www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XII. KAPITULUA

Jesus aurkhitzen da Doktoren erdian

S. Luc. 2.

 

        Yuduek agertu behar zuten (legearen arabera) Jerusalemerat urthean hiruretan. Yosefek eta Mariak eraman zuten berekin Jesus maitea hiri hartarat. Hamabi urthe zituen ordu hartan. Gutitan galtzen zuten haur hura bere begietarik, bere buruak baino maiteago zutelakotzat. Ethorri zenean herrirat bihurtzeko denbora, Jesus etzitzaien yarraiki Yosefi eta Mariari. Baratu zen Jerusalemen hek deusere yakin gabe: etzuten ere eskas zutela ezagutu arrats aphalerat baizik. Hemen iduri du berehala hortan Yosef eta Maria faltiar ahal zitezkela; ordean sobera zadukaten bere haur maitea bihotzean hutsik egitekotzat haren alderat; bekhatu ere laiteke gaixki bat iratxekitzea bi presuna saindu hei orduan gerthatu zenaz. Bazakiten guzizkoa zela Jesusen zuhurtzia; uste izan zuten arrazoin onez aldaratu zela hekin ganik: fidantzia oso batean ziren haur dibinoa bidean zela, eta hek bezala Nazarethrat bihurtzen ziren bertze zenbeitena baltsan aurkhitzen zela.

        Yosefek eta Mariak ezagutu zutenean Jesus etzela heien ondotik heldu zireneen artean, minki hartu zuten haren eskasa. Abiatu ziren haren ondoan, eta ediren zuten, biharamun goizean, tenpluan, doktoren erdian. Entzuten eta interrogatzen zituen gizon yakin hek mundu guziaren admirazionea bereganatzen zioten zuhurtzia eta yakintasunekin. Yosef baino Maria trebeago zen Jesusekin; ama hunek erran zion bere ume maiteari: zergatik etzaizkigu yarraiki etxerakoan? Bihotz-min handi bat izan dugu hortaz: Jesusek ihardetsi zion errenkura amultsu hari: zerentzat damustatu zarete ni zuei ez yarraikitzeaz? Zergatik nekhatu zarete nere ondoan? Etzinakiten bada ene aitaren nahia egin behar dudala?

        Jesus ilki zen tenplutik, eta hedatu zen Yosef eta Mariarekin batean Nazarethrat. Egon zen lekhu hartan hamabi urthetarik hogoi eta hamar urthetaraino. Gauza miretstekoa! Ebanjelistak ez dire batere mintzo Jesusek, arte luze hartan, zaraman biziaz. Hek erraten darokuten guzia da, sumetitua zela Yosefen eta Mariaren nahitarat:

Erat subditus illis. Aithor dezagun guziarekin hirur hitz horiek hainitz erran nahi dutela. Ematen dute ezagutzarat Jesusen humiltasun miragarria, eta egiten dute Mariaren laudoriorik osoena. Ez ahal da deusere gehiago espantitu behar gaituenik nola ikhusteak zeruaren, lurraren, gizon guzien kreatzaillea bera kreatura aphal baten nahitarat eroria. Ez ahal da berriz dignitate altxatuagorik nola izatea Jesusen gainean ama guziek bere umeen gainean duten zuzen bera. Mariak izan dezan bada Jainko bati manatzeko eskua! Zer ohore ezin erranezkoa!

        Aita amek ikhasten dute Yosef eta Mariaren eskola sainduan hartzen bere umez artharik handiena: Mariaren bihotz-minak bere semea eskas aurkhitzean, eta haren bilhatzeko agertu zuen lehiak ematen dute erakusterat burasoek egin behar dituztela bere egin ahal guziak atzarriak egoteko bere umeen gainean, ikhusten dituztenean, ez elizetan, Jesus tenpluan zen bezala, bainan mundupean sarthuak, pasionetarat largatuak, sakramendutarik urrunduak: hulako ordutan, buraso Jainkotiarrak eta bere umeen salbamendua maite dutenak lehiatzen dire hek lehen-bai-lehen gaixkitik ilki arazterat, eta erakhartzerat bere abisu zuhurrez, guziz, bere exenplu sainduez, zeruko bide dohatsurat.

 

aurrekoa hurrengoa