www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

L. KAPITULUA

Jesus kondemnatua da
gurutzefikatua izaterat,
berekin darama gurutzea Galberiorat

S. Matth. 27.

 

        Etzen egundaino gerthatu gauza hain bihotz arraillagarririk. Zauri izigarri batek hartzen zuen Jesusen gorphutz sakratua burutik oinetaraino. Pilatus bera, zenbat ere baitzen paganoa, laztu izan zen ikhusteaz Salbatzaillea hala billakatua. Uste izan zuen ez bide zela bihotz aski gogorrik eta barbarorik ez sartzekotz urrikalmendutan. Erakharri zuen Salbatzaillea bere etxe aitzinerat: handik erakutsi zioten yuduei erraten ziotelarik: ecce homo: huna gizon hura zeinaren heriotzea galdetzen baitzinduten hanbat fuliarekin: badu lehen zenaren iduririk ere? Bazaitzue bada aski pairatu duela? nahi zindiokete bada oraino gehiago yazarri? ecce homo: huna gizon hura zuen arabera, zuen errege izan nahi zuena. Nork sekulan usteko zuen gizonen bihotzak etzirela hautsiren ikhusteaz gure Salbatzaille maitea halakatua? Damu ginduke ikhusteaz azienda bat ere halako hersturan, eta yuduak egundaino bezain gogor agertu ziren; egundainoko khar beraekin galdetzen zuten, Jesusen heriotzea: tolle, tolle (zioten) gurutzefika bezate; Jainkoaren semetzat egiten du bere burua, galdu behar du bizia. Tolle, tolle, etc.

        Pilatus oraino gehiago laztu zen Jainkoaren semearen aiphamenean. Salbatzaillearen pazientziak eta ixiltasunak, alde batetik, eta populuaren errabiak, bertzetik, iduri-arazten zioten bertze gizonak baino gehiagokoa zela. Sar-arazi zuen Jesus bere palaziorat, eta berriz ere egin ziotzon galdeak bere sortzearen, bere herriaren, eta bere ethorkiaren gainean. Jesusek etzion deusere ihardetsi. Pilatusek, espantiturik ixillik egote hartaz, erran zion Jesusi: ez dakizu bada eskutan dudala zu gurutzean hil-arazteko, edo zure libratzeko bothere guzia? Zergatik beraz ez zara mintzatzen? Orduan Jesusek ihardetsi zion: etzinduke ene gainean eskurik ez balarotzu zeruak eman probidentziaren nahia konplitzekotzat. Zure eskutarat largatu nautenak zu baino hobendunago dire. Pilatusek entzun zituenean hitz hauk, egin zituen, berriz ere, munduan egin ahal guziak Jesusen libratzeko. Yuduek ezaguturik Pilatusen izipertasuna, erran izan zioten: baldinetariak ez badiozu bizia gal-arazten erregetu nahi izan den gizon bati, zure printzearen etsai agertzen zare. Orduan Pilatus flakoa beldurtu zen bere buruarentzat. Yarri zen bere yuiamenduen ekhartzeko alkhiaren gainean. Erakharri zuen ur guti bat, eta bere eskuak garbitu zituen mundu guziaren aitzinean, erraten zuelarik etzela behintzat hobendun yustu haren heriotzeaz, hek beharko zutela ihardetsi hobenik gabekoaren odolaz. Populua eman zen, oihuz, erraten: Jesusen odolaren isurtzeari dagokon punimendua eror bedi gure, eta gure umeen gainera.

        Pilatusek, bere eskuak garbitzean uste zuen naski bere arima ere garbitzen zuela. Zer enganio! ala seinalatu baitzen haren inyustizia kondemnatzean heriotzerat berak hobenik gabe zadukana! Libratu zuen Barrabas, gaixtagina; eta eman zuen yuduen eskutarat, gurutzefikatua izatekotzat inozentzia bera, eta bizia beraren emallea. Khendu zioten, tiraka, haren gorphutz guziko zauriari zatxeikon kapa tzar hura: zer tormenta berri! eta bihurtu ziotzoten bere soinekoak; har-arazi zioten bizkarrean haren gurutzefikatzekotzat baliatu behar zen zur pisua, eta eraman zuten Yerusalemeko murrutarik zenbeit hurratsetarat, diot, Galberiako mendirat.

        Horra beraz gizon bat hain miragarria, mundu guziari ungi egiten zioena, saindutasuna bera, hitzetan bezala, obretan ere bothere guzizko bat agertzen zuena; horra posedituak libratzen, gaitik zaharkituenak sendatzen, eta gorphutz erdi ustelduak bitz-arazten zituena, horra Jainkoaren seme bakharra, gauza guzietan bere aitaren idurikoa, horra non daramaten ohoin bat bezala amarratua, azote kolpez guzia zauriztatua, eta bere gurutzeaz kargatua. Nor dire Salbatzaille adoragarriari krudelitate harekin yazartzen diotenak? Hek dire zenbait egun lehenago Jesus bozkario guzietan errezibitu izan zutenak bere Mesias bezala. Izpiritua galtzen da sartzean hauk guzietan. Jesusen amudioa, hauk guziak gizonengatik pairatzean, ezin konprenituzkoa balin-bada, hala den bezala, errexago othe da konprenitzea yuduen malezia eta errabia Salbatzaille maitearen alderat!

        Salbatzaillea Galberiorat zaramaten dohakabek ikhusirik hagorandua zela, eta bere indar guziez hurren gabetua, behartu zuten gizon bat Simeon zaritzona gurutze haren khartzen laguntzerat. Etzabiltzan (urrun da) Jesusen ganako urrikalmenduz; bainan beldur ziren zuraren karga pisuegiak labur zetzan haren orenak, eskas zakizkon Galberiorat heltzeko indarrak, eta ez zezaten izan haren gurutzefikatzeko atsegina. Jesusek ikhusi zituen Galberiorakoan zenbeit emazteki erakutsterat ematen ziotenak bere nigar gozoez hartaz zuten urrikalmendua. Itzuli zen heien alderat, eta erran zioten: Yerusalemeko alabak, ez isur nigarrik ene gainerat; bainan isur atzue zuen buruen, eta zuen umeen gainerat. Hunela yazartzen badiote (zioen Salbatzailleak) gaixkirik egin ez duenari, zer izanen da bada gaixki egilleez? Zeruko aserraduraren sua hunela lothzen bazaio arbola heze eta fruitutsuari, nola egonen da lothu gabe arbola ihar eta fruiturik gabe denari? Zer kharrekin etzaie beraz lothuren gaixtakeria bere gaindidurarat daramatenei hil-araztean berei bizia eman diotena, eta hekiengatik sakrifikatzen dena?

        Salbatzailleak erraten daroku gurutzea ekharri nahi ez duena ez dela gai zeruan sartzeko. Berak hitzez bezala exenpluz ere ezagut-arazten daroku gurutzearen ekhartzeko eta maitatzeko premia baitezpadakoa. Jesusen gorphutz adoragarria emana zen sarraskitan, halarik ere etzuen nahi nihork izan zezan hartaz urrikalmendurik. Ikhas dezagun nausi dibinoaren eskola zuhurrean errenkurarik ez egiten gure nahikabetan, gure buruen ez urrikaltzen gure damu, atsekabe eta lazerietan. Jesus maiteak pairatu zituen emetasun saindu batekin idoi eta tormenta ikharagarrienak; hartu behar ditugu, guk ere, errespektu eta sumetimendu saindu batekin behere huntako desfortuna, eritasun eta ethor ahal dakizkigun gaitz guziak. Ezar dezagun gure fidantzia Salbatzaille maitearen bothere eta miserikordia infinitutan. Bera da gure aita, gure mirikua, gure kontsolazionea, hiz batez, bera da gure guzia.

 

aurrekoa hurrengoa