www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

PULVIS ES

 

        Autsa zara, gizona. Alperrik zagoz gaur diru askoren iaube; alperrik bizi zara etxe andi, eder, arri landuz egiñ da burdiña apainduakaz inguratuetan: etorriko iatzu ordu larri batean, ordurik larrienetan, eriotza baltz atzapar zorrozduna, ta nai ta nai ez itxi bearko dozuz zeure ondasun guztiak, eta gura ta gura ez lurperatuko zaitu, ta auts biurtuko zara.

        Obeto esateko, zeugan daukazu austasuna, aragi zati batzukaz da azal mee bategaz estaldurik; eta eriotzeak ikututen deutsunean estalkia kenduko iatzu ta autsak aterako dau bere arpegia, bera dan gizan agertuko da autsa.

        Zeu agertuko zara zarean legez, gizona: auts ein da. Pulvis es.

        Eleizeak gogoratuten deutsu, zeure diruakaz arrotasun geiegi artu eztaikezun, zeure lagun urkoari anaia on bat legez begiratu daiozun. Pulvis es, esaten deutsu: autsa zara, aizea, lanbroa, kereiza, ezerez bat, eta biar edo etzi zure gomutarik eztau iñok lurrean izango.

        Ta noiz izango da zure lurpera ioatea? Noiz izango danik ezin neikezu esan nik, baiña laster izango dana bai, zeuk usterik gitxien daukazunean. Qua hora non putatis.

        Zeure zabela beteten zagozan bitarteren baten, zeure diruak bata bestien gaiñean pillotuten zagozan eretian, norbaiten itz bigun guzurrezkoak pozik entzuten zagozan orduan bear bada.

        Zure diruari esaten deutsezan itz eztitsuak, gizona, ez zuri.

 

* * *

 

        Baiña burutsua zareala ta ez dirutsua badiñostazu, buruan eztaizula aize geiegi euki dirautsut, bada aizea oraindik lurra baiño bere gitxiagokoa da.

        Zure bekoki panparroiaren gaiñean, Elizeak, egia osasungarri bat esanaz, autsezko kurutze bat ipinten deutsu: Kurutzea, Iesus Iaungoiko umillaren ikaslea zareala gomutau daizun; autsezkoa, nondik urten zenduan da nora biurtuko zarean aztu eztakizun.

        Eztozu, bada, zeure burua zarean baiño geiagokotzat euki bear, eztozu arrotu bear, da zeure arimako argi ta indarrak, Iaun Egilleak emonak, Iaunaren erakutsiak egiten erabilli bear dituzu.

        Orretarako iaioa zara.

        Egia da arima bat daukazuna, illezkorra, txalo zalea, gauza andietarako sortua; baiña arimearen bizilekua ezta lurra, bere ianaria ezta gizonen txaloa.

        Iaungoikoak txalotuko deutsuzan gauzak egin daikezuz, bada, gizon irakurlea, betikotasunera zeure edergarritzat eroan zeikezan apainduriak.

        Eta etzaite beiñ bere aztu Elizeak zer dirautsun garizumako atean: Pulvis es: autsa zara.

 

aurrekoa hurrengoa