www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LIII. KAPITULUA

Bilduak ziren dizipuluek ikhusten dute Salbatzaillea;
handik laster Thomasek ere ikhusten du

S. Luc. 24.

 

        Dizipuluak apostoluei mintzatzeko arte hartan, Jesus agertu zen hekin erdirat, erraten ziotela: bakea dela zuekin; ni naiz, ez izi. Ezin konpreni zezaketen Jesus nola sarthu ahal zen hek ziren lekhurat athe guziak hertsiak zirelarik. Salbatzailleak ezagutzen zuen heien espantimendua; erran zioten nola dituzketzue gogoeta eta duda horiek? Ikhus ezatzue esku hauk, oin hauk; bai, ni naiz. Izpiritu hutsa dena haragirik eta hezurrik gabe da, eta ikhusten duzue nik baditudala. Dizipuluak hordituak bezala aurkhitzen ziren bozkarioz eta admirazionez: nekhez sinhetsten zuten berek ikhusten zutena. Jesusek erran zioten: baduzue hor deusere yatekorik? Eman izan zioten arrain batetarik, eta ezti guti bat. Erran zioten bigarren aldian: bakea dela zuekin, ene aitaz egorria naizen bezala egortzen zaituztet nik ere zuek; artiki zuen hats bat heien gainerat, eta erran zioten: errezibi zazue izpiritu saindua, nori eta barkhaturen baidiotzutzue bekhatuak, eta hei barkhaturen zaizte, eta nori ere ez baidiotzotzue barkhaturen, eta hei ez zaizte barkhaturen.

        Thomas etzen bertzeen baltsan gerthatu Jesus agertu zen aldi hartan, eta etzituen sinhetsten bere apostolu lagunen erranak. Alferretan xehatzen ziotzoten gauza guziak, ezin sar-araz zezaketen bere egia haren buruan. Bazaraman bere sinhets gogortasuna erraterainokoan: baldinetariak ez baditut ikhusten eskutako itzeen seinaleak, ez badut hetan ematen ene erria, eta sartzen ene eskua haren saihetsean, zer nahi erran dezazuen, ez dut deusere sinhetsiko.

        Handik zortzi egunen buruan dizipuluak bildu ziren lekhu bererat, eta Thomas ere baltsan zen. Jesus sarthu zen orduan eta hertsiak zirelarik atheak. Eman zen guzien erdian, egin zioten salutantzia erraten ziotelarik: bakea dela zuekin; mintzatu zitzaion Thomasi hitz hautaz: hurbil zaite, dizipulu sinhets-gogorra; emazu hemen zure erria, eta ikhus ezatzu ene eskuak; heda zazu zure eskua, eta sar zazu ene saihetsean. Emozu zure buruari biztu naizela, ez izan sinhets-gogor, bainan bai leihal. Thomas ahalkatu eta bozkariatu zen denbora berean. Haren bihotza sustatu zen khar saindu batez, eta animatu federik bizienaz. Eman zen, ahuspez, Salbatzaillearen oinetan erraten zioela: o! ene Jauna, eta ene Jainkoa. Orduan Jesus mintzatu zitzaion Thomasi hunela: Thomas, ez ditutzu sinhetsi zurekin nintzenean erran izan ditudanak, ez eta, ni biztuz geroz, zure anaiek erran darozkitzutenak, zehorrek nahi izan duzu satisfatu, zure begiz, zure burua. Ez duzu nahi izan sinhetsi zerorrek ikhusi arterainokoan. Dohatsu ikhusi ez dutenak, eta sinhetsi dutenak.

        Salbatzailleak egorri zituen apostoluak Galilearat, eta bera harat agertu zitzaien behin baino gehiagotan. Piarres ibilli zen arrantzan bere zenbeit dizipulu lagunekin. Artiki zituzten sareak urerat, eta deusere etzuten hartu gau hartan. Goiz alderat, Salbatzaillea agertu zen ur hegian. Dizipuluek etzuten ezagutu hura zela. Erran izan zioten: ene haurrak, baduzue hor deusere yatekorik? Ihardetsi zioten etzutela. Salbatzailleak erran izan zioten: artik ezatzue sareak eskuineko alderat, eta edirenen duzue zer yan. Artiki zituzten sareak, eta hartarainokoan izan ziren arrainez betheak non nekhez bildu behar izan baitzituzten. Jesusen dizipulu maiteak (Joanesek) erran zion Piarresi: Salbatzaillea duk. Berehala Piarresek yauntzi zituen arrantzatzeko utzi zituen soinekoak, eta nahiz hurbildu lehen-bai-lehen Jesus ganat, egin zuen urerat yauzi. Haren lagunek etzituzten eskutarik utzi sareak. Bildu zituztenean, aurkhitu zituzten ehun eta berrogoi eta hama-hirur arrain handi: halarik ere sareak etziren hautsi.

        Dizipulu arrantzaleak leihorrerat zirenean, harritu ziren aurkhitzeaz ogi bat, eta arrain bat erretzen hari zena ikhatzeen gainean. Salbatzailleak berak biztu zuen su hura, eta aphaindu arrain hura, iduri zuen dizipulu heien ganik nahi zuela yateko zerbait, bizkitartean berak eman nahi izan zioten bazkaitarat. Bazkaldu zirenean, Jesusek erran zion Piarresi: Simon Joanesen semea, hemen diren dizipuluek baino maiteago nauzu? Bai, Jauna, ihardetsi zuen, badakizu maite zaitudala: horren gainean erran zion Jesusek: bazka zatzu ene bildotsak. Handik berehala Jesusek galdegin zion oraino: Simon Joanesen semea, maite nauzu? Bai, Jauna, ihardetsi zuen Piarresek, ahal dakizu maite zaitudala. Orduan ere Jesusek erran zion: bazka zatzu ene bildotsak. Galdegin zion, hirurgarren aldian, maite zuenez bada finki. Piarres damustatua izan zen zeren Jesusek etzuen kondatzen ekhartzen zion amudio khartsuaren gainean; ihardetsi zuen minki bezala: zer da zure ezagutzan ez denik? Badakizu beraz maite zaitudala ene bihotz guziaz.

        Salbatzailleak hirur galde hek, bata bertzearen ondoan egitean, nahi zuen Piarresek borra zezan hiruretan hartaz arnegatzean egin zuen gaixkia aithortuz, orobat hiruretan, maite zuela. Salbatzailleak erreberritu zuen lehen erran zuena. Eman zion Piarresi bere arthalde guziaren aitzindegia. Erran zion ordean gostako zitzaiola ohore haren izatea. Eman beharko zuela bizia fidatzen zion arthaldearentzat; erran zion oraino gurutzearen gainean hillen zela.

        Artik detzagun begiak Yaun-doni Petriren bizitzearen gainerat, zer fede bizi! Jainkoaren alderako zer amudio khartsu ez ditugu ederretsiren! Sartzerat gure bihotzen barnetan, aurkhi othe ginetzake fede bizi hura! amudio khartsu hura! Sinhetsten bagindu finki mundurat eman gaituena gure nausi soberanoa eta gure yuie adoragarria dela, zerbitza othe ginezake egiten dugun bezanbat gogo-urritasun eta hotztasunekin! Maitatzerat gure Salbatzaille guziz maitagarria zor diogun amudioarekin, hain herabe othe gintezke bada sakramendutarat hurbiltzerat! Othe ginduke bada agertzen dugun bezanbat ez antsiatasun baliatzekotzat salbamenduari daronsaten grazia preziatuez!

        Jesu-Kristok galdetzen dio Yaun-doni Petriri hirur alditarainokoan maite duenez. Nolako fidantzia eta kharrekin ez dio berehala ihardetsten: bai, Jauna, badakizu maite zaitudala. Salbatzailleak egin balioza gutarik bat-bederari galde bera, nork luke bekhokia ihardetstekotzat: Jauna, zure ezagutzan dire gauza guziak, ikhusten duzu zer iragaten den ene bihotzean, badakizu beraz maite zaitudala? Oi! milletan arrazoin gehiago bide ginduke ihardetsteko badakizu, Jauna, mundua, munduko atseginak eta ohoreak ditudala maite; ez dudala deusere maite neure burua baizik. Alferretan, Jauna, nahi nituzke gorde ene bekhatu eta flakezia humiliagarriak, ikhusten ditutzu bere hedadura guzian. Oxala zure graziaren gantzudurak itzul-araz baleza ene bihotza zure ganat! erran ahal baneza apostoluen buruzagiak bezala: Jauna, badakizu maite zaitudala!

 

aurrekoa hurrengoa