www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLI. KAPITULUA

Jesusek nola behatzen dioten
Yudu sinhets gogorrei.
Mahatstizainek hiltzen dute
bere nausiaren semea

Matth. 21.

 

        Zenbat ere baitzirurien Jesusek nahi zuela ixiltasuna begiratu, ezin egon zen seinalarazi gabe bere khar saindua farisauen eta legeko doktoren alderat. Ezagut-arazi zioten bizitze urrikalgarri bat zaramatela, eta itxurazko prestutasun baten fama galtzeko beldurrak gibelatzen zituela penitentzia egitetik. Hortarakotzat galdegin zioten bere sentimendua parabola hunen gainean.

        Gizon batek zituen bi seme; manatu zuen, egun batez, zaharrena yoateaz lanerat haren mahatstirat. Seme hunek ihardetsi zuen berehala bihurriki etzela harako; ordean sartu zen, aphur baten buruan, bere baitan, eta egin zuen obedientzia. Manu bera egin zitzaion seme gazteagoari, hau emeago eta obedientago agertu zen. Errespektu handirekin mintzatu zitzaion bere aitari. Agindu zion hariko zela lanean hark nahiko zuen bezanbat; ordean bere hitz legun guzien erdian, etzen hurbildu mahatstirat. Zein da, zuen arabera, bi seme hetan aitaren nahia egin duena? Ez zitzaioten gaitz ihardetstea; ordean tontoegiak ziren ezagutzekotzat bere kondemnamendua bere hitz beretan. Ihardetsi zuten lanhoki seme zaharrenak egin zuela aitaren nahia.

        Orduan Jesusek erran zaroen farisau eta legeko doktor hei: har ezazue ungi gogoan, eta finka izpirituan egia bat egun irakhatsi nahi darotzuedana, eta zuen aithorrari dagokona. Zuek baino berthute gehiago dute publikanoek; eta fama gaixtotako emaztekiek, zuek baino ohore gehiago izanen dute zeruko erresuman; ordean zuek baino altxatuagoak izaten badire zeruko erresuman, edo, zuek ez bazarete han sartzen, loth zakizkote bakharrik zuen buruei: ez duzue merezi duzuena baizik. Sumetimendu itxurazko batez bere aita enganatu nahi izan duen seme haren iduriko izan zarete. Joanes-Baptista, bazter guzietan ospe handitan zena ethorri izan da zuen ganat, irakhatsi darotzue salbamenduko bidea; nahi izan zaituzte erakharri penitentziarat; ordean zer gerthatu da? Aski iduritu zaitzue haren entzutea: ez zaizkote yarraiki haren exenpluari ez duzue egin zuen bekhatuen penitentzia.

        Publikanoek eta emazteki bizi gaixtotakoek zuek baino hobeki egin dute. Entzun izan dutenean Jainkozko gizon hura, ezagutu dituzte bere buruak; lothu zaizko bizitze berri bati, eta seme zaharrenak bezala egin dute. Arbuiatu zituzten orduraino zeruko aitaren manu sainduak; bainan, handik harat, ekharri zioten obedientzia. Hitz hauk aski izan ez balire bezala hautstekotzat bihotzik gogorrenak, Salbatzailleak athera zuen bertze parabola hau.

        Familiako aita batek landarazi zuenean mahatsti bat, eragin zuen sasi bat haren ingurutan, dolhare bat lurpean, eta dorre bat hekien begiratzekotzat. Eman zioten mahatsti hura aphur batetakotz mahatstizainei, hango lanak egiteko, izatekotan hunen bertze mahats beretzat. Yabe hark utzi zuenean bere mahatstia gizon hekin arthaen azpian, hedatu zen lekhu urrunetarat, eta etzen gehiago agertu mahatsen biltzeko muga ethor arteraino. Orduan egorri zituen sehiak beretzat aldaratu zituen mahatstiko fruituen bilha. Sehi hek dorpheki izan ziren hartuak. Mahatstizainek zehatu zuten lehenbizirik ethorri zehia, idoiztatu eta zauriztatu bigarrena, eta hik hirur garrena.

        Halako atrebentzia batek galdetzen zuen (ikhusia den bezala) punimendua; bizkitartean nausiak egin zuen ez yakinaena, eta egorri zuen bigarren aldian bere mahatstirat lehen aldian baino sehi gehiago. Hauk ere orobat izan ziren zehatuak, harrikatuak eta hillak. Zer egiten du familiako aitak? Egortzen du bere seme bakharra etziotelakoan hari bederen gaixkirik eginen, eta haren beldur izanen zirelakoan. Gaixtagin dohakabe hek ikhusi zutenean seme hura, konpartitu zuten, bere artean, hil behar zutela yabetzeko haren ontasunaz. Hala ere egin zuten: lothu zitzaizkon seme hari, khendu zuten mahatstitik, eta eraman zioten bizia.

        Jesusek erran zituenean hauk guziak, galdegin zioten farisauei eta legeko doktorei: ethorriren denean mahatstiaren yabea halako gaixtaginen gaztigatzerat, nola uste duzue punituren dituela? Ihardetsi zioten etzela halakoentzat punimendu aski garratzik, merezi zutela heriotzerik dorpheena, eta nausi hark harturen zituela mahatstizain hobeak artha izanen zutenak hari bihurtzeko, denboran, bere fruituak.

        Farisauek eta legeko doktorek beretzat beharko zituzten hartu Salbatzaillearen hitz errespektagarriak; ikhasi zuten bere liburutarik Jainkoak egundainotik maitatu izan zituela bere populu eta bere mahatsti hautetsia bezala; egortzen zituela noizetik-noizerat bere zenbeit zerbitzari mahatsti hartarat hango fruituen biltzerat; ordean hiltzen zituztela krueltasun handirekin: bazakiten oraino orduan hei mintzo zitzaiotena mahatsti, edo populu haren yabearen seme bakharra zela, halarik ere bizia hari eramateko xedea zaramatela. Zenbat arrazoin etzuten beraz beldurtzeko Jainko handiak puni zetzan hekin gaixki izigarri guziak! Ordean urguilluak itsutzen zituen farisau eta legeko doktorak: etzituzten bere buruak kondemnatzen. Salbatzailleak erran behar izan zioten parabolarik gabe, eta garbiki: zeruko graziez egiten duzuen arbuioaren punimendutan, khenduko zaitzue orai arteraino zuentzat zen zeruko erresuma; zuek baino leihalago izanen direnak, eta salbamenduko fruitu gehiago bilduko dutenak izanen dire bakharrak sarthuren direnak zeruko erresuman.

        Ala presuna urrikaltzeko baida largatzen dioenean bere burua urguilluari! Utzten bada pasione hau bihotzean nausitzerat, laster yarraikiren zaizko bertze pasione guziak. Nondik heldu dire familietako hotztasunak? Hauzoen arteko eskatimak? Inbidiak, hauziak, eta bertze gaixkiak? Nondik? Urguillua ohi dute bere ithurburu ondikozkoa. Humiltasuna maitagarria bezain da higungarria urguillua. Halarik ere, o itsumendua! Pasione hau hedatzen da bazter guzietarat, sartzen da adin, estatu, kondizione guzietan: baliatzen da azkenaz-goiti errelijioneaz beraz munduaren estimu ezdeusa beretzekotzat. Zenbatak, Jainkotiar iduri dutenak, eta orduko prestutasunaren axala baizik ez dutenak! Ez ahalda munduan bizio kaltekhorragorik, gehiago ikharatu behar gaituenik urguillua baino. Izurriztatzen du, askotan, obrarik, berenaz, sainduenak. Nahi bezanbat lagunduko dire pobreak, eginen barurak, eta bertze penitentziak, urguillua sartzen bada batere horietan, obra on iduri hek guziak kanpo ederra eta barnea gaixtatua duten fruituak bezala dire. Nork egiten du farisauek egiten zuten baino karitate gehiago pobretarat? Nork darama hek bezain bizitze dorphea? Nor, iduritik hartzerat, hek bezain saindurik? Ordean munduaren estimua eta laudorioak bilhatzen zituzten: urguilluak zarabiltzan, eta horra, zerk erakharri zuen Jainkoa heien punitzerat eta behin bethiko kondemnatzerat.

 

aurrekoa hurrengoa