www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXVIII. KAPITULUA

Jesusek argitzen du itsu bat.
Zakeen fede bizia

S. Luc. 19.

 

        Jesusek bere dizipuluekin solasean zohala, bathu zuen itsu bat bidearen gainean yarria, eta eske zagoena. Itsu hark entzun zuen harramantza handi bat, eta galdetu zuen zer zen. Erran zitzaionean Jesus Nazarethkoa iragaten zela han gaindi, abiatu zen erraten oihuz: Jesus, Dabiten semea, duzun nitaz urrikalmendu. Populuak nahi izan zuen ixil-arazi; ordean alfer izan ziren haren alderako hitz dorphe eta dixidu guziak. Gure itsua etzen batere ixiltzen: egundaino baino gorago zaraman bere oihua. Etzen miretsteko: berak zakien bere gaitzaren berri, eta fidantzia handi bat zuen sendaturen zela. Yarraiki zitzaion Salbatzailleari guzietarat; hain ungi egin zuen, non ardietsi baitzuen, haren urruntzerat hari zireneen bortxaz bezala, galdetzen zuen guzia. Salbatzaillea trikatu zen aphur bat, eta manatu zuen erakhartzeaz itsu hura garen ganat. Lehen hura bidetik khendu nahiz zabiltzanek erran behar izan zioten: izan zazu gogoa on, altxa zaite, zure galdea du. Gure itsuak etzituen hain laster hitz konsolagarri hauk entzun, non abiatu baitzen bozkarioz, yauzika. Momenturik galdu gabe, lehiatu zen Salbatzaillea gana. Salbatzailleak galdegin zion zer nahi zuen egin ziozon. Itsuak ihardetsi zioen: Jauna, idek dietzadatzu begiak, bihur diezadazu bista. Miriku soberanoak urrikari izan zuen itsu hura: ukitu ziotzon begiak bere esku botheretsuaz, eta erran zion: ikhus zazu; sendatu zaitu zure fedeak. Ordu berean itsuak ikhusi zuen, eta yarraiki zitzaion bide guzian Salbatzailleari, eskerrak bihurtzen ziotzotela hark beregainki, eta harekin batean mirakuillu haren lekhuko izan ziren guziek.

        Salbatzailleak egin zuen oraino Jeriko berean gauza bat ungi miragarria: hiri hartan bizi zen gizon aberats bat, publikanoen buruzagia zena, eta aspaldion Jesus ikhusi nahia. Ordean, bere egin ahal guzien erdian, ezin konpli zezakeien zuen gutizia. Aphala zen gorphutzez, eta etzen hurren seinale ere bertzeen baltsan: bera baino handiagoak ziren, eta bere inguru guzietan zituen yendeek debekatzen zuten ikhustetik Salbatzaillea.

        Antzeak konplitu zuen gorphutzeko handitasunaren eskasa. Zakee igan zen Salbatzaillea iragan behar zen bideko arbola baterat, handik haren ikhusteko bere gogara, eta debekurik gabe. Jesusek, bide hartarik iragatean, ikhusi zuen Zakee arbola gainean, erran zion arraiki yauststeaz handik, eta egun hartan haren etxerat beharra zela. Zakeek egin zuen berehala manatu zitzaiona: errezibitu zuen Salbatzaillea bere etxean. Nausi dibinoari egin zion ezin erranezko begitarteak erakutsterat ematen zuen ekhartzen zion errespektu handia, eta haren ikusteaz zuen bozkario guzia. Errateko aurkhitu zen Jesus ostatatzeaz fama txarretako publikano baten etxean; ordean laster ikhusi zen Jesus Zakee baitan sarthu zela, miriku bat eri baten etxean sartzen den bezala: eta egiaz, ordu hartan berean Zakeek altxatu zuen bere bihotza zerurat. Eman zen, ahuspez, Salbatzaillearen oinetan, eta erran zion: aithortzen dut, Jauna, hemen direneen, eta ene berri dakiten guzien aitzinean, bekhatore handi bat izan naizela. Ezin garbi dezaket ene burua; ordean eskandalisatu balin badut mundua orai arteraino, nahi dut, hala-hala, orai guziek yakin dezaten nolakoak diren ene xedeak. Hasten naiz ematetik pobretarat ene ontasunen erdia, era ezagutzen badut egin diodala nihori bidegaberik, ekharria naiz hari bihurtzerat zor diodan baino lauetan gehiago.

        Salbatzaillea boztu zen sar arazteaz bide onean ardi errebelatu hura, eta erran zuen: egun hau salbamenduko egun bat da etxe hunentzat. Yuduek behatu diote orai arteraino Zakeeri atze eta publikano bati bezala; ordean, egun, bere fede handiari esker, egina da, hek bezala, Abrahamen ume.

        Simon, lepratsuaren izen-goitia zakharkenak (naski lepratik sendatua izan zelakotzat) othoitztu zuen Salbatzaillea afaltzeaz haren etxean. Lekhu hartan berean biztu izan zen Lazara. Marthak nahi izan zituen zerbitzatu mahainean zirenak. Othuruntzako mugan, Maria Lazaraen eta Martharen haurrideak isuri zuen Jesusen oinen gainerat belhar miragarri eta diru handia egiten zuen baten uretik. Huntaraino zohan ur haren balioa, non Mariak Jesusi buruaren gainerat isuri zuena, izan baitzen estimatua ehun eta berrogoi eta hamar libera diru. Ur preziatu haren urrin onak bethe zuen etxe hura guzia. Yudas, apostolu traidorea, bekaxtu zitzaion Mariari. Gaitzitu zitzaion hala galtzeaz hanbat diru balio zuen ura; erran ere zuen balinba hobe izanen zela ur balios hura saltzea, eta haren dirua hari ematea pobreen laguntzekotzat. Judas etzabilhan pobreengatik, dio iskribu sainduak, bainan nahiko zuen diru hura eskuratu asetzekotzat bere abarizio zikhina.

        Jesusek, ikhusirik bere dizipulu zenbaitek etzutela laudatzen Mariak haren ohoratzeko xedez egin zuena, yarri zen haren alde, eta egin zituen haren laudorioak. Bere dizipuluei erran zioten: zerentzat damustatzen duzue emazteki hori? Obra on bat eginik heldu da: urrinztatu nahi izan du ene gorphutza, orai beretik, hillen naizen eguneko. Noiz nahiden sokhorri detzaketzue pobreak, bethi izanen duzue hetarik; ordean ez nauzue ni bethi ageriki izanen lurraren gainean. Yakin ahal dezakezue orai Mariak egin duena ezagutua eta laudatua izanen dela ene ebanyelioa predikatuko den bazter guzietan.

        Biharamunean, Jesus ilki zen Bethaniatik. Hurbildu zenean Yerusalemerat, erran zioten bere dizipulutarik biei: zohazte begien aitzinean duzuen herrizka hortarat. Han edirenen duzue asto bat bere umearekin; lexa eta erakhar ezazue ene gana: nihork galdegiten badarotzue zer egin gogo duzuen hetaz, ihardetsiko duzue zuen nausiak hekin beharra duela. Dizipuluek egin zuten manatu zitzaiotena. Hunela iragan ziren hauk guziak, dio ebanyelioak, izan zitezentzat konplituak Mesiasez erran izan zirenak.

        Ikhas dezagun Zakeen eskola zuhurrean izaten Jesu-Kristo baitan fidantziarik handiena. Gauza guziek behar gaituzte erakharri fidantzia hartarat. Berak erraten daroku bekhatoreen salbatzeko ethorri dela mundurat. Ez da ikhusi egundaino hura bezain nausi eztirik, ez eta halako aita onik. Jesusen bizitzeko misterioek, haren sofrikariek, haren heriotzeak, hitz batez errateko, gauza guziek irakhatsten darokute haren baitan ezarri behar dugula gure fidantzia guzia.

        Ala ene fede gutiak erakutsten baidu, Jauna, ene fidantzia eskasa! Ez da batere miretsteko bethi lahenekoa balin banaiz, pasioneak nausitzen badire ene bihotzean, eta ez banaiz entzuna ene othoitzetan. Heldu naiz, egun, zure ganat esparantza bizi batekin ahantziren zaizkitzula ene gaixki guziak, orrhoitzekotzat bakharrik enetzat eman duzn odol sakratuaz. Zu zare, Jauna, ene fidantzia guzia. Ezagutzen tutzu ene flakezia eta bekhatu guziak. Lazten naute, eta ikharatzen. Aithortzen dut ez dudala merezi zure miserikordia, bainan bai gaztigurik garratzenak. Zure izenak berak, Jauna, ematen darot fidantzia oso bat: bekhatorea naiz, egia da; ordean zu, ene Jesus, ene Salbatzaillea zare.

 

aurrekoa hurrengoa