www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

MISA NUEVA

 

(Zarauz)

 

Mediator Dei et hominum.
Jaungoikoaren eta gizonen bitartekoa
S. Pablok Timoteori egin zion kartan IIgarren c. 5. v.

 

        N. a. m.: Gure Jaun eta Jaungoikoak bere errukitasun neurrigabean sortu eta utzi zituan lurrian gauza bi munduaren salbaziorako: liburu bat eta gizon bat. Zer da liburua? Da liburua Jesus salbatzallearen kondaira; da dotriña zerutarra, jakituri guzien asiera, egia guzien kutxa, edertasun guzien jatorria, ondasun guzien lekua, esperantza guzien iturria; itz batean, Ebanjelio santua. Zeiñ da gizona? Guziok esagutzen dezue zergatik dagon leku guzietan, zergatik toki guzietan zabaltzen duan zeruko dotriña, eguzkiak argia toki guzietara eramaten duan bezela: da sazerdotia. Bera bear da jaiotzan, bera bear da eriotzan, bera seaskatikan obi edo sepulturaraño. Bakar eta ixiltasunean bizi bada ere, beragana dijoaz biotzaren erdian eskutuan dauden gauzak esatera, poztasunik txoroenak, malkorik tristeenak agertzera. Naiz ta etxe pobretxoan jaioa izan sartzen da erregien jauregietan artxaien txaboletan bezelasen. Bera da bitarteko aberatzen eta pobreen artean, eta batzuk eta besteak deitzen due bere atean. Ezta igarten andia edo txikia dan; bada bere umiltasunagatik txikia dirudi; baña bere jakituri eta birtuteakgatik andiyenetakoa da. Egiak esaten ditu aberats eta pobreentzat, beti dago gerran gezur eta gaistakeriarekin, eta nun daguan gezurra an dago beti sazerdotearen etsaia.

        Eta nola egongo ezta gezurra, deabruaren semea sazerdotearen kontra, bada sazerdotea Jaungoikoaren ordiazkoa, kristauak zeruko bidean eraman bear dituana, bada Jaungoikoaren eta gizonen bitartekoa. Mediator Dei et hominum?

        N. a. m.: Eleizgizon berri baten, Sazerdote berriaren lenengo mesa entzutera batu geran eskerokoan, ikusi bear degu nola dan Jaungoikoaren eta gizonen bitartekoa atera dezagun ortatikan bere izate andia eta berari zon diogun errespeto eta amodio garbia. Au da gaur goiseko itsaldi laburtxoaren gaia.

        Baña nola gizona eztan berez izertxo ere zeruko laguntasun gabe, lagundu bear dirazue guziok jaristen ontarako bear dedan grazia, esanarekin danoen ama bedeikatuari: Abe Maria.

        Mediator Dei et hominum.

        Jaungoikoaren eta gizonen bitartekoa.

        S. Pablok Timoteori egin zion kartan esan dedan kapitulo eta bersuan.

        N. a. m.: Edozetara begiratzen degula sazerdotearen anditasun eta alizatea, beti ikusiko degu dala Jaungoikoaren eta gizonen bitarkoarena. Begiratzen badiozue sazerdoteari altara santuan ikusiko dezue berristatzen, odolikan ixuri gabe J. Kristo gure Jaunak Golgota-ko mendi gañean egin zuan eskeintza berbera munduaren salbaziorako, isuririkan bere odol txit santua. Sazerdotea altaran Jaungoikotzen da, dio S. Dionisiok, zergatik bere alizatearen indarrarekiñ sortutzen duan Jesusen Gorputza, egiñikan mirari bat mundu guziaren gañetikakoa. Ikusgarria izango zan munduaren asiera, ikusgarria izango zan, eguzki, illargi eta izarren sortuera goietan, ikusgarria izango zan itxasoaren eta lurraren egintza bere edertasun guziekin, baña etzan andiagua altarako eskeintzari edo sakrifizio santua baño.— Gauza guzien Egilleak nai izan zuanean egin ikusten degun guzia, etzuen beste bearrik izan itz egitea baizik: egin bedi, esan zuan, eta bereala ezerestik atera ziran gauza guziak. Berdiñean, Aitaren Seme Jaungoikozkoak nai izan zuanean bete betikotasunetikan pentsamentuan zeukan egintza, artu zuan bere eskuan ogi puska bat, itz egin zuan, eta ogi puska ura bere gorputz biurtu zan; artu zuan ardo puska bat, itz egin zuan eta ardoa biurtu zan Jesusen odol! Oh, miraririk andiena? Mirari izugarria, erakusten diguna Jaungoikoaren jakituria eta amodio neurrigabea!

        Nere aditzalleak; au berau egiten du sazerdoteak mesa santuan. Itz egiten du eta zeruak irikitzen dira, urratzen dira odeiak, auzpestzen dira aingeruak, dardaratzen da infernua eta sortutzen da altaran Jaungoiko eta gizon egiazkoa. Eta bereala jasotzen du bere eskuetan Jesusen Gorputza erriak adoratu dezan, eta esaten dio Aita Betikoari: «artu dezala eskeintsari ura lenagoko denporetan Abel, Abraham eta Melkisedekena bezela pekatuen parkaziorako», eta Jaungoikoak ikustean eskeintzen diola bere Semearen odola, sazerdoteak munduko pekatuen zorra parkatzeko gelditzen du bere aserria, gelditzen du gorrotoa eta jetxitzen du mundua kastigatzeko altxaturik zeukan esku indartsua. Ara or nola dan sazerdotea altaran izan leiteken izaterik andiena, Jaungoikoaren eta gizonen bitartekoa. Mediator Dei et hominum.

        Nork....

        Begiratzen badiozue sazerdoteari J. Kristok lotutzeko eta desegiteko eman zion alizatean ta eskubidean, zer besterik ikusiko dezue ezpada bitarteko paketsu bat baño, gizona Jaungoikoarekin katigatzen duan lokarri bat baizik, mundu itxuari zeruko bidean argi egiten dion izate bat besterik? zeiñ maitagarriya agertzen zaigun Eleizgizona ikusten degunean barkatzen gure pekatu eta utzegiteak Jaungoikoaren izenean, gordetzen dituala gure utzegite danak zekuletan egundaño da iñortara ere desegingo eztan ixiltasunean!

        Aitu zazue nola ta nondik datorkion alizate au. Erri guziak estaldurik zeudenean gezurraren laño tartean, gizonaren jakituri labur baña orgulloz betea galdurik zegoala justiziako bideetan, agertu zan Jesus ipintera zetorrena ainbeste gaitzen osagarria. Agertu zan Jesus, mundu eta Zeruaren Egillea, gizon eta aingeruen jabea bere Apostolu edo ikasleak gana, eta esan zien: Quorum remiseritis peccata remituntur eis. Zuek parkatzen dituzuen pekatuak parkatuak izango dira; zuek lotutzen dezuena lotua geratuko da. Ara or, sazerdotearen podere edo alizatearen asiera, alizaterik andiena, aingeruak eztaukena, Jaungoikoak bere Amari berari eman etzaiona. Alizate bat Jaungoikoarena bakarrik izanikan bere ordeazko ete bitarteko diranei bakarrikan emana.

        Alperrik gisaldi onetako fedegabekoak nai due ukatu podere onen indarra. Esan bezate eztala eskubide au Zeruak emana, esan bezate gizonak egiña dala beste gizonak beuren aurrean auzpez ikusteagatik. Zer da beuren esana iya emeretzi gisaldiren siñistearen kontra? Zer da beuren esana S. Irineo, Tertuliano, Origenes, S. Zipriano, S. Atanasio, S. Hilario, S. Anbrosio, S. Jeronimo, S. Agustin, S. Leon eta beste ainbeste Eleizako guraso eta jakitunen kontra? Ezin esan liteke gauza onen gañean liburu txit ederretan ezkribitu dan guzia; bañan aitatu bear det Eleizaren etsai bik esaten duana: etsai abetatik bata da Lutero protestantien buru edo naguzia eta Aita Santu Erromakuaren etsairik andiena. Onek esaten du: «Naiyago nuke Aita Santuaren aginpidean egon (eta au beretzat gauza andia zan) konfesioko Sakramentua kentzia baño». Bestia da Voltaire, azkenengo gisaldiyan Franzian bizi izan zan ezkribitzalle gaisto bat, eta onek dio: «Ezin zala sortu gauza bat obea munduaren onerako Konfesioko sakramentua baño. Zala konfesio santua munduko legiak kunplitzeko eta norbere obligaziuak betetzeko egin zezakian lokarririk onena». Onela itz egin due Eleizaren etsaiak beurak; eta alperrikan gaur beste gauza bat asmatuko due; konfesio santuak jarraituko du Eleisa dan arte, mundua dan artean, zergatikan dan Jaungoikoaren egintza eta Jaungoikoaren egintzak ez dira bukatzen gizonarenak bezela. Jarraituko due sazerdoteak konfesio santuaren bitartez paketzen mundua zeruarekin bada sazerdotea da Jaungoikoaren eta gizonen bitartekoa. Mediator Dei et hominum.

 

* * *

 

        Begiratu zaiozue oraindikan Eleizgizonaren bizitzari bere pauso guzietan eta beti ikusiko dezue esaten dizuedan bitartekotasuna. Ondo daki berak bere lan santua, eta begiratzen die gizon guziai Jaungoikoaren irudiak bezela. Ikusiko dezue leku guzietan (Pág. 126, 125 y 126) ardi galduen billa, pekatutikan atera eziñikan Jesusen odolarekin erositako animak, bide zuzenetara ekarri nairikan kristau guziak. Ikusiko dezue aberats eta andikiyen etxeetan samurtzen beuren biotzak pobretxuen onerako, eta pobreen etxeetan bere españian beti karidadezko eta amodiozko itzak dituala. Ikusiko dezue leku santu onetan egia andiak erakusten, len esan degun liburu Ebanjelioaren dotriña zabaltzen. Ikusiko dezue eztakianari argitzen bere adimentua eta jakitunari esaten jakituri guzien asiera dala Jaungoikoaren bildur santua. Beti, beti ikusiko dezue gaistakeriaren kontra, egi eta birtutearen alde, beti gizonak ezin eramanikan Jaungoikoaganuntz. Mediator Dei et hominum.

        Ah! Zenbat ezker zor diozuen Kristauak Eleiz gizon edo sazerdoteari! Apostoluetatikan gaur arteraño zekula ezta geratu sazerdotea bere lan santuan. Eleizetan, hospitalietan, kartzeletan, errian, mendian, basoan, udan eta neguan, gabaz eta egunaz, Euskal-errian, Españian, Europan, Afrikan, Ameriketan eta Ozeania-ko toki ezkutuetan Kristoren Eleizako sazerdoteak laguntzen dio gizonari jaiotzatikan eriotzaraño. Eriotzan batez ere! Zergatikan nor da bere bizitza edonola igaro badu ere, aitu bere aldamenian nai eztuana azken orduan Eleizako otoitzaren murmurra, nor da ikusi nai eztuana bere aldamenian sazerdotearen kereixa, nor da azkenengo arnasarekin batera artu nai eztuana bere bedeinkaziua? Ah! Orduan denok autortzen dezue bera dala lagunik onena, bera dala bitartekoa. Mediator Dei et hominum.

        Sazerdote berriya: Itz gutxitan esan det zure bitartekotasuna eta zure gañean artu dezu ardura andia. Ondo dakizu zeñ alizate andiarekin apaindu zaituan zeruak; baita ere daguala mundua iñoiz baño okerrago, Eleizaren etsaiak iñoiz baño gogorrago, erriak iñoiz baño eskergaistoago. Orregatik, ezingo dizudaz esan, naitala ere larrosa kolorezko etorkizunak. Ez, dena kontrara; leku guzietan izango dituzu etsaiak, eleizgizona zeralako! Badijoaz, adizkidea, badijoaz Euskal-errian ere zatika, zatika gure oitura onak gure itzkuntz ederra dijoan bezela, eta, pena andi batekin esaten det! bildur naiz juango ete dan ere gure aitonen fedea. Nun lan egin asko daukazu; bañan zure lanen erdian zaudenian, luzatzen dituzunean zure eskuak kristauen gañean zeruko parkaziua jetxitzeko, irikitzen dezunean zure aua Zeruko dotriña erakusteko, nork daki saritzat emango badizue presondegi edo kartzela bat?

        Baña, zer digu? Jaungoikoagatik, zeruagatik egiten degu, eta jarraituko degu ikaratu gabe gure lanean Jaunak berak bere aldamenera deitu artean.

        Eta oraiñ, sazerdote berriya, igo zazu altara santuko malla ori eta eskeñi zaiozu Jaungoikoari bere Semearen Gorputz eta odola. Erregutu zaiozu Aita santuagatik, erregutu zaiozu, euskal erriagatik, erregutu zaiozu zure erri maite Zarauzegatik, erregutu zaiozu zure familiagatik, batez ere zure arreba Jaungoikoak oraindik denpora asko eztala negarrezko leku onetatikan eraman duanagatik. Ah! Ze poztasunarekin ikusiko duan eskeiñtzen dezula ostia santu eta bedeinkatua bere arimaren onerako. Azkenez, erregutu zazu, lagun maitea, nigatik ere izan daidan indarra mundu onetan nere obligazio andia betetzeko, munduak ukatzen digun saria izan dezagun guziok zeruak. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa