www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXX. KAPITULUA

Jesu-Kristok erraten du funditua izaterat
zohala Jerusalemeko hiria,
eta mintzo da azken yudizioaz

Matth. 24.

 

        Jesu-Kristo tenplutik atheratzean, hurbildu zitzaizkon bere dizipuluak, eta erakharri nahi izan zuten begiak artikitzerat tenplu haren edertasunaren gainerat; ordean Salbatzailleak erran zioten bihotz minekin: ikhusten tutzue horiek guziak? Bada, egiaz mintzo natzaitzue, ez da geldituren harria harriaren gainean; ez, ez da harri bakhar bat tenplu hortan lurrerako ez denik. Jesu-Kristoren errana izan zen konplitua erromarrak Jerusalemez yabetu ziren ordu beretik: erran nahi da, Salbatzaillea hil zenetik berrogoi urtheen buruan.

        Dizipuluek galdegin zioten bere nausi adoragarriari, noiz ikhusiko ziren aiphaturik heldu zen gauza espantigarriak, zertarik ezagutu beharko zen haren ethortzea mundurat, eta noiz izanen zen mendeen akhabantza. Jesus mintzatu zitzaien laburzki azken yudizioaren aitzinean ikhusi beharko ziren gauza ikharagarriez. Erran zioten mendeen akhabantza gerthaturen zela Jainkoak egundainotik hartakotz aldaratua zadukan egunean. Orduan kreatura guziak altxaturen zirela galdetzekotzat kreatzaillearen bothereaz eta ontasunaz probetxatu etzireneen punimendua. Orduan, zioen Jesusek, profeta faltsoek eginen tuzte munduan eginahalak hautetsien ere gal-araztekotzat. Ez da, alde guzietarik ikhusiko liskar eta gerlarik baizen; populuak emanen dire populuen kontra, bakea familietarik desterratua izanen da. Biziek hillak iduriko dute; lurra arraillaturen eta idekiren da guzietan. Zerua sutan agerturen da, ez du gehiago izarniaturen. Ospin ihurtzuriek iharrosiren tuzte bazter guziak. Gizon guziak yarriren dire nigar eta marrasketan. Abereek eginen tuze orrho diren izigarrienak. Horra zertarik ezagutuko duzuen azken yudizioa hor heldu dela. Orai ikhus ezazue nolakoa beharko den bat bederaren ikhara mundu guzia azpikoaz gora itzulia gerthaturen denean.

        Dohatsu izanen dire (zioen oraino Salbatzailleak) ez dut erran nahi, handiak eta lurreko erregeak, bothereak ezin emanen diotenaz geroz laguntzarik den gutiena; bainan yustuak eta kontzientzia deskantsu izanen dutenak ikhusiko duten orduan gizonaren semea hedoi batean ethortzen bothere eta maiestate handirekin. Egun ikharagarri hartan gizon eta emazteki guziak biztuko eta agertuko dire yuie adoragarriaren aitzinerat izatekotzat yuiatuak eta entzutekotzat sententzia bat apellik gabekoa, gure eternitateko zoriona, edo zorigaitza eginen duena. Ene aita da bakharra (Jesus mintzo da bethi) dakiena noiz izanen den egun lastimagarri hura: aingeruek berek ez dute egun haren ezagutzarik. Zuetaz bezanbatean, etzaiteztela eman muga hura yakin nahizko grinan; bainan hartarat prepara zaitezte zuen obra onez, eta bizitze sainduaz. Yuie soberanoak ethorri behar zuenaz geroz adi-arazi gabe zein egunez eta orenez, egin behar zutela familiako aita batek bezala zeina erne bailagoke balaki zer mugaz, edo zein gauez ethorri gogo duen ohoinek haren etxerat. Jesusek gomendatu zioten bere dizipuluei leihalki bethetzeaz bere eginbideak, erraten ziotelarik etzutela zeren iguriki esker onik gizonetarik, aitzirik bereganaturen zutela heien arbuioa; ordean zerbitzatuko zuten Jainko handia bera izanen zela hekin gollardoa. Azkenean, Salbatzailleak erran zioten bere dizipuluei: balin bada nihor zuen baltsan, ukho egiten ez diotenik bere buruari, eta dituen guziei, haina ezin izanen da ene dizipulu; erraten balu bezala; alferretan nihor nahiko zait yarraiki, non ez duen lehenik bihotza garbitzen munduaren alderako yaidura gaixto guzietarik, eta salbamenduari gibelamendu ekhar diozoketen gauza guzietarik.

        Salbatzailleak, ikhusi dugun bezala, erran zioten bere dizipuluei azken yudizioa ustekaberik ethorriko zela. Gauza bera erran dezakegu gure heriotzeaz. Ez dakigu noiz hillen garen, ez non, ez nola, laster ala berant; guk dakiguna da ez dela urhats bat baizik bizitik heriotzerat; ez da bat uste ez duenik bizi bederen biharamuneraino, eta zenbatak biharamun hura ikhusten ez dutenak, bet-betan dohazenak mundu huntarik! Eta zer estatutan! Halarik ere, bizi-gare behinere hil behar ez bagine bezala, edo heriotzeko orena gure eskuko bagindu bezala. O! itsumendu auhendagarria.

 

aurrekoa hurrengoa