www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENBIZIKO MESA

 

Primera Misa
(Zumaya)

 

Sicut misit me Pater et ego mitto vos.
Ni nere Aitak biraldu ninduan bezela, orrela nik biraltzen zaituztet.
(Juan Santuaren Ebanjelioko XX garren irakurburu
ta 21 garren bersotik artutako itzak.)

 

        N. a. m.: Gure Jaun eta Jaungoiko santuak, bere errukitasun andi, sakon ta neurrigabean, gauza on bi utzi zituan lur onetan munduaren osasunerako: liburu bat eta gizon bat. Liburua da Jesus Jaungoikoaren istori edo kondaira samurra, zeruko bidearen ikasbide zuzena, jakituriaren asiera, egia guztien kutxa, edertasun guztien jatorria, animako ondasunen gordelekua, itxaropen edo esperanza danen iturburu garbia. Eta zein da gizona? Denok esagutzen dezuten izate on bat, bada toki guztietan bizi oi da, toki guztietan zabaltzen du zeruetako jakituria, eguskiak bere argi alaia alderdi guztietara zabaltzen duan bezela: gizon ori da eleizgizon edo apaiza. Gizon orrek ikasi ditu Ebanjelio santuan gordeta dauden egiak, gizon orrek jantzi du bere biotza liburu santu orretan dauden erruki ta samurtasunarekin, gizon orrek Jesusen agindua dauka bere anai guztiai zerurako bidea erakusteko, ta orregatik, lurtarrak zeruratu nai badute, apaiza nai ta naiezkoa da beste gizonen artean. Bera bear da gure jaiotzan, bera bear da gure eriotzan, bera bear da beti, gure seaskatik asi ta azkenengo obian sartzen gaituen orduraño. Askotan bakar ta ixiltasunean egoten bada ere, beragana joaten dira gizon ta emakumeak, biotzaren erdian gorderik dauzkaten gauzarik eskutuenak esatera, poztasunik txoroenak eta malkorik samiñenak berari agertzera. Naiz ta izan etxe beartsu edo pobretxoan jaioa, premiazko egunetan gizon andien jauregietako ateak zabalik billatzen ditu, menditarren baserri ta txaboletakoak bezela. Eskale ta aberatzen artean bera izan oi da bitartekorik onena, batzuk eta besteak gurasotzat daukate, Aita deitzen diote, ta sarritan dabiltza apaiz-etxeko atean deiezka. Erruki andiak dauzka biotzean ta Bere errukitasunak darama naigabea dagoan tokietara, ta eritasun edo gaixoa, samiña edo negarra dagoan lekuan an agertzen da beti apaizaren irudia. Egi andiak esaten ditu aberatzentzat, egi andiak beartsu edo pobrientzat, beti dabill burruka bizian gezur ta gaistakeriarekiñ, ta gezur ta gaistakeria dagoan tokian, an dago beti apaizaren etsaia.

        N. a., ikusten dezuten bezela, liburua ta apaiza biak dira nai ta naiezkoak zerurako bidetik ibilli nai duanarentzat, biak bizi dira alkar arturik eta alkarren laguntzan, biakatik esan giñaizke gauza on asko; baña gaur, apaiz berri baten lenbiziko mesa entzutera etorri geran eskeroan bere eskubide andia ta beste gai eder batzuek alde batera utzirik, iruditu zait ondo izango dala zueri agertzea «apaiza diradela mundua mundu dan arte guztian liburu orretako egia zuzenak erakusteko ta lurreko doekabetasunak errukitzeko Jaungoikoak aukeratu dituan gizonak».

        Zeruak bialdu daidala onetarako bear detan argia. Lagun zadazute zuek ere, n. a., argi au jaristen, gure Ama Maria txit santari, oitura zarra dan bezela, Agur Maria esanaz.

        Sicut misit...

        1. N. a. m.: Badakizute zer dan egia? Egia da zeruko bidea ikusteko Jaungoikoak eman zigun argi eder bat, ta egia gabe eztago lurrean illuntasuna ta ondamendia baño beste gauzarik. Gizona jaio zan egunean bertan jaio zan egia lurrean, Jaungoikoak sortu zuan gizonaren biotzean aukerazko kabi batean bezela; baño gizonak bere eskergabetasunagatik galdu zuan egia ta zerurako bidea, ta gezurraren laño beltz galgarriak eztali zuten mundu guztia. Ta orduan, gure Jaun eta Jaungoiko gauza guztien guraso ta Aitak, argitasun utsa ta betiko egia danak, biraldu zigun lurrera bere seme laztan Jesus zeruko aberastasun guztiakiñ apaindua. Zeru gozoetatik negargarrizko lur onetara etorri zan Jesus erakusteko bear diran egokitasun guztiekiñ jantzia: bada ekarri zuan, Egillea zan aldetik, gauza guztien benetako esaguera (zerren Egilleak baño obeto eztitu iñork sortutako gauzak esagutzen); jakituria bera zan aldetik erakutzirik jakintsuenak; Maitale ta errukiorra zan aldetik, agindu ta legerik bigun ta gozoenak. Zeruko eguski onek kendu zituan munduko gezur laño guztiak; (ibilli zan erririk erri zer zan egia erakusten) eta lurtarrak entzun zuten berriro, Jesusen aotik, zeruko soñu pozgarrizkoa. Jaunkoaren esana, egia bedeinkatua.

        Baña bere jakituri neurrigabean esagutu zuan au etzala naikua egia iraunkor egiteko, egia betiko lurrean utzitzeko, ta gogoratu zitzaion ta nai izan zuan jarri zedilla liburu batean Berak esan ta egin zuan guztia, ta bere ikasle batzuek, Jaungoikoaren laguntzarekiñ, egin zuten len esan degun Ebanjelio santua, au da, liburu guztien liburua ta ordutik aurrera Jaungoikoaren itza gizonak bear zuan egi ta benetako jakituria lurrean ta gurekin dago beti. Baña etzan naikua ori ere: etzan naikua Jesusek egia zuzenak erakustea ta egia oiek libumetan jartzea. Eztago lurrean betiko iraungo duan oju edo deadarrik: ojurik andienaren oiarzuna piska batean aidean egoten edo joaten bada ere laster amaitzen da betiko, ta beste aldetik, liburuak, eztakizki edozeñek irakurtzen, edo irakurtzen dakiten guztiak eztakite bertan dagoan jakituriaren muna edo mamia bear bezela ateratzen.

        Bear zan bada norbait Jaungoikoak emandako egia beti gorabera ta naste gabe zintzoro gordeko zuana; bear zan norbait errian ta basoan, ibar sakonean ta mendi gallurretan Jesusek egindako itzaldi santuak gogoratuko zituana. Ta orretarako, Jesusek berak, bere ikasle guztien artetik aukeratu zituan gizon batzuek, eta esan zien: Sicut misit me Pater, et ego mitto vos. Euntes docete omnes gentes. Ni zeruko Aitak biraldu ninduan bezela orrela Nik biraltzen zaituztet: zoazte erririk erri ta erakutzi zazute zeruko egia.

        Orduan sortu zan Eleiza, ta ordutik eta ona Kristoren Eleiza orrek, bere seme onen artean, aukeratzen ditu Jaunaren izenean gasterik birtutetsuenak, egiten ditu apaiz, batzuk amaitzen diranerako besteak, beñere lurrekoak egiaren erakusle gabe egon ez ditezen, ta esaten die, Jesusek bere lenengo ikasleai bezela: Ite, docete omnes gentes, zoazte alderdi guztietatik, ta erakutzi zaiezute jenteai zenbat sor dioten beren Egilleari, nola maitetu bear duten Jaungoikoa, nola bete bear dituzten bere aginduak; erakutzi zaiezute aberatsai eta beartsuai, jakintsuai ta ezjakiñai, agintariai ta mendekoai, erakutzi zaiezute lurreko jente guztiai: docete omnes gentes.

        2. Ara or nundik datorren apaiz jaunak daukaten erakusteko eskubidea, ara zergatik erakusten duten emeretzi eunkida ta geiagoan ta beti gauza bat, ara zergatik itz egiten dizuten jaiero zuen artzai jaunak, ara zergatik inguratzen dituzuen gure erakustegi edo pulpitoak, eta zergatik aditzen dituzuen pozik gure itzaldiak: denok dakizutelako Jaungoikoaren egia erakusten degula mundua mundu dan artean Eleizak gordetzen duan ta gordeko duan egia erakusten degun apaizak.

        Ah! Nik eta ni bezelako beste elizgizonak, pulpitu onetan, norbere gogoramenak bakarrik erakutziko bagenduzke, arrazoi andiarekiñ esango zenduteke zuek edo zuen artean batzuk: zeiñ zera zu neri ezer erakusteko? Noiz ta nun izan zera zu ni baño geiago edo ni beste jakituriako gauzetan? Baña Jaungoikoaren mandatariak bagera ta zeruko Jaunaren egia bakarrik erakusten badegu, bereala erantzun genezake: «adiskidea, ez eman neri arpegi, ez asi nere kontra; jarri zaite, al badezu, Jaungoikoaren aurrez aurre ta esan zaiozu Bera baño jakintsuago zerala, ta berak baño obeto dakizula zorionerako bidea». Eta munduan gizon arro asko badira ere, eztet uste dagoanik gisa orretan itz egin dezaken gizonik, edo iñor baldin bada gizon orrek galduta dauka bere burua, ta txoroen bildurrik eztauka Eleizak.

        Beraz, emen ikusten danez, gizona ezin leiteke izan, bere buruko argiarekiñ bakarrik, beste gizonen gidari, erakusle edo maisu? Ez, n. a., ez! Gizonak eztauka orretarako eskubiderik; eta gañera, esagutzen degunean gure adimenaren argaltasuna ta indar txikia; ezagutzen degunean zeiñ errez joaten dan oker bidetik illunpetik aurrera ta aurrera zuzenbidean eta argitan balijoa bezela; eta beste aldetik ikustean gure borondate gaistoa, norberari ondo datorkion gezurra aiñ gogor eskudatzen duan borondatea, aitortu bear degu gizonak eziñ dezakela erakutzi, uts egiteko bildur gabe, Jaungoikogandik datorren egia ezpada, ta ori Jaungoikoak berak eskubidea ta laguntasuna emanda. Munduan siñisterik izango bada, gogoera onik izango bada, agindu onik izango bada, nai ta naiez bear da gizonen gañetiko aginpide jakintsu ta zuzen bat; eta orregatik Lurreko erri guztietan esagutu dute beti lege guztien jatorri bat, Jaungoikoaren legea, ta erakusle guztien erakusle bat, Jaungoikoa bera.

        Orregatik Jaungoikoaren izenean erakusten degun apaizak, Jesusen legea erakustean, erakusten degu egia zuzen zuzena.

        Eta ori da, apaiz berri lagun maitea, zuk emendik aurrera egingo dituzun gauza andietatik bat. Gaurtik aurrera, Jaungoikotu baziña bezela, S. Dionisioren izkuntzan esateko, egingo dezu altara orretan mirari andi bat, zeruko aingeruak, zeruko erregiñak berak ezin dezakean miraria, gizonaren izkuntzarekiñ eziñ esan dezakegun miraria, bada, itz batzuek esanaz bakarrik, ekarriko dezu zure eskuetara zeru-lurren jabe andi, maitagarri ta milla bidar santua; artuko dezu janaritzat Jaungoikoa, ta Berak erakutziko dizu egia, gaur dakizun baño ere obeto, Berak emango dizu egia zabaltzeko bear dezun ausardia ta indarra, ta zabalduko dezu gero egia ori zabiltzan toki guztietan, Jaungoikoaren izenean, argitzen dezula ezjakiñaren adimena ta jakintsuari esaten diozula jakituri guztien asiera ta iturburua dala Jaungoikoaren bildur santua.

        Eta biarko dezu Jaun zerukoak altara orretan emango dizun ausardia ta indarra zure bizitza guztian egia gozoaren bandera zuri ederra jasotzeko. Ai! Txit asko dira gaurko egunean gezurraren bandera beltza inguratzen duten gizonak, eta asko izango dira zure etsaiak. Etsaiak billatuko dituzu erri andietako kalietan, ta etsaiak erri txikitxoetan ere; zure kontra ta Jaungoikoaren kontra madarikaziorik naskagarrienak esango dituzten etsaiak; arpegiz arpegi, bear bada, lotsagabekeririk andienak esango diskitsuenak. Oraindik egun asko eztala, eginkisun batera joan bearrean, sartu nintzan burni bideko suburdi batean, barruan zeudenai egun onak emanaz. Iru gizon ziran, erdaldunak, nere egunonari etzioten erantzuerarik eman; baño batek, betosko illun bat ipiñi ta begirada gaisto bat eman da gero, esan zuan, beste aldera jiratuaz: «noiz amaituko ete dira apaiz abek munduan». Ez nuan nik ezertxo erantzun, baña bai nere barruan pensatu: «noiz amaituko geran?» Munduan egiarik bear eztanean, munduan eleizarik bear eztanean, malkorik izurtzen eztanean, gaixorik eta eriotzarik eztanean, Jaungoikorik eztagoanean. Orduan amaituko dira apaizak: eta au da esatea eztirala egundaño amaituko, naigabeak, negarrak, zotiñak, gaixoak eta eriotzak amaituko eztiralako, Jaungoikoa amaituko eztan bezela.

 

* * *

 

        Baña goazen itzaldi onen bigarren zatira ta ikusi dezagun nola dan apaiza munduko doekabetasunen errukitzallea. Jesukristoren ikastegi edo eskolakoa da, ta eskola orretan ikasi du gezurraren alde dabiltzan gizon gaistoak errukitzen, gezurra gorrotatzeari utzi gabe. J. K. gure Maisuak, gurutze baten iltzen zegoala, Aita Zerukoari bere iltzalle borreru amorratuakgatik erregutu zion, kurutze gañetik esanaz: Pater, dimitte illis, quia nesciunt quid faciunt. Eta Jesusen eskolako apaizak egunero erregutzen dio bere etsaiakatik, egunero eskeintzen dio altaran Aita Jaungoikoari Seme Jaungoikoa onela esanaz: «artu zazu, Jauna, eskintzari berdingabeko au, lenagoko gizaldietan Abel, Abraan ta Melkiseken eskintzaria bezela, munduko gaistakeri guztien parkaziorako».

        Bai, n. a. m., siñistu zazute: gizon guztiai begiratzen die apaizak Jaungoiko santuaren irudiak bezela, den-denak errukitzen ditu, denak zeruratzea nai du: ori da bere sentiera biguna, ori da bere gogo benetakoa, ta gogo orren indarrak eramanik, ikusiko dezute apaiza karidadezko batzar guztietan aurrena beti, ikusiko dezute sarri bere españetan maitetasunezko itzik bigunenak dituala pekatari guztiai artaldera deiezka.

        Apaizak len esan detan erakusteko eskubideaz gañera beste eskubide andi, luze ta ongarri bat ere badu, ta eskubide orren birtute, indar ta ontasun guztia gizon pekatariaren alde nai izaten du ipiñi; ta orregatik poz-pozik jartzen da autorleku edo konfesonarioan ta an artzen ditu, egiazko errukiarekiñ, aita on batek bere etxadiko semeak bezela, errenka dabiltzan ardi guztiak; garbitzen ditu denak zearo, sendatzen ditu ta ematen die animako osasuna ta gaistakeri guztien barkazioa. «Nik barkatzen dizkitzut, esaten die egiazko errukiarekiñ, nik barkatzen dizkitzut zure gaistakeri guztiak Aitaren, Semearen ta Espiritu Santuaren izenean». Eta apaiz jaunak itz abek esatearekin batera, jaikitzen da pekataria bere oñetatik, biotzaren erdian pake gozo zoragarri bat duala ta birtuteko bideak ondo dakizkiala, jarraitu nai baditu. A, n. a.! Zenbat bidar paketu ta poztu zerate zuek ere autorleku santuan! Zenbat bidar billatu dezute garbitoki orretan gidari zuzen bat eta guraso errukior bat! Ta nola ez apaiza bada Jaungoiko errukitsuaren liburuan ikasten duan gizona, arako ardi galdu baten billa, mendirik mendi ta basorik baso ibilli zan Artsai onaren eskolakoa? Bai, n. a., zuek ondo dakizute apaiza gizon errukitsua dana, baño eztakizute zenbat poz, zenbat atsegiñ, zenbat eztitasun izaten duan gizon orrek bere biotzean Jesusen odolarekin irabazitako ardi galdu bat zuzenbidera ekartzen duan egunean.

        Apaiz on batek eztauka gogo sutsuagorik Jesusentzat animak irabastea baño, ta gogo bedeinkatu orrek eta gizonaganako errukiak eramaten du eri edo gaixoaren etxera, noiz nai, egunez edo gabaz, bear dan orduan, ordurik estuenean, bere itz bigun, parkaera ta laguntasunarekiñ munduari agurka dagoan anima gaixoa itxaropenez betetzera; gizonaganako maitetasun ta errukiak eramaten du edozeñegana, baita ere katigutegian lotuta iltzeko daukaten gizonagana. A n. a. m.! Lenago ere zerbait aditu didazute gai onen gañean, baña iruditu zaitezte gaur berriro zenbaterañokoa dan katigutegian eriotzaren zai dagoan gaizkillearen larria. Gela estu ta illun batean dago katez lotuta; gastea da oraindik, gizon gordiña da; baño legeak erabaki du il dedilla gizon ori beste gaiskilleak ajola ta bildurra izan dezaten. Azkenengo orduaren zai dago, eriotza bakarrik gogoratzen zaio, eriotzaren irudia dauka bere buruan sartuta, eriotzaren irudia bere biotzean («eriotza» esaten dio aisearen egoetan urrutietatik etortzen zaizkon erritarren deadarrak, «eriotza» erlojoko eskabillaren alde batera ta besterako joera berdiñak. Gizon orrek, bere estutasunean, begiratzen dio bere sorterriari ta bere sorterrian ta bere esagunen artean gorrotoa baño besterik eztu arkitzen, danak daukate ontzat bere eriotza; begiratzen dio bere etxeari, ta bere etxean negarra ta sotiña daudela esaten dio biotzak, baño baita ere bere etxekoak lotzak daudela; bai, lotsatu egiten da bere emastea senarra duala agertzen, lotsatu egingo dira umeak beren aita duela esaten! Biotzeko naigabeak, animako larriak, gizon guztientzako daukan amorruak ito bear du gizon erallea. Argi apur bat nai du, honorea nai du, errukia nai du, estitasun apur bat. Ai! Zeñek errukituko du munduko guztiak gorrotatzen duen gizon ori? Zeñek eramango du anima orretara pakea ta poza? Zeñek? Apaizak. Irekitzen da katigutegiko atea, ta agertzen zaio apaiz bat, errukitasunezko Jaungoikoaren mandataria, Jesus kurutzekoaren irudia eskuetan duala, ta apaiz ori gelditzen da katigutegian erallearekiñ bakarrik. Andik piska batera, biak daude negarrez, ta ill bear duanak esaten du: baña izango da neretzat barkaziorik, jauna? Bai, erantzuten dio apaizak, barkazioa, maitetasuna, zerua, beti betiko poza. Baña, Jauna, nik madarikatu det Jaungoikoa, gorrotatu det eleiz-gizona, gaistakeri andiak egin ditut. Ezta ajola: lurreko agintariak eriotzara biraltzen zaitu, zeru goietako Aitak barkatzen dizkitzu zure pekatuak, eta nik bere izenean: ego te absolvo. Ai! aita, aita; eztet nik egundaño orrelako itz gozorik entzun; zu zera nere poz bakarra, ez nazazula utzi ill arteraño.— Ez, dio apaizak, etzaitut utziko, ill artean lagunduko dizut, eta gero ere erregutuko det zure animagatik. Eta esan ta egin, azkenengo arnasa eman artean laguntzen dio, bere argaltasuna indartzen, ta erallea ill ondorean esaten dio Aita zerukoari: requiam aeternam dona eis, Domine. Et lux perpetua luceat eis. Aita zerukoa, eman zaiozu betiko atseden ta zoriona; argi egin dezaiola betibetiko egiaren argi gozoak.

        O, n. a.! Ikusiko bazenduteke orduan apaiz baten anima, esan bearko zenduteke, bere maitetasunarekiñ berdintzeko beste maitetasun ta errukirik eztagola lurrean, ta mundu guztiko maitetasun garbiak galduko balirake ere egiazko maitetasuna billatuko litzatekeala apaiz on baten biotz errukiorrean.

 

* * *

 

        Esan dezagun orain itz bitan nere itzaldi guztia. Zer da apaiz bat? J. Kristo gure Jaunak aukeratutako gizona, Bere izenean erakutzi dezan egia garbi ta osoa, ta beste anaien errukia izan dezan. Apaiza da errien gidaria, lurtarren maisua, biotzik samurreneko gizona, errege guztiak baño eskubide geiagokoa, Jesusen ondorengo berria, beste J. Kristo bat, alter Cristus, Eleizako guraso batek dion bezela.

        Orregatik esaten dizutet zueri, n. a. m: ondo begiratu zaiezutela eleizgizonai, berak diralako zuen maisu onak. Honorificate sacerdotes, Zumaiako aurtxoak, abegi on bat zaiezute apaizai, bada berak dira zuei dotriña ta zeruko bidea erakutziko dizkitsuen gizonak. Honorificate sacerdotes, sasoiko gizonezko ta emakumeak, abegi on bat egin zaiozute apaiz jaunai, bada berak dira gizon zintzo ta emakume leial izaten erakutziko dizuten gizonak: honorificate sacerdotes, pekatariak, abegi on bat egin zaiozute apaizai, bada berak dira zuen pekatu ta gaistakeri guztiak barkatuko dizkitsuen gizonak: urtietan sartuak zaudetenak, honorificate sac, abegi on bat... bada berak dira, onezkero laster, eriotzako orduan, zuen etxera joango diran laguntzallerik onenak eta errukiorrenak. A! Eriotzako orduan, betikotasunaren ate onduan bildurrez jarrita zaudetenean, poz-pozik artzen gaituzue zuen etxeetan, ate guztiak zabal-zabalik billatzen ditugu; bada nolabait bizi izan danak ere, nai du ikusi bere onduan apaiz baten kereiza, nai du artu apaizak ematen duen parkazioa, zeruetan sartzeko urrezko giltza bezela. Bada orduan begiratuko diozuten gisan begira zaiezute apaizai bizi zeraten artean.

        Eta zuri, apaiz berria, zer esango dizut? Jaungoikoak egin zaizala adu oneko aiñ gauza andietarako aukeratu zaituan eskero. Atoz ordu onean beste apaizen artera, artu zazu zure eskuetan Jaungoikoak erakutzitako egiaren bandera zuria ta zaintu zazu ondo ta erakutzi zazu zabiltzan alderdi guztietan; ta egi zaintzallea zeralako zerbait eraman bearra izaten badezu, oroitu zaite eztagola gauza eder ta pozgarriagorik, egia españetan ta egia biotzean daukagula Jaun.tik zerbait eramatea ta bearbada iltzea baño. Ordu ta zoriona opa diet eta ematen diet zure gurasoari, zure anaiai, zure etxeko guztiai, gaur altara orretan ikusten zaituelako. O zenbat maite zaituen, apaiz berria! O zenbat ames egin duten zurekiñ! O nola egon diran ainbeste urtean egun zoragarri onen zai! Bete dira amesak, eldu da eguna, beren bizitzako egunik andi ta ederrena, ta zu bataiatua izan ziñan eleizan bertan ikusten zaitue apaiz egiñik, beste apaiz askoz? inguratua. Jaungoikoak bakarrik daki zenbateraño alaiak izan diran beren belarrietan gaur zure mesa berrira deitu duten kanpaiak! Jaungoikoak bakarrik daki nolako gozotasunarekiñ dauden oraiñ, erri guztiaren aurrian, mesa santu au noiz amaituko zai! Badakite zure esku oietan euki bear dezula gaur Jaungoikoa Berbera, badakite zure eskuetan musu emango dizutela beste apaizak, mesatara etorri diran jenteak, eta berak zure etxeko guztiak ere bai. Ai! Ez bakarrik eskuan, biotzaren erdian emango dizute musu egun zoragarri onetan. O! Eztute izan munduan beste egun bat gaurkoa bezelakorik! Eztute izango beste onelako egun bat, zeruan sartzen diranean ezpada!

        Adiskide maitea, igon zazu altara santuko arri malla ori ta eskeñi zaiozu zeruko Aitari Seme Jaungoikoaren Gorputz ta Odola zure guraso maite ta bizi diran senide ta aide guztiakgatik, eta iltziranagatik ere bai! Gaur etxeko guztien jaia dezute, ta batzuek emen gozatzen zaudeten bitartean, nok daki besteren batzuk zeruetatik badaude begira, edo Garbitokiko oñazietan badaude zuk altaran egingo dezun erregu ta eskintzari orren zai! Erregutu zazu bada danokgatik, bizi diranakgatik eta illtziranakgatik, aideakgatik, adiskideagatik, Zumaiako erriagatik, Eleizagatik: erregutu zazu, batez ere, erri onetako emakume ongille, emakume argi, emakume birtutetsu Doña Mª Fr.a Etx.a zanaren animagatik; eta azkenez, erregutu zazu nigatik ere, eleizgizon on bat izan naitean beti, gaur maitatzen detan jantzi beltz au maitetu dezaten ill arteraño; erregutu zazu mundu guztiagatik, bada mundu guztia dago erregu bearrean.

        Orrela erakutziko dezu lenengo egunetik apaiz errukitsua zerala; eta izango dezu gero Jaungoikoaren errukia ta betiko zoriona, zuri ta nere aditzalle guztiai opa dietan bezela. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa