|
Euskaldungoa erroizturik
Jalgipenak
1. Zinezko erroitzaren gauzatzea
Euskara eta erdararen hunkigunea ez da gaurko. Hor ditugu, eredurako, latina Hego eta Iparraldean gaindi, latin ondoko gaskoina Iparraldean, Donostian eta Pasaian (XVII. mendean), frantsesa, nafar erromantzea, Errioxakoa (XV. mendean), Languedoc-ekoa, Okzitanera (Jondoni Jakueko bidean barrena), eta gaztelera bera. Berriago da, ordea, euskaldunak erromatartze prozesutik garaile jalgiz geroz, eta kristautzetik bizirik, azken bi mendeetako bestelakatzea. Atxik dezagun gogoan idazkeraren munta, gurean ez baita oroituria kolektibo baten gordeleku edota kultura baten tresna izan. Idazkerak, erdaraz eta elizgizonek sartua, komunikazioaren esparruak berregituratzen dituenean, kanporat manatzen ditu euskaldunak. Komunikabide ofizialaren tresna bakar hori euskaraz Elizak erabili zuen lehenbizikoz, erabilera, ordea, horren murritza izanki —bere katiximak catecismos para bozales zireneko haiekin gonpara zitezkeela— ez zen gertatu, Hegoaldean bederen, inungo alfabetakuntzaren lagun. Aitzitik, erabilera diglosikoak iraunarazten zuen euskaldungoaren jakineza, erdararen tartekatzea eta elizgizonen bitartekari lana. Lapurtar tradizinoa salbu, elizgizonek euskal literaturan egindako murrizketa funtzionalen karietarat hizkuntza guttiagotu baten aitzinean bizi ziren XIX. mende hasmenta urrun hartako euskaldunak.
2. Nazio eta Hizkuntzaren arteko ezteiak
XIX. mende hasmentarako eginazen Frantzian (Asamblée Nationale) eta Espainian (Cortes de Cádiz) Nazio, Hizkuntza eta Estatua bat egiten zuen mintzamoldea. Hartarako baliagarri gertatzen dira XVIII. mendean gaindi landutako hizkuntz erizpideak. Zibilizazio barbaroei aitzi eta Hizkuntza patois-en aurka, praktikan, Europarako, Nazio izeneko lurralde politiko berrietan Hizkuntza bat laudorioztatzen da beste guztien kontra eta hizkuntza horren barnean kode idatziak lehenesten dira beste hizkuntza maila guztien aurka. Hizkuntza idatzian den Legea da Nazio-Estatu berriaren zutabe, denek ezagutu beharrekoa, ez diezaioten Legeari itzuri egin. Nahitaezko alfabetakuntzak hedarazten duen hizkuntza nazionala une eta leku guzietarako bilakatu denetik beste hizkuntzak ez dira beharrezko, «hizkuntza nazionalak» bere lekua hartu dituelakotz. Aipatu hau da, bestalde, gorabide sozialerako ezinbesteko tresna.
3. Modernizazioaren ondokoak
Iraultza Frantsesak estatu moeta bat ekarri zuen Industrializazioaren zabaltzaile, estatu-mailan bateratutako merkatu baten egile eta Nazioaren izenean auzotasunaren asmatzaile. Nazio-Estatu honek ereduzkatzen dituen jarrerak ez omen dira ezbaigarri. Egoera gatazkatsuak politika eta elizaren inguruan biltzen direla Nazio-Estatuaren Arauak eta Ohidura berriak ditugu Iraultza Frantsesaren produktu perfeitenak. Maule zein Kemper-eko auzakideak ez dio delako Nazioaren logika berriari ihardokitzen, izanez ere, eskolan eta kasernan beretu dituen ohidura itsuen bidez, beste hizkuntz-erabilketari buruzko ganbiamendu eta bestelakatze sakonenak onartuak ditu lazakeriaz eta berezko bailiren.
4. Halabeharraren iduripean
Euskaldungoaren berririk ez dugu agirietan abantzu, bere heriotza, bere suntsitu beharra iragartzeko ez bada, XVIII. mendearen azken herenaldiraino. Ordudanik, belaunaldikal, historiagile, idazlari, politikariek iragartzen zuten asmoa zen hura. Garapenaren izenean, ezinbestekotzat joa, bestelakatzea dugu agirian. Horrekin batera gizarte berriaren ekarpenak probistu nahia bere ordainekin, jakina: ezarritako jerarkia kulturalaren onarpena. Modernizazioak tresnatutako opari pozoindua behin onarturik bi mintzalmolde: Beharrarena, batetik eta ezinbestekotasun hura bere eginik, eremu galduen apologiarena. Ordutik ere kanpoko indarrei euskaldunen ahulezia leporatzearena eta «hizkuntza nazional» erabiltzen ez zutenei beharrestea eta ez zekitenei irakastea.
5. Elebitasun iragankorra
Elebitaratzea aitzinat doala, III. Errepublikatik Frantzian, Berrezarpenetik Espainian, eskola sistemak tinkoago, kaserna, fabrika eta hirietan jende gehiago, herri ttipiak eta laborari zintzoak gerizatzeko joerak azaltzen dira; herri horien antropologia lanak egiten dira kantuak, erranerak eta ohidurak bileraziaz. Ordudanik Euskal Herriko euskaldunak oro fededun bilakatu nahia eta Iparraldeko elizgizonen euskaltasun aitortua. Euskaldungoak, lehenik desegituratu eta abaildua, bere burugutiespenean aurkitu gogo du bere nortasun berria. Ordurako euskal hizkuntza behargabeko izateaz lekorat ezgaitu, axaleko, ezohizko, alfer eta funts gutiko dateke.
6. Erroitzeko hondoa
Hizkuntza baten funtzioak apaltzen, eta luzera, ezeztatzen diren heinean, hiztunek ez dute erabiltzen, ez dute transmititzen, ahazten dute eta galdutzat eman. Ordurako ez da lurralde politiko bateko hizkuntza, ez da kultur maileko hizkuntza standarra, ez da eskualde bateko hizkuntza osoa ere. Administrazio, giro urbano, kultura inprimatu eta teknologia modernotik egotzia, ezak definitzen du euskaldungoa. Behin toponimia oraingo hizkuntzan berridatzia, euskara laneko lagunarteko eta familiako izan gabe, barne-hizkuntza, norberaren mintzaira ez delarik ez da deus haboro.
Euskaldungoa erroizturik |