www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II. KAPITULUA

San Marken Ebanyelioa

 

        San Mark yudua zen ethorkiz. Ezagun da haren mintzotik trebeago zela hebreuko erdaran ezen ez grekakoan. San Mark lehenetarik izan zen Yaun-doni Petrik fedearen ezagutzarat erakharri zitueneen artean. Dizipulu berri hunek khar handi bat agertu zuen errelijionearen alderat. Maitatu zuen Yaun-doni Petri, bere aita izan balu bezala. Hortik heldu da apostuluen printzeak hartu baitzuen san Mark laguntzat bere nekhe, eta harat hunat guzietan, eman ere baitzion bere fidantzia guzia.

        San Mark jarraiki zitzaion Yaun-doni Petriri Erromaraino: partale izan zen apostolu hark hiri hartan yasan behar izan zituen atsekabe guzietan. Yaun-doni Petrik utzi zuenean Erroma hots ematekotzat bere apostolutasuneko eginbide hedatuei, ezarri zuen hiri hartan, bere orde, Mark bere dizipulu maitea. Dizipulu hunek leihalki ihardetsi zion bere nausiaren fidantziari.

        Erromarrak sustatuak aurkhitzen ziren geroago eta gehiago egiaren alderako amudioaz. Gogoan zaduzkaten Yaun-doni Petriren erran salbagarriak: hetaz oraino hobeki orhoitzekotzat, eta beldurrez behinere ahantz entzun zituzten egia sainduak, othoitztu zuten san Mark emateaz iskribuz, ebanyelioaren historioa. Gure saindua erori zen nahi laudagarri hartarat. Iskribatu zituen berak Yaun-doni Petriren ahotik entzunak, eta harekin, bekhoz-bekho, izan zituen solasak.

        San Markek ez ditu zorrotztasun guzian deklaratzen zein egunez, ez eta ere zein urthez, iragan ziren aiphatzen dituen gauzak: kontentatzen da errateaz garbiki eta leihalki zer entzun eta ikhasi zuen bere nausiaganik. Ez du deusere iskribatu Izpiritu sainduaren argien arabera baizik.

        Yaun-doni Petrik egorri zuen san Mark Ejiptoan barna hedatzerat Jesu-Kristoren ezagutza: athera zituen populu osteak idolatriaren ilhunbetarik. Hauts-arazi zituen eta artik-arazi lurrerat idolak. Jainkoaren ohoretan agertu zuen kharra, eta hartu zituen nekheak izan ziren zeruaz benedikatuak eta saristatuak. Erresuma osobat orduraino paganokerian ehortzia zena billakatu zen, haren bidez, saindurik gehien zakharkeien lur dohatsu bat.

        San Mark hedatu zen Ejiptotik Alexandriarat. Hiri hura zen inguru hek guzietako bigarrena. Jainkoak hango apostolutzat zadukan gure ebanyelista. Bereganatu zituen, arte laburrez, alexandriarren izpirituak eta bihotzak. Egin zuen ezin erran bezanbat konbersione. Azkenean, ezin berak buru eginez guziei, eragin behar izan zituen elizak populuen eskolatzeko. Eliza hetan predikatzen zen Jainkoaren hitza, eta ematen komunione saindua.

        Etzen, alde guzietarik, penitentziazko seinale ederrik baizen. Hainitzek arbuiaturik munduko plazerak eta ontasunak, bizitze mortifikatu eta pobre bat zaramaten: liburu saindutan, eta egia eternalak gogoan erabiltzean aurkhitzen zuten bere deskantsua eta bozkarioa.

        Ordean halako khar saindu batek, eta hanbat merezimenduk izan arazi behar zioten, noiz edo noiz, zenbeit asaldura gure sainduari. Etzen bertzela gerthatu: Alexandriako hiriak nahi izan zion yazarri haren onetan predikatzen zuen apostolu handiari. Abiatu ziren san Marken ondoan: ediren zuten sakrifizioa ofrendatzen hari zela; yabetu ziren hobenik gabeko gizon hartaz; estekatu zuten lephotik soka batez, eta erabilli zuten herrestan goizetik arratseraino. Odola zurrutan zarion saindu haren gorphutzari, eta haren haragiak erortzen ziren zathitan. Tormenta hauk guzien erdian, bake gozo batean zuen bere bihotza; etzen baratzen benedikatzetik bere jainko adoragarria, ez eta kantatzetik haren laudorioak. Ilhundu zenean, gure saindua izan zen artikia presondegi izigarri baterat; ordean zer kontsolazione harentzat! Agertu zitzaion Jainkoa, eta agindu zioen laster sarthuren zela haren lorian.

        Biharamunean, argitu orduko, gaixtaginek athera zuten san Mark presondegitik, eta herrestatu zuten, egundaino bezala, azken hatsa artik zezan arteraino. Saindu haren gorphutza izan da eramana denborarekin Veniserat: ohoratua da hiri hartan manera guzizko batean.

        Ala indar handia baidu Jainkoaren hitzak! Gauza guziek ekhartzen diote obedientzia: atherarazi ditu urak harroka gogorretarik: eragin du bide idor bat itsasoaren erdian; ilki arazi ditu hillak lurraren erraietarik: hitz batez, mintzatzen da Jainkoa, eta haren nahia konplitzen da berehala. Leheneko bothere bera du orai ere Jainkoaren hitzak; zor diogu beraz egundainoko errespektu eta sumetimendu bera; ordean nondik heldu da hanbat obra espantagarri eragin duen Jainkoaren hitza ez baida orai hedatzen gure bihotzetarat? Predikuek hain konbersione guti eragiten baidute? Jainkoa bera mintzo da bere ministroen ahoz; ifernu beraz dixidatzen gaitu, zeru bera agintzen daroku. Halarik ere, o! itsumendu auhendagarria, bakharrak dire hitz saindu hark bere baitan sar-arazten dituenak. Huna zergatik Jaunaren hitzak ez dituen gizonak Jainkoaganat itzul-arazten: eragintza salbagarri hura lur agor batetarat erortzen ohi da, diot bihotz gogor eta guritu nahi ez duen batetarat. Gutiak dire bere barneak behar den bezala aphaintzen dituztenak erakhartzekotzat salbamenduko fruitu gozoak. Nahi zarete probetxatu Jaunaren hitz sainduaz? Entzun ezazue xede humil eta salbamenduko hirritsa saindu batekin: eta ordutik ez da harrizko bihotzik hautsiko ez duenik, ez da bekhatore hain errebelaturik yarriren ez denik errexki zeruko bide dohatsuan.

 

aurrekoa hurrengoa