www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN PEDRO

 

(Zumaya)
1893

 

Ecce pono in Sion lapidem sumum, electum, probatum, pretiosum.
(Isaiasen itzak bere liburuetako 28garren kapituluan.—
eta S. Pedrorenak bere kartetako II kapituluan.

 

        N. a. m: Plinio jakintsuak eta beste munduko jakinduriaren billa ibilli diran gizon askok erakusten digue, arranoak egiten duala bere kabia berak esagutzen duan arri mueta aparteko batean. Orain kantatu dan ebangeliua ere, aditu dezue, kristauak, nola zeru goietatikan jetxi zan arrano eder jakintsu miragarriak egin zuan munduan bere kabia, au da, sortu zuan Eliza Santa, arri sendo ta apartekotzat arturikan bere ikasle ta gaur zuen patroi dan Pedro santua, zeñi esan ziozkan sarri askotan entzun dituzuen itz abek: Tu es Petrus et super hanc petram aedificabo Ecclesiam meam. Zu zera arria eta arri onen gañean jasoko det nere Eleiza.

        Arri onegatik, n. a., esan geinske Isaias Igarleak lenagoko denporetan eta gero S. Pedrok berberak eskribitutako itsak: Ecce pono in Sion lapidem sumum, electum, probatum, pretiosum; et qui crediderit in eum non confundetur. Itz abek señalatzen due lenengo Jesu Kristo gure Jauna zimenduko arririk sendo ta gogorrena; gero Pedro, Jesu Kristok bere ordeazkotzat utzitzen zuana; eta azkenez, Pedroren oñetik gaur arteraño emeretzi gisaldian izan diran aita Santuak. Eta ondo berdindu nai izan det, irudi baten bitartez, arranoaren kabiko arria Eleiza santa jaio zan kabiko erriarekiñ: bada Pliniok erakusten badu arranoaren kabiaren barruan beste arri bat dagola estaldua, nik esaten dizuet gaur Aita Santu bakoitzean ere dagola beste Aita santu bat jaiotzen dana bestearen eriotzan, añ modutan eze, San Pedrotik asi ta Leon amairugarreneraño ezta amaitu Aita Santuen errezkadako kate beneragarria, eta ezta ere amaituko, bada bizi da gizon bat Leon amairugarrena iltzen danean Aita Santua izendatuko dana. Illkorrak gera mundutar denok eta ilko da Leon XIII garrena, baña ez Aita Santua: erromatarrak, S. Pedroko plazan inguraturikan, entzungo due oraindik Batikanoko balkoietatik ainbeste bidar infernutarrai dardara eragin dien diadarra: habemus Papam.

        Bañan ez nadin sartu aurreregi gaur goizean pulpitu onetara dakardazan asmoetatik kanpora. Natorkizue, aditzalleak, agertzera San Pedrok euki zuan eta bere ondorenguak dauken aginpidearen andiizate ta maitagarritasuna. Au da nere gaia. Baña bear bezela agertzeko eskatu daiogun grazia, Espiritu Santu Jaunari, esanaz guziok, oitura dan bezela Maria Santa Jesu Kristoren ama maiteari: Abe Maria.

        Ecce pono in Sion etc.

        N. a. m.: Itsaldi onetarako ipiñi dedan aipamen edo gaia bear bezela probatzeko jarraitu bear diogu aitatutako Isaias eta S. Pedroren esanari; ikusirikan ondo itz bakoitzean: Ecce pono in Sion lapidem sumum esaten due: ara emen, Siongo mendian arri bat aginpide bat goian goienekoa. Eta benetan: Pedro eta bere ondorengoen aginpidea da goien goienekoa, bada Jaungoiko altsuak emana da Jesu Kristok Pedrori esan zionean: Tu es Petrus eta bere mendekoak dira beste kristandadeko aginpide guziak. Eztago lurrean Aita Santua baño gauza andiagorik. Orregatik Kalzedoniako batzar santuak deitzen dio Erromako eleizari caput omnium ecclesiarum eleiza guzien burua, Nizeako lenengo batzarrak erakusten du gañera Erromako eleiza eleiza guzien buru ta naguzi dan bezela, Erromako Artzai edo Obispoa dala mundu guziko kristauzai edo Obispoa, Sazerdoterik andiena, Eleiza guziko gurasoa; universalis episcopus, sumus Pontifex, Ecclesiae pater; eta Justiniano enperadoriak dio: eztala iñortxo ere dudarik daukanikan Erroma dala sazerdoterik Nagusienaren egolekua: nemo est qui dubitet Summi Pontificatus apicem apud Roman esse. Orregatik ere Eleiza Santuko batzar guzietan Erromako Aita Santua izan da aurrenengo buru ta nagusi; orregatik dauka eskubidea Obispo berriak donekida edo konsagratzeko, fedea ukatzen duenak eleizatik kanpora ateratzeko; orregatik S. Atanasio, S. Pedro Alejandrino, S. Marzelo, S. Krisostomo, Teodoreto eta beste lenengo gisaldietako Obispoetatik asi ta gaur arterañokoak beti juan izan dira Erromako Aita Santua gaña argi eske eta beuren artaldietako edo eleizetako berriak ematera. Ecce pono in Sion lapidem sumum. Au dago Sion mendiko arririk nagusiena.

        Nagusitasun au, n. a., denpora guzietan eta mundu guziak esagutu duana da; jauregi panparroietan urrez ta apainduriz beterik bizi diran erreegetatik asi ta gizonik argal, umill ta pobretxuetaraño. Juan Aita Santua Konstantinoplara juan zanean erten zion bidera Justino enperadoreak uri guziko jentearekin, auspestu zan Aita Santuaren aurrean, kendu zituan bere agintaritzako jantzi ederrak eta eskatu zion Aita Santuari jantzi zaiozkala berriro bere eskuakin aginpide egiaskoaren señalean. Eleizako kondairetan irakurten degu Justiniano enperadoriak mundu giziaren aurrian mun egin ziola oñetan Konstantino aita Santuari, Franziako Karlos andiak Adrianori, Pipinok Estebani orrela eta beste asko eta askok, erakusten zuela munduaren aurrean Pedroren ondorengoari sor zitzaion eta gordetzen ziuen begirune andia. Orduko denporetatik oneraño beti egunetatik au bera gertatu izan da eta gaur dan egunian bertan, denpora txarretan bizi bagera ere, irakurri izan dituzue munduaren alderdi guzietatik zeinbat eskeintza aberats eldu diran Erromara Leon XIII garrenaren urrezko eztaietarako: neuk nere begiakin ikusi ditut ez gutxi errege eta prinzipienak famili pobretxukoenen ondoan: neuk nere begiakin ikusi ditut gañera millaka ta millaka Dierri edo Nazio askotako langilleak, nekazariak, gizon aberats ta argitsuak, lege jakiñak, abadiak ta Obispoak auspestzen zirala errespetoz beterik Pedroren ondorengoaren aurrian, ta arpegi askotik bera malko gozo ugariak erortzen zirala samurturikan Leon amairugarrenaren oña mun egitean. Ecce pono in Sion lapidem sumum, eztago beste izate bat Aita Santuaren andi izatearekin berdintzerakorik.

        2. Ecce pono in Sion lapidem sumum... electum jarraitzen du Isaias igarleak. Electum, ezta bakarrik andiena, da gañera esleidua lenengo bere umiltasunagatik, gero bere santutasunagatik, bada umiltasunetik santutasunera bide gutxi dago. Umiltasuna, n. a., gauza bearra da, baña agintzen duenen artean gutxik gordetzen due birtute eder au, eta ikusiko dituzue agintari asko umiltasuna zer dan ere eztakienak, bada goialdietako aizeak gizonen buruak txoratzeko indar andiak ditue, eta zenbat eta gorago dagoan gizona ainbat eta arruago ikusi oi da geienetan. Aita Santu berri bat izendatzen danean bere aurrean erretzen zaio mullo edo estopa satitxo bat, esanaz: Pater sancte, sic transit gloria mundi. Aita santua, su au bereala amaitzen dan bezela, amaitzen da mundu onetako andi izatea; eta Letrango eleizara eramaten duenian au esaten zaio: suscitans de pulvere egenum; et de stércore erigens pauperem: autsetik dator pobretxoa, simaur piskabatetik jaiotzenda. Eta onela umiltasunian simendua ondo arturik, esaguturikan gizona berez eztala ezertxo ere, igotzen du bere tronura, ez bere buruari arrokeriz begiratzeko, ezpada ze kristandadiaren onerako, Jesusen ebanjelio osasungarria lurraren kabuetaraño salbatzeko, mundu guziari guraso baten maitasunarekin begiratzeko, eta ezkribu guzietan Aitasantuak deitzen diue bere buruari: servus servorum Dei Jaungoikoaren serbitzari diranen serbitzaria.

        Zimendu orretatikan etorri dira ainbeste ondasun munduarentzat, ainbeste eritegi, ainbeste eskola, ainbeste jakituriako iturri aita santuak sortu dituenak, ainbeste limosna egiñak. Kondairetan irakurriko dituzue, n. a., zenbat eskola sortu dituan Erromako Aita Santuak, nola deitu zaien askori pater pauperum, pobrien gurasuak.

        Gañera, beste señale bat daukagu Pedroren ondorenguak Jaungoikoak autatu edo eskogituak dirala igarteko: santutasuna. Badakizue, n. a. m. zenbat martiri izan diran Pedroren oñekoak? Irurogeita amabi Aita santuk eman due beuren bizitza fedeagatik, eta martiri izan eztiran beste asko bedeinkatzen ditugu altaretan. Esagutzen dezue beste estadu bat ainbeste santu eman dituanikan? Arrasoiarekin esan giñaike bada: Ecce in Sion lápidem electum. Ara Siongo mendian arri bat Jaungoikoak autatu edo eskogitua.

        3. Ecce in Sion lápidem sumum electum, ... probatum diardu Isaiasek: ¡Probatum! nork esan leikez Pedroren jarrileku ta eskubideak izan dituan prueba ta eramankizunak? An daude Erroman katakunba edo lurrazpiko bide eta bizileku tristeak, beuren iskuntz isillarekin naikua asko esaten duela; an dago Pedroren presondegia eta bera lotuta euki zuen kateak, an dago Koliseoko plaza biribill zabala ainbeste martiriren odolekin busti izan zana; bizi dira kondairetan, madarikatzeko bada ere, Kaligula, Neron, Domiziano, Marko Aurelio, Septimino Sebero, Maximiano ta Dioklezianoren izenak; jakiña da Simon Magotik asita Montanotarrak, Manikeotarrak, Domatistak, Arriotarrak, Pelagio, Nestorio ta Eutikio-tarrak eta beste millak gezurzalek Protestantieraño zenbat estutu duen Pedroren jarrilekua; baña baita ere da jakiña Arriotar erregietatik asita Inglaterrako Enrique VIII garrenari, ta ordutik gaur arteko agintari daneri, presondegi ta katetartean bezela itz bigun t'eztitsuen artean, esaten diola Aita santuak gezurraren aurrean beti berdinkiro: ¡non possumus! ezin geinkez gezurrarekin konpondu: gezurra beti da gezur, orain milla urte bezela gaur ere; gaur bezela emendik milla urtera ere; egia naiz, zerutarra naiz, ezin neike jira-biratu: ¡non possumus!

        Ezin neike esate onek gerra andiak ekarten diozka eleizari, naigabe asko ematen diozka, estutzen du sarriro baña eztue garaituko eleiza, non praevalebunt. Ez, eleizaren etsaiak, jaso zazue Satanasen gezurrezko bandera beltza zuen alizate guziarekin, baña zuen alizatea gizon zirzillarena da, eta zein da gizona Jaungoikoaren aurrean? Emeretzi eunkida dira jasota dagola Erroman beste bandera bat, bandera zuri, eder, garbi, egiazko, zerutarra: bandera onen ondoan inguraturik bizi gera katolikoak, bandera onekin estaldurik gerran gezurraren kontra nai degu ill esanaz gure Aitarekin batean: non possumus.

        4. Ecce in Sion lapidem sumum, electum, probatum,... pretiosum dio oraindik Isaiasek S. Pedrorekin batera.— Pretiosum, au da, txit eder ta maitagarria, balio andikoa ta Jaungoikoak maitatua. Zer gauza ederragorik egia baño? Zer gauza maitagarriagorik? Asieran esan det gizon guztiak maitatzen duela, baño nola ez Jaungoikoak berak maitatzen ba du? Jaungoikoak maitatzen duala Erromako katedra santua esagutzen degu berak irauten duan urteetatik. Izan dira beste Patriarka batzuen katedrak baña Erromakoaren menditikan erten zuenetik laster ondatu ziran, ereje geienak eta tronorik sendoenak ondatu ziran bezela, kunpliturikan onela Jesu Kristoren esana: Qui non est mecum contra me est, et qui non colligit mecum spargit. Nerekin eztagona nere kontra da, eta nerekin batzen eztuanak desegiten du. Nola maitatuko eztu, nola indartuko eztu Pedroren katedra zerutik lurrera gizona salbatziagatik jetxizan Jaungoikoak, Pedroren katedra bada berak sortu zuan kabia gizona salbatzeko bere doktriña santua gordetzen duan kutxa maitagarria?

        Ta nola izango ezta balio andikoa zeruetako doktrina eder t'egiazkoa gorde ta erakusten duana?

        Eta emen ipiñi zazue, n. a, atenzio piska bat Eleizaren erakuste modu onetan. Erakusten due maisuak beuren jakituri apurra mundu zabalean diran eskola nagusi danetan, baña sarri askotan erakusten ditue begitanzio batzuek bakarrik, jakituriko bideetan dauden illun ta lauso tartean ondo ikusten eztuelako, gizonaren indarrak indar laburrak diralako, bañan beste aldetik erakusten ditu Eleizak zeruko doktriña ta egirik miragarrienak ta erakusten ditu garbiro beñere uts egin gabe, bein ere ekibokatu gabe. Zergatik? Zergatik erakusten duan Jaungoikoaren doktriña, Jaungoikoaren esana ta Jaungoikoa ezta beñere ekibokatzen. Berak dauka orretarako eskubidea. Eta Pedroren ondorenguak bakarrik erakutzi lezake onela. Pedrori esan zion Jesusek, eta Pedrori bakarrik: Pasce agnos meos, pasce oves meas. Pedrori esan zion Jesusek eta Pedrori bakarrik: ego autem rogavi pro te ut non deficiat fides tua, Pedrori esan zion: ego dico tibi quia tu es Patrus et super banc Petram aedificabo ecclesiam meam. Orregatikan Eleizak erakutzi izandu beti eta da fedeko gauza Batikanoko batzar santua izan zan eskero, Aita santuak itz egiten duanean bere jarrileku edo katedratik fedeko gauzen edo oituren gañean dala utsezgarria.

        Ecce... lapidem pretiosum. Gauza abek onela izanik iñork ezin lezake, bada, ukatu Erromako katedra santua dala baliorik andienekoa, gauzarik andiena, autatuena eta maitagarriena, Jaungoikoak geien probatu duana dan bezela. Ecce in Sion lapidem sumum, electum, probatum, pretiosum.

        Onenbesterekin, n. a., uste det agertu dedala Isaias ta S. Pedroren itsak zer esan nai duen ta bertatikan esagutzen dezuela S. Pedrok euki zuan eta bere ondorengoak dauken eskubidearen andiizate ta maitagarritasuna.

        Baña Aita Santua bada lurreko izaterik goienekoa, aukeratuena, geien sufritzen duana, geien balio duana ta maitagarriena ere, bere buru gañean iru koroi daukazan gizona bada ere, Aita Santua beartsu bizi da eta eztauka beste ondasunik bere seme onen borondateak ematen diona baño Orregatikan agintzen du Obispo Jaunak urteoro gaurko egunean esketxobat egiteko Aita Santuaren alde, eta orregatikan dakidalako kristau onak zeratela ez naiz lotsatzen eskatzen zueri ere limosnatxo bat gure Aita Erromakuarentzat; Zumaiatar maiteak; limosna bat Aita santuarentzat! Badakit borondatia euki arren denok ezingo dezuena, baña diruzko limosna ezin duenak egin dezeela oraziozko limosna, erresatu dezeela aita guriatxo bat bada ere eleizaren garaierarako.

        O, nere kristauak, ez gaitezen kabitik urrutira egatu, zer zoriona guria eta zer posarekin esaten dizuet! Kabi baten jaioak gera gu, denok Eleizareren doktriña santuarekin janaritu gera, ez gaitezen janari on gabe gozeak iltzeko zorian gelditu Eleizaren Sakramentu santuetan indartzen gera, Eleiza onetako sakramentu santu ta bedeinkazioekin naiko degu Guraso on bat daukagu, guraso jakintsu bat daukagu, guraso zar bat beneragarria daukagu denok: maita dezagun, lagundu daijogun gure limosna ta erresuekin, erregutu dezagun biziro eleizaren garaiyagatik, bizi gaitezan famili on bateko jenteak bezela guraso onen agindupean. Eta iñoiz, seme galdua bezela, etxetikan alde egin badegu pekatuko bideetatik, atozte kabira berriz, nere aditzalleak, atozte Jaungoikoak egindako kabira.

        O, Aita San Pedro, zeruetan gloriaz beterik zaudena! Zu ta zure ondorengoak bakarrik esagutzen ditugu maisutzat. Eman zaiguzu fede bizi bat zure fedea bezelakoa, lagundu zaiguzu munduan; lagundu zaiezu batez ere, zu izan ziñan bezela arrantzale diran gizonai; erri onetan aiñ egokiera onean onoratzen zaituenak milla aldiz itxasoko ekaitz gogorren artean eriotza arpegiz arpegi ikusten duen mariñel oiek, zaitu itzatzu, ezteitzala eriotzak bere besu otzetan eztutu itxasoaren erdian: izan dezela denpora Sakramentu santuak artuta pake santuan utzitzeko beuren anima Jaungoikoaren eskuetan.

        Aita San Pedro Eleizaren burua. Izan zaite gure guraso, salba gaitzatzu, bizi gaitezan egun batean, zurekin dontsu ta zorioneko, guziori opa dizuedan bezela. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa