www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXI. KAPITULUA

Magdalena konbertitzen da

Luc. 7.

 

        Magdalena da sainda bat ebanyelioan hagitz aiphatua Jesu-Kristo ganako amudioaren eta bere penitentzia miragarriaren-gatik. Bethaniako zen sortzez, erran nahi da Jerusalemetik hurbillekoa. Aberatsak zituen burasoak: hil zirenean, haren bi haurride prestuek etzuten deusere guphidetsi haren altxatzekotzat Jainkoaren beldurrean, eta modestia sainduan. Oxala haurride hekin xede laudagarriak izan balu efetu dohatsuagoa! Alferretan izan ziren heien abisu zuhurrak eta exenplu edifikagarriak. Munduaren alderako yaidura ondikozko batek eraman zuen munduperat Magdalena gaztea. Izpiritu hainitz ematen zioten, eta presuna eder bat zen; damu gaixtorik etzuela solidotasun gehiago! Bertzelako bizitzea eramanen zuen. Arina zen, eta yenden arterat athera nahia. Ikhusiz mundua, eta hartaz ikhusia izanez, egin zen osoki mundutiar. Bilhatzen zituen aphaindura ergel, eta yauntsturen edergaillu asma ahal guziak. Hulakotan zatzan Magdalenaren gogo guzia. Berthuteak laster galdu zituen haren bihotzean bere zuzen preziatuak. Magdalenak bereganatu zuen munduaren arbuioa, eta eskandalisatzen zuen bere libertinkeriez Galilea guzia.

        Lazara eta Martha etziren baratzen othoitz egitetik Magdalena bere haurridearen fagoretan. Jesusek onhetsi zuen heien arartekotasun laudagarria: nola bekhatoreen-gatik baitzen mundurat ethorria, iharrosi zuen Magdalenaren bihotza, eta egin zuen osoki bertze bat hartaz. Huna nola obratu zen mudantza miragarri hura.

        Salbatzailleak Kafarnaumen eta Betsaidan predikatzen zuen. Magdalenak hunenbat gauza espantigarri hartaz entzun zuen non ethorri baizitzaion haren entzuteko gutizia. Ordu beretik haren bihotza itzuli zen Jainkoa-gana. Bere bekhatuen orrhoitzapenak berak eror-arazi zuen ahalkeriarik handienean. Zaurthua zen urrikirik minenaz ikhustean bere gaixki guziak. Galdegin zuen non ediren ahal zezakeien Salbatzaillea, erran zitzaioeneko Simon farisauaren etxean othoruntzatzen zela: ematen zaio berehala bideari, sartzen da animo saindu batekin yateko lekhuan. Artikitzen du bere burua Jesusen oinetarat, bustitzen ditu bere nigarrez, xukatzen bere illeez; gantzutzen ditu ur balios batez, eta ematen diote musu urrikia eta fidantzia erakutsten zituen errespektu batekin.

        Simon farisauak gaitzetsi zuen Salbatzailleak zuen ontasuna utzteko bere oinetan halako emazteki bekhatore bat; eta zion bere buruarekin: gizon hau, profeta balitz, dioten bezala, balakike nor den bere oinetan izan duen presuna. Jesusek ikhusten zuen zer iragaten zen Simonen gogoan, eta erakharri zuen farisau hura emazteki haren laudatzerat. Simon (erran zion) ihardets diozozu galde huni: gizon batek zuen hartzeko bi presunen baitan: batek zituen zor bortz egun diru-peza, eta bertzeak berrogoi eta hamar. Nola batak ez bertzeak ez baitzuen pagatzekorik, hartzeko zuenak barkhatu zioten biei zorra; hetarik zein da, zure arabera, gehienik maitatu behar duena grazia egille hura? Gauza ageria da, Jauna, (ihardetsi zuen Simonek) nork ere baitzuen zorrik handiena, eta hark behar duela gehienik maitatu. Jesusek erran zion hitz horien gainean: xuxen mintzo zare. Ez duzu beraz miretsi behar erraten badarotzut hainitz bekhatu barkhatu zaizkola emazteki huni, zeren hainitz maitatu duen. Orai arteraino ez darotet galdegin gorphutzeko eritasunen sendatzea baizik. Emazteki hau da bakharra eman dena, ahuspez, ene oinetan arimako zaurien sendatzea galdetzekotzat. Itzuli zen gero Magdalena penitentearen alderat, eta erran zion: zohazi, ene alaba, fidantziaz bethea den zure fede bizia baliatu zaitzu salbatzekotzat: barkhatzen zaizkitzu egin ditutzun bekhatu guziak.

        Hura izan zen ordu dohatsua zeinetan munduko amodio zoroak lekhu egin baitzion zeruko amudio zuhurrari. Amudio sainduak sustatu zuen Magdalenaren bihotza: higungu zituen orduraino maitatu zituen atsegin galkhorrak; bakharrik bere Salbatzaillea baitan aurkhitzen zuen bere sosegua eta bozkario guzia. Iragan zituen hogoi eta hamar urthe penitentzia dorpheenetan, arroka zilho batean, gau gehienak othoitzetan zaramatzala.

        Jainkoak yakintsun egin zuen santa Magdalena hil behar zen egun eta orenaz. Hil izan zen Marseilla hiritik hurbil. Greziarrek nahi lukete sinhets arazi santa Magdalenaren erlekiak bere alde hetan dituztela. Marseilla hiriak eta Probentza guziak bertzela diote; ematen ere dute titulu zahar eta onez erakutsterat bere eliza-nausian dadukatela santa Magdalenaren burua.

        Zer penitentziazko exenplu eder ez dugu edireten Magdalena baitan! Saindua haren penitentzia lasterra, animotsua eta efetuzkoa gerthatu zen. 1. Lasterra, etzuen nagitasunik agertu graziari ihardetsteko; haren alderako leihaltasunak garaitu zituen Jainkoa ganat heltzetik gibela zezaketen debeku eta estakuru guziak. 2. Haren penitentzia animotsua zen; etzuen konturik batere egin munduaren errankizunaz, ez eta bere lagun arinen trufez: sobera baizik etzakien zer zen mundua, eta zein guti zuen merezi izatea gehiago hartaz maitatua. 3. Magdalenaren penitentzia efetuzkoa izan zen. Graziak haren bihotza irabazi zuen oren beretik, etzuen arbuiorik eta higuntzarik baizen munduko ergelkeria, atsegin deserregelatu eta bere Salbatzaille adoragarria-ganik urrun ahal zezaketen gauza guzientzat.

        Magdalenak ez du ahalkerik penitent agertzeaz; bainan bai zeren izan den bekhatore. Egiten dio Jainkoari sakrifizio bat bere arimaren gal-arazteko baliarazi zituen guziez. Begiek bitztu zuten haren baitan munduko amudioa, eta begi hek beretarik isurtzen diren urrikizko nigar gozoek hil-arazten dute haren bihotza erretzen zuen su damnagarria. Berriz ere diot beraz: zer penitentziazko exenplu eder ez dugu edireten santa Magdalenaren konbersione miragarrian!

 

aurrekoa hurrengoa