www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IX. KAPITULUA

Erregeek adoratzen dute Salbatzaillea

Matth. 2.

 

        Hirur erregeek ikhusi zuten abendoaren hogoi eta bortzean, izar bat bertze guziek baino gehiago distiatzen zuena. Uste izan zuten izar hura zela Jakoben izarra, Balaam profetaz aiphatua, eta ezagutzerat eman behar zuena egun zorionezko hura, zeinetan sorthu behar baitzen zeruaren eta lurraren yabe soberanoa. Hirur erregeak, edo magoak, eman zitzaizkon bideari; izar arraiotsu hura zutelarik bere gidari. Egon ziren hamabi egun bidean. Hurbildu zirenean Jerusalemerat, estali zitzaien izarra. Sartzearekin batean hiri hartan, galdegin zuten zein lekhutan zen adoratzerat heldu ziren erregea. Jerusalemeko populua miretsia izan zen ikhusteaz halako presuna ohoragarriak ethorriak adoratzerat yuduen erregea, yuduek berek ezagutzen etzutena, zeina ezbaitzakiten sorthu ere zela. Herodes zen ordu hartan yuduen errege. Nola bertzeen bortxa, erregetu baitzuen bere burua, beldurtu zen gal zezan bere khoroa. Bil-arazi zituen aphezak eta legeko nausiak: galdegin zioten Kristo non behar zen sorthu. Ihardetsi zioten, boz beraz, Kristo sorthuren zela, Jainkoak bere profetaren ahoz erran bezala, Bethleem, Judako hiri xumean. Printze supher eta kruel haren izpirituak eta bihotzak aski izan zuten argitasun hura asaldatuak izatekotzat.

        Herodesek erakharri zituen magoak bere ganat: othoitztu zituen errateaz zein egunez agertu zitzaien izarra: egin zuen hekin debozionea laudatzen zuelako itxura: erran ere bazioten: zohazte Bethleemerat, han behar duenaz geroz sorthu igurikia den, eta bere populua libratu behar duen erregeak. Yakin ezatzue, xeheki, haur sorthu berri haren berriak, eta egin nazazue, lehen-bai-lehen, yakintsun; ezen ni ere zuek bezala, harat nahia naiz errege berriaren adoratzerat. Herodes traidoreak etzuen hainitz salatzen haur dibino hura hil-arazteko zaraman xede barbaroa. Hirur erregeak lothu zitzaizkon bere bideari. Agertu zitzaien berriz ere, Jerusalemen sartzean, begitarik galdu zuten izar hura bera, eta gidatu zituen xuxen Bethleemerat.

        Nolakoa etzen behar magoen bozkarioa agertu zitzaiotenean bigarren aldian argizagi eder hura, eta ikhusi zutenean baratzen errege berria sorthu zen heiaren gainean! Sartu ziren lehiarekin alde guzietarik idekia zen heia hartan, eta aurkhitu zuten bilhatzen zutena. Haur dibinoa bere amaren besotan zatzan: etzuen deusere kanpotik bertze haurretarik berex zezakenik; ordean bere barnetan zuten zeruko argiak ezagut arazi ziotzaten magoei haur haren baitan Jainko gizon eginaren goratasun eta maiestate guzia. Yarri ziren, ahuspez, haren oinetan fede eta errespektu handienekin: adoratu zuten bere yabe soberanoa eta munduaren Salbatzaillea bezala; eskaini zioten herri hetan ziren gauzarik preziatuenetarik, hala nola urrea intsentsua eta mirra.

        Jainkoak etzuen nahi errege saindu hek bihur zitezen bere lurretara Jerusalemen gaindi. Aingeru batek erran zioten amets batean bertze bide bat behar zutela hartu, eta beiratu behar zirela Herodes ikhustetik. Hunela urmariarazten ditu probidentzia sainduak, berari hala zaionean, gizonen zuhurtzia faltsoa eta gaixtakeria guziak.

        Gauza miretstekoa! arrotzak heldu dire lekhu urrunetarik munduaren Salbatzaillea adoratzerat, eta yuduek ez dute ezagutzen ere bere artean duten Salbatzaille hura bera! Deusere errexagorik Herodesentzat nola bereganatzea magoen zorion handia. Jainkoak hel arazten ditu haren ganat hirur erregeak; erraten diote Judean sorthu dela Jainkoaren seme adoragarria; bere erresumako aphezek eta legetako gizonek gauza bera erraten diote; ordean zertako dire laguntza eta grazia guziak bihotza gaixtatua denean, eta largatua inbidiari, tronperiari eta krudelitateari?

        Nahi badugu Jainkoa aurkhitu, bilha dezagun fede onean. Ez dugu izar beharrik heltzekotzat haren ganat. Eskutan ditugu behar diren laguntza guziak: bihotz humil bat eta xede garbi bat izatean datza guzia. Erakuts dezagun graziaren aldera magoek izarrari yarraikitzekotz izan zuten leihaltasun bera. Ez gaitezela ager, eskuak hutsik, Yaunaren aitzinean: lakhet du ikhustea gure baitan prestutasuna, mortifikazionea eta haren ganako amudio khartsua. Hulakoak dira gure ganik galdetzen dituen emaitzak: ez du behin ere arbuiatzen bihotz humil bat, eta bekhatuen urrikiaz zaurthua dena. Hirur errege hekin erlekiak aurkhitzen dire Colognako hirian.

 

aurrekoa hurrengoa