|
Euskaldungoa erroizturik
Gerlari euskaldunak Afrikan
Afrikako gerla hasi zelarik (1859/X/22an), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkariek, Bergaran bilduta, erabaki zuten lau milioi erreal gerlarako ematea eta lau batailioi egitea, hiru mila soldado, alegia, Afrika aldera harataratuz. Bolondresak hartzeaz lekorat, falta zirenak zotz eginez bildu zituzten, hogei eta hogeita hamar urteko mutil ezkongaien artean egindako zozketen bidez. Badakigu (Zavala, 1977, 11-26), bestalde, nahiz eta zozketan norbaiti egokitu, horrek dirua izanez geroz ordezko bat bidal zezakeela. Lehen Karlistaldian famatutako kantak «Ai, ai, ai mutillak...» berriro modan pitin bat gaurkotuak «Ai, ai, ai, mutillak/ muera marruekoak» entzuten hasi ziren, hauekin batera, gazteak eta herritarrak, oro har, sustatzeko ahaleginak: agerkari bakanetan, opari, prediku, meza eta eskeintzen bidezkoak, bertso berriak eta zabalkunde politikarako izaten diren gogo-bihotz altxagarrietan. Araban, Aiarako barrutian, kasurako, lehendabiziko, meza nagusia, sermoia, handik atera eta zotz egitea. Afrikarako gazteak berezitakoan, bazkaria; gazteak, apaizak eta agintariak bazkaltiar. Bospasei platerkada ondoren Kexanako mojek egindako eskapularioak partitu. Jazkera Gipuzkoako mikeleten antzerako, urdina, zapel gorriarekin. Batalloi bakoitzak bandera bana zuen. Iruac-bat izeneko agerkariak ekartzen zuenez (1860/1/10ean):
[...] sobre los colores nacionales en tela de hermosísima seda, aparece en primer término y como asunto principal el escudo real de Castilla y León; sobre éste el letrero Tercios vascongados, 2° tercio y al pie del citado escudo las tres manos enlazadas formando ángulo recto y con el lema vascongado de Irurac-bat.
Zabalkunde politikorako bertso berriak ere argitara ziren, aipatu gerla baino lehen, gai-jartzaile eskolatuek eginak, beste lekuetan bezala, Afrikara gabe etxean gelditzen zirenak (Zavala, 1977, 90). Bertso hauetan, afrikanoei buruzko estereotipoak azaltzen zaizkigu (Zavala, 1977, 53 eta 139-40):
Mutillak, Serrallora / guazen lenbizi beltzak zurien zale / omen dira agitz
Eguzkialdeko emakumeen sentsualitatearekin batera gizonen ankerra:
Marruekotarrak moro zatarrak infiel da erejeak fede bageak, gaizki eriak [sie] bruto eta salbajeak
Baita auziaren zioak ere:
Militar eta komertziante danak zituen burlatzen españolaren onoreari etzaio ala tokatzen etzuelako bear bezala banderik errespetatzen ... Marruekotar da moro jendeak arro eta panparraoiak... merezi ere bazuten eta artu ditue jipoaiak
Euskaldunak espainol ezinobeak gertatzen dira bertsoetan, haiei atxekitzen bide zaizkien tasunak, ausardia, orotan lehenak izatea, koroarekiko leialtasuna eta kuraia izaten baitira. Horra batzuk (Zavala, 1977, 32, 51, 67 eta 59):
Emengo mutillaren koraje firmeak Españiatik bota zituen erejeak eta maite gaituzte gure erregeak merezi bezalaxe euskaldun jendeak ... Gazte galai ta joiak zein balientiak diran gure mutillak euskaldun maitiak ... San Inazion gisa Soldadu firmiak emen azaldu gera beraren semiak: beti gordeko gaitu gu gere jabiak zergatikan geraden euskaldun nobliak
Ondokoa, Juan Antonio Uriartek, L. L. Bonaparteren lankideak egin zuen:
Gaztelako mutillak moruakaz gerran, ta euskaldunak geldirik etxian jan ta edan? Ez, ez orrelakorik, biar dogu izan beti aurrerenguak Afrika’ko gerran.
Pentsa liteke bertso hauek aunitzetan izaten zirela gaztelaniaz egin beste hainbaten moldaketa, erdaraz irakurtzeko izkiriatuak bainan euskaraz kantatzeko egokituak. Aipa liteke M. de Ziorraga delako batek egin olerkiak («¡Guerra al moro! del vasco es el grito / que su Reina Isabel dio esta voz: / ¡A vanguardia la boina encarnada! / Lleve al campo enemigo el terror») Juan J. de Ibazeta izeneko batek euskaraz egindako bertsoetan aipatzen dituenak. Urte haietan, bestalde, XIX. mendearen azken hamarkadetan bezala, gutasunari, naziotasunari gagozkiola, sinboloen garrantziari ohartzen gatzaizkio. Bandera aunitzetan aipatzen dute euskaraz eta erdaraz ere, M. de Ziorragak, kasurako («¡Guerra al moro! del vasco es el grito / que su Reina Isabel dio esta voz: / ¡A vanguardia la boina encarnada! / Lleve al campo enemigo el terror»), Espainiako historiak ezagutarazitako pertsonaia historikoak ere ez dira faltako. Aitzinekoarekin batera publikatu ziren Juan J. de Ibazetaren bertsoetan ikusten dugun bezala:
Pelayo ta Anfonso’k/ zituzten beldurtu/ danakin amaitzera/ oraintxe goazgu.[76]
España ama dateke —«asko irabazi du / ama Españiyak / erakutsiz Afrikan / seme gerrariyak»— baina ama izateaz landarat lehoi gisan azaltzen da batipat:
España’ko leoiaren / orroa-intziriak / iratzartu ditube / euskaldun erriak. Esnatu da leoia / biba Espainiya.
Euskaldunak azaltzen direnean, eskuharki, espainolak bezala agertzen dira kanpotarrak ingelesak, frantsesak eta moruak direla. Zubiria izeneko batek jarritako bertsoetan Biba gure España ta español guztiak klarki dioenez:
Gure euskaldun maiteak orain da denbora esan biotzetikan «Españolak gera»
Edota
Unio on bat bear da elkarren artean eta gerrarik balitz españolak gerade guztien gañean.
Etxaniz izeneko arotz elgoibartar baten bertsoetan ikus dezakegunez (Zavala. 1977, 64-71):
[...] gerra irabazi du / gure Españiak español fiñak gera Iru probintziako / euskaldun jentiak españolak gerrara / guaz moruakin Soldadu onak daude / gure Españia’n Españako patroi / Aita Santiago... Patroi Gloriosua / berorren antzera Españolak ez dugu / moruen beldurrik...
Euskaldunak español eta España gure ama izanik, gutasun eta barne hontatik aipatzen dira kanpo aldekoak. Honela egilerik ezagutzen ez dugun bertso honetan (Zavala, 1977, 37):
Biba euskalerri ta / biba erregiña / [...] / noizbait kampotarrek/ estutzen baziña / emen daukazu jende / erne eta fiña.
Edota Tolosan publikatu beste honetan (Zavala, 1977, 133) España denen onran Afrikako gerragatik itz neurtuak izena daramana:
Kampotarrak farrez ta, gu elkar galdutzen alare ez genduen gaitza ezagutzen.
Harrigarriena, ari garen ikuspegitik bederen, euskaldunak bere burua erdalduntzat hartzea genuke. Abantzu monoglota ziren euskaldun haiek, preseskiago, hainbatetan azaltzen zaigunez. Bertso-jartzailearen izenik ezagutzen ez dugun bertso soil batean (Zavala, 1977, 27-37), Euskal Herriaren halako historia bat egiten da sorterria, foruak, erregina eta Afrikako gerla bilduz batera. Noe, Tubal, eta beste aipatuz geroz ondokoa dioela:
Gerra besterik ez zan / denbora aietan / eta pentsatu zuren / estadu onetan / laguntza izateko / estutasunetan / bear zala unitu / erdaldun jendetan..
Ondoko bertsoa ikusita aienatzen zaizkigu duda-mudak:
Alfonso zortzigarren / zori onekoak / beregan ginduzen / gipuzkoanoak, / agintzen zizkigula / ginduzen fueroak / errege maitagarri / Kastilletakoak.
1860.eko beste bertso batek, egilea ezezagun dugula ere, honela amaitzen da (Zavala, 1977, 137):
Baguaz, erdaldunak / urrena artian / gure etxietara / deskantsagatikan / uste det digutela / utziko pakian / ekusiyak ekusi / aldiren batian.
[76] ZAVALA, Antonio. Afrikako gerra (1859-60), 1977, 59 or. eta 37, 62, 136, 61, 134, 43, eta 136 ondoko aipuetarako.
Euskaldungoa erroizturik |