www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXIX. KAPITULUA

Martha eta Maria

S. Luc. 10.

 

        Jesu-Kristo, Bethaniako herritarik iragatean, sarthu izan zen Martha bizi zen etxean. Martha zen Mariaren eta Lazaraen haurridea. Jesu-Kristok ohoratzen zituen bi anaia arreba hauk bere estimuaz eta amudioaz. Begitarte hainitz egin zitzaion etxe hartan. Martha guzia khexatua zabillan yatekoen aphaintzen, eta Maria deskantsu zagoen Salbatzaillearen oinetan entzuten haren hitz sainduak. Marthak egin ziotzon Mariaz errenkurak Salbatzailleari; othoitztu ere zuen mana ziozon haren laguntzeaz orduko lanetan. Urrun da nausi dibinoak gaitzetsi baitzuen Mariaren deskantsua, eta haren entzuteko zuen lehia handia, aitzitik laudatu zuen hartan, erraterainokoan haren aizpari: Martha, Martha, deus gutik asaldarazten zaitu horrela: ez da zeren egin errenkurarik Mariaz. Hagitz ungi hartu da, eta erakutsi duen zuhurtziak izanen du bere gollardoa. Salbatzailleak etzuen aurkhitzen erratekorik, berak eta haren dizipuluek Martha ganik izan zuten begitarte arraiaz; bakharrik kondemnatzen zuen sobraniazko khexaguneak sor-arazten duen asaldura. Irakhatsten zuen munduko lanik laudagarrienak berak deusere ez direla salbamenduko egitekoaren aldean, eta gauza guzien gainetik behar dugula bilhatu gure behin-bethiko zoriona.

        Farisauak erasian zauden bere artean zeren Jesus yarri zen mahainean eskuak garbitu gabe. Salbatzailleak ikhusirik zer iragaten zen hekin bihotzetan, mintzatu zitzaien zuten hipokrisiaz, eta erakutsten zuten bere gisako prestutasunaz. Zuek, farisauak, erran zioten, uste duzue behar den guzia dela garbi agertzea kanpotik. Hortan zatzate batere lotsatu gabe bekhatuek zuen arimetarat dakharzketen likhitskeriez. Zuen bihotzak ekharriak dire ebatskorat eta gaixtakeria guzietarat; ordean eskuak garbi baditutzue, deskantsu bizi zarete. Zer? Ez dakizue bada Jainkoa inozentziari eta barneko garbitasunari darraikola. Bihotza lohi denean, kanpoko garbitasuna sepultura xuritu baten pare dela? Guzietan zuen obra onez mintzo zarete: espanturekin aiphatzen tutzue zuen barurak, zuen amoinak, zuen itxurazko prestutasuna! O! hipokritak, zer irabazten duzue bada berthutearen axal horrekin? Gehienerat, gizonen estimua: horra zuen sari guzia; eta gauza horren aphurraentzat galtzen duzue zeruko erresuma.

        Zorigaitzez zuentzat, erraten zioten oraino farisauei Salbatzailleak, leihalki bethetzeaz eginbide xumeak hautsten baduzue Jainkoaren legea eginbide handiagotan, ez balin baduzue lagunen alderako zuzentasunik, ez eta Jainkoaren ganako amudiorik. Bethe behar dire, hala da, eginbide xumeak, ordean handiek ere galdetzen dute gure leihaltasun guzia.

        Zorigaitz zuentzat utzteaz zuen kontzientziak ez deuskeriez asaldatzerat, deskantsuki egiten ditutzuen denboran bekhaturik izigarrienak. Badire gizon batzu ulitxen iretsteaz ikharatzen direnak, hurren herabe ez diren denboran kamelu baten iretsterat; zuek ere hetarik dirurizue. Lehenbiziko urhatsaren ondoan zabiltzate, mundu guziak agur egin diezazuen nahi duzue; eta ordukotz zuen othoitz luzeen itxuran, yazartzen diozue alhargunari eta ume-xurtxari, eta erortzen zarete gaixtakeria guzietan.

        Legeko doktorek beretzat hartu zituzten Salbatzaillearen hitz sainduak. Damustatuak izan ziren. Hetarik batek erran zion biphilki Jesusi: azkenaz-goiti desohoratzen gaitutzu gu ere horrela mintzatzeaz. Jesusek etzuen nihor guphidetsten; ihardetsi zion legeko doktor hari, urrikaltzeko zirela hura eta haren lagunak bertzei eman nahi izateaz uztarri dorphe bat berek erriaz ere ukitu nahi etzutena.

        Ederrets dezagun Mariaren zuhurtzia yarraikitzean, guzien gainetik, salbamenduko egiteko handiari. Hura ahal da, bertze guzien artean, artharik gehien galdetzen duena. Eta, egiaz, zer dire munduko itzuli, ohore eta ontasunak? Zer da gure bizia bera salbamenduko egitekoaren aldean? Edo behar gare behin bethiko dohatsu, edo, behin bethiko dohakabe: edo behar gare Jainkoaz, menderen-mende, gozatu zeruan, edo su lametan erre, damnatuen baltsan, eternitate guzian. Zer da mundu huntako bizitzerik nahikarazkoena eta dohatsuena? Amets bat berehala suntsitzen dena. Hillen gare beraz gutien ustean: ordean norako gare? Zerurat, ala ifernurat? Gogoeta lazgarria! Balinba zeruan nahi gare sarthu! Arren behar dugu maiteki ekharri izpiritutan salbamenduaren orhoitzapen zuhurra, eta finkatu gure bihotzetan haren ardietsteko lehia khartsuena.

 

aurrekoa hurrengoa