www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLIII. KAPITULUA

Jesusek interrogatzen tu Farisauak eta Skribak
Mesiasen ethorkiaren gainean.
Kondemnatzen du hekin suphertasuna eta
laudatzen alhargun pobrearen karitatea

S. Matth. 22, 23.

 

        Etzen batere miretsteko populu xeheak ederrets zetzan Salbatzaillearen erran zuhurrak. Baziren farisau eta skriben artean ere laudatzen zituztenak haren hitz sainduak. Heien doktor batek ikhusirik zein ungi mintzo zen Salbatzaillea, hartu zuen haren alderako fidantzia handi bat, galdegin zion: zein da manamendu guzietan lehena eta handiena? Jesusek ezin hobeki ihardets ziozokeien legea beraren hitzez baino, zeinek baidakharkete ez dela Jainko bat baizik, hura behar dugula maitatu gure bihotz guziaz, gure arima guziaz, gure izpiritu guziaz, eta gure ahal guziez; behar dugula oraino proximo laguna maitatu gure buruak bezala, bi manamendu hauk elkharri datxeizkola, eta hetan datzala gure legearen perfekzione guzia. Doktorak aithortu zuen Salbatzaillea ezin mintza zitekeiela yustukiago, etzenaz geroz Jainko bat baizik; erran zuen oraino Jainko hura, eta proximo laguna maite zuenak, Jesusek zioen moldean, gehiago egiten zuela ezen ez ofrenda baletza munduko sakrifizio guziak. Salbatzailleak laudatu zuen doktorak bere hitzetan erakutsten zuen zuhurtzia; erran ere zion: hurbildua zara zeruko erresumarat, abiadura on bat duzu han sartzeko.

        Salbatzailleak bazakien hainitzek etzutela lakhet haren predikutan; ordean nola guziak seguratuak baitziren haren hitz bakotxa hanbat egia zela, etzen bat atrebitzen hari galderik egiterat. Hobeki argitzekotzat bere aditzailleak, erran zioten tenpluan ziren farisauei: zer zaitzue Mesiasez? Noren semea dela uste duzue? Ihardetsi zioten Dabiten kastatik athera behar zela. Jesusek horren gainean erran zuen: skribek ere gauza bera diote, eta arrazoin dute; ordean ez dute erraten guzia. Mesias ez bada Dabiten semea baizik, nondik heldu da Dabit berak (Mesiasez mintzo denean) deithzen baidu bere Jauna? Zergatik bada erraten du bere salmotan: entzun dut, Jauna erraten ene Jaunari: yar zaite ene eskuineko aldean: zure alde agertuko naiz: huntaraino geheraturen ditut zure etsaiak non ezarriren baiditut zure oinen azpian. Dabit hunela mintzo othe liteke bada Mesiasen handitasunaz ez izaterat bertze titulurik Dabiten seme izatekoa baizik?

        Salbatzailleak ematen zuen bere hitz sainduez erakutsterat Mesias Dabiten semea zen bezala, orobat Jainkoaren semea zela. Populuak sinhetsi zituen haren erran guziak: Doktorek berek etzakiten zer ihardets; handik harat nihork etzion egin galderik gehiago nausi dibonoari; bainan bera mintzatu zitzaioten bere dizipuluei yuduen doktorez, zeinak saindutasunezko fama handian baitziren bazter guzietan. Salbatzailleak, hetaz mintzo zela, eran zuen yarriak zirenaz geroz Moisen alkhiaren gainean, entzun behar zirela explikatzen zutenean legea; ordean etzitustelakotzat erraten zituztenak berek egiten, aski zela sinhetstea heien hitzak yarraiki gabe hekin obrei; ezartzen zituztela karga pisuak bertzeen bizkarretan, eta berek etzituztela ukitu ere nahi; bizitze guri bat zaramatela; nahi zituztela lehenbiziko lekhuak mahainean, eta alkhirik ohoratuenak tenplutan; nahi zutela guziek egin ziozoten agurra, eta eman ziozoten nausiaren izena. Zuetaz bezanbatean (erran zioten Jesusek bere dizipuluek) ez zabiltzatela nausiaren eta aitaren izenaren ondoan: haurrideak zarete guziak, zeruko aitaren ume berak: nor ere altxatuko baida, eta hura izanen da beheratua; berriz, nor ere beheratuko baida, eta hura bera izanen da altxatua.

        Jesusek kondemnatu zituenean skribeen eta farisauen guritasuna eta suphertasuna, mintzatu izan zen amoinari zatxeikon merezimenduaz Jainkoa beragatik zenean egina. Yarri izan zen populuak bere ofrendak egiten zituen lekhutik hurbil, ikhustekotzat nork zer ematen zuen. Aberatsek diru hainitz ofrendatu zuten; halarik ere, hekin amoina handiak baino gehiago laudatu zituen alhargun pobre batek eman zituen bi kornadu. Emazteki erromes haren bihotz-ontasunak atsegin egin zion Salbatzailleari: erran ere zioten bere dizipuluei: egiaz mintzo natzaitzue. Alhargun hunek bertze guziek baino gehiago eman du: bertzeek ez dute eman bere ontasunen parte xume bat baizik; ordean hunek eman du eman ahal zezakeien, eta bizitzeko behar zuen guzia.

        Hipokrisia da gaixki bat hanbatenaz higungarria zenbatenaz hartzen baidu berthutea bera bere maleziaren estalkitzat. Errelijioneak ez du deusere errespektagarririk eta saindurik hipokrisiak gaixtatzen ez duenik. Hipokrisiak eskarniatzen du berthute guziak errexkiago enganatzekotzat mundua. Batean emetasuna, bertzean modestia; orai humiltasuna, sarri karitatea; badaki guziez balitazen bere ganatzeko gizonen estimua eta laudorioak. Hipikrisiaren phozoina sartzen da begitarik eta beharritarik. Sathanek ez bide du hipokrisia baino arma seguragorik arimen gal-araztekotzat. Heresia gehienek bizio hartan ohi dute bere ethorkia; ez da hetarik batere hastean kanpo eder bat erakutsi ez duenik. Arius heretiko ospe handitakoak, eta hanbat desmasia egin izan duenak hunenbat humiltasun agertu zuen non bere ganatu baitzuen Alexandrian ziren arima Jainkotiar guzien fidantzia. Lutherek eta Kalbinistek mortifikazione handiago bat hartu zuten estakurutzat bazterren izurriztatzekotzat bere ilhumbe damnagarriez.

        Ez da miretsteko Jainkoak kondemnatu izan baidu zorrotztasun guzian hipokrisiako bekhatua, erran badu zorigaitz zuentzat, farisauak eta skribak. Kanpotik xurituak diren hobien iduriko zarete. Barneak galduak eta ustelduak ditutzue: ez duzue zeren iguriki sarturen zaretela ene erresuman. Nor mintzo da hunela? Jesu-Kristo, emetasuna eta miserikordia bera dena. Ezagun da haren hitz saindutarik hipokrisia zein bekhatu handia den haren begietan: ez dugu ere nihon ikhusten konbertitu izan duela hipokritarik batere.

        Ala baidut, Jauna, zertaz kondemna ene burua hipokrisiaren gainean! Zenbatetan ez diot nahi izan sinhets-arazi munduari humil, prestu, garbi nintzela pasione gehienak nausituak ziren denboran ene bihotzean! Zenbatetan ez dut izan artha gehiago agradagarriago agertzeko munduaren begietan, ezen ez zure begietan! Zenbatetan ez naiz lorifikatu ene ahalkeria eta kondemnamendua eaiten zuten flakezia eta eroriko humiliagarriez berez! Ikhusten duzu, o Salbatzaille amultsua! ene bihotzeko urrikia. Bai, damu dut ene obra onetan sartu ahal ditezken xede gaixto guziez. Hitz ematen darotzut, ontasuna bera zaren Jainkoa, ez dudala bilhatuko ethorkizunerat zure loria eta ene salbamendua baizen ene hitz eta obra guzietan.

 

aurrekoa hurrengoa