www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIV. KAPITULUA

Jesu-Kristoren barura mortuan;
etsai gaixtoak tentatzen du

S. Matth. 4.

 

        Jesus-Kristok, bathaiatua izan zeneko, irakhatsi zioten giriztino guziei nola bizi behar ziren sakramendu hura errezibitu ondoan, eta nola behar ziren hartu tentamenduei eta sofrikariei buru egitekotzat. Salbatzailleak urrundu zen mundupetik, eta sarthu zen mortuan: han iragan zituen berrogoi egun eta berrogoi gau deus ere yan eta edan gabe. Ilhunbetako izpirituak uste izateko zuen halako barur luze eta bortitz bat egiteko gai zena etzela bertze gizonak bezalakoa; ikhusi behar zuen Jainkoaren seme adoragarria zela bakharra hanbat denbora iraun ahal zezakena yan eta edan gabetarik: halarik ere, zer etzuen egin satan gaixtoak Salbatzaillea eskuratzekotzat? Deus ere ezin irabazi zuenean barneko tentamenduen bidez, abiatu zen bertze molde batez. Huna nola hartu zen. Hurbildu zen Jesus-ganat antze handirekin. Gordea zadukan bere xede gaixtoa; eta fede largo eta zabal bat erakutsten zuen kanporat: horrela zitzaion egin behar zuela eror-araztekotzat bere nahirat zuhurtzia bera zena. Erran zioen beraz Jesusi: iduritzen zait Jainkoaren semea zarela, hura balin bazara, zergatik ez ditutzu harri hauk ogitarat ganbiarazten? Ardiets zinetzake barur handi hark gal-arazi darozkitzun indarrak. Jesusek etzion ezagutzarat eman bere Jainkotasuna; ihardetsi zion iskribu sainduko hitz hautaz: ez du ogiak hazten, bakharrik, gizona, bainan Jainkoaren ahotik heldu den hitzak, erran nahi da, Jainkoaren manuen alderako obedientzia osoak.

        Etsai gaixtoak ikhusirik ezin probetxatu zela gosearen estakuruaz, baliatu zen bertze tentazione batez, zeina baida guzietarik lerragarriena, eta presuna hobekienik eskuratzen duena: hura da urguillua. Eraman zuen Salbatzaillea tenpluaren gainerat, eta izan zuen atrebentzia hari errateko: baldinetariak Jainkoaren semea bazare, bathaiatu zinenean, zerutikako boza batek, Jourdaingo hegian, adi-arazi zuen bezala, emazu egia haren seinale bat guzien aitzinean: artik azu zure burua gain huntarik lurrerat; eta dosteta bat egiten zuelarik iskriturako hitz errespektagarriez, erran zion oraino: ez duzu zeren izan deuseren beldurrik; ezen iskribatua da Jainkoak manatu diotela bere aingeruei zutaz artha idukitzeaz, eta zu bere besotan hartzeaz behaztopa etzaitezentzat. Orduan Jesusek ihardetsi zion Satani: iskritura saindu hark berak erraten zuela hitz garbiz: Ez duzu tentatuko Jainko zure Jauna. Hunela ihardetsteko zuhurtziak konfunditu zuen etsai gaixtoa, etzen hargatik gibelatu tentamendu berri bat sor-araztetik.

        Satanek, egundaino bezala, eraman zuen Salbatzaillea mendi gora baterat; erakutsi ziotzon handik begiak ikhus ahal bezanbat bazter, eta erran zion: erresuma eta lur horiek guziak neureak dire: adoratua naiz lekhu horiek guzietako populuez, lekhat, yuduez: ene eskuko ditut bazter zabal horiek: emanen darozkitzut diren guziak yartzen bazare, ahuspez ene oinetan. Solas zoro eta intsolentziaz bethe hau gaitzitu zitzaion Salbatzailleari. Mintzatu zen nausi bezala, erran zion arbuiorik handienarekin etsai gaixtoari: urrun hadi, Satan, ene begietarik. Yakin ezak iskribatua dela: Adoraturen duzu Jainko zure Jauna, eta ez duzu zerbitzaturen hura bera baizik. Nausi adoragarriaren hitzak ihurtzuri baten pare izan ziren etsai gaixtoarentzat. Etzuen gehiago izan tentatzeko gurarik: eman zitzaion ihesari, eta etzen handik harat batere agertu. Aingeru aralde bat hurbildu zen Jesusen ingurutarat, eta zerbitzatu zuten Salbatzaille maitea.

        Sainduek behatu diote Jesu-Kristok izan zituen tentamenduei eskola zuhur eta kontsolamendu gozo bati bezala. Maita zagun, diote, erretiramendua, barura eta othoitza, eta etsaiak ez du harturen eskudantziarik gure gainean; izan gaiten leihal Jainkoaren alderat, eta ordutik tentamenduak gure onetan gerthaturen dire, ezin iraganen dire gure bihotzetarat, aitzitik, yauts-araziren dituzte gure arimetarat zeruko laguntza handienak eta grazia preziatuenak.

 

aurrekoa hurrengoa