www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXIII. KAPITULUA

Jesusek hazten tu bortz milla presuna
iraganak bortz ogi, eta bi arrainekin

S. Matth. 14.

 

        Jesusek jakin zuen Yaun-doni Yauniren heriotzearen berria, eta hartaz ere zer zioten Heroderen kortean. Uzte izan zuen egin behar zuela aurkhitzen zen lekhutik urruntzerat; sarthu zen bere dizipuluekin barku batean, eta iragan zen Betsaideko hurbillerat. Alferretan bilhatzen zituen lekhurik gordenak, mundua yarraikitzen zitzaion guzietarat. Bortz milla presuna iraganek egin izan zuten egun baten bidea, oinez, haren ganat heltzeko. Bide bera zuten egiteko bere etxetarat bihurtzeko, eta deusere yan gabeak ziren. Salbatzailleak egin ziotenean bere predikua, eta sendatu zituenean baltsa handi hartan ziren eriak, dizipuluek, ikhusirik berandua zela, erran zioten bere nausiari: Juana, egor ezatzu yende hauk hemendik eros dezatentzat zerbeit yanari hauzoko herri hautan. Jesusek ihardetsi zioten: ez da premiarik batere urrun ditezen hemendik. Emozue zeuek, yaterat. Ez dugu ordean hemen (zioten dizipuluek) bortz ogi eta bi arrain baizik: zer dire guza guti hauk mundu oste hunentzat? Bakotxak ez luke, zion Filipek, hamen bat baino gehiago. Jesusek erakharri zituen bortz ogiak eta bi arrainak, benedikatu zituen eta parti-arazi han ziren guzietarat. Bakotxak yan zuen nahi zuen bezanbat, eta aldaratu ziren oraino hamabi saski sobratu zirenez betheak.

        Mirakuillu handi hunek harritu zuen populu hura. Guziak eman ziren erraten: huna non den mundurat ethorri beharra zen Salbatzaillea: hartu ere nahi zuten bere erregetzat. Jesusek ezagutu zuen zer zarabillaten gogoan: egin zuen berriz ere, ihes, bakhar-bakharra, mendirat. Arrats aphalerat, haren dizipuluek iragan zuten barku batean itsasoa Kafarnaumerat heltzeko haizea bortiztu zen eta itsasoa handitu. Apostuluek ezin ardiets zezaketen arrabeen laguntza guziarekin leihorra. Salbatzailleak ikhusten zuen menditik heien izialdura eta hirriskua. Laster athera zituen batetik nola bertzetik.

        Goizeko lau orenetako heinean, Salbatzaillea hurbildu zen apostoluetarat, uraren gainean zabillala. Ikhusi zutenean gizon bat uraren gainean ibiltzen, yarri ziren ikharan eta oihu minetan; ordean Jesusek ezarri zituen deskantsuan, erraten ziotelarik: Ez duzuen beldurrik, ni naiz. Jauna, ihardetsi zuen Piarresek, zu balin bazara, mana ezazu ni ere ibil nadin, zu bezala, uraren gainean zure ganatzekotzat. Jesusek erran zion: zato. Piarres aiutsi zen berehala barkutik, eta abiatu zen animorekin uraren gainean bere nausia ganat. Haizea aphur bat altxatzearekin, hasi zen izitzen eta ondoratzen: O! Jauna (erran zuen orduan Piarresek) salba nazazu, ondorat noha! Jesusek hartu zuen eskutik, eta erran zion: fede gutitako gizona, zergatik dudan eman zara? Jesus etzen hain laster barkuan sarthu Piarresekin non yabaldu baitzen haizea eta edertu itsasoa. Hulako mirakuilluek idek-arazi zituzten dizipuluen begiak: ikhusi eta ezagutu zuten hekin obratzaillea Jainkoaren semea zela: eman ziren, ahuspez, haren oinetan, eta adoratu izan zuten.

        Jesus leihorrerat zenekotz, haren mirakuillu berrien ospea hedatu zen ingurutarat. Eriak bildu ziren, osteka, alde guzietarik osasuna galdetzerat. Ordean zer nahi den eginik ere bere botherea seinalatzekotzat, gehienek mundu huntako bere ona bilhatzen zuten hari yarraikitzean: hainitzek etzuten ezagutzen Jainkoaren semetzat. Izan ere zuten atrebentzia Jesusi galdetzeko non ziren bada haren obrak sinhetsi behar izateko hura zela Jainkoaren semea? Zer mirakuillu, erran zioten, egiten duzu bada itsutuki eman behar izateko gure sinhestea zure hitzetan? Hazi izan ditutzu, egia da, egun berean bortz milla presuna iraganak bortz ogiekin; ordean Moisek hazi izan ditu, berrogoi urthez, sei ehun milla eta gehiago zerutik yautsten zen manaz. Egin othe dezakezu Moisek baino gehiago? Hitz haukin gainean, Jesusek ihardetsi zuen: Egiaz mintzo natzaitzue: ez duzue Moisen ganik zeruko ogia: ene aita da, ematen darotzuena (ni ematean) zeruko egiazko ogia; ezen zerutik yautsten den ogia da Jainkoaren ogi munduari bizia ematen dioena.

        Horletan, eman diezaguzu beraz, erran zioten, ogi hartarik. Jesusek hobeki konpreni-araztekotzat Eukaristiaren misterioa, erran zioten bere aditzaillei: ni naiz biziaren ogia: ene ganat heldu denak, eta ene hitzetan eta nere baitan sinhetstia ezartzen duenak, ez du nihoiz izanen goserik ez eta egartsurik. Zuetaz bezanbatean, lehen ere erran darotzuet: ikhusi nauzue, eta ez duzue sinhetsterik. Ikhusi nauzue mirakuilluak egiten, eta ederretsi ditutzue: atsegin hartu duzue aurkhitzeaz ene baitan osasuna eritasunetan, eta laguntza behar-ordutan; ordean etzarete urrunago hedatu. Horietan baratu zarete, ez duzue bertze deusere bilhatu. Aiphatu darotzuedan zeruko ogi bethierekoa eta bizitzea ematen duena bakharrik onentzat izanen da, erran nahi da, fede bizi batekin eta graziazko estatuan yanen dutenentzat. Gaixtaginek eta federik ez dutenek, edo fedea izanik ere, bekhatu mortalean zeruko ogi hartarik yanen duten dohakabeek, iretsiren dute bere kondemnamendua.

        Jainkoak erakutsten daroku guretzat duen amudioa bere obra guzietan. Halarik ere, aithortu behar dugu Sakramendu Saindua dela haren ontasun infinituaren mirakuillurik handiena, eta bertze misterio guziek bere baitan daduzkana. Etzen bada aski gauza guzien kreatzaillea yauts zadin guregatik zerutik lurrerat! Har zezan guk bezalako gorphutz hilkhor bat! Paira zetzan tormentarik izigarrienak! Ez giriztinoak, gure Salbatzaillea ez da horiek guzietan baratzen: urrunago darama bere miserikordia; etzaio iduritzen aski egiten duela gure alderat sakrifikatzean bere bizi preziatua guri zeruko erresuma izan araztekotzat; azkenaz-goiti, ematen daroku aldareko sakramenduan yanaritzat bere gorphutz sakratua. Zer amudiozko gaindidura!

        Zenbat ere ezin konprenituzkoa baida Jainkoak gure alderat seinalatzen duen amudio miragarria, aithortu behar dugu, gure ahalkeria handitan, oraino gutiago konprenitzekoa dela gure esker gabetasun itsua halako aita amultsu baten alderat.

 

aurrekoa hurrengoa