|
Euskaldungoa erroizturik
Bazter-hizkuntza baten hondarraldia
Hizkuntza baten azkenaldian hiztunek gutika baizik ez dute hitz egiten, okasione gutitan, leku gutitan eta gai guti batzutaz. Erdararen ikasteko aukera gutien izandakoek, halabeharrez, transmititzen diete bere seme-alabei. Horiek, berriz, ez dute jadanik, etxebarnean ez bada, norekin mintzatu hizkuntza oso bat. Egunerokoari datxezkion bizipen frango erdaraz dira ordurako, ezinbestean. Aipatu hiztun horietako zenbaitekin hitz egin zuen Koldo Artolak eta Fontes Linguae Vasconum-en argitara eman. Anaut ahizpen testigantzan argiro azaltzen da hiztun horien bakardadea, beren duten komunikabidean mintzaiderik ez dutela. Antonia Anaut-ek zioenez (Artola, 1977, 89):
[...] guk aita ta amareki betik uskaraz eta gindezun laur aurride eta [...] mayorna, andiena [...] guziak uskaraz bester eta guk ari uskaraz, irorek, urur aurride, nik beti areki uskaraz eta beste aurrideki erdaraz, ezin kausi eki [...].
Lokarriaren etena honela adierazten digu Bitoriano Gandiagak(1992, 10):
Guk ikusi dugu euskaldungoa aldatuz, aldatuz, aldatuz, bainan guri inork entzun ez daukagu, hau da, lehen belaunez belaun zihoan leloak entzuten zion aitite-amamari eta semeak aitari. Aitta, ama, amona, denak zegozen [...]. Transmisioa bukatu da, eten da [...].
Erronkarin, haurtzarotik euskaldun zirenek, azken euskaldun haiek, gurasoekin eta ahizpekin euskaraz egiten bazuten ere, bere nebei erdaraz egiten zieten:
besteki, muttikueki [...] kastillanoaren [...] erraitra, ta [...] betik kastillano [...].
Esandako honetaz (ahizpekin euskaraz) adina ere bazen baldintza, lekuko honek kondatzen baitigu bere adiskide erdaldun zirela, neskato baziren ere, eta berak ikasitako hainbat gauza neskenganik, helduengandik, ikasiak zituela (Artola, 1977, 81):
Nagi, para decir de una a otra, pues [...] nagi! no es que lo decíamos, que yo no, con las chicas no hablé ni media; ya lo hablaban unos [...] las mayoricas a mí, sí, pero [...] de mi tiempo no.
Nork bere burua arrotz ikusten duenean, mintzaira ezteuszein ttipiagotu batean hitz egiten duelakotz, mintzaiderik ez duelakotz, edota hizkuntza hortan bizitzeko daukanatik, dakienetik behar lukeenarenera dagoen arroila kausitu baitu hala izkiria lezake euskara gaizkara dela berea, nola beste hiztunek esaten duten gitxi eta txarto berba egiten dabela, euskara ona Markina eta Tolosakoak direla eta abar. Joakin Lizarragaren testigantza xoil da beharrezko euskalki hedatuenaren glotozidio aitzineko aldian, XVIII. mende akabailan, izkiriatua baita eta hor gertatua da beste lur eta euskalkietarako irakaspena (lexikoan: arkaismoak erdal hitzekin batera, aditzean: lehenaldien suntsipena...) Horregatik bada argigarri zaigu Elkanoko apez honek bere izkirio bati jarria zion izenburu ondokoa:
Doctrina Christioa euscarás, Aita Gaspar Astete jesuitac erdaras decarran guisará guti gora bera: Iruiñ aldean usatzen den mintza-éran (éguia erratecó, euscára gaitzcará.)
Hiztunetan harrotasun linguistikorik ez denean bere zuten hizkuntza uzten dute beste mintzaira baten baitan bizitzeko. Ari garen aldirako —gure mendearen bigarren herenean— euskaldun buruzuta guti ikusten dugu, eta andereetan gutixeago oraindik, V. kapituluan ikusi dugunez. Bilakaera eta andereen jokaera, Erronkari eta Zaraitzukoak salbu, aspaldidanik zekarren honela Manezaundik oroitarazten zuenez 1930ean:[181]
Hortakotz —erdaraz liluraturik eta uztarturik bizitzeaz, atxikimendu faltaz— herrietako andereñoak dira lehenik baztertzen dutenek bere solasetarik gure mintzaira maitea. Maiz aldiz ohartu gira herrietan; muthikoa eskuaraz, neskatuak, alaintso: erdaraz.
Familian hizkuntzaren transmisioa etenik kanpoko lokarriak dira nagusi Gandiaga arratzuarrak dioenez (1991, 10):
Orain irratia ea telebista sartu dira eta zer pasatzen da lehenagoko bizieraren berririk pasatzeko? Transmisioa bukatu da, eten da. Gu zahar gara mundu honetan.
Hala ikusten du Salbador Zapirain Ataño-V (1978, 20):
Gaur irrati ta telebistak gurea ez dan mundu bat sartu zigutek sukaldean, lengo gure euskal arnasa moztuz.
[181] Enrike Zubiri «Manezaundi», «Nafarroatik» in Eskualduna, Baiona, 1930/V/2an.
Euskaldungoa erroizturik |