www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III. KAPITULUA

San Luk Ebanyelista

 

        San Luk paganoa zen sortzez, eta Antiokekoa; erran nahi da, Siriako hiri buruzagikoa zela. Yaun-doni Pauleri zion zor Jainkoaz zuen ezagutza salbagarria. Apostolu haren ahaidea zen, eta denbora berean haren adiskide maitea. San Luk miriku zen, eta san Hieromeren arabera, miriku hainitz yakiña. Etzen hamabi apostulutarik: ez da beraz mintzo berak ikhusi zituen gauzez, san Mathieu eta Yaun-doni Yauni mintzo diren bezala; bainan mintzo da Jesu-Kristo ikhusi duteneen, eta haren akzione sainduen lekhuko izan direneen erranen gainean.

        San Luk Izpiritu sainduaz izan zen erakharria iskribatzerat ebanyelioa: eman izan zen hartan Salbatzaillea sorthu zenetik berrogoi eta hamabortz urtheen buruan. Ordukotzat san Mathieuek eta Yaun-doni Yaunik iskribatu izan zituzten bere ebanyelioak; ordean nola ez baitzuten aski xehatu Jesu-Kristoren bizitzea, hortik gerthatu zen apostolu faltso batzuk moldatu baitzituzten gezurrezko historioak. Jainkoak nahi izan zuen suntsi-arazi gezurra, eta ezagut-arazi egia; hortakotzat eman zion burutarat gure sainduari iskribatzea ebanyelioa. San Lukek xehetasun handirekin dakharzke Salbatzaillearen lehebiziko urthetako akzioneak, bai eta ere Andredena Mariaren bizitze saindua. Yaun-doni Petrik laudatu izan du san Luken ebanyelioa: guziek behatu izan diote Elizaren liburu sakratu bati bezala: zer estimu eta errespektu ez diotzogu beraz behar bihurtu! Apostolu handiak, mintzatzean bere dizipuluaz, erraten du ohoratzen zuela ebanyelioa bera zaraman bizitze sainduaz, bere berthuteen distiaduraz eta bere khar miragarriaz. Oraino urrunago hedatzen du san Luken laudorioa, deithzen duenaz geroz Elizeen apostolua, eta Jesu-Kristo beraren loria. Gloria Christi.

        San Lukek egin zituen, alferretan bazen ere, bere egin ahal guziak gibelatzekotz Yaun-doni Paule yoatetik Jerusalemerat: bazakien zer zagon harentzat, zer yasan beharko zuen lekhu hartan etsaieen errabiaren aldetik; halarik ere, dizupulu leihal hura etzen nihoizere hastandu bere nausiaganik; aitzitik yarraiki zitzaion hiri hartarat ere. Yaun-doni Petri izan zen preso altxatua: san Lukek etzuen hura gabe nihon onik; sarthu zen presondegi berean bere nahitarat, eta nahi izan zuen bere partea haren atsekabe eta lazeria guzietan.

        Libratu zuten Yaun-doni Petri persondegitik, bi urtheen buruan. Orduan apostulu handi hau ibilli zen Italian barna: hedatu zen urrunago ere, hala nola, Asiarat eta Greziarat: san Luk bere dizipulu maitea yarraikitzen zitaion bazter guzietarat. Azkenean, bata nola bertzea, hedatu ziren Erromarat. Yaun-doni Petrik hiri hartan behar zuen, Yaun-doni Paulek bezala, galdu bere bizia. San Lukek etzituen behinere galdu begietarik elizaren bi argi handi hek. Iduri zuen bi apostulu hek utzi ziotela san Luki, primuzatzat bezala, berek zuten Jainkozko izpiritua eta Kharra. Ez ahal zen herririk, ez eta probintziarik gure sainduak Jainkoaganat erakhartzen etzuenik bere nekhe apostoluzkoen bidez. Bazter guziak betheak izan ziren, hari esker, fraidez, arima Jainkotiarrez eta martirez. Zein da lekhua, diote elizako aitek, argitu ez duena ebanyelioaren arraio distiosenez?

        Jainkoak deithu zuen beregana gure ebanyelista lauetan hogoi eta lau urthetan: begiratu zuen garbitasuna bere bizi guzian. Urkhatu izan zuten arbola batetarik. Saindu guti bide da hark bezanbat pairatu duenik. Erran daite haren bizitze guzia bethiereko martirio baten pare izan dela.

        Sinhetsten othe dugu Jesu-Kristo gure Jainkoa dela, eta gure nausia? Sinhetsten othe dugu ez dela zerurat heltzekotzat bertze biderik berak irakhatsten darokuna baizik? Egia hauk sinhetsten baditugu, zergatik ez dugu mundu enganakhor hau alde baterat largatzen, eta hartzen gure nausi bakhartzat bere dizipuluak salbatu nahi dituen Jainko adoragarria? Izan dezagun graziaren alderat san Luken leihaltsun bera, pazientzia bera, khar bera Jesu-Kristorentzat: aithor dezagun ez dela banitaterik baizen mundi huntan, lekhat, Jainkoa maitatzea, eta hura bakharrik zerbitzatzea:Vanitas vanitarum et omnia vanitas, etc.

 

aurrekoa hurrengoa