www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLVI. KAPITULUA

Yudas traidoreak ematen du
Salbatzaillea soldaduen eskutarat

S. Luc. c. 22.

 

        Yudasek bazakien Salbatzailleak othoitzean iragan gogo zuela heldu zen gaua Olibetako baratzean. Athera zen bertze apostuluen baltsatik erraterat sinagogako buruzagiei nahi bezalako parada zela yabetzeko Jesusez harorik batere gabe. Salbatzailleak bazakien zer xede zaraman apostolu traidoreak; etzen hargatik gibelatu yoatetik bere dizipuluekin mendi hartarat. Mintzatu zitzaioten bidean hainitz gauza eder eta ukigarri haren heriotzeari zaronsotenez. Piarresek seguratu zuen haltoki etzela behinere urrunduren haren ganik; ordean nausi dibinoak eman zuen ezagutzerat Piarresek hartaz arnegatuko zuela, ukhatuko ere zuela ezagutzen zuela oilharrak, gau hartan, kantatuko zuen baino lehen. Adi-arazi zioten guziei on zela hastan zadin heien ganik hei egortzekotzat izpiritu saindua. Gomendatu zioten begiratzeaz haren manamendu guziak, beregainki elkhar maitatzeaz. Erran zioten bere apostoluei persekutatuak izanen zirela; ordean grazia eginen ziotela atsekabe guzien pairatzeko pazientziarekin eta bozkariorekin. Azkenean gomendatu ziotzon amultsuki bere aitari gizon guziak, guziz, bere apostoluak. Iragan zen gero bere hameka apostoluekin Gethsemani zaritzon lekhu baterat. Manatu zituen apostoluak egoteaz gau hartan othoitzean, Jainkoari galdetzekotzat leihaltasuna eta iraupena.

        Jesusek hartu zituen berekin Piarres, Yakobe, eta Yoanes bere dizipulu maiteenak, eta urrundu zen aphur bat bertze apostolutarik. Ordu hartan ikhara handi batek hartu zuen Jesusen gorphutza, eta eman zitzaion tristeziari ikhusi zituenean bere dizipuluak lokhartuak, eman zen bazter batetarat, yarri zen ahuspez, eta egin zuen othoitz hau: ene aita, khalitz hau urrun bedi ene ganik, egin ahal badaite: guziarekin egin bedi zure nahia, eta ez nerea. Othoitz bera doblatu zuen hiruretarainokoan bethi sumetimendu eta khar berarekin: odolezko izerdia zarion gorphutz guzitik. Hurbildu zenean bere hirur dizipulutarat, aurkhitu zituen oraino lo zaudela. Egin ziotzoten bere errenkura amultsuak ez damu gehiago erakutsteaz haren tristeziaz. Zer? erran zioten, lo zaudete bada! Ezin egon izan zarete bada, oren batez, enekin atzarriak?

        Jesusek erran zioten bere hirur dizipuluei ordu zela yaikitzeko eta hari yarraikitzeko; ethorria zela orena zeinetan gizonaren semeak utziko baitzuen bere burua bere etsaieen eskutarat. Abia gaiten (zioen Jesusek) ni trahituren nauena ez da hemendik urrun. Ez zitzaion eman ihesari, aitzitik bera athera zen haren hartzerat heldu zireneen biderat. Hek ziren mandurel multzo bat, gehienak farisauen manukoak edo sehiak. Berekin zituzten ezpatak eta makillak, eta Judas traidorea zuten guzien aitzinean: apostolu dohakabe hark bazakien Salbatzaillea bere dizipuluez maitatua zela. Beldur zen yar zitezen bere nausiaren alde; eta bere gaixtagin lagunek ez zezaten, ilhun zelakotzat, ungi ezagut Salbatzaillea. Ez nahiz huts egin bere kolpea, erran zioten: nori ere emanen baidiot musu, eta hura bera izanen da zuek bilhatzen duzuena. Loth zakizkote, eta zuekin eramazue, itzuriko ez den bezala. Horrekin batean, Judas traidorea hurbildu zitzaion Salbatzailleari, erraten zioelarik: agur, nausia, eta ematen zioelarik musu. Dizipulu baten ganikako musu ondikozko hark ez bide zuen egiten Salbatzaillearen tormentetarik arinena. Halarik ere, Jesusek hartu zuen traidorekeriazko musu hura anaia, edo aita batek eman izan balio bezalako malsotasunarekin. Adiskidea (erran zion Judasi) zertarat ethorri zara? Badakizu zer egiten duzun? Zer? musu baten bidez saltzen duzu bada gizonaren semea?

        Jesu-Kristoren presentziak berak laztu eta ikharatu zituen mandurel hek. Salbatzailleak erran zioten haren handitasun adoragarriari zagokon maiestatearekin: noren bilha zabiltzate? Ihardetsi zioten: Jesus Nazarethkoaren ondoan gabiltza. Jesusek erran zioten: ni naiz hura. Hortan ere ematen zuen erakutsterat heriotzea pairatzen balin bazuen, bere nahitarat egiten zuela. Jesusek aiphatu zuenekotzat hitz hau: ni naiz, ikharak artik-arazi zituen gaixtagin hek guziak lurrerat. Orduan ere Salbatzailleak eman zuen ezagutzerat Jainkoaren semea zela. Altxarazi zituen lurretik, eta erran zioten haren bilha zabiltzanaz geroz, etzutela konplitzea baizik bere nausien manua.

        Yudu zoro hek ezagutu behar bidean Salbatzaillearen bothere guzizkoa, erori ziren haren gainerat gaixtaginik handienaren gainerat bezala. Yabetu ziren hartaz, eta estekatu zuten ahalik hobekiena. Min zitzaien dizipuluei ikhustea altxatzerat zaramatela bere nausi dibinoa; egin zuten haren atheratzerat etsaieen eskutarik. Piarresek khendu zuen ezpata maginatik, eta hartaz arraillatu zion beharri bat aphez-handiaren sehi, Malkus zaritzonari. Jesusi gaitzitu zitzaion apostoluaren orduko khar sobraniazkoa. Ukitu zuen bere eskuaz zauria, eta sendatua izan zen. Eraman zuten Salbatzaillea hobendun bat bezala, estekaturik aphezen printzearen aitzinerat. Sinagogako buruzagiak hanbatenaz bozkariatu ziren ikhusteaz Jesus bere eskutan, zenbatenaz beldur baitziren, harturik ere, itzuriko zela zenbait mirakuillu eginik.

        Ez da batere miretsteko baldin Salbatzailleak yasan nahi izan bazituen bere bihotzean, eta bere pasionearen hastapenetik tormentarik lastimagarrienak. Ikhusten zuen, urrundanik, herrestan erabilliko zutela Yerusalemeko karriketan; izanen zela laidoz estalia, elhorriz khoroatua, eta azkenean, itzeztatua. Gogoan zarabiltzan humiliazione eta tormenta igurikitzen zituen guziak, eta horra zerk zaraman Jesus maitea tristeziarik handienerat. Zer lantza kolpe haren bihot samurrarentzat orrhoitzeaz bere dizipulu baten traidorekeria beltzaz, hanbat fagoratu zuen populu baten eskergabetasun izigarriaz! Zerk ordean gehienik zaurthzen zuen Salbatzaillearen bihotz amultsua? Zerk bada? baizik yakiteak alferretan zohala isurtzerat bere odol sakratua hainitzentzat, eta arbuiaturen gintuela haren grazia preziatuenak berak. Gure bekhatuek, haren alderako gure ezagutza eskasak ahal zuten parterik gehiena haren lazduran eta odol-izerdian.

        Jainko handia, saindutasuna bera zarena, eman nahi izan zaizko tristeziari orrhoitzean gure bekhatuez, eta gu deskantsuan eta atseginpean bizi gare dakigularik bekhatutan phulunpatuak garela, ifernuko sua segur dugula non ez dugun egiten penitentzia! Ez duzu, o! Jesus emea, egiten errenkurarik den gutiena yazarri nahi darotzuten zure etsaiez, zure presuna adoragarria laidostatzen dutenez, eta guk utzten ditugu gure buruak eraunsietarat, aseradurarat eta mendekurat iduritzen zaikunean ez garela aski ohoratuak edo heldu zaikunean zenbeit damu. Zer ahalkeria! zer itsumendu!

 

aurrekoa hurrengoa