www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIX. KAPITULUA

Jesu-Kristo sartzen da
lorioski Yerusalemeko hirian

Yaun-doni Yaun. c. 12.

 

        Jesu-Kristoren pasionea misterioz bethea da, eta orduan iragan ziren gauza guziek ematen dute ezagutzerat hura zela egiazko Mesia, eta Jainkoaren semea. Beztarat Yerusalemerat hedatu zirenek yakin zuten Lazaraen bitzte espantigarria, mirakuillu haren lekhuko izan zirenen beretarik, eta entzun zuten Jesus harat heldu zela. Athera ziren, osteka, haren biderat erramuak eskutan, ziotelarik oihuz: salbamendua eta loria Dabiten semeari; bizi bedi Israelgo erregua, Jaunaren izenean heldu dena. Huntaraino heltzen ziren poñuluaren bozkarioa eta errespektua, non batzuk hedatzen baitzituzten bere soinekoak, eta bertzek arboletako adarrak Jesus iragan behar zen bidearen gainerat. Hurbildu zenean hirirat, haren dizipuluek egin zuten gaindi bezala bozkarioz ikhusteaz bere nausiari bihurtzen zitzaizkon ohoreak. Eman ziren populuaren baltsan, eta abiatu ziren laudatzen Jainkoa hekien begietan egin zituen obra miragarriez, ziotelarik oihuz: Bedi benedikatua Jaunaren izenean heldu den erregea: bakea lurraren gainean eta loria zeruan. Salbatzaillearen ingurutan zirenek altxatu zituzten bere bozak, dizipuluek bezala, haren lorifikatzekotzat. Etzen alde guzietarik entzuten hitz hau baizik, hozanna; erran nahi da, bihur bekio loria Dabiten semeari.

        Salbatzaillearen etsaiek gaitzetsten zituzten populuak bihurtzen ziotzon ohore handiak: elkharri erraten zioten: ikhusten duzue ez dugula deusere irabazten; horra non darraikon mundu guzia. Hetarik zenbeit baltsatu ziren populuarekin, eta ezin gerizatuz gehiago bere errabia, erran zioten Salbatzailleari: nausia, ixil-araz ezatzu zure dizipuluak. Ihardetsi zioten bere emetasun ohikoarekin: sinhets nazazue: ixil balitez ere, harriak mintza litezke oraino, hek baino gorago.

        Salbatzaillea, ikhustean Yerusalemeko hiria, ezin egon zen nigar egin gabe. Orrhoitzen zen lekhu dohakabe hark eta nazione guziak yasan behar zituzten ondikoez zeren thematu ziren haren ez ezagutzerat Mesiatzat. Jesusek, nigarrak isurtzearekin batean, egin zuen errenkura amultsu hau: o hiri dohakabea, orai arteraino ez duk nahi izan ezagutu hire zoriona egin behar zuena! Zergatik iduki dituk, hanbat denboraz, hire begiak hertsiak argiari! Oxala idek bahetza hiretzat graziazkoa, eta bakezkoa den egun huntan! egun huntan zeinetan populuaren eta ene umeen bozak gonbidatzen baihaute ezagutzerat eta errezibitzerat hire Salbatzaillea eta hire aita! Ordean, ondikoz! itsua haiz, eta hala nahia haiz. Yakin ahal dezakek bada, hiri dohakabea, hire nahiaren araberako itsumendu hori ikhusten duen Jainkoa bere fulian ethorriko dela hire gana, laster izanen haizela funditua. Ikhusiren tuk, urthe laburrik barnean, etsaiak hire sethiatzen. Herstura handian aurkhituko haiz alde guzietarik; bortxatua izanen haiz erortzerat hekin eskutarat, eta sarraski handia eginen die hire populuan: lurrerako ditie hire murruak, emanen die hiri guzia sutan eta odoletan: hire etxe eder guziak izanen tuk azpikoaz gora itzuliak; eta ez die utziko harria harriaren gainean. Horra nola Jainkoa ethorriko den bere fulian hire ganat, zeren ez dukan errezibitu ethorri nahi izan zaikanean Salbatzaille eta aita bezala.

        Hulako hitz minek ematen zuten ezagutzerat, Salbatzaillea gehiago zela ukitua Yerusalemeren zorigaitzaz, ezen ez populuak agertzen zuen bozkarioaz. Hiri hartan sarthu zenean, bat-bederak galdetzen zuen: nor othe dugu hau? Hari yarraikitzen zitzaizkonek ihardetsten zuten: zer? ez dakizue bada hau dela Jesus Nazarethkoa, bere hitzetan eta obretan hain handia den profeta hura bera? Yuduak etziren bakharrak lehiatu zirenak Jesusen ikhusterat. Jainkoaren adoratzerat ethorriak ziren zenbeit jentilek ere erakutsi zuten gutizia bera. Egin zuten bere nahiaz yakintsun Filipe apostolua, Filipe etzen menturatu, bere nausiaren alderako errespektuz, jentil hek haren ganat hurbil-arazterat. Erran zion Andresi zer zen jentilen nahia. Bi apostoluak mintzatu zitzaizkon Salbatzailleari jentil hetaz. Salbatzailleak erran zioten ematerat zohala bere bizia yuduentzat bezala jentilentzat ere, nahi zituela guziak salbatu bere odolaren gostuz.

        Salbatzaillearen bihotza laztu zen orrohoitzean bere nahitarat yasan behar zituen tormenta izigarriez; ordean konplitzerat zagon bere aitaren borondatea gauza guzietan: erran ere zion: ene aita, lorifika zazu zure izena: erran nahi izan balu bezala: izan nahi zarenaz geroz lorifikatua ene heriotzearen bidez, ez dut galdetzen zehorriri zaitzuna baizik. Ordu hartan berean entzun zen zeruko boza bat zioena: yadanik lorifikatu dut ene izena, eta oraino lorifikatuko dut orai arteraino egin ditutzun mirakuilluez, eta gerorat eginen ditutzunez.

        Ez ahal da izan egundaino halako bozkariorik nola, Yerusalemetik Jesusen biderat athera zirenek erakutsterat eman zutena: hetarik gehienak lekhuko gerthatu ziren Jesusek, hirur urthe hetan, obratu zituen mirakuillu guziez; etzen beraz batere miretsteko ezagutu bazuten Salbatzaillea bere erresketatzailletzat, bere Mesiatzat. Zer lehiarekin etzituzten estali hostoz, loreez eta erramuz Jesus iragan behar zen bidea!

        Jesus, komuniatzen dugunean, sartzen da gure bihotzetan Yerusalemen sartu zen bezala, erran nahi da, errege guziz soberano, ordean arrai eta bakharrik gure zoriona bilhatzen duen bat bezala. Ikhusterat giriztinoak, multzoka, mahain sainduan, nork ez lezake erran Jesus bere bihotzetan errezibitzeko lehiarik handienean bizi direla, aitzinetik bere barneak behar bezala garbitzen dituztela, eta bozkario handi bat dutela hazteaz bere arimak Jesu-Kristoren gorphutz sakratuaz? Zenbatak bizkitartean komuniatzen dutenak errankizunagatik, bertzei yarraikitzeko, eta hotztasun ahalkagarrienarekin! Halako giriztino ondikozkoak Yerusalemeko populuaren iduriko dire. Badakite komunionean, bere Salbatzaillea errezibitzen dutela; ordean aita amultsu eta heien zoriona egin behar luken hura laster da ahantzia hekin izpiritutan, nonbait da hekin bihotzetarik. Jesus hanbat edertasun eta magnifizentzian Yerusalemen sartu zenetik seigarren eguneko, yazarri izan zioten gogortasun eta errabia handiekin. Zenbat giriztino otai ere, komuniatu dutenetik sei egunen buruko, batzutan, lehenago, bederen denbora laburrik barnean, Salbatzaillearen kontra altxatzen direnak! Yazartzen diotenak bere gaixtakeriez! Bihurtzen direnak egundainoko bekhatuzko bide beretarat, eta Jesu-Kristoren heriotzea bere bihotzetan erreberritzen dutenak!

 

aurrekoa hurrengoa