www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I. KAPITULUA

San Mathieu Ebanyelizta

 

        San Mathieu Galileako zen sortzez, eta yudua errelijionez. Haren ofizioa gaitzetsia zen yuduen nazioneaz, publikanoa zelakotzat; erran nahi da hark biltzen zituela erromarrei zor zitzaitzten diruzko zuzenak edo inposak. Horra nolakoa zen gure sainduaren ofizioa Jainkoaren semeak manatu zion arteraino hari yarraikitzeaz.

        Mathieu Kafarnaonen bizi zen. Hiri hura aurkhitzen zen Tiberiadako itsas hegian: han egiten zen inguru hetako traturik gehiena. Hiriz kanpoan zen dretxuen biltzeko bureua edo lekhua, Galileako itsasorat zaraman bidearen gainean. Urthe bat eta gehiago bazuen Jesu-Kristok Galilean predikatzen zuela. Mathieuen bureuaren ingurutarik iragaten zela, landatu zituen begiak gizon haren gainerat; erran zioen utzteaz guziak, eta hari yarraitkitzeaz. Ala miragarriki seinalatu baitzen ordu hartan graziari datxeikon indar guzizkoa! Jainko bat zen bakharra sinhets araz ziozokena mundutiar ontasun gose bati, eta errelijionerik gabe zenari ukho egin behar zioela bere yaiduraren araberako irabazbideari. Salbatzailleak etzion hain laster behatu Mathieuri, eta erran: yarraik zakizkit, non publikano hark utzi baitzituen guziak abiatzekotzat bere nausiaren ondotik: erran ere zuen haltoki haren dizipulu nahi zela. Hobeki erakutstekotzat Salbatzailleari ekhartzen zion amudioa, gonbidatu zuen othuruntza handi batetarat.

        Aurkitzen zen othuruntza hartan mundu oste bat; han ziren gehienak publikanoak ziren: baziren ere baltsa hartan, fama txarra zutenak, eta, bere bizitze gaixtoagatik, arbuiatuak zirenak. Salbatzailleak lakhet zuen halakoekin bathzeaz: atseginekin utzten zituen hurbiltzerat bere gana, nahiz erakharri penitentziarat heien bihotzak. Farisauek ezin onhets zezaketeien Jesusen arraitasuna Mathieuen alderat: bekhatua bera bezain higun zuten bekhatorea bera. Yarri ziren erasian Salbatzaillearen kontra, zeren bekhatorekin yaten zuen; ordean Jesus mintzatu zitzaien ixil arazteko moldean: erran zioten munduko sakrifizio guziek baino gehiago zuela balio lagunaren alderako amudioak; sendoek etzutela miriku beharrik, bainan bai eriek; arimen sendatzaillea zela, beraz artha oraino gehiago izan behar zuela galduak izaterat zohazenez; egia zela bada yustuen eta bekhatoreengatik zela mundurat ethorria; ordean haren atseginik handiena zatzala urruntzean gaixtaginak bekhatutik, eta hek amultsuki erakhartzean berthuterat.

        Mathieuek ederretsi zituen Salbatzaillearen hitz ukigarri hauk: egon zen aphur bat harekin, bekhoz-bekho, solasean; ordutik huntaraino maitatu zuen, non ez baitzen gehiago bihurtu bere bureuerat, eta egin baitzen nausi guziz on eta adoragarri haren dizipulu. Yarraiki zitzaion Jesusi predikatzen zuen herri, hiri eta bazter guzietarat. Etzen batere herabe ontasun guzien largatzera, ez eta ere ahalke besarkatzeaz pobrezia; aitzitik, nahi zuen Kafarnaon guziak yakin zezan etzela leheneko hura, eta mortifikazioneak egiten zuela haren atsegina.

        Mathieuek iskribatu zuen Jesu-Kristoren ebanyelioa yudu konbertitu berri batzuen othoitzetarat, ez grekazko erdaran, bainan hebreukoan. Argitua zen Izpiritu Sainduaz. Ematen daroku begien aitzinean Salbatzailleak, gizonen artean, eraman duen bizitze miragarria: ez da altxatzen Yaun-doni Yauni bezain gora: ez da sartzen ebanyelista hura bezala Trinitateko, eta Jesu-Kristoren yainkotasunaren misterio haltotan: sarkhorki eta konprenitzeko moldean mintzo da. Hortik beretik erran daite san Mathieuen ebanyelioa dagokola hobekienik gure hedadura aphurrari.

        Guziek erraten darokute gure apostoluak bizitze garratz eta dorphe bat zaramala; etzuela yaten haragikirik ez eta arrainik, erroz eta belharzkiz bizi zela bakharrik. Predikatu zuen hogoi eta hirur urthez, Jesu-Kristoren fedea Ethiopiako erresuman; itzul-arazi zituen Jainkoaganat ezin erran bezanbat pagano; artik-arazi zituen heien idolak, eta eragin elizak egiazko Jainkoaren ohoretan. Eraman zioten bizia, aldarean zela, haizkora kolpez, Nadaber zaritzon hirian. San Mathieu hiltzenetik milla eta lauetan hogoi urtheen buruan, eraman zuten haren gorphutza Napleko erresumarat. Saindu haren burua ekharria izan da geroztik Frantziarat: maiteki begiratua da Beauvais deithzen den hiriko eliza-nausian. Saindu beraren erlekiak aurkhitzen dire oraino Chartresko hirian.

        Salba-gaitezke estatu, adin, ofizio guzietan: ez da nihor ezarri behar ez duenik bere fidantzia osoa Jainkoaren miserikordian. Ontasunek, egitekoei darraioten barraiadurak, paganokeriak berak; hitz batez, deusek ere ez gaitzake gibela, gu nor bagare, sartzetik zeruan. Egia hunen frogantza konpliena edireten dugu san Mathieuren exenpluan. Nork erranen zuen Jainkorik gabe bizi zen, eta ilhunbe lodienetan phulunpatua zen gizon hura eginen zela, bet-betan, Jesus-Kristoren dizipulu? Nausi adoragarriaren behatze bakharra aski beharko zela argitzekotz haren izpiritua, eta sustatzeko haren bihotza amudio khartsuenaz? Non bait, erran behar da, ez dela deusere gaitzik graziarentzat, errexki eskuratzen dituela bekhatoretan diren handienak berak nahi direnean baliatu grazia haren gantzudura salbagarriaz!

 

aurrekoa hurrengoa