www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XI. KAPITULUA

Yosefek eta Mariak ihes egiten dute Ejiptorat

Matth. 2.

 

        Herodesek berantetsi zituen Jesusen adoratzerat urrundik ethorri ziren erregeak. Ez zitzaion gogoratzen Jainkoak gibelatu zituela hel-araztetik haren ganat; aitzitik, arbuiotzat hartu zuen hek ez agertzea etxerakoan, haren begietara. Errege gaixto hura eman zen sumindura handian, guziz, entzun zituenean haur dibinoaren berri espantigarriak. Beldur zen ezagut zezaten herri hetako erregetzat, eta berari khen ziozoten bortxaz beretu zuen khoroa: ezin gorde zuen gehiago bihotzean zarabillan xede kruela: eman zen ageriki Jesus gal-arazteko eginbidetan; ordean Jainkoak egorri zion, gauaz, aingeru bat Yosefi, erraterat Herodesek haur dibinoaren biziari nahi zioela, beraz har zetzala berehala berekin Jesus eta Maria ihes egitekotzat Ejiptorat, eta zagoela han denbora batetaraino. Yosefek etzuen argia iguriki obeditzekotzat zeruko bozari: eman zitzaion, gau hartan berean, bideari, harturik berekin Maria eta haur dibinoa. Hunela ihes egin zion Salbatzailleak munduko errege herbal bati, zeinaren khoroa eta bizia bere eskutan baitzituen.

        Herodesek ikhusi zuenean huts egin zuela bere kolpea, eta ezin yabetu zela errege sorthu berriaz, uste izan zuen hura gal-arazi hil arazirik haren adintsuko haur guziak. Entzun zuen errege magoetarik bazuela bi urtheen ingurua, agertu zela Jesusen sortzearen berri handia zakharkeien izarra. Eman zion bere gogoari behar zituela gal-arazi bi urthe iraganak ez zituzten Bethleemeko eta alde hetako haur guziak. Zer sarraski lastimagarri! Zer bihotz min ama hek guzientzat! Etzen aditzen guzietan hekin hasbeherapen ukigarririk, eta marraska arraillagarririk baizen.

        Familia saindua egon zen Ejiptoan, urthe baten ingurua. Herodes kruela hil izan zen inozenten odola isur arazi zuenetik zenbeit ilhabeteen buruko. Orduan Yaunaren aingeruak erran zion gauaz Yosefi: har ezatzu ama eta haurra; bihur zaitezte Israelgo lurrerat: hil dire Jesusen biziaren ondoan zabiltzanak. Yosefek egin zuen berehala obedientzia. Luzea zen iragan behar zen bidea, guziz emazte gazte gorphutz mendre batentzat: etziren hargatik herabe izan abiatzerat. Yosefek yakin zuenean Archelaus zela Herodesen orde, Judeako errege, beldurtu zen ahal zituzkela bere aitaren inbidia, gogortasun eta krudelitate berak: gogoeta hunek aphur bat lotsatzen zuen: etzen atrebitzen heltzerat Israelgo lurretarat, eta etzakien zein bide har; Jainkoak eman zuen Yosefen gogoa deskantsuan. Adi-arazi zion hel zitekeiela deuseren beldurrik gabe Galilearat. Orduan Yosef yarraiki zitzaion bere bideari, eta egin zuen bere egoitza Nazareth, bere eta bere esposaren sor-lekhuan. Urrun da izan baitzuten beltzuririk Galileako populuaganik; aitzitik hainitz arraiki izan ziren hartuak eta guziez ohoratuak bezala, maitatuak ere.

        Tresorik preziatuena egon zen, asko urthez, gordea Nazarethko hiri dohatsuan. Jainkoaren amak lekhu hartan hazi zuen eta altxatu bere seme adoragarria, halako ume bati zor ziotzon artha, amudio eta errespektu guziekin.

        Ederretsi behar dugu hemen Yaunaren probidentzia miragarria. Herodes zen bere mendeko izpiritu handienetarik bat, eta bere eskuko zituen armada osoak; ordean hauk guziek, ez eta inbidiak asmarazi zioen gaixtakeria izigarriak ezin erakharri zuten bere nahia konplitzerat; bere nausitasun eta sumindura guzien erdian, ezagutu behar izan zuen haur bat aski zela asaldatzekotzat haren barnea. Yarri zen ikhararik handienean, eta bortxatua izan zen amor ematerat Jesusen bothere guzizkoari. Haur baten biziari nahi dio: hura gal-arazi nahiz eragiten du sarraski lastimagarriena. Bizkitartean hil-arazi nahi duen haur hura bera gerthatzen da, bakharra, errege barbaro haren errabiari itzurtzen zaioena.

        Herodesen krudelitateak irakhasten daroku zertarainokoan heltzen diren gizonaren itsumendua eta inbidiaren su ondikozkoa. Errege gaixto haren exenpluak irakhatsten daroku oraino, Jainkoa maiz gaixtaginez berez baliatzen dela bereganatzekotzat arima yustuak. Urrun da urrikaltzeko baitziren sarraskitan emanak izan ziren haur inozentak, aitzitik heien alderako barbaria hark berak egin zuen hekin zoriona, izan arazi ziotenaz geroz martiren khoroa, zeruko erresuma.

 

aurrekoa hurrengoa