www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen berriko historioa
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLV. KAPITULUA

Yudasek saltzen du Jesus bere nausia.
Sakramendu Sainduaren establimendua

Matth. 26.

 

        Salbatzaillearen etsaiak, erran nahi da, skribak, farisauak eta sinagogako bertze buruzagiak, bildu izan ziren Kaife aphez-handiaren etxerat elkhar aditzekotzat Jesusez yabetzeko, eta haren hil-arazteko moldearen gainean. Etziren berehala hartan eman. Mundu oste handi bat ethorria zen Yerusalemerat bazkoko bestarat: farisauek eta heien bertze lagunek bazakiten guziek ohoratzen zutela Salbatzaillea, beldur ziren gertha zadin zenbeit asaldura populuaren artean, heldu baziren yabetzerat ordu hartan Jesusez; ordean bazkoko bildotsa bera zenak bazko egunarekin eman nahi zuen bizia; horra zergatik permetitu zuen etsai gaixtoa sar zadin Judasen bihotzean. Judas apostolua agertu zen Kaifaren etxerat, eta erran zioten han bilduak zirenei: zenbat nahi darotazue eman, eta nik largaturen darotzuet Salbatzaillea zuen eskutarat? Zer bozkariozko berri sinagogako buruzagientzat! Agindu ziotzoten Judas traidoreari hogoi eta hamar diru peza, erran nahi da, berrogoi eta hamar libera. Halatsu zuen balio gathibu batek saltzerat. Prezio hartan berean nahi zuen izan saldua zeruaren eta lurraren yabe soberanoak.

        Biharamunean zeina baitzen ortzeguna, eta hiltzeko bezpera, Jesus etzen Yerusalemen sartu. Gelditu zen Olibetako mendian. Mintzatu zitzaien dizipuluei bere heriotzeaz, eta irakhatsi zioten nolako amudioa izan behar zuten elkharren alderat. Egorri zituen Piarres eta Joanes aphaintzerat Yerusalemen bazkoko behar ziren gauzak. Zohazte, erran zioten, Yerusalemerat: han sarthu bezain sarri bathuko duzue gizon bat pegar bat ur daramana. Yarraik zakizkote, eta erran diozazue hura sarturen den etxeko nausiari, han egin nahi dudala bazkoa ene dizipuluekin. Erakutsiko darotzue lekhu handi eta eder bat. Han aphain zatzue behar direnak. Piarresek eta Joanesek konplitu zuten nausiaren manua. Jesus yoan zen arrats aphalean, bere dizipulu guziekin lekhu hartarat.

        Ethorri zenean yateko muga, Jesus yarri zen mahainean. Eman zioten bere dizipuluei erakutsterat bethidanik zuen nahi handia hekiekin egiteko azken bazkoa. Erran zioten galdu behar zuela laster bizia. Eta haren hirrits handiena, sorthu zen oren beretik, zela bere burua bere aitari sakrifikatzea mundu guziaren salbatzekotzat. Othuruntzaren erditarat zirenean, Salbatzailleak eman zioten oraino humiltasunezko exenplu eder bat, handitasunezko gogoeta guziak hekien izpiritutarik khen arazteko gai zena, eta erakhatsten zuena garbitasun handi batekin beharko zela hurbildu laster establitzerat zohan sakramendurat. Altxatu zen mahainetik, utzi zuen soinekoen gainetik erabiltzen zuen arropa luzea; hartu zuen oihal bat aitzinean, eta eman zen bere apostoluen oineen garbitzen. Halako humiltasunak harritu zituen apostoluak. Piarresek beregainki ezin garai zezakeien bere baitan bere nausi dibinoak garbi ziotzon oinak: ez, Jauna, (erran zion) ez dut niholere laudatuko eman zaitezen eginbide hortan. Jesusek ihardetsi zion: ez dakizu orai zer egiten dudan, bainan yakinen duzu gerorat. Piarres egundaino bezain herabe zen utzterat Salbatzaillea haren oinen garbitzerat. Orduan Jesus mintzatu zitzaion hitz hautaz: baldinetariak ez badarozkitzut oinak garbitzen, ez zaitut ezagutuko ene dizipulutzat. Apostolu sainduak ihardetsi zion: Jauna, hori horrela denaz geroz, garbi dietzadatzu ez bakharrik oinak, bainan oraino eskuak eta burua. Karitatezko eta humiltasunezko exenplu handi hartarik lekhora, Jesusek yauntzi zuen utzi zuen arropa luzea: yarri zen berriz mahainean, eta erran zioten bere dizipuluei izaterat zohala hetarik batez saldua eta largatua bere etsaieen eskutarat. Solas hunek laztu eta damuztatu zituen dizipuluak. Bat-bedera hasi zen erraten: ni othe naiz hura? Jesusek ihardetsi zioten: ni salduko nauena mahainean da enekin yarria. Zorigaitz bere Salbatzaillea trahituko duenarentzat. Hobe izanen zen harentzat ez balitz egundaino ethorri mundurat.

        Yudasek izan zuen atrebentzia galdetzeko Salbatzailleari hura othe zenez haren saltzaillea. Jesusek ihardetsi zion ahopean, eta ohiko bere arraitasunarekin: bai, zu zare salduko nauzuna. Uste izateko da hitz ahopean erran hauk ez zirela hedatu bertze apostoluen beharritarat. Urrun da igurikitzen baitzuten gertha ahal zitekeiela heien artean bakhar bat gai zenik halako gaixki izigarri baten egiteko. Othuruntzaren azkenerat, gizonen alderako Jesusen amudioa seinalatu izan zen bere gaindidura guzian, eta molderik espantigarrienean. Eman izan zuen yaterat yanari guzietarik gozoena eta perfetena; erran nahi da, bere gorphutz sakratua. Hartu zuen ogia eskutan, benedikatu zuen, hautsi zuen, eta eman zioten bere dizipuluei, erraten zuela: hau da ene gorphutza. Hartu zuen orobat khaliza, benedikatu zuen ogia egin zuen bezala, eman zioten dizipuluei eskutarat erraten zuela: edan ezazue guziek huntarik, orai ematen darotzuet edaterat ene odola arnoaren iduriaren azpian, eta oren laburrik barnean, isuriko dut gurutze baten gainean, mundu guziaren begietan bekhatuen borratzekotzat eta gizon guzien salbamendukotzat. Nola nahi baidut ene heriotzearen orhoitzapena iragan dadin mende guzien akhabantzaraino, ematen darotzuet zuei ere botherea eta manua egiteko nik egiten dudana.

        Sakramendu sainduaren establimendua bide da, Jainkoaren obra espantigarrien artean, guzietarik miragarriena, eta gure ganako haren amudioa gehienik seinalarazten duena. Jainko bat, zeru lurrak bere maiestate adoragarriaz bethetzen dituena, aingeru garbiak berak ikharan daduzkana aurkhi dadin bada, gau eta egun, gure elizetan, hostia xume batean! Erran dezan gurekin izateak egiten duela haren atsegin handia! O! bihotz ontasun ezin erranezkoa! Jainko bat egin zadin gizon gu etsaiaren gathibutasunetik erostekotzat, isur zezan bere odol preziatua gure arimen garbitzeko eta salbatzeko; horra balinba iguriki behar ginduen baino fagore infinituki gehiago. Salbatzaillearen miserikordia ez da hortan gelditzen. Urrunago hedatzen da. Etzaio aski bere bizia guretzat ematea, azkenaz goiti, bera, den guzia, bere yainkotasun guzian heldu da gure ganat ogiaren eta arnoaren iduriaren azpian. Zer amudiozko gaindidura! Zer ezagutza ez diogu behar ekharri guretzat hanbat egiten duen Jesus maiteari!

 

aurrekoa hurrengoa