www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XX. KAPITULUA

Lepratsua, Zenteniera

S. Matth. 8.

Eta Naimeko Alhargun

S. Luc. 8.

 

        Jesus yautsi izan zen menditik predikatu zuen ondoan bere errelijionearen saindutasuna, eta salbatzekotzat bethe behar ziren eginbideak, etzen hain laster yautsi menditik non egin baitzituen bi mirakuillu bata bertzearen ondoan. Lepratsu batek artiki zuen bere burua haren oinetarat, erraten zioela fede bizi batekin: Jauna, senda nazakezu zuk hala nahi bazindu. Jesusek urrikari izan zuen eri hura, hedatu zuen bere eskua haren gainerat, eta ihardetsi zion: nahi zaitut sendatu: zaiten sendatua.

        Jesusek irakhatsi ziotenean bere dizipuluei eta bere ingurutan zituenei zerurat gateko bethe behar ziren eginbideak, hartu zuen Kafarnaumgo bidea. Bazuen mundutze handi bat ondotik. Hiri hartan sarthu zenekotzat, hango lehenbizikotarik zirenek othoitztu izan zuten sendatzeaz gaixki zen eri bat. Hura zen hiri hartan ohoratua zen zenterion baten, erran nahi da, ehun gizonen aitzindari baten sehi maite bat. Zentenierari gutiegi zitzaion bertzeak ararteko yartzea haren sehiaren onetan. Bera athera zen Salbatzaillearen biderat, eta mintzatu zitzaion hitz hautaz: Jauna, zergatik ethorri nahi duzu ene etxerat? Urrun da merezi baidut halako ohorerik, ez naiz gai ere zurekin solas egiteko. Ez duzu beraz zeren egin bertze urhatsik; aski da aipha dezazun hitz bakhar bat, ordu beretik sendaturen da nere sehia.

        Jesusek laudatu zuen zentenieraren fede bizia; itzuli zen populuaren alderat, eta erran zuen: Ez dut egiazki hunen bertze fede aurkhitu Israel guzian. Zenbat arrotz ez dire zerurako, Jainkoaren umeak, eta zeruko primuak sarthuren ez diren denboran erresuma dohatsuan! Salbatzailleak erran zion gero zentenierari: zohazi, eta egin bekizu zure sinhetstearen arabera. Ordu berean, ehun gizonen aitzindari hark izan zuen berria haren sehia osoki sendatu zela.

        Biharamunean, Naimarat zohala Jesusek bathu zuen mundu oste bat ehortzterat zaramaten gorphutz baten ondotik. Hil hura zen alhargun baten seme gazte eta bakarra, bere burasoaren kontsolazionea eta esparantza guzia. Ama desolatu hura yarraikitzen zitzaion ahukuari nigar eta marrasketan. Salbatzailleak urrikari izan zuen buraso doloratu hura: hurbildu zen gathabuterat, ukitu zuen eskuaz, eta erran zion hillari: gizon gaztea, altxa zaite, nik hunela manatzen darotzut. Hitz hauk aski izan ziren: hil hura altxatu zen berehala, eta abiatu zen mintzatzen. Jesusek hartu zuen eskutik, eta bihurtu zion bere amari. Zer gauza espantigarri lekhuko ziren guzientzat! Nork egundaino ikhusi du, zioten elkharri, deusere hulakorik? Nihoiz ez ahal da sorthu profeta hunen handirik. Mirakuillu haren ospea hedatu zen bazter guzietarat: bat-bedera lehiatu zen ikhusterat, eta entzuterat hanbat mirakuilluen egillea.

        Yaun-doni Yauni preso zatzan aiphatu ditugun mirakuilluen denboran. Bere dizipuluek hedatu ziotzoten espanturekin beharritarat Jesusek egiten zituen gauza miragarriak. Nausi zuhurrak laster ezagutu zuen, haren dizupuluek etzutela oraino bere sinhetste osoa Salbatzaillea baitan ezarria. Duda guziak hobeki suntsi-araztekotzat, egorri zituen Jesus ganat ikhus zezatentzat hura zela behintzat munduaren egiazko Salbatzaillea. Yaun-doni Yauni-Baptistaren dizupuluek erran zioten Jesusi: Gure nausiak manatu gaitu zure ganik yakiteaz heaz zu zaren bada ethortzekoa zena, ala behar dugun bertze bat iguriki.

        Salbatzaillea inguratua zen populu ostez Baptistaren dizupuluek egin ziotenean galde hura. Etzuen ordu berean ihardetsi; ordean sendatu zituen hekin begietan harengana ziren eri guziak; egin zuen bertze zenbait mirakuillu ere; gero erran zioten dizipulu hei: bihur zaitezte zuen nausiaganat: erran diozozue itsuak argitu direla, mainguak xuxendu, lepratsuak garbitu, gorrak ernatu eta hillak bitztu. Ala dohatsu izanen baidire, erran zuen oraino Salbatzailleak, ene Jainkotasuna sinhesten dutenak, ikhusten duten arren bertze gizoneen idurikoa naizela! Ala dohatsu izanen baidire fedean fermu egonen direnak ikhusiko nautenean ene etsaiez arbuiatua, thuz estalia, eta guzia laidostatua! Ala, azkenean, dohatsu izanen baidire ene humiliazionek eta sofrikariek niri yarraikitzetik gibelaturen ez dituztenak! Hitz hautarik lekhora, Jesusek egin zuen Yaun-doni Yauni-Baptistaz laudoriorik konpliena, eta baiatu, edo erreportxatu zituen farisauak ez hobeki probetxatzeaz gizon saindu haren hitz zuhurrez eta exenplu ederrez.

        Bekhatua da arimeen ondikozko lepra. Gaitz hartarik sendatu nahi denak izan behar du kapitulu huntan aiphatu dugun lepratsuaren fidantzia bera Jaunaren botherean eta miserikordian; ordean ez da hor guzia; izan behar du oraino haren humiltasuna eta sumetimendua probidentziaren alderat.

        Buruzagiek ikhas dezakete zentenieraren exenpluan, izan behar dutela bere sehiez artharik handiena eri direnean, eta beregainki arimako eritasuna dutenean. Zer lehia saindurekin ez dute halako ordutan behar bilhatu hekin ona! Jainkoak ez du berezkorik edo diferentziarik egiten aberatsen eta pobreen artean: orobat onhetsten ditu batzuk nola bertzeak: bihotzaren garbitasunari darraikon hura da ontasunik preziatuena haren maiestate adoragarriaren aitzinean. Buruzagiek nahi badute Jainkoak beha diozoten arraiki eta zerbitzari maite batzuei bezala, berek urrikari izan behar dituzte bere zerbitzuan dituztenak.

        Naimeko alhargunaren umeari bizia bihurtzea da mirakuillu bat ederretsi behar duguna, eta Jaunaren botherea bezala haren urrikalmendua ere seinalarazten duena. Erran dezakegu Salbatzaillearen miserikordia ez dela gutiago seinalatzen atheratzen duenean bekhatuaren thonbatik haren begietan hilla den bekhatorea, eta bihurtzen dioenean bekhatuak gal-arazi zion arimako bizia.

 

aurrekoa hurrengoa