www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII. KAPITULUA

Jesu-Kristoren Zirkunzisionea

Luc. 2.

 

        Jesu-Kristo zirkunzisatua izan zen sorthu zenetik zortzi-garren egunean. Biryina eta Yosef eman nahi izan ziren eginbide hartan. Hortik ematen zuten erakutsterat legearen alderako leihaltasunik handiena. Bazakiten bada seme Jainkoak etzuela zirkunzisionearen beharrik; ordean bere humiltasunak iduri-arazten zioten Jesusek ere zeremonia borthitz hartarik iragan behar zuela, bertze haur guziek bezala. Nork erranen zuen Salbatzailleak, bekhatuaren kutsurik gabe zenak, eman nahiko zuela bere burua lege dorphe baten azpian? Nahiko zituela yasan, mundurat ethorri bezain sarri, zirkunzisioneari zatxeizkon oinhaze minak, eta onhetsi bere gorphutz sakratuan bekhatuaren zigillu humiliagarria! Ezen erran dezakegu inozentzia bera den Jesus maitea bekhatore bezala agertu zela zirkunzisionean. Ala nausi dibinoak irakhatsten baidaroku orduan eman zuen humiltasunezko exenpluaz arbuiatzen munduko nahikarak, eta bihotz onez pairatzen sofrikari eta idoi guziak!

        Yuduek ematen ohi zioten izen bat bere haurrei zirkunzisatzen zituzten egunean. Jainkoaren semeari eman zitzaion izentzat JESUS: izen adoragarria! Izen bertze izen guziez goragokoa! Izen zeinaren aiphamenak berak galdetzen baidu errespekturik handiena! Ordean ala ungi gostarik erosi izan baitzuen Salbatzailleak Jesusen izen saindua! Sortze pobre bat, bizi nekhatu bat, nigar preziatuenak etziren titulurik aski Salbatzaillearen izena merezitzekotzat; gure salbamenduak oraino gehiago du balio Yaunaren begietan: isuri nahi izan ditu zirkunzisionean bere odolaren lehenbiziko xortak; ordutik erakutsi izan du zein maiteki dakharkeien bere bihotzean gure salbamendua.

        Izan behar dugu debozione handi bat Jesusen izen sakratuarentzat; bothere miragarri bat datxeiko izen saindu hari; haren aiphamenak berak eragin ditu mirakuillu handiak. Ez ahal da Jainkoaren aitzinean Jesusen izena baino ararteko hoberik. Huna nola mintzo den san Bernat: «Liburuak nekhagarri dire enetzat ez badut hetan edireten Jesusen izena; ez da ene gogarako solasik, Jesusen izena ez balin bada maiz aiphatua. Izen maitagarri hura eztiaren pare da ahoan; zer atsegin egingarriagorik beharritan!». Berriz, zer gozoagorik bihotzarentzat!

        Triste eta ilhun zare? Aipha zazu bihotzez, Jesusen izena, eta ordutik emanen zare deskantsuan, suntsituko dire zure ilhunbeak. Kontzientzia oihuz dagotzu? Ez darotzu utzten sosegurik? «Laztua zare ikhusteaz eraman duzun bizitze gaixtoa? Izan ezazu Jesusen izen saindua ezpainetan, guziz bihotzean, eta ezarriren duzu zure fidantzia guzia Yaunaren miserikordian. Ez da pasione borthitzik amor eman behar ez diotenik Jesusen izen adoragarriari».

        Arrazoin guziek behar gaituzte erakharri maitatzerat eta errespektatzerat Jesus, gure Salbatzaillea. Haren bihotz ontasunak eta bothereak ez dute mugarririk; bethi gu laguntzerat eta dohatsu egiterat dago. Ez da nihon halako nausi maltsorik, nihon halako aita amultsurik. Iduri du aski dela dohakabe izatea gure ganatzekotzat haren urrikalmendua eta laguntza. Yasan ahal baino karga gehiago balin baduzue, zatozte (erraten darotzue), zatozte ene ganat, eta nik arinduko dut zuen karga.

        Ala haur prodigoaren parabolak baidu zertaz egin gure admirazionea! Ume zoro hura etzen hain laster sarthu utzi zuen bide onean; ez da hain laster hurbiltzen etxerat non baidohako aita aitzinerat: urrun da punitzen baidu ume ondikozko hura; aitzitik ahantzten bezala zaizko haren gaixkiak, eta haren ganik izan zituen bihotz-min guziak. Orhoitzen da aita dela, eta hartzen du seme dohakabe hura arraitasun handienarekin: yar-arazten du bere bizitze gaixtoaz galdu zituen zuzen guzietan, eta othuruntza handi bat ematen du seinalatzekotzat bere umearen ikhusteaz zuen bozkarioa. Bihur gaiten zeruko aita amultsua ganat, eta gaiten seguratuak, zer nahi gaixki egin dukegun, ardietsiko dugula miserikordia haren majestate adoragarriaren aitzinean.

 

aurrekoa hurrengoa