun izugarriak; ikusi du jaso duela kurutzian egur igarra balitz bezela bat ere errukirik gabe; ikusi du jaso duela kurutzian ta andik bere seme laztan ia illak Sitio esan duala, egarri izugarri bat daukat: orduan bere biotza urtu nai izan du Mariak egarri ura kentzeko, baña ezin zan; ikusi du Jesusek etzeukala nun deskantzatu bere buru arantzaz josia... eta...

        O zuek, ama zeratenok, dakizuenok zer dan galtzea zuen erraiyetan sortu zenduen semea, zuen magalian irribarrez euki zenduen semea, zuen bularraren kontra ainbeste bider estutu zenduen semea, zuen poz ta atsegiña zan semea, esan zadazue zer zan ama onen naigabea ikusirik semerik onena, semerik ederrena, semerik maitagarriena, ilda, larru gorrian, lapur biren erdian mundu guziaren farre eta burlen artian. Maitatzen zuen Mariak Jesus Anak Tobias, Rakelek Benjamin eta Betsabek Salomon baño geiago, ama guztiak beuren seme danak baño geiago, O! Dabiden arpa naikua ezpada naigabe au esateko, nola zuek, emakumiak, esango dirazue? Esagutzen dezue beste naigabe bat naigabe au bezelakorik?

 

* * *

 

        Eta ilda ikusi duanian ere ezta Maria Jesusegandik aldendu: an geratu da, Kalbarioko mendi tontorrean, bertan jaio dan arbola bat balitz bezela, lerdena ta gogortua, bakar-bakarrik, karidadiaren zai bere semia kurutzetikan jetxitzeko; artu du bere besuetan, estutu du ta laztandu du milla aldiz, bertan ilko ezpazan, kendu diue begien aurretik Jesusen gorputza, sartu due illoian, eta, nolabait! aldendu due Maria leku artatik.

        Maria jetxi da bakartadera, mendira eraman dituan lengo bideetatik. Menturaz bere oñetakoak eta jantzi barrenak odoldu ditu bidean bere semearen odoletan: isiltasuna billatu du bidean, isiltasuna kaleetan, isiltasuna etxean; bada norbait iltzen danian toki guziak gelditzen dira itsaltsu ta errespetagarri, borreruak beurak tristetzen dira gizona ill ondorean... eta gaur il dana, Jaungoikoa da!

        Isiltasun onek indar geiago ematen dio Mariaren irudisleari... eta oroitzen da berriz biziroago edo Jesusek kurutzetik eman zion begiratzearekin, edo Jesusen gorputzeko eritasunekin edo borreruen arpegi itxusiekin... eta oroitze onek dakazki malko berriak, estutasun berriak. O naigabea! eztago iñor Mariaren arima poztuko duanikan, eta arrazoi andi batekin dio: idcirco ego plorans, quia longe factus est a me consolator. Negar egin det, nigandik urruti dagolako nere poz ta atsegiña.

        Eztauka naikoa arrazoi negar egiteko? Esagutzen dezue beste naigabe bat au bezelakorik?

        Mariarentzat mundua utzik gelditu da, bada beretzat dana zan Jesus, ta Jesus bakarrik. Jesus falta da, eztu Jesus ikusten, ezta ilda bada ere, eta eztago ezertxo ere bere biotza beteko duanikan. Non est qui consoletur eam ex omnibus caris ejus. Etzaio iñori onelako negargarririk gertatu. Negarrez gelditu zan Jakob bere seme Jose galdu zualako, baña an gelditu zitzaiyon Benjamin bat bere malkoak legortzeko. Israeltarrak negar egin zuen Moises il zanean; baña bazeuken Josue bat Moisesen ordeazko. Mariak eztauka onelako konsuelorik: galdu du seme bat, seme bakarra, seme kutuna, seme laztana, seme Jaungoikoa... eta eztauka geiago pozik. Egia da, bere Jesusek S. Juan eman dio semetzat, baña S. Juanek ezin lezake bete Jesusen tokia. Oh! Eguzkia betiko itzaliko balitz, nola zeru urdiñeko izartxo batek argi egingo lioke munduari gau illunean? Ah! Egiaz, eztago iñor bere animako utsunea beteko duanikan: non est qui consoletur eam ex omnibus charis ejus.

        Zeñek sakonduko du bear bezela Mariaren biotza? S. Anselmok, bere jakituri guziakin, konsiderazio onen gañean, gauza bat bakarrik daki esaten, au da: Mariaren samiña martiri guzien tormentuak baño andiagua izan zala. S. Bernardinok berriz esan zuan: Mariak sufritu zuan naigabea zatituko baleu jente guzien artian, jente danak ilko litzakezala miñaren miñez. Sto Tomasek dio: Mariaren samiña izan zala munduan sufritu leitekean saminik andiena. Azkenez, Ebanjelistak beurak Kalbarioko mendian izan zan negargarria esatean itz bat bakarra dauke Mariaren naigabea esateko: Stabat: An zegoan.

        N. a.: eztet itz bat geiago esango Mariaren naigabien gañean. Badira gauza batzuek gure adiñak entenditzen dituanak eta gure biotzak sentitzen dituanak, baña iztunik ederrenak beñere ondo esango ez dituanak. Bakarrik esango det: «Zabala dala...».

        N. a. m.: etorri zerate Mariari bere naigabietan laguntzeko asmoan errukiz beterikan, ondo egin dezue, bada iñoren naigabeak merezi badu errukia, merezi du Mariarenak; baña errukia alperrikakoa izan eztedin eta Mariari konsueloa eramateko, gauza bearra da Jesus bere semea maitatzea gauza guzien gañetik; gauza bearra da Jesus maitatzen degulako apartatzea bera ofenditzeko okasiotik, apartatzea pekatutik, bada pekatua da Jesus kurutzian il duana, pekatua da Mariaren naigabe guzien iturria, onela bakarrik eztira izango alperrikakoak gure errukia ta malkoak.

        O gure ama maite ta errukarria! Esaguturik gure pekatuakgatik galdu dezula zure seme Jesus, zugana gatoz oso damutuak zure bakartadean laguntzeko asmoetan. Pekatu egin degu, ama!, ta zuk bizitza guztian negar egingo dezun bezela Jesus galdu dezulako, nai degu guk ere negar egin gure pekatuakgatik. O ama errukitsua! Gure eriotzako ordu estu ta larrian, zure Seme Jesusen irudia gure esku argaletan ezin eukirik iñork gure españetan lastantzeko ipintzen digunian, denok, Ama maitea! denok naiko degu zure eta seme Jesusen laguntasuna. Orregatik nai degu orain negar egin zurekin batera, gero poz ta atsegiña izan daigun betikotasun neurrigabian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa