www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII. KAPITULUA

Jeru-Kristo sortzen da,
eta adoratzen dute artzainek

S. Luc. 2.

 

        Bazuen bortz milla, lauetan hogoi eta hemeretzi urthe zerua eta lurra kreatuak zirela Jesu-Kristo mundurat ethorri zenean. Sorthu izan zen Biryina Mariaganik Bethleem daritzon Judako hirian. Auguste enperadoreak nahi izan zuen yakin bere erresumako indarren berri, eta zenbatetaraino heltzen ziren haren azpiko guziak. Hortarakotzat bat bederak behar zuen ezarri bere izena nondik ere baitzuen bere ethorkia eta lekhu hartan berean.

        Enperadorearen manua ezagutzarat emana izan zen ordu beretik, Yosefek behatu zion aingeru batenari bezala; Mariak ere zenbat baitzen zeruko eta lurreko erregina, ekharri zion obedientzia gizon hilkhor baten nahiari. Bi espos saindu hek utzi zuten berehala Nazareth Galileako hiria, zeinetan baitzuten bere egoitza heltzekotzat Bethleemerat, eta ezarri zituzten bere izenak hiri hartan, handik eta Dabiten leinutik atheratzen zirelakotzat. Etzen gauza gutia Yosefen eta Mariarentzat lothzea lau egunen bideari. Etzen denbora gutiago behar hek ziren lekhutik Bethleemerat heltzekotzat. Yakintsun ziren biak obratzeko zen misterioaz. Bazakiten Jesu-Kristo, profeteen arabera, Bethleemen behar zela sorthu. Nekheak etzituen batere lotsatzen: eman zitzaizkon, gogo onez, bideari.

        Urrun da izan baitzuten hiri hartan begitarterik batere. Etzen arbuiorik baizen heientzat; hiri hartako ostalerek etzuten ikhusten Yosef eta Maria baitan kanpotik ageri zen pobrezia baizik: etzioten behatzen heien kondizioneari, ez eta Mariaren orduko estatuari. Yendeak osteka heldu ziren hiri hartarat bazter guzietarik. Hango etxe eta zokho guziak betheak ziren munduz. Maria eta Yosef lurraren gaineko bi presuna sainduen eta errespektagarrienak ezin ostatatu ziren Bethleemen, bere dirutan ere; yoan behar izan zuten hiriz kanpoan zen heia urratu batetarat.

        Min bide zen Jainkoaren amarentzat eta Yosefentzat ikhusteaz bere buruak halako lekhu humiligarri batean. Ordean humiltasuna irakhatsterat heldu zenak etzuen damurik batere, aitzitik atsegin zuen han izateaz. Biryina sainduak bazakien noiz, eta zer mugaz sorthuren zen Salbatzaillea. Iragan zuen gau guzia kontenplatzen Yosefekin, gozotasun eta allegrantzia handitan, konplitzerat zohan misterioa.

        Mariak eman zuen mundurat, gauerdi gainerat, bere seme Jainkoa zaurthu gabe bere garbitasuna. Yarri zen ahuspez haren oinetan, eta adoratu zuen sorthu berria Jainkoak berak ezagut ahal zezakeien amudio, errespektu eta admirazionekin. Nolakoak etziren Yosefen humiltasunezko eta adorazionezko sentimenduak ikhusteaz Jainko haur egina, eta bera haren aita-ordetzat hautatua! Ordutik heia erromes hura bilhakatu zen munduko lekhurik ohoragarriena eta parabisuarekin iduririk gehien zuena.

        Zenbat gogoeta salbagarri ez detzake eragin Jesusen sortze mirakuillozkoak! O! ene Salbatzaillea, ala laster abiatzen baitzare munduko urgulluari yazartzen! ala laster urmariarazten baiduzu gizonaren suphertasuna! Mundu guziaren kreatzaillea mundurat heldu da, eta lurrak zukeien lekhurik arbuiagarrienean sortzen da! Jainko bat zeinarentzat zeruak berak ez baidu deusere aski ederrik, eta bere tronua izar guziez gorago duena manyatera batean datza etzana! gauza guzien yabea, deus-ere gabe, guzien eskasean aurkhitzen da! Zer ikhusgarri espantigarri! Lurreko bas-abereek eta aireko hegaztinek badituzte bere egoitzak, eta ontasun guzien emailleak ezdu non pausa bere burua!

        Non da bada (zioen, bertze orduz, san Bernatek) non da sorthurik heldu den erregeren palazioa? Non da haren tronua? Non da haren kortea? Ihardets zakion: heia bat da sorthu den erregearen palazioa; lastoa da haren ohea; manyatera da haren tronua; Maria eta Yosef ditu bakharrik bere ingurutan. O! amudio ezin erranezkoa (san Augustin mintzo da): O! karitate, gizonaren izpirituaz gorago dena! Nori gogoraturen zitzaion egundainotik bere aitarekin batean loriaz gozatzen dena sorthuko zela emazte baten ganik!

        Jesu-Kristo etzana izan zen manyatera Erroman da maiteki begiratua eta errespektatua Andre-dena Mariako eliza nausi ederrean: Salbatzaillearen gorphutz sakratuaren troxatzeko erabilli ziren oihalak erlekio preziatuegiak ziren hetaz ez yabetzekotzat. Enperadore batek beretu zituen, eta egin zion hetazko emaitza baliosa Louis Frantziako errege sainduari. Printze Jainkotiar hunek ezar-arazi zituen Parisko hirian, saindua daritzon kaperan.

        Jesus sorthu zenekotzat, aingeru batek hedatu zuen berri handi hura ingurutan ziren artzainetarat. Aingeru hura iguzkia baino distiosagoa zen. Lilluratuak izan ziren artzainen begiak, eta lastuak hekin bihotzak; ordean izialdura eman zuen aingeruak berak deskantsatu zituen artzainak erraten ziotela: ez dezazuela izan beldurrik, ekhartzen darotzuet igurik ahal dezakezuen berririk zorionezkoena, bozkariorik handienak hedatu behar duena zuen bihotzetarat eta populu guzirat. Evangelizo vobis, etc. Bai, yakin zazue guziek, sorthu da Bethleemen zuen Salbatzaillea, zuen Yauna eta zuen Jainkoa; edirenen duzue heia erromes batean, troxetan emana. Artzainek etzituzten hain laster entzun hitz allegeragarri hek, non aingeru oste bat hasi baitzen kantatzen Jainko Yaunaren laudorioak ziotelarik: Yauna dela lorifikatua zeruan, eta bihotza garbi duena bizi bedi lurraren gainean bakean, Gloria in excelsis Deo, etc.

        Artzainak etziren herabe agertu graziaren alderat: elkhar sustaturik, eman ziren berehala bidean nahiz ikhusi, lehen-bai-lehen, entzun zituzten gauza miragarriak. Heldu ziren Bethleemerat gau-erditsuan; sarthu ziren heian, betheak zirelarik Yaunaren graziaren gantzudura gozoaz; eman ziren ahuspez haur sorthu berriaren oinetan; adoratu zuten bere Salbatzaillea eta bere Jainkoa bezala. Salutatu zituzten Biryina saindua eta san Yosef. Gero bihurtu ziren, bozkariorik handienean, bere arthaldetarat.

        O! zuek Salbatzaillea lehenbizirik adoratu izan duzuenak, ala handia baida zuen zoriona! Ordean zerk behar gaitu gibelatu zorion beretik? Deusek ere; ezen erran daite Jesu-Kristo, egun oroz, sortzen dela gure aldaretan; zergatik ez dugu beraz guk ere adoraturen artzainek agertu zuten lehia berarekin? Egia da, ez dugu ikhusten Jesus maitea artzainek bezala gorphutzeko begiz; ordean guk baino fede gutiago behar othe zuten sinhetstekotzat, estatu urrikalgarri hartan aurkhitu zuten haurra, zeru, lurren kreatzaillea zela, hekin Jainkoa, hekin guzia?

 

aurrekoa hurrengoa