www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLIX. KAPITULUA

Pilatusek ez du ezagutzen
Jesu-Kristo baitan hobenik.
Halarik ere kondemnatua da
azotatua izaterat

S. Matth. 27.

 

        Salbatzaillea izan zen beraz, eskuak estekaturik, eramana Pilatusen palaziorat. Berria hedatua zen bazter guzietarat legeko doktorek eta sinagogako buruzagiek ezagutu zutela azkenean Jesus, orduraino Jainkoaz egorria zen gizon saindu batentzat zadukatena, gezurti eta profeta faltso bat zela; gehiago dena, sorgin bat eta majiziano bat zela: Beelzebuten laguntza behartzen zitzaioela etsai gaixtoak gorphutzetarik khentzeko, eta bertze mirakuillu guzien obratzekotzat. Gaixtaginek eman zioten gezurrari egiaren iduririk ederrena. Herrautsa artiki zuten mundu guziaren begitarat, eta sinhets-arazi zuten nahi zuten guzia. Populuak orduraino Jesusen alderat izan zuen errespektua izan zen itzulia haren alderako arbuiotarat. Hirur egun lehenago, Jesusen ohoretan, bozkarioz, errepikaz, hosanna erraten zutenak abiatu ziren oihuz erraten: tolle, etc.

        Pilatusek ikhusi zuenean Salbatzaillea gaixtagin baten plantan, erran zioten yuduei: zertako galdetzen zuten gizon haren heriotzea? Guziek, boz beraz, ihardetsi zuten ez liozoketela galde haren heriotzea ez balitz gizon gaixto bat. Pilatusek etzuen lakhet bere sententzien ekhartzea arinki eta airezko akusuen gainean: erran zioten yuduei yuia zezatela berek bere legearen arabera. Orduan populuaren aitzindariak agertu ziren Pilatusen begietarat: erran zioten Jesusez gizon populua altxarazten zuen nahasi bat zela, etzuela nahi bihur zakion Zesari zor zitzaiona, eta bere burua yuduen erregetzat, eta Mesiatzat egiten zuela. Pilatusek entzun zituenean ekhartzen zituzten frogarik gabeko hirur akusuak, ezagutu zuen gaixtakeria beltzak zarabiltzala izpirituak. Jesusen baitan, eta ordu hartan berean, seinalatzen ziren emetasun eta deskantsu osoak hanbat lekhuko ageri ziren haren inozentziaren alde altxatzen zirenak.

        Pilatusek erakharri zuen Salbatzaillea bere aitzinerat, egin ziotzon galdeak hirur akusu heien gainean; ordean Salbatzaillea etzen batere mintzatu. Gobernadoreak erran zion: zer? ez darotazu deusere ihardetsten? ez duzu ikhusten zutaz zer dioten? Jesus bethi ixil zagon: Pilatusek hartu zuen zerbait misterio behar zela ixiltasun hartan. Egia othe da bada (erran zion oraino) yuduen erregea zarela? Zer egin duzu bada? Zer bide eman izan diozute yuduei sinhetstekotzat errege izan nahia zarela? Jesusek ihardetsi zuen garbiki: ene erresuma ez da mundu huntakoa. Ez naiz zerutik yautsi lurreko errege izatekotzat. Hala banintz ene armadetako aitzindariek eta soldaduek fite athera nintzakete ene biziari nahi dioteneen eskutarik; ordean erran darotzudan bezala, ene erresuma ez da behere huntakoa. Errege zare beraz, erran zion Pilatusek? Bai, ihardetsi zuen Jesusek, errege naiz zuk diozun bezala; sorthu naiz, eta ethorri mundurat egiari lekhukotasuna bihurtzeko; egiaren alde denak entzuten du ene boza.

        Pilatusek, zenbat ere paganoa baitzen, ezagutu zuen bazela Jainkozko zerbeit gizon haren baitan. Galdegin zion: zer da egia? utzi gabe Jesusi haren galdeari ihardetsteko astirik, bihurtu zen yudutarat, erraten ziotela: ez dut ikhusten gizon hau zertaz ahal den hobendun: ez dut hunen baitan aurkhitzen zertaz kondemna. Ekharria zen Jesusen libratzerat. Populuaren buruzagiek, hori ikhusi zutenean, abiatu ziren egundaino baino lehia eta khar gehiagorekin erraten, behar zuela izan heriotzerat kondemnatua; populuaren asaldaratzaille bat zela; banatzen zituela, hirur urthe hetan, hasi Galileatik eta Yerusalemeraino irakhaspenik gaixtoenak.

        Pilatusek yakin zuenean Jesus Galileakoa zela: egorri zuen hura eta haren akusatzailleak Herodes, Galileako printzea gana. Herodes yakintsun zen Jesusen obra espantagarriez: atsegin hartu zuen haren ikhusteaz agian zenbait mirakuillu handi eginen zuela haren begietan. Ordean Yaun-doni Jauni-Baptista hil-arazi zuen printze kruel, ohore eta errelijione gabeko hark etzuen merezi Salbatzailleak egin zezan hark nahiko zuenik. Herodesek egin zion Jesusi galde hainitz, eta Jesusek ez zion deusere ihardetsi. Ixiltasun hau gaitzitu zitzaion printze barbaro hari; arbuiatu zuen Salbatzaillea, hartu zuen errhotzat, eta hartaz burlatzeko, yauntz-arazi zion arropa xuri bat, eta egorri zuen Pilatusen gana. Hura izan zen ordua zeinetan etsaikoan bizi ziren bi printze hek adiskidetu baitziren.

        Pilatus sentimendu beretan bizi zen: ez zadukan Salbatzaillea deusetan hobendun; seguratua zen haren kontrako akusu guziak hanbat gezur eta gaixtakeria behar zirela. Erakharri zituen bere ganat yuduen buruzagiak, erran zioten, mundu guziaren begietan, etzuela aurkhitzen gizon haren baitan fitsik punimendua galdetzen zukenik, Herodesek ere ez zioela ezagutu hobenik: halarik ere, nahi ziotela atsegin egin, alde baterat libratuko zuen baino lehen, gaztigaraziren zuela debekatzekotzat gehiago predikatzetik.

        Yuduak zuzenetan ziren galdetzeko, bazkotan, gaixtagin baten librantza. Pilatusek uste izan zuen legeko doktorek populuak baino urrikalmendu gehiago agerturen zutela; galdegin zioten zein nahi zuten libra ziozoten bietarik, ala Jesus, zeinaren saindutasuna ezagutua baitzen, eta zeinak ez baitzion egin populuari ungirik baizen; ala Barrabas, ospe handitako ohoin eta gizon hiltzaille hura. Batzuen eta bertzeen izpirituak sobera ziren berotuak eta nahasiak erortzeko arrazoinerat. Guziak abiatu ziren erraten oihuz eta deihadarrez: ez dugu Jesus galdetzen; bainan bai Barrabas. Pilatusek, sumindurik zoro heien kontra, erran zioten: zer nahi duzue bada egin dezadan Jesusez? Ihardetsi zioten, izan bedi gurutzefikatua; ordean zer gaixki egin du, galdegin zioen Pilatusek? Populuak ihardetsi zuen oraino gorago: gurutzefika zazu, gurutzefika zazu. Pilatusek ezin egundaino amoratu zituenean yudu itsuak bere hitz eta arrazoin onez, eman zion bere buruari sarthuren zirela urrikalmendutan ikhusiko zutenean Salbatzaillea barbaroen beren urrikalmendua bereganatzeko estaturik lastimagarrienean. Manatu zuen yazartzeaz azoteekin Jesusen gorphutzari. Manu kruel eta inyustu hura izan zen ondikoz! konplitua. Eman zuten sarraskitan Jesusen gorphutz sakratua. Zathitan zarizkon haragiak. Etziren gelditu haren zehatzetik hiltzat utzi zuten arteraino: hillen ere zen burreuen eskutan, ez balu, mirakuilluz, luzatu bere bizia artikitzekotzat azken hatsa gurutzearen gainean.

        Tormenta hauk guziak aski izan ez balire bezala, yudu gaixtoek asmatu zituzten oraino idoi izigarrienak. Yauntz-arazi zioten Salbatzaille adoragarriari kapa gorri tzar bat, eman zioten seska bat eskutarat skeptrotzat bezala, eta elhorrizko khoroa bat bururat. Horiek horrela egin zituztenean, belhaurikatzen ziren, hartaz hirri egitekotzat, haren aitzinean, erraten ziotela: agur, Yuduen erregea. Thu egiten zioten bere bisaia sakraturat; hartzen zioten eskutarat eman zioten kana, eta hartaz yotzen zioten burua barnago sar-araztekotzat khoroako elhorri zorrotzak.

        Odol ihintz bat franko zen gure erospenarentzat. Jesu-Kristoren nigar xorta batek garbi gintzakeien gure bekhatu guzietarik. Zertako, Jauna, isuri nahi izan duzu, ibaiaz, zure odol preziatua! Ez othe da sobera egitea gure alderat? bai, ihardetsten du Salbatzailleak, behar zen baino gehiago egin dut ene aitaren aphazegatzeko, ene etsaieen herra guzia suntsi-arazteko, lurraren gaineko bekhatu guzien borratzeko; aski zen egin dudan baino gutiago ifernuko suaren hil arazteko, eta salbamenduko bidea zuen fagoretan zabaltzeko; ordean aski egin othe dut zuen bihotzen irabazteko! zuetaz ezagutua eta maitatua izateko!

        Pilatusek ezagutzen zuen Jesu-Kristoren inozentzia: ekharria zen haren libratzerat: bizkitartean ukho egiten dio graziaren argiari, sartzen da ilhunbetan, kondemnatzen du hobenik ez duena. Ala bi gauza baidire, Jauna, zure ezagutzea eta zure maitatzea! Ezagutua zara giriztino guziez; ordean hetarik hainitzak othe dire maite zaituztenak! Munduaren errankizunak, munduari atsegin egin nahi izateak zertarat ez dezakete erakhar bat-bedera! Pilatusek ikhusten zuen yuduen inyustizia Jesusen alderat: ikhusten zuen orobat hari yazartzeko zuten errabia barbaroa; ordean ez ditu nahi damustatu. Nahiago du bere kontzientzia sakrifikatu ezen ez galdu munduaren amudioa eta estimua. Oxala Pilatus bakharra balitz Jainkoari baino munduari hobeki behatzen dioena! Ordean zenbatak ez dire gorraena egiten diotenak barnetik mintzo zaioten boza salbagarriari! zenbatak ithotzen dituztenak graziaren mobimendu sainduak atseginei, ohorei, hitz batez, munduari yarraikitzekotzat?

 

aurrekoa hurrengoa