www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

X. KAPITULUA

Andre-dena Mariaren Purifikazionea

Luc. 2.

 

        Jesu-Kristo sorthu zenetik berrogei egunen buruan, Andre-dena Maria sumetitu zen purifikazionearen legerat. Etzuen, ikhusia den bezala, zeremonia hartarik iragateko beharrik; kontzebitu izan zuenaz geroz Izpiritu saindua beraren berthutez, eta amatu zenaz geroz batere goibeldu gabe bere biryinitatea; ordean purifikazioneari zatxeitzon humiltasuna aski izan zen Mariarentzat iragan nahi izateko zeremonia hartarik. Ez dio behatzen Jainkoaren ama izateko zuen titulu loriosoari, ez eta biryinitatearen pribilio miragarriari: badaki saindutasuna bera den Salbatzaillea eman dela zirkunzisionea manatzen zuen lege humiliagarriaren azpian, damu luke beraz, bere garbitasun guziaren erdian, libratzea bere burua purifikazionearen legetik.

        Maria agertu zen templuan bere haur maitea besotan. Ofrendatu ziotzon Jainkoari bi uso-kume. Legeak hala manatzen zioten pobreak zirenei. Legeak nahi zuen oraino burasoek ofrenda zetzaten ume lehenbizirik sorthuak. Maria etzen herabe izan aita eternalari ofrenkatzerat haren bozkario guzia, eta haren kontsolazione bakharra egiten zuen ume maitea. Zer sakrifizio handi Mariaren bihotzarentzat! Hanbatenaz minkiago sentitzen zuen sakrifizio hura, zenbatenaz baitzakien ordu beretik zer tormenta ikharagarri, eta zer heriotze laidotsu yasan beharko zituen haren seme dibinoak.

        Izpiritu sainduak erakharri zuen tenplurat Simeon, gizon zahar eta prestua, Yosef eta Maria Jainkoari Jesus maitea ofrendatzen hari ziren ordu berean. Jainkoak agindu zioen Simeon zaharrari ikhusiren zuela, hil baino lehen, mundurat egorri gogo zuen Salbatzillea. Hala gerthatu zen. Fedeak argitu zuen Simeon prestua: ezagutu zuen. Tenpluan sarthu orduko, haur hura zela munduaren Salbatzaillea: hartu zuen bere besotan: yarri zen bozkariorik handienean, eta kantatu zuen kantika eder bat eskerren bihurtzekotzat, erraten zuelarik: deith nazazu, Yauna, plazer duzunean zure ganat; ez dut gehiago deuseren gutiziarik behere huntan. Deskantsu hillen naiz ikhusirik ilhunbe guziak bere argiaren arraioez suntsi-arazten dituen Salbatzaille maitea, eta bere zuhurtzia populu guzietarat hedaturen duen nausi soberanoa. Hitz hautarik lekhora, Simeonek bihurtu zion Mariari besotan zadukan Jesus adoragarria, erraten zioela: zure seme maite hori ethorria da guzien salbatzerat, halarik ere, gehienak galduko dire ez nahiz probetxatu horren heriotze sainduaz; ordean Jesus bere Salbatzailletzat hartu nahiko ez dutenek ezaguturen dute bere yuietzat. Zuri errateko dudana da partale beharko zarela zure seme maitearen sofrikari guzietan; atsekabeak zilhaturen duela zure bihotza lantza zorrotz batek bezala, ikhusiko duzunean Jesus hiltzen tormenta guzien erdian. Simeon zaharra horrela mintzo zela, sarthu zen tenpluan alhargun bat Ana zaritzona: ospe handitan zen herri hetan; ezen bazuen profetisatzeko dohaina, eta bizitze saindu bat zaraman. Ikhusi zueneko Jesus haurra, bethea izan zen Simeonek zuen Izpiritu beraz, eta bozkario beraz. Laudatu zuen Jainkoa, eta erran zituen haur dibino hartaz zakizkien gauza guziak.

        Ala miragarriak baidire Mariaren berthute ederrak! Ez du nahi agertu denarentzat; seinalatzen du bere humiltasuna. Jainkoaren ama da, eta bertze ameen baltsan ematen du bere burua. Biryina guzietarik garbiena da, eta badoha tenplurat, bertze emazteak bezala, purifikatua izaterat. Ezin erran bezanbat maite du bere seme adoragarria, guziarekin Jainkoari egiten dio sakrifizio bat haren biziaz, ofrendatzen dio biktima bat bezala. Mariak Simeonen eta Anarenganik entzun zituen hitz lazgarriek bazuten zertaz erdira haren bihotz amultsua; halarik ere, zer nahi pairatzerat dago yaunaren ohoretan. Erran behar da, nonbait, amaren eta semearen Izpirituak miragarriki konpuntzen zirela.

        Nor dire Salbatzaillea tenpluan ikhusteko zoriona dutenak? Hek dire gizon zahar saindu bat aspaldion Jesus maitea lehiarekin igurikitzen zuena, emazteki prestu bat mundutik ihes zabillana, egunak eta gauak barurean eta othoitzean zaramatzana. Horra bi presuna hiri handi batetako bakharrak Salbatzaillea ikhusteko dohatsutasuna izan zutenak. Ala gutiak baidire Jainkoa edireten dutenak!

        O Biryina saindua, ene salbamendukotzat hanbat egin izan duzuna! Egizu ez dezadan neronek gal ene burua. Zu zaitut, Jainkoaz landan, ene kontsolazione guzia: zure baitan dut ene fidantzia osoa: izan-araz diezadazu, zure othoitzez, Yaunaren legearen alderako leihaltasunik handiena, eta denbora berean, bihotzeko garbitasuna. Egizu, o! bekhatoren ihes-lekhua, bethi zerbitza eta maita dezadan zeru lurren nausia, eta aita guzietarik hoberena: onhets zazu, othoi, beha diezazudan bizian eta heriotzean miserikordiazko amari bezala, eta lagun nazazu, zuk ere, zure ume maite eta zerbitzari leihal bezala.

 

aurrekoa hurrengoa