www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZESTUA-KO EUSKAL-FESTETAN

ON DOMINGO AGIRRE TA BADIOLA ABADEAK
GIPUZKOAKO DIPUTAZIO TXIT GOITUAREN
AURREAN EGINTAKO SERMOIA

1898-ko Agorraren 18-an

 

Senem, adolescentulum et virginem, parvulum
et mulieres interficite usque ad internecionem;
omnem autem super quem videritis than ne occidatis.

(Ezekiel, IX, 6.)

 

        Gipuzkoako erriaren zaintzalle zeraten gizon aundiak: Nere anai maiteak:

        Begi argi, kementsu, distiatzalle batzuek nai nituzke, nere begiradaren almenarekiñ gizaldi luzarokoen lanbro, itzal, laño, illuntasun ta estalki beltz lausotiak desegiñik, illargi gozoaren errañuz argitua bezela, nere asaba zar bedeinkagarrien bizitza on, irme ta zintzoa ikusteko; animako doe bizi, azkar ta ernaiaren jabe nai nuke izan, nere irudimenaren indarrez antziñetako euskal-guraso guztiak lurpetik atera, ta beren gorputz eder, jazkera egoki, oitura on, izkuntz garbi, erri zaletasun ta leñargizko biotz samur Jaungoikozkoarekiñ emen zuen aurrean denak jartzeko; bada orrela eleiza onetan batu zeraten euskaldun benetako guztiok ikustekorik eder ta erakusgarrienekoa gaur goizean ikusizo zenduteke, ta ikastekorik asko ikasi ere bai, zergatik lenagoko gertaerak, jakintsu batek dionez, etorkizunaren atarian ipiñi bear genduzkean argizuzi batzuek bezela dirade.

        Baña, o gizon argalaren al-eziña, ta batez ere nere ezereztasuna zer dan! Nik eztaukat orrenbesterañoko almen ta eskubiderik, eta eziñ nezake esan detan laurka gozo, bigun ta zoragarrizkoa zuen aurrean jarri.

        Ala ta guztiz ere, toki santu onetara etorri baño len aztertu ditut liburu zar batzuek, kondairaren leio zulotik antziñetako egunetara begira egondu naiz, ta ikusi det urruti batean, oso urruti, Erri aundi bat, nere Euskal-erri biotzekoa, Jaungoikoak aukeratutako erri bat bezela, Thau-ren aztarna edo señalea bere kopeta garbian daramala, ikusi det nere erri euskalduna, Lauburu santua bere gañean aideraturik, eztarrian zaldi gudarien irrintzia ta besoan leoi aserratuaren indarra duala, gallurretako arkaitzak eta basoetako txabol maiteak utzirik, kemen ta ausardi aundiarekiñ, mendietatik bera erromatarren kontra erortzen erreka ujoltsu irakiñ pitzez jantziak ekaiz egunetan amiltzen diran gisara; ikusi det euskal-erritarra, Alpes mendi edurtsuetatik zear, Anibalen gudari egotsi, sendo ta bildurgabekoen aurretik, lurbira guztiari ezurretañoko bildurra sartzen diola; ikusi det nere sorterri maitea lokarri gabe ta paketsu, gurutzeagatik eta gure mendiak erbestekoentzat dauzkaten aldapa ta laztasunakgatik, Ermeriko, Atazio ta Gunderiko odolgirodunak Españian egin zuten sarrera galgarriko egunetan; ikusi det euskalduna Lauburua-ren azpian franko, ta godotarren kontra lenengo, ta gero godotarrakin alkar arturik, mairuen illargi erdia gastelerriko lurrean azpiratzen; ikusi det Altabiskarren Karlo Magno erregearen entzute aundiko izena ondatzen duala; ta badakust, azkenez, ikusten det gaurdan egunean bertan, gurutze santuaren itzalpe gozoan, gurutze santuarekin bat egiñik Gernikako arbola kutuna, euskaldunen bandera garbia, gure lege zarren senadi maitagarrizkoa.

        Ta jakiñik, dakitan bezela, lazka, naste, matasa aundian daudela gure egunetako erriak; lurbira guztia odolezko ujolde batean itotzeko zoritxarrean arkitzen dala; oraingo erresumak daukaten izakera zarra oñetik kendurik, gauza danak goikoz bera jarri, azpikoz goratu ta ondamendiko leize-zuloan erortzeko zorian daudela; sozialista, anarkista ta beste Kristogandik aldenduta dabiltzan izen ta asmo berriko gizonak dierri guztiak bildurrez ta ikaraz dauzkatela; gogoratu zait lurbira onek bere bizkarrean Jaungoikoaren zigorkada gogorren bat artu bear ote duan, ta oroitu naiz Jaun Egilleak Israelgo erriari, Ezekiel igarlearen bitartez egin zion zema bildurgarrizkoarekiñ, Bere aginduak bete bear zituen serbitzariai onela esanaz: non parcat oculus vester neque misereamini. Senem, adolescentulum et virginem, parvulum et mulieres interficite risque ad internecionem. Etzazute iñoren errukirik iduki, ill itzatzue denak, denak, zarrak eta gazteak, emakumeak eta umerañoko guztiak, iñortxo ere gelditu eztediñ artean. Omnem autem super quem videritis thau, ne occidatis. Baña etzazute ill, utzi zaiozute pakean bere kopetan Tau edo gurutzearen aztarna daramanari.

        Orregatik, jaunak, pozez beterik gelditu naiz kondaira zarrak irakurtzean, orregatik alaitu naiz, a!, beti bat izan dan nere erri iberotarra eunkida ta gizaldi guztietan gurutzearen senarekiñ ikusi detalako, gaur gurutzearekiñ dagoan bezela; bada Ezekielen egunetako Jaungoikoa Bera da gaurko Jaungoikoa ta uste det eztuala gurutzedun erririk ondatuko; orregatik etorri naiz Zestuara, gurutze santuaren errira atan ere, emen batu geran guztien poztasunerako adierazi naian: Euskal-erriak erakusten digula gurutze santuaren azpian bizi dan erria, lurrean al dan añan, zorionekoa izan oi dala.

        Norbaitek esan dezake ez naizela ni diña gaur bear litzatekean itzaldi egoki ospatsua zuen aurrean esateko. Ezagutzen det nere burua, ta badakit gizon uts, zistor, ezerez bat naizela, jakituri gabea, jardunean geiegiz lotua, nere gauza guztietan naikua moldakaitza. Baña gaur euskal-jaietan gaude, ta etzatozte zuek, n.a., etorrera ugari ta oneko apaiz jakintsu bati itzaldi eder bat entzuteko asmoan; ezpada, batez ere, euskaldun baten aotik Euskal-erriaren izen garbi Jaungoikozkoa al danik goreneraño jasotzen aditzeko uste ta pozean baizik. Ta bada ni euskalduna naiz, lau aldietatik euskalduna, euskalduna biotz ta animatik, euskeraren maitetasunean beste bati goragoko mallan jartzen utziko eztiotan euskalduna, gizon jakintsuai entzuteko ustea beste baterako gorderik, utzi zadazute neri euskeraz kantatzen nere Jaungoiko santuari ta nere sorterri maiteari, esandako gaia nolabait agertzen detan bitartean.

        Jaungoikoak nai izan dezala nere erezi edo kantua izan dedilla, menditarren zortzikoa bezela, gozo, bigun ta biotzen erdiraño sartuko dana. Berak eman dezadala lanbide onetarako bear detan argi ta indarra. O Jauna!, makal guztien sendagarria; lagun zakidaz, argi zadazu, biral zadazu zerutik iñoiz baño geiago gaur bear detan biotzeko garra ta animako azkartasuna. Eleiza onetan batu geran guztiok eskatzen dizugu laguntasun au Zure ta gure Ama Mariaren bitartez, oitura dan bezela.

        Agur Maria, esanaz.

 

 

Senem, adolescentutum et virginem, parvulum
et mulieres interficite usque ad internecionem;
omnem autem super quem videritis thau ne occidatis.

(Ezekiel, IX, 6.)

 

        Gipuzkoako ekautariak:

        Nere anai maiteak:

        Eztago lurrean gizonarentzat zorion beterik. Etzaiozute, bada, esan lurbira onetan zorionekoa izan ditekeala.

        Etzaiozute esan erbestean negarrez ta arrastaka bizi dan lander, beartsu, errukarri bati, sorterriko aberastasun ta anai maitaleakiñ eztedilla oroitu; etzaiozute esan eremu edo basamortuaren erdian izugarrizko egarriarekiñ ito bearrean dagoanari, ur loi tanto batekiñ ase ta poztu dedilla; etzaiozute esan argia ezagutu duan itxuari, eztezala maite izan nai eguzkiaren errañua; etzaiozute esan ondo ta leñargi jaio dan semeari urruindu dezala bere aita ona; etzaiozute esan siñistedun gizonari aztu dezala zerua.

        Zeruetan dauka gizonak bere jauregi aberats maitagarrizkoa; zeruetan dauka bere biotzaren egarria kentzeko ur garbi leiarra; zeruetan adimenerako jakituriaren argia; zeruetan Aita Jaungoikoa; ta, Agustin santuak dionez, gure zoriontasuna Jaungoikoa ikustean, maitatzean ta doanditzean daukagu. Videbimus, amabimus, laudabimus. Jaungoikoa da gure ontasunik aundiena: Deus est nobis summum bonum. Berak beteko ditu gure nai izate aundiak, esaten digu Dabid erregeak, Bera da zorion guztia ta bera gabe eztago zeruan bertan animaren gozagarririk. «Eztu begiak ikusi zeruan ikusten dan bezelako zorionik, erakusten digu Paulo santuak; eztu belarriak aditu, etzaio gizonaren biotzari senti erazi nolakoak diran Jaungoikoak gizon maitalearentzat dauzkan gozotasunak».

        Ori da, n. jaun ta a.m., zeruko zorion betikoa, ta zorion ori lortu naian saiatu bear degu gizonok lurbira onetan bizi geraden arte guztian. Baña zoriontasun ori zerutarra da ta zeruan bakarrik arkitzen dana, ta lurrean ere bear degu zerbait gure neke, samiñ ta garraztasunak nolabaitean gozatzeko, minkaiztasunak eztitzeko, malkoak legortzeko; bada gizonaren biotz gauza aundi ta gozoetarako jaioa ezin leiteke bizi poz, gozotasun ta animako ezti gabe.

        Baña nola billatu genezake zorion au lurrean? Zertan dago zoriontasun ori? Antziñetatik izan da gizonen artean gauza onen gañeko eztabaida luze bat. Batzuek, Zenon Greziatarraren erakutsia jarraitzen zutenak, Estea zeritzaion estalpe batean batu oi ziradenak, zoriona onbide edo birtutean zegoala zioten: beste batzuek, Epikuro zerabetarraren ikastegikoak, lurrean billatu al zitezkean gozamen aragitarretan zegoala erakutsi zuten. Bigarrengo, erakuste au, a!, guziz da narrasa, ta aitatzia baño besterik ezta bear iritzi oker, moldakaitz ta nazkagarritzat idukitzeko. Lenengoari oso gogamen itxurazkoa deitzot, baña etzuan betetzen, ezta ona, egiazkoa eztalako. Siñiste okerreko gizon aiek, nola etzeukaten gerorako itxaropenik, emen lurrean jaditxi ta lortu bear zuten beren zoriona, ta lurrean arkitzen zuten gozotasun bakarra bakoitzak bere animan somatu al zukean ixilleko pake ta txaloa zan. Ta, ai!, au ezta naikua: biotzaren txaloa bakarrik, txit ongarria izanda ere, gauza utsa da samiñ ordu estuetan izaten ditugun barru-barruko illuntasun garratzak gozatzeko.

        Jaungoiko egiazkoaren ezaguera galdu zuten erri gaixoak, egiaren edertasuna maite izan arren, ezin egirik billatu zuten, itxu-itxuan ta bada-ezpadan zebiltzaten, ta illoitik arunzko bizitzaren gañean etzekiten ezertxo ere gauza ziurrik. Igarri zuten illezkorrak ziratela, ori bai; baña beren biursariak etzien gauza garbirik esaten geroko bizitzaren gañean, ta ildakoak lurreko bizitzaren ondamuz edo inbidiaz zeudela siñistu oi zuten. Bañan etzan orrelakorik gertatzen Jaungoiko egiazkoaren siñistea ta maitetasuna gordetzen zuten errietan. Bazekiten Jaungoikoak Abraani esan ziola: «Ni izango naiz zure sari txit aundia» ta Job Santuak gisa onetan itz egin zuala: «Nik badakit nere Eroslea bizi dana ta azkenengo egunean, lurbiratik jagi ta nere lurrezko jantzia berriz arturik, nere aragiarekin Jaungoiko nerea ikusiko detana». Bazekiten ere Dabidek gizon zintzoagatik esaten ziola Jaungoikoari: «Zure jauregiko ugaritasunean biziko dira, Zuk sartuko dituzu gozotasunezko erreka garbietan. Zu zera bizitzako iturria, ta Zure argiarekiñ egingo diguzu argi». Ta, azkenez, bazekiten Jakituriako liburuaren egilleak erakusten duala nola gizon zuzenak biziko diraden beti; Jaungoikoaren semeak izanik, Jaungoikoa Bera saritzat daukatela.

        Siñiste au, n. a., lurbira bera beziñ zarra da, Jaungoikoak Berak erakutsia, ta, lenengo aitak galdu zigun onagatik beti negarrez egongo ezpagiñan, txit premia aundiko siñistea.

        Baña nola zan Kristo zeruetako ateak iriki bear zizkigun Jauna, Kristo Bera etorri zan gizonen arteko eztabaida guztiak erabakitzera, Kristok Berak, Jaungoikoa zan bezela erakutsi bear zion ta erakutsi garbiro gizonari betiko zoriontasunaren berri ona. Egokierarik onenarekiñ aurkeztatu zigun, bada, zorion ori, adierazi zigun gizon zintzo guztiak eguzkiak bezela argi egingo zutela Aitaren erresuma bedeinkatuan; Jaungoikoak bategatik eunekin sarituko genduzala erakutsi zigun, Bere jauregian eztegula izango bildur, neke, eriotza ta malkorik; gure samiñak Berak biurtuko dituala pozean, ta Bere doakuntza edo gloriarekiñ jantziko ginduzala betiko. Azkenik, gizonen biotzetik bildur guziak kentzeagatik, Bere ikasleai esaten die: «Ni banoa zuentzat tokia egitera»: poztasunezko Espiritu edo Megopea biralduko dizutet, eta zuekiñ egongo da beti, Ni zuekana natorren artean. Etzaituztet beñere utziko umezurtz.

        Ikusi zazute orain, a., Greziatar jakintsuen erakutsietatik Jesukristo gure Jaunarenetara zeiñ desberdintasun aundia dagoan; zeiñ utsa, zeiñ illuna, zeiñ pozgabea, zeiñ illgarria dan aien esakera dollora, ta zeiñ alai eder ta pozgarrizkoa Kristo Jaungoikoarena.

        O! Zoriona billatzeko gurutzearen itzalean bizi bear da, Jaungoiko Egille Altsuaren mendean, bada, Dabid erregeak esan zuan bezela, Jaungoiko Guraso gauza guztien arreta daukanaren eskuetan jartzen danak erraz arkituko du lurreko bizitzan bear duan guztia. Jaungoiko Gurasoak daki, n. a., iñork ez bezela, gure animak daukan gozotasunen gose ta egarria, ta orregatik Berak erakutsi ta ematen digu betiko ta neurrigabeko gozotasunen itxaropena, ta garailari ertetzen degun guztioi agintzen digu. Bere jarrileku goitandi berdingabean jarriko gaituala. Qui vicerit, dabo ei sedere mecum in trono meo. Orregatik, erbeste onetan, gure zoriontasun guztia Jaungoikoa maitatzean dago, Bere onegite dontsuak ezagutzean, Bere mendean gogoz jartzean, Berari poz ematen saiatzean, Aitaren eskuetatik zorion betikoa itxarotean. A! Badakit! Siñisgaiztoko gizonak itxarote au alperrikakoa dala esango dute, gezurrezko ta irudi utsezko itxarotea. Ez nabil gaur zuekiñ, siñistegabeko gizontxoak; baña, ala ere, nere bideari apur batean utzirik, zueri itztxo bi esateko gogoa datorkit. Zer zerate zuek lurrean? Berez sortutako gauza batzuk, gure basoetako gibelurdiñak bezela, (ta barka zadazute, jaunak, eragabeko esate au, gaizki aukeratua dala badeitzozue) baña abereak baño askozaz errukarriago sortuak zerate, bada abereak eztute beren zorigaitza ezagutzen, ta zuek bai, samintasun geiagorako. Zer egin bear dezute zuen estularri ta naigabezko orduetan? Etzazute zerura begiratu. Zertako? Zeru eder izartsu ori ezta zuentzat egiña, ezta iñorentzat egiña, utsa da, zuen iritziz, ezerezaren edertasuna bakarrik da. Egia da erbeste onetan denok egiñ bear degula negar; baña gure negarra, siñistea daukagun gizonen negarra, ezta añ samiña gurutzetik gure Aitak legortzen digulako, ezta añ samiña, betikotasun zorionekoa itxaroten degun ezkero; ta zuen negarra berriz, itxaropen gabeko negarra, itxasoko ur gazi garratzak baño samiñagoa da, lantegietako burni gori urtua bera baño goriagoa, ekaitz orduetan zerutik erortzen dan tximista ta infernu barruko su-gar ikaragarrizkoa bezin kiskalkorra. Ta kiskaldurik utzitzen ditu zuen animetako egoak, kiskaldurik zuen gogo, ansi, mendu ta gurari guztiak, Jaungoikoaren esku aserreak betikotasuna baño len ikutu balizute bezela. A zer negar negarrietan gelditzen zeraten! A zer mendi murri sollean! A zer basamortu latz idorrean! Lore bat eztezute ikusten, ostro berde bat ez, animako egarria kentzeko errekatxo garbi bat ez: dena billatzen dezute legorra, dena illa, dena lurra ta lurrezkoa; marboillak argirik gabe, etorkizunak beltzez jantziak, eta zeruetako ateak betiko itxita. O! Jaungoikoagatik! Utzi zaiguzue guri gure siñiste santua, utzi zaiguzue siñisten Jaungoikoren itza, itzik egoki, zintzo, jakintsu ta siñisgarriena, ta gelditu zaitezte zuek lurrean, lurrez estaltzeko, ta itxaropenik gabe!

        Utsa litzateke, a! —eta banoa orain nere aritik aurrera— Kristoren legea alde batera utzirik, beste bide batzuetatik zorion billa dabiltzanak zorion ori arkituko baluteke, edo Kristoren legea jarraitzen dutenak baño pozago ta gozotsuago biziko balitzatezke. Baña ezta ori egundaño gertatzen. Eztago orrelakoen arpegira begiratzea baizik, eta bertan irakurtzen zaiete garbiro beren biotzeko illuntasuna, animako naigabea, nabarmenkeria, argi-naia, barruko nekea, biderik billatu eziña, ta noizean bein estu-larri ta ito bear gaistoa; ta Jaungoikoaren legea jarraitzen dutenetan berriz ikusi oi da sarri barruko poza, benetako alaitasuna, biotzaren pakea, patxara ona, txit erraz ertetzen duan farra gozoa, animako pakearen agergarria.

        Ta pake ori idukitzeko ezta bear, n. a., aberastasun aundirik. Aberastasunak eztue betetzen gure biotz aundia, aberastasunak galkorrak dira, ta eztakite animako samiñik kentzen, ta gorputzekorik ere ez askotan. Etziran aberatsak gure aitonak, geiago ziran beartsuak aberatsak baño, bada Estrabon kondairaleak izkribatu zuan euskal-mendian oso gaizki bizi izaten zala, ibi pessime degitur; baña emen bizi oi ziraden galanki, beren lurrari begira ta beren mendiak zaiñtzen, erbestekoen ondamu gabe: eztira aberatsak gaurko baserritarrak, eta gure baserritarren arpegian irakurri det nik askotan len esandako pake ta patxara on guztia. Animako pakea idukitzeko kristau ona izatea bear da, gurutzearen itzalean bizitzea, ta orrela ziran lenagoko euskaldunak, eta orrela bizi dira gaurko gure baserritarrak. Maitetasun aundi bi dituzte gizon azkar oiek: Jaungoikoaganako maitetasuna, ta gure Lege zarraganako maitetasuna, biak gurutzepekoak. Maitetasun oientzat da beren bizitza guztia, maitetasun oietan billatzen dute beren eginkizun guztietarako bear duten kemen ta argi ona. Bataren gañean itz egingo det, bada gaur eztator añ ongi bestearen gañean ezer esatea.

        Jaungoikoa maite dutelako betetzen dute Bere lege santua, pozarren ta gogoz, nekeari begiratu gabe. Denok dakizute nola dauden gure baserriak, uri edo erri batuetatik kanpora, txuri ta garbi, egokitasun ta era ederrean zabaldurik, batzuek mendi gallurretan, beste batzuek zelaiaren erdian, errekondoan bat edo beste, denak lanerako soro ta alorrak inguruan dauzkatela ta zugaztiren bat aldamenean. Euskaletxe oietan bizi dirade gaurko euskaldunik euskaldunenak, bada erri batuetan erdalkeri asko sartu da; ta etxe oietatik dakarzki eleizara Jaungoikoaren legea bete naiak, bide luzean, jaiero-jaiero, errekondoetatik gora, mendi gallurretatik bera ta zelaietatik zear, naiz euri naiz ateri dala, edurtzetan bezela eguzki bero galdatan; beti zuri, garbi ta txukun; beti irme, sendo, galant ta osasuntsuak. Zer egin bear dute eleizan? Zer? Beren Jaungoikoari, Zeru ta lurraren Egille Altsuari, izenik bigun ta gozoenarekiñ Aita gurea deitu, zerurako jaioak dirala oroituarekiñ biotza sendotu, astean igaro dituan nekeak Aitari esan, il diran guraso ta aideakgatik erregutu, meza santua entzun, noizean bein animak garbitu, Jaungoikoarekiñ adiskidetasun aundiagoan jarri; antziñako siñiste onean anima indartu, urtean bein Thau-ren sena maitagarri Erramu egunean eleizan bedeinkatua etxera eraman, beren gurasoak egiten zuten bezela, ta gañean gurutzea duan usai gozozko zugatz adar bedeinkatu ori, etxeko atean ta beren izerdiarekin busti dituen soroen erdian jarri munduari agertu erazteko Euskal-erriko etxe ta soro guztien Jaun, Jabe ta Zaiñtzalle Jaungoikoa bakarrik dala.

        Ta beren Jaungoikoaganako egitekoak amaitu ondorean, anima pakean ta pozarren daukatelako, ikusi oi dira jolasetan aurrenak, gazteak batez ere, lasterka ta pelotan, bola tokian edo euskal aurresku garbi gaitz gabekoetan, beren azkartasun bizi, zoli ta urduria erakutsiaz, illuntzetako orduetaraño. A, zenbat aldiz, jai egunetako illunabarrean, eguzkia azkenengo errañu bigun indargabeakiñ lurrari agurka dagoan orduetan, zenbat aldiz aditu izan det urruti aldetik, lotara dijoan izakiaren ixiltasuna urratzen duan oiua, euskaldun eztarriak bakarrik egiten dakian oiu luze, alai, zoroa, ta nere artean esan det: euskaldun oiek lurrean al deitekean bezela zorionekoak ezpadira, eztago lurrean zorionaren izpirik!

        Ta iñoiz edo berriz illetaren batzuk joagatik, erbeste onetan gauden guztiak jotzen ditugun bezela, edo euri geiegi dalako, edo legorte luzeak lur guztiak ondatu bear ditualako; edo aizeak, arriak, zamorroak, gorriñak, oloak, añoak edo beste gaitzen batek beren soroak alperrik galdu bear dieztelako; ala ere, gure mendi-gizonak eztira beñere ogi edo artoaren gosean egoten, ta berberak aitortzen dute beren bizitza on, dontsua ta ezin obea, Elizanburu euskal-frantzesaren aotik txit ederkiro onela esanaz:

 

                «Ikusten duzu goizean,

                argia asten denean,

                menditxo baten gainean,

                etxe txikitxo aitzin txuri bat

                lau aitz andiren artean,

                iturriño bat aldean,

                txakur txuri bat atean?

                An bizi naiz ni pakean».

 

        Bai, or bizi zerate zuek, Aitorren seme zintzoak, mendietako aize osasuntsuen erdian, or bizi zerate paketsu, iñoren ondamu gabe, Jaungoikoaren itxaropenean, ta be aldeko urietan dauden siñiste gabeko gizontxoak beñere ezagutu eztuen zoriontasunarekiñ.

        Baña, nola billatu dezateke zoriona Kristoren legetik kanpora bizi diraden oiek, aberastasunaren erdian dagoala uste badute, geienak beintzat? Nola, aberastasunak betikoak ezpadira, beñere ezin bagaituzte ase, bada asko daukanak geiago nai du; nola, lurbira onetako aberastasun guztiak gizonaren biotz aundia betetzeko gauza uts batzuek badira?

        Esan genezake gure menditarrak, antziñetako jakintsuen libururik ikusi gabe, berez asmatu ta igarri dituztela aien liburu ospatsuetan irakurtzen diran erakuskera on batzuek. Ara nik, jaunak, ara, a. m., Kristoren fedea ezagutu etzuten gizon aundi batzuen liburuetatik, nere gaiaren alde ta zueri eskeintzeko atera detan lora sortatxo bat. Aristoteles egokintsuak esaten du: «Onbideak dabillen gizona, bere lenagoko bizitzari begira dagonean, soñu egokiak jo ta soñu oiek bakartadean pozik ta gozoro aditzen dagoan musikalari baten antzera dala». Diogenes ziñutiak izkribatu zuan: «gizon on batentzat egun guztiak alai ta atsegingarriak ziradela». Epikurok berak dio: «eztala beartsua ezer eztaukan gizona, ezpada asko eukita ere geiago bear zuana baizik». Menandrok onela itz egiten zuan: «nik uste nuan lenago gizon beartsuak bakarrik egiten zutela lo neketsua, baña gaur badakit zorionekotzat iduki zaituztenok etzeratela gu baño geiagoan». Plutarkoren esana da: «gizon batzuek ardoaren astuntasuna orditu gabe jaso ezin duten bezela, orrela beste batzuek ezin dutela aberastasuna jaso, orditu gabe». Ta azkenez Tito Libiok esaten du: «ondasun geiegiak berekiñ daramatela nazka edo gogait eragitea».

        Baña ez, Aitorren semeak, lurreko ondasunak zeñ utsak ziraden jakiteko, etzuten erbesteko jakintsuen erakuste bearrik. Nik eztakit euskaldunak Kristo lurrera etorri baño lenago ta beti Jaungoiko bakarraren siñiste ta legekoak izandu baziran edo ez, bada gai onetan eztabaida aundia darabilgu, ta azkenengo itza ezta oraindik esan: baña danok dakigu, asieran esan detan bezela, euskaldunak oso antziñetatik gurutze zaleak eta gurutzearen alde jokatzen zutenak ziradela ta beti Lauburuaren azpikoak, Kristautasuna emen sartu zanetik eta ona kristaurik onenetakoak, bakoitzak bere etxean ikasi zutela gure aitonak Kristoren legeko ibilpide ona, ta guk ere ume umetatik ikasi degula, aitona zarren izakera Jaungoikozkoa; eleizan ikasi dituela beti euskaldunak egiazko jakituriaren iturritik datozen erakutsi eder zindoak. Eleizan ta amargarrengo aginduan erakutsi zaigu eztala iñoren bidegabeko ondasunik nai izan bear; eleizan ikasi genduzan beste gauza on asko, ta eleizako liburuetatik ateratzen det, or ta emen ikutuaz, saill bakoitzetik lore bat artuaz, zueri eskeintzen dizuetan beste sortatxo bat. «Ikusi nuan eguzkiaren azpian egiten zan guztia, ta dana zan uskeria ta animako estutasuna». «Nere biotzean esan nuan nik: joango naiz, ta gozotasun ugariak idukiko ditut, eta asartuko ditut ondasunak. Eta ikusi nuan au ere uskeria zala». «Gizon zikoitz edo zekena ezta beñere diruz aseko, ta diruak maite dituanak eztu beretandik frutu alort edo emate onik aterako, ta au ere uskeria da». «Gozoa da langillearen loa, naiz gutxi jan naiz asko, baña aberatsari geiegizko janak lorik egiten eztio utziten». «Beste gaitz oso txar bat dago, eguzkiaren azpian ikusi detana: jabearen gaitzerako gordetzendan aberastasuna». «Bota zazu zure ogia bidean dijoazen uren gañean, bada eretiren batean billatuko dezu». «Eman zaiezu zazpiri ta zortziri ere zergatik eztakizun zer gaitz etorriko dan lurraren gañean». «Jaungoikoaren bildur izan zaite ta gorde itzatzu bere aginduak, bada ori da gizon guztia».

        Baña lore sorta bi aben erdian beste lore bat jarri bear degu, lorerik usai gozozkoena. Lore ori gurutzea da, gure betiko bandera ederra. Gurutze orretan dago Gizon-Jaungoikoa, Izaterik andi ta altsuena, Jakituriaren jatorria, Jakituria bera, berez ta iñorgandik artu gabe gizon guztiai erakusteko eskubidea daukan izate berdingabea. Zabalik dauzka Bere besoak, batarekiñ siñistegabeko guztiai deitu nai baliete bezela, ta bestearekiñ Bere legea jarraitzen duten danak bigunkiro estaldu nairik. Jaungoiko-Gizon orrek, Bere ao eder zerutarra idikitzen du ta lurreko guztiai esaten die: «Atozte Nigana nekaturik eta arnasarik artu eziñik zabiltzaten guztiok, eta Nik emango dizutet arnasa ta desneke ona». Ta ezaguturik, oso garbiro, eztagola lurrean beartsua baño izate nekatuagorik, errukarriaren poztasunerako beste itz gozo abek esaten ditu: «Zorionekoak animaz beartsu diradenak, zergatik berentzako dan zeruetako erresuma nerea».

        Ezta egundaño, n. a., itz gutxiagotan gogamen aundi, sakon ta ederragorik esan, eztira beñere iñoren itzak izan añ garbiak, añ biguñak eta añ esankorrak. Kristo da zoriontasunaren jabea, Kristo bakarrik da zoriontasunaren goarpe ta ixilikako ipuiñ guztiak dakizkiana, ta Kristok dio «beartsuak dirala zorionekoak». Baña nolatan? Ezin ulertu dezake gure adimenak, gizonaren buruan ezin sartu da beartsu dagoan izate bat nola izan ditekean zorionekoa. Zerbait bear badu, nola egongo da ondo ta pozean, bear duan gauza ori gabe? Aditzalleak, Jaungoiko Santu guzialdun zoriontasunaren jabeak, edonoiz zoriondu lezake neketan dagoan anima, neketasunaren erraietan bertan eman lezaioke edozeñi zorion betea ta biotzeko eztaia, Paulo santu lege onaren zabaltzalleari ta beste santu askori eman zien bezela; baña Jaungoikoaren eskubideak egin dezakeana alde batera utzirik, ikusi dezagun Kristok Berak gure galdeari ematen dion erantzuera: «Zorionekoak dira beartsuak, esaten du, zergatik berentzat dan zeruetako erresuma». Nondikan ikusten degun zeruetako erresumaren jabe izatean dagola gure zoriona, ta eztala lurrean zorionekorik iñortxo ere, ez aberatsik eta ez landerrik, ez erregerik eta ez morroirik; denak diradela emen berdiñak zoriontasun ori billatze orretan, denak dirala beartsuak, zergatik, Salomonek esango lukean bezela, «dena da emen uskeria ta uskeria bakarrik». Gorutz jaso bear degu, bada, gure gogoa, gorutz jaso bear degu gure biotza, jaio zanetik eta ona zoriontasunaren eske deadarka daukagun biotz artega ta eskalea: zeruaren itxaropena bear degu emen, nolabait zorionekoak izango bagera.

        Ikusten dezute, bada, n. a. euskaldunak: zoriontasuna billatzeko zuek artu dezutena baño beste biderik eztago. Nai ta naiezkoa da gurutzearen itzalean bizi izatea, au da, Jaungoikoaren lege santua gordetzea, gaur zeraten bezela, n. a., beti euskaldun kristauak izatea. Eztet esaten denok berdiñak zeratela ta denok onak, eztet esaten utsegiterik eztezutela, eztet esaten etsai gaizkiñaren zirikadaren bat zuen biotzetan eztezutela izango, ta, bear bada, baita ere leiza edo gogo gaistoren bat, noizean bein anima loitzen duan gogoa, zeru garbi urdiña, trumoi egunean, odei matasa beltzak loitzen duan bezela; baña ezta beti zuen gogamenean daukazuten odei matasa, ezta betiko gogo txarra, ezta zuen ibillera ta eginkizun guztietarako asiera ta iturburua... Nik ikusi zaituztet sarri, n. a. euskaldun maiteak, nik ikusi zaituztet oso mendaroturik zuen lan neketsuetan, Jaungoikozko gizonak bezela. Batzuek, itxasgizonak, goizeko orduetarako, edo gaberdia baño len bear bada, ol koskor baten gañean jarrita, sartzen zerate, ekaitz ta bagaen tartetik askotan, itxasoaren erdira, eriotzaren kolkotik zerbait atera naian, zuen umetxoak ogi zati bat jan dezaten; baña zuen zorigaitza ezagutuagatik, etzerate sartzen itxas barrura arao ta biraoka, siñiste gabeko gizonak bezela; ezpada Jaungoiko Egillea bedeinkatuaz. Iziarko ta Aranzazuko Amari edo Lezoko Gurutze santuari egiten diozkatzuen otoitz ta erreguen murmurrada gozoa itxas goitandiaren orroatzarrakiñ bat egiñaz; otoitz biak, itxasoarena ta gizonarena, elkar arturik, igo ditezen Jaungoiko santuaren jarleku gorengoraño. Nik ikusi zaituztet beste batzuk, nekazaritzatik bizi zeraten gizonak, saiatzen zeratela arkaitz tarteko lurrik idor ta nekagarrizkoenean, zuen etxadikoak bear duen janaria lurrari kendu nairik; ta ori eranpe ta alaitasun aundiarekin, batere inkes, arrenkura ta irauntasun gabe, neke guztien azkenengo arian, bere esku zerutarra gorutz jasorik, betiko zoriona erakusten dagoan itxaropen gozoa ikusten dezutelako. Nik badakit batzuk eta besteak oso erraz ematen diozutela zuek baño beartsuago dagoan bati etxekoen aorako bear zenduteken ogi zatia, ta aterik ate dabillen eskale gaixoa zuen maipuruan jartzen dakizutela; nik badakit denok egiten dezutela anima pakean daukaten gizonak egin oi duten kezkagabeko loa, len aitatu detan gogamen gaistoa batere gogoratu gabe.

        Egiazko jakituriaren iturrian edan dezute zuek animako egarria kentzeko bear dan otsaroa, eta iñoiz aberastasunaren ondamu apurren batek biotzean ikutuagatik, lurreko ondasunekiñ gizonaren biotza ezin ase dala ikasi zendutelako, bene-benetan animaz ta biotzez zerate lander edo beartsuak, eta zeruetako sari atsegingarri iraunkorraren itxaropenean bizi zerate, neke artean bertan pozik, euskaldun dirutsu asko, Jaungoikozko gizonak, beren biotza diruan ipiñi gabe Zerura begira bizi diraden bezela.

        Baña badira lur zabalean beste gizon illun errukarri batzuek; beartsuak dira oiek ere, bañan ez gogoz, ez biotzez. Odei beltz astunaren azpian bizi dirade beti, beñere zeruko argirik ikusi gabe. Beren biotzak gozotasuna eskatzen die, ta gozotasunik ezin dute billatu; aberastasuna nai luteke gauza guztien gañetik, eta, bear bada odolgiroko nagusien azpian daude, nai duen aria ogirik jan ezinda. Ta gerorako zorionik eztaukatela siñisturikan ta lurrean ere ezin lortu duela ikusten dutenean, oraingo egunetan negarra ta zorigaitza ta gerokoetan ezereza ta illuntasun illgarria begiratzean, beren odol guziak irakiten jartzen zaizkate, ta or dabiltza gizagaixoak aundikien kontra ta Jaungoikoaren kontra, gauza guztiak goikoaz-bera itzuli nairik batzuek, eta beste batzuek, otso amorratuen irudira, gizon guztiak beren biatz ta agiñartean zatitzeko uste ta gogoarekiñ. Errukarri oiek eztute, zuek bezela, jakituriaren iturriko ur garbirik edan, betiko zoriontasunaren itxaropenik eztaukate, eztira gurutzepekoak, eta gurutzepean bakarrik dago lurrean arkitu al ditekean zoriona.

        Gurutzeagandik urruti bata-besteaganako gorrotoa arkitu oi dan bezela, gurutzearen itzalpean billatzen det maitetasuna, zoriontasunaren adiskide aundia; bada gurutzeko Jaunak erakusten digu denok geradela Bere semeak, denok zerurako jaioak. Orregatik gurutzepeko Euskal-erri onetan ezkera Eklesiastiko deritzaion liburuak esaten duanaz aztu: «etzaiozu beartsuari zor zaion onesgume ta laguntasuna kendu, ta etzazuz beartsuagandik aldendu zure begiak»; «etzazu urruindu edo arakatu gose danaren anima, ta premian dagoan gizonari etzaiozu aserrerazi» «laguntasun gabe dagoanaren biotza etzazu atsekabetu, ta larriturik dagoan gizona ez iduki zerbait eman gabe». Ta gogoan daukagu Jesus-ek Bere Ebanjelio santuan esaten duana: «Zuekin besteak egitea nai dezutena, ori bera egin zazute zuek aiekiñ». «Izan zaitezte errukitsuak zuen aita errukitsua dan bezela». «Zuek bestientzat daukazuten neurriarekiñ izango zerate neurtuak». «Eman zaiozute bata besteari ostatua gaizkiesaka gabe». Orregatik euskaldunak begiratzen diote begi onez ta leguntzen diote al duen añan, ez bakarrik aterik ate dabillen eskaleari, bai ta ere, (ta au da askotan gauzarik gaitzena) auzoetako lagunai; edo gaixo bat daukatelako, edo etxealdian gizon gutxi diradelako, edo beste ezbearren bat gertatu zaietelako, soroetako lanak atzeratuta dauzkaten egunetan. Denok dakizute auzolana zer dan, askok jardun dezute sarri auzolanean, poz-pozik, anai, ezagun, adiskide edo erritar bati laguntzen, berak ere, beste garai batean, al duan añan lagunduko dizutelako uste onean. Gauza txit pozgarria da, n. a., gizon ta emakume pilla sendo ta indartsuak auzoko erri edo beartsu bati laguntzen ikustea atxur edo laietako lan gogorrean, aloger gabe, izerdi patsetan ta pozik, auzokoen biotzera desneke pixkabat eramateagatik. Ori da, n. a. m., ori da bata-besteaganako anaitasuna idukitzea, ori da lagun urkoari zor zaion maitetasuna biotzez ematea, ori da Jesusen legea ongi betetzea, gurutzepean bizi izatea, euskaldun egiazkoa izatea.

        Ta alkarrenganako emen arkitzen dan laguntasun onagatik, Euskal-erriko lurrak ondo zatituak daudelako, eta gure errizaiñtzalle gaixo, eri ta beartsuen onean aukerazko etxeak egiñaz ta ondo zaiñtuaz artu dituen burubide egokiakgatik, eztira Euskal-errian erbestean aria eskale ta beartsu ikusten. Ikusten ditugu eskaleak, ori bai, bada toki guztietan ta beti izango dira gure jaialdi guztietarako eskale asko inguratzen zaizkigu, baña euskaldunak gutxi, oso gutxi, ogeirako bat edo gutxiago, zergatik, denok dakizuten bezela, itxu, besamotx, erren ta soñujotzalle geinak, ia danak, euskalduna biotz onekoa dala jakinda gaztelerritik agertzen zaizkigun kristau doakabe gizagaixoak izaten dira. Ta orregatik, gurutzepekoak eta Jaungoikozko gizonak izan geralako, aspaldiko gizaldietatik ia gure egunetaraño ta gure egunetan ere bai toki batzuetan, euskal-mendi mardul, emankor agirietan ikusi, izan oi dira ta ikusten dira beor, motxal, zaldi, txekor, bei ta idiak batere zaiñtzalle gabe, zergatik euskal-erritar guziak zekiten begi zoliarekiñ beti begira zegoan zaiñtzalle bat zeukatela, Jaungoikoa; orregatik gure katigutegi edo presondegietan añ eralle gutxi egon izandu dira; orregatik etxe guztietako ateak zabal-zabalik utzi oi zituzten gure aitonak, gau ta egun, beren barrundean maitetasuneko ostatu on bat edonoiz ta edozeñi eskeñika baleude bezela, ta lurbira guztiari agertueraziaz euskaldunak etzirala Jaungoikoaren baño besteren bildur; orregatik, azkenez, Euskal-errian atietako kisket, maratilla, morrollu ta burnisareak alperrikakoak ziraden, zergatik Jaungoikoaren legea zan gure ataietako giltza.

        Eztet iñola ere ukatu nai, gure lege zarrak ondoren abetarako asko lagundu digutela. Gure lege zarrak asten ziran, Arabakoa bezela, bata bestea maitatu bear genduala esanaz; edo aginzen zuten, Bizkaikoak bezela, aitari edo amari eskua jartzen zioten seme gaistoak, bere eskergabetasunagatik, aiekgandik artu zuten ondasuna galdu zezatela, edo esaten zuten, Gipuzkoakoak bezela, batzarrera zijoazen gizon guztiak egin zezaiotela zin edo juramentu Jaungoikari, gurutzeari ta Ebanjelio santuaren itz egiazkoai, Gipuzkoaren onari begiratuko ziotela, zuzen ta griña gaisto gabe, Jaungoikoari ta Erregeari zor zitzaien menekio ta aurpenaren kalte gabe.

        Gure lege zarrak lagundu digute bada, ainbeste urtean etxadi on ta paketsuak idukitzen, semeak gurasoari zor dion mendetasuna gorderazitzen, ta euskaldun guziak onbide zuzenetatik erabiltzen. Baña nondik dator lege oien ontasuna? Nondik sortu dira lege oiek? Nun daukate beren sustraia? Kristoren legean, gurutzean daukate aitatasuna ta sortuera; bada beren jatorriari begiratu ezkero, zer dirade gure legeak Jaungoikoaren legea baño beste gauzarik?

        Ikusi degu, n. a., zer dan ta zertan dagoan zorion betea; ikusi degu zeruetan arkitzen dala, ta eztuala lurrean iñork billatu osorik eta biotzak eskatzen duan añan, ta bestek baño gutxiago gurutzetik urruti bizi diraden gizon errukarriak; eta lurrean al dan bezela gurutzepeko gizon ta erriak iduki oi dutela. Egia eder au argitaratu dizutet siñiste gabeko gizon jakintsuen esanekiñ, Eleizaren liburu jakituriz beterikakoekiñ, Jaungoiko santuaren itz ziur siñisgarrienarekiñ, gure adimeneko argi apurrarekiñ ta egunero geuk ikusten ditugun gauzak anima barrura esaten digutenarekiñ. Ta batez ere, onezkero ezagutuko zendutela uste det gure Euskalerri maiteak erakusten diola lurbira guztiari gurutze santuaren azpian bizi dan erria zorionekoa dala, lurrean al dan bestean.

        Ezta bada miraritzeko gauza, n. a. m., erbeste aldetik gure mendietara norbaitzuek ondamuz begiratzea, askotan begiratu duten bezela; zergatik, dollorren artean, beti ikusi oi da begi txarrarekin auzokoen zorion ta pakea; ta ezta ere, gugandik urruti jaio diran izkribalari zintzo askok. Euskalerriko izakera ezagutu dutenean, euskaldunaren alde esan dituzten gauzak irakurtzea. Astirik banuke, geiegi luzatzeko bildurrak lotuko ezpanindu, emen esango nituzke orain gizon arrotz askok Euskalerriko bizitzagatik egin dituzten egiazko gora jasotzeak, doanditzeak; baña besterik esango ezpadet ere, eztet utzi nai isillik Le Play jaun jakintsuak bere liburu batean, oraindik aspaldi eztala gugatik esaten zuana: «Euskaldunak, esaten du, Españako erregearen mendean egonagatik, berezkorrak dira ta uztarri gabe ta askatuak daude Suizatarrak bezela. Aien irudira, lokarri gabe bizi izatea beren Jaungoikozko siñiste onari sor diote, beren oitura zarrai ta errietako fueroak gordetzeko beti izan duten ausardi eziezkorrari».

        Bai, n. a. m., txit egoki esan zuan Le Play jaunak: gurutzeagatik izan gera gu gurezkorrak, gurutzeagatik bizi izandu gera uztarri ta kate gabe, bada gunatzea etorri zitzaigun zeruetatik gure animetako kateak urratzera; gurutzeagatik izan da euskalduna Aitzgorriko aizea bezela lokarrigabea; gurutzeagatik izan da Izarraiz ta Ernioko arkaitzak baizen irme, gogor ta sendoa atzerritar gudalarien aurrean, bigun, samur ta biotz aundikoa gizon apal ta beartsuen ondoan; gurutzeagatik izan ziran aundi, duin, azkar ta umantkorrak Ugarte ta Lope Diaz Bizkaiko Jauna, Elkano ta Gaztañeta; Urbieta, Idiakez ta Errenteriako Martin, Okendo ta Lezo, Urdaneta, Legazpi ta Txurruka, Loiolako Iñazio aundia ta gure egunetako Balentin Berrio-Otxoa; gurutzeagatik, Jaungoikozko gizon duiñak giñalako, abegi on bat egiñ oi ziguten beti euskaldunai lurbirako erri guztietan; Jaungoikozkoak giñalako, oraindik geure gizaldian, frantzes jakintsuen Parisko batzar batean Euskalerriko bizitza jarri zuten mundu guztirako erakusgarririk onenentzat.

        Eta gurutzea ta euskalduna, gurutzea ta gure izkuntz garbia oso alkarturik bizi izan diradelako, gurutzearen ikasle ta erakusleak, eleiz gizonak izan dira gurutzearen onbideak eta euskeraren apainduriak zabaltzen beste edozeiñ baño geiago saiatu diraden euskaldunak; bada denok dakizuten bezela, eleiz gizonak ziran Larramendi, Astarloa, Mogel, Mendiburu, Kardaberaz, Añibarro, Zabala, Uriarte, Lardizabal, Arana ta beste asko; ta euskara gozo maitagarriaren alde aspaldiko urte abetan lanean dabiltzan euskaldun desnagi samurrak, eleiz-gizonak izan ezagatik, Euskal-erriak gurutzeari zordiona dakitelako, Jaungoikozko gauzak esan bear dituztenean, eztitan bustitzen dituzte beren lumak; beren izkribu, moldaera ta antolamendu guztietan sorterriari ta Jaungoikori zor dioten maitetasuna erakusten dute; ta ezta oraindik agertu euskaraz, nik dakitela beintzat, Eleizaren, Jaungoikoaren, gurutzearen edo oitura onen kontrako gauza bat bakarra. Eztedilla ere iñoiz gertatu, bada euskara garbia ezta orretarako jaioa. A! Beste izkuntz askorekiñ bezela euskararekin Jaungoiko Guraso santua madarikatuko balitzateke, Jesusek eman zizkigun ibilpide zuzenen kontrako gauzak euskaraz esango balitzatezke, euskaraz jardungo balitz gurutzeko erakusbide santuen kontra; miñ aundi bat artuko nuke biotzaren erdian, beaztun minkaitzak iruntzi bearko nituzke ta malko samiñak ixuri, zergatik, neretzat euskara, egaztiarentzat aizea bezela da, gizonarentzat arnasa bezela; baña ni izango nitzake aurrenengoa deadar egiteko: «madarikatua izan dedilla euskara, milla bider madarikatua». Euskalduna naizela esan det asieran, ta egia da, baño lenago naiz kristaua, ta kristaua ez izatekotan ez nuke nai izan euskaldun.

        Baña ez, euskalduna ta gurutzea beti bat egiñik bizi izan dira, Gernikako arbola ta gurutzea alkarturik daude, ta bata besteagandik eziñ ditezke aldendu, ainbeste gizaldiko lokarriak eziñ ditezke urratu, ta eztira urratuko, ta euskaldunen izkuntza beti izango da gurutzearen kantaria.

        Bai, nere adiskide euskarazale ta biursari egokiak, ereztu edo kanta zaiozute Jaungoikoari, bada zuen kantuarentzat gai oberik eztezute billatuko. Bere izen aundia, siñisgaistokoentzat ezkutapenez estalirik dagoan izena, siñistedun gizonak eguzki alaiaren arpegi argitsuan ikusten du, illargiaren errañu bigunetan, goizaldeko mendi gañetik datorren argi pozgarrizkoan, itxas gañ zabal bare ta urdiñean, gure basoetako saroi ostoz apainduetan, intzez beterikako belardi loratsuan, gizon erregearen kopeta leñargian. Bere eskubide altsua ekaitzaren egoetan agiri da, tximista gorriaren ibilketa azkarrean, Sodomako erri gaistoaren ondamendian, lurreko errege ta agintari guztien eriotzan, zeru goietako izarren jira-bira neurtuetan. Azkenez, bere ontasun neurrigabea Golgotako tontor illunean dakusgu, Kristo gure Jauna gurutzean josirik, gugatik bizitza ematen ta Bere Aita Jaungoikoari gizon errukarriagatik parka eske dagoanean.

        Euskaldunak, nere erritarrak, Jaungoiko santu goitandi orren mendean bizi diraden erriak eztira beñere illko, Jaungoikoaren mendetik igeska dabiltzanak galduak daude. Non dirade gaur arrotasunez beterik gure kontra etorri ziran Kartagotar ta erromatarrak? Zer egin zuten euskalduna bere mendean jarri nai zuten godotar apainduri zaleak? Il ziran betiko, gizaldi nastuen erdian ondatu ziran, beren arrotasunak lurpean sarturik daude, aztu zan beren izkuntza, izena bakarrik gelditu zaiete kondairako liburuetan. Ta Euskal-erria bizi da, bizi da bere izkuntza zarra, bizi dira bere oitura garbi gordegarriak, zergatik gurekiñ bizi dan gurutze santua.

        Euskaldunak, nere erritarrak, Tau-ren aztarna gure kopetan badaramaigu, gure aitonen Lauburuarekiñ aztutzen ezpagera, gurutzepetik ertetzen ezpadegu, izen berriko okerkeri gaistoak estanda eginda lurbira guztia ondatzen danean, entzungo degu gure mendietatik gurutzegabeko erresuma guztiak goitik bera jotzean aterako duen burrunbada ikaragarria; baña ezta guganaño elduko Jaungoikoaren zigorra, zergatik Berberak esan duan: omnem autem super quem videritis thau ne occidatis, bere kopetan gurutzearen aztarna daramanari etzaiozute ikuturik egiñ, utzi zaiozute pakean. Ta nork daki Jaungoikoak ala nai dualako, Jaungoikoak bere legean agintzen dualako, illak lurpean sartzeko asmoan mendietatik bera jaisten geranean, nork daki gu izango bagera, lenagoko israeltarrak bezela, erri berri aundi baten sustrai ta asiera?

        Ekautariak, Gipuzkoako ondasun ta fuero apurren zaintzalleak, Jaungoikozko gizonak zeratelako, gurutzepekoak zeratelako, barru ta esku garbieneko gizonen entzute aundi bat daukazute errian ta erbestean, entzute ona, entzute ospetsua, entzute onoregarria. Etzazute, bada, gurutzepetik egundaño erten, gorde zazute entzute eder ori gauzarik maitegarriena bezela; ia noiz edo noiz, gaur ezpada bigar, ekaitzaren ondoren eguzki garbiak ertetzen duan egunean, zuek gandik ikasten duten erbestekoak nola zaiñtzen diran errien ondasunak. Jarrai zazute beti bide zuzenetik, egin zazute orain bezela gero ere al dezuten guztia nekazariaren, oitura zarren ta euskara bedeinkatuaren alde, bada orrela begiratzen diozute Gipuzkoaren onari.

        Ta azkenik, nere erritar euskaldun maiteak, bizi gaitezen denok gurutzearen itzalpe gozoan, erabilli dezagun beti gurutzearen aztarna gure kopetan ta gure biotzean, Jaungoikoak Beragana deitzen digun orduan, zorion utsezko jauregi ataian esan dezaiogun poz-pozik gure Egille santuari: «Jauna, kristau egiazkoak gera, gurutzetarrak gera, euskaldunak gera!».

        Amen. Ala izan dedilla.

 

aurrekoa hurrengoa