www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXIV. KAPITULUA

Jesu-Kristoren transfigurazionea

Matth. 17.

 

        Jesu-Kristok Zesareako hiritan gaindi zabiltzala bere dizipuluekin, galdegin zioten zer zion munduak hartaz. Ihardetsi zioten batzuk ziotela Joanes-Baptista zela, bertzeek Elia, eta bertze batzuk Yeremia, edo profeta zaharretarik bat. Eta zuek, erran zioten Jesu-Kristok bere dizipuluei, nor uste duzue naizela? Yaun-doni Petrik ihardetsi zuen berehala: zu zare Kristo, Jainko biziaren semea; orduan Jesu-Kristok erran zion dohatsu zela haren aitak yakintsun egin izateaz erranik heldu zen egiaz; agindu zion haren gainean asentaturen zuela bere eliza saindua ifernuko atheak baino bortitzagoa izanen zela. Bai, ni naiz (erran zioten oraino Jesusek bere dizipuluei) ni naiz Salbatzaille igurikia, Jainko biziaren semea, eta Jainkoa bera; ez da ordean denbora hulako deusik aiphatzekoa. Debekatzen ere darotzuet batere mintzatzeaz gauza hauien gainean: yasan behar ditut lehenik asma ahal ditezken idoi guziek baita gurutzeko heriotzea bera, munduaren Salbatzekotzat, eta ene aita zerukoaren yustizia satisfatzekotzat.

        Zenbeit egunen buruan, Jesusek hartu zituen berekin Piarres Yakobe, eta Yoanes, bere hirur apostulu maitenak, eta eraman zituen mendi gora batetarat. Harat zenean, eman zen aphur bat bazterrerat, eta yarri zen othoitzean. Othoitzaren kharrean zatzala, transfiguratu izan zen bet-betan bere dizipuluen begietan. Jesusek ez zirurien, ordu hartan, bertze gizonak bezalakoa, aitzitik ezagun zen Jainko gizona zela. Jainkotasunaren distiadura guzia seinalatzen zen haren gorphutzean. Izarniatzen zuen, alde guzietarik, iguzkiak bezala. Eta gehiago dena, haren yauntstura egin zen elhurra baino xuriago. Ordu berean Moise eta Elia agertu ziren mendi berean, eta egon ziren Jesusekin solasean Jerusalemen pairatzeko zituen atsekabez. Atzarri ziren, arte hartan, lokhartu ziren hirur dizipuluak. Nolakoa etzen behar hekin espantimendua ikhusteaz Salbatzaillea loria guziaren erdian, eta bi profeta harekin solasean!

        Yaun-doni Petrik etzakien non zen, bozkarioz; ezin bara zezakeien bere kontentamenduaren gaindidura: abiatu zen berehala erraten: Jauna, on da guretzat hemen izatea: hemen behar ginduke egon. Non gintezke hobeki? Eginen tugu hemen hirur tenta, edo egoitza: bat zuretzat, bertze bat Moisentzat, eta hirur garrena Eliarentzat. Ordu hartan Yaun-doni Petri bozkarioz horditua bezala aurkitzen zen. Hala ematen daroku Iskritura Sainduak ezagutzerat dioenean apostulu hartaz, etzakiela zer erraten zuen: nesciens quid dicent.

        Yaun-doni Petri hala mintzo zela, Moise eta Elia suntsitu izan ziren handik. Hedoi arraiotsu batek estali izan zituen guziak, eta entzun izan zen hedoi haren barnetik Jainkozko boz bat erraten zuena: huna ene seme maitea; huntaz dakusa ene bihotz guziak. Bakharrik hau dut maite, eta beregatik dut maite. Entzun ezazue zuen nausi bezala, obedi diozozue zuen erregeri bezala. Apostoluek ezin yasan zuten hedoi haren distiadura lilluragarria; artiki behar izan zituzten bere buruak lurrerat. Ikharaz laztuak ziren; ordean hurbildu zitzaien Salbatzaillea, ukitu zituen eskuz, eta erran zioten: altxa zaitezte, ez izan beldurrik. Apostoluak altxatu ziren lurretik, behatu zuten alde guzietarat, eta etzuten bertze deusere ikhusi baizik Jesus leheneko estatu bererat ethorria.

        Salbatzaillearen xedea agertzean bere apostoluen begietan loriaz estalia zen hei ezagut-araztea zeruan bere zerbitzarientzat zadukan loriaren arraio bat bezala. Erakhartzen zituen, denbora berean, gurutzearen yasaterat, eta ematen zuen erakutsterat yauts-arazten duela, batzutan, sainduen gainerat, mundu huntan berean, arte laburretako bada ere, zeruko gozotasun eta nahikareen kutsu bat.

        Salbatzaillea baitan ikhusi zen zeruko loriaren arraio batek hanbat admirazione eta allegrantzia hedatu bazituen apostuluen izpiritu eta bihotzetarat, zer izanen da bada ikhusiko denean gure Jainko handia, bekhoz-bekho, zeruan, bere maiestate adoragarri guziaren erdian! Ez dakit, dio Jainkoaren zerbitzari handi batek, zer erran parabisuaz; nik dakidana da munduko atsegin eta edergaillu guziak ez direla zeruan edireten diren atsegin eta edertasunaren itxurapena baizik. Ez dakit yustuki zer aurkhitzen den erresuma dohatsu hartan; bainan nik dakidana da, han ez dela, ez gaitzik ez atsekaberik, ez yelosiarik, ez beldurrik, ez eta esparantzarik, hitz batez, han ez dela deusere gure bihotza, den gutiena damusta dezakenik: aitzitik nahikara eta bozkario suerte guzien itsaso batean bezala phulunpatua datzala harat heltzeko zoriona duena.

 

aurrekoa hurrengoa