www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LI. KAPITULUA

Jesus gurutzefikatua da eta ehortzia

Matt. 27.

 

        Jesus igan zenean Galberiorat, eman nahi izan zioten edaterat kheldarraekin nahastatua zen mirrha arnotik. Hala egiten ohi zuten hiltzerat kondemnatuak zireneen alderat. Edari bortitz hark berotzen zuen barnea, eta aphur bat arintzen heriotzeko tormentak. Jesusek etzuen hartu edari hartarik; edan nahi izan zuen bere pasioneko khalitz guzia azken xortarainokoan. Arratsaldeko hirur orenen gainerat, bureuek itzatu zuten Salbatzaillea gurutzean eskutarik eta oinetarik. Gaitz zen suplizio dorpheago baten asmatzea. Hobenik etzuen biktimak altxatu zituen gurutze gainetik begiak zerurat, zioela: ene aita, barkha diozozute; ezen ez dakite zer egiten duten. Salbatzailleak eman zuen bere Jainkoatasunaren seinalerik aski; yuduek yakin behar zuten nor zen; ordean etzuten zenarentzat hartzen: etzuten sekulan gurutzefikatuko uste izaterat (Yaun-doni Paulek dioena) loriaren Jainkoa zela.

        Soldaduak eta populua izigarri den bezala agertu ziren hobendun Salbatzallearen alderat; ordean erran behar da legeko doktoren eta sinagogako buruzagien gaixkia oraino areagoa zela. Hekien ezagutzan zen etzela Jesu-Kristo baitan populuak uste zuen gaixkirik, ageri ere zela haren mirakuillutarik yustutasuna eta saindutasuna bera zela. Salbatzailleak, hiltzerakoan, othoitztu zuen bere aita bere burreuen fagoretan. Hortik beretik ematen zuen ezagutzerat mundu guziaren salbatzekotzat ematen zituela bere odola eta bere bizia.

        Etzen deusere gai zenik yuduen harrizko bihotzen hautstekotzat. Zer urrikalgarriagorik nola Salbatzaillearen orduko presuna sakratua! Ordean, o itsumendua! etsai kruel hek etzuten bere fulia baizik aditzen. Ordu arterainoko idoiak eta dorphetasuna aski izan ez balire bezala, burlatu ziren Jesus maiteaz molderik humiliagarrienean, ziotelarik: gizon hunek bertzeak begiratu izan ditu heriotzetik, eta ezin begira dezake bere burua. Mesias balin bada, Israelgo errege balin bada, yauts bedi orai gurutzetik, erakuts beza bere botherea, eta emanen dugu haren baitan gure sinhetstea. Dio esparantza duela Jainkoa baitan, gehiago dena, Jainkoaren semea dela; Jainkoak ezagutzen balin badu bere semetzat, athera dezala beraz hortik.

        Azkenaz-goiti Jesusen bi saihetsetan gurutzefikatu zituzten bi ohoinetarik batek erran izan ziotzon hitz min hauk: Kristo balin bahaiz: begira zatzik hire bizia eta gurea. Bertze ohoina zuhurrago agertu zen; erran zion bere lagunari: zer? ez duk Jainkoaren beldurrik? Hirurak, egia duk, kondemnatuak gaituk heriotze bererat; hik eta nik ez diagu merezi duguna baizik; ordean horrek zer gaixki egin dik? Mintzatu zitzaion Salbatzailleari ere bihotz urrikiz zaurthu batekin hitz hautaz: Jauna, orrhoit zaite nitaz zure erresuman izanen zarenean. Salbatzailleak ihardetsi zion: egia erraten darotzut gaur beretik enekin izanen zara parabisuan.

        Nolakoa etzen behar Maria sainduaren bihotz mina ikhustean bere seme adoragarria gurutzefikatua! Yaun-doni Jauni Ebanyelistak sobera zuen maite bere nausi dibinoa haren ganik urruntzeko haren azken orenean; bata nola bertzea gurutzearen oinetan aurkhitzen ziren. Jesusek begiztatu zuen bere ama, eta erran zion amultsuki, bere dizipuluaz mintzo zela: emaztekia, horra zure semea; erran zion gero bere dizipuluari Birjina sainduaz mintzo zela: horra zure ama. Ordutik Yaun-doni Yauni Ebanyelistak behatu zion Andre-dena Mariari ama maite bati bezala, eta bethe zituen haren alderat ume on bati dagozkon eginbide guziak.

        Arrats-aldeko hirur orenetan iguzkia goibeldu zen bet-betan: ilhunbeak hedatu ziren lur guziaren gainerat, iduri zuen mundu guziak Salbatzaillearen heriotzearen damua eta dolua zakharzkela. Ilhunbeek iraun zuten hirur orenez. Salbatzailleak, nahiz konplitu profezia guziak, erran izan zuen: egarri nai. Soldaduek eman zioten arno mindutik. Jesusek edan zuen hartarik, eta bere burua beheititzen zuela, erran zuen; ene aita, ematen dut ene arima zure eskutarat: hitz horiek erratearekin, artiki zuen azken hatsa. Denbora berean tenpluko beloa hautsi zen eta bi zathi egin gainetik behereraino; ikharatu zen lurra nihoiz ez bezala, arraillatu ziren harriak; yadanik hillak ziren hainitz sainduen gorphutzak biztu izan ziren, eta ilkhi izan ziren bere hobietarik. Soldaduak manatzen zituen zenturionea, eta han gerthatu ziren guziak eman zitzaizkon ikharari, eta ezin debekatu ziren erratetik gizon hura zela egiazki Jainkoaren semea. Zenbeit emazteki Jainkotiar egon ziren handik urruntxeago yakiteko noiz yautsiren zuten Jesusen gorphutz sakratua gurutzetik, eta non ehortziren zuten.

        Egun ondikozko hura ortzilarea gerthatu zen, eta etziren utzten gorphutzak larunbat egunean gurutzetan. Yuduek othoitztu zuten Pilatus hauts-arazteaz gurutzefikatuen zangoak hil zitezentzat lasterrago. Hala egin zen bi ohoinen alderat, gelditzen zitzaiotelakotzat oraino hatsa. Hilla aurkhitu zuten Salbatzaillea: guziarekin ideki zioten saihetsa lantza kolpe batez, eta ordu berean athera ziren handik ura eta odola. Arte hartan, Yosef arimathiakoa, gizon aberats, yuduez ohoratua eta, bihotzez Jesu-Kristoren dizipulu zenak, othoitztu zuen Pilatus eman ziozon Jesusen ehortzteko laudamendua. Ardietsi zuen galdetzen zuena. Estali zuen gorphutz saindu hura mihise xahu batez, eta eman zuen arroka baten barnean eragin zuen hobi berri batean. Eman-arazi zuen harri handi bat hobiaren gainean, eta bihurtu zen etxerat.

        Aphezeen printzeek eta farisauek egin zituzten bere egin ahal guziak ez utztekotzat ixillik eramaterat Jesusen gorphutza. Erran zioten Pilatusi: Jauna, orrhoitzen gare nola mundu enganatzaille hark, bizi zenean erran zuen biztuko zela hirur garren egunean: ematzu beraz, othoi, begirailleak haren hobiaren ingurutan dizipuluek eraman ez dezaten bere nausiaren gorphutza, eta erran ez diozoten populuari biztu dela hillen artetik. Horrela gertha baledi, azkeneko enganioa lehenbizikoa baino gaixtoagoa liteke. Pilatus etzen eman eginbide hartan; ihardetsi zioten: baitutzue zeuek soldaduak egizue beraz zaitzuen bezala. Eman zuten berehala zigillua hobiaren gainean, eta soldaduak haren ingurutan ez uztekotzat nihor harat hurbiltzerat.

        Gurutzea da eskola saindu bat zeinetan har baidetzakegu lekzionerik salbagarrienak. Jesusen zauri preziatuek irakhatsten darokute ez dugula ibilhi behar mundu huntako nahikareen, ez eta bizitze guri baten ondoan. Yasan dituen arbuio eta laido lastimagarriek irakhatsten darokute deusere ez direla behere huntako ohoreak eta handitasunak, humiltasunean datzala giriztino baten egiazko ohorea.

        Salbatzaillearen karitateak othoitz egitean bere burreuentzat, eta haren pazientzia miragarriak hanbat tormenten erdian irakhatsten darokute gure etsaiei barkhatzen, eta sumetimendu oso batekin hartzen heldu diren atsekabe guziak.

        Nork erran zertarainokoan heltzen den Salbatzaillearen amudioa gure alderat! Artik detzagun begiak gurutzearen gainerat, eta ikhusiko dugu Jesus maitearen gorphutz garbia sarraskitan emana, haren buru sakratua elhorriz khoroatua, haren esku eta oin sainduak itzeztatuak. O amudio nihork ezin konprenituzkoa!

        Aithortzen dut miserikordia bera zaren Jainko enetzat gurutzefikatua, probetxatu behar bidean zure grazia preziatuez, hetaz berez abusu damnagarri bat egin izan dudala. Ene salbatzerat egiten zinduen denbora berean nehorri nindabilhan ene arimaren galtzen! exenplu gaixtoek, pasioneen bortitztasunak, hitz batez, deusek ere ezin garbi nintzake zure begietan. Aski dut ene kontzientzia bera ezagutzekotzat ene gaixkiak, eta kondemnatzekotzat ene burua. Ordean bihotz urrikiz zaurthuari arraiki behatzen diozun Salbatzaille amultsua, heldu naiz fidantzia handienarekin zure gurutzearen oinetarat: ahantz bekizkitzu ene bekhatu eta flakezia guziak orrhoitzekotzat bakharrik zer gosta izan natzaitzun, eta enetzat isuri izan duzula zure odol adoragarria.

 

aurrekoa hurrengoa