Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Toponimia lekuko

 

      Euskararen egoeraren eredu paregabea dateke Urepeleko errekaren izen ofizialaren asmatzea: topografo baten ohar makurrak bataiatu zuen, duela mende bat eskas, ofizialki eta betiko Nourepe izen funs-gabekoarekin.[186]

      Izenekin batera, leku-izenak aldatuz doaz, betiko lekuak modu konprenigarri batean, hizkuntza berrian ematen direlarik. Adibideak ez zaizkigu faltako. Aldatzearen nondik-norakoa Zoilo Moso zaraitzuarraren testigantzan (Estornés Lasa, 1985, 66) ikus genezake ederki, José Estornés Lasari igorritako oharretan preseskiago:

 

      En las cuartillas que le envié el día pasado le puse cuervo: erroya. Y se me olvidó decir que en el monte Irati —Salazar— hay una peña a la cual acuden muchos cuervos y por eso se le llama Erroyarria y como aquí el vasco está en su última agonía, le empiezan a llamar el peñón de los cuervos. Cosa que no es así y me haría mucha ilusión ver en el libro Erroyarria.

 

      Euskal hiztunekin batera toponimia erdaldunduz doalako marka leku aunitzetan kausi genezake; guttitan ikertu dena, ordea. Salbuespenetan Jose María Jimeno Jurioren lanak dituzkegu, Iruñerria eta beste eskualde azterkatu duela.

      Lan horien ondorioz dakigunez, erdal kutsua eta bestelakatzea era askotarik datozkio euskarari:

      1) Itzulpenaren bidez: Elizgibela-ren ordez Tras la Iglesia, kasurako edota Erripea-ren ordez Debajo del Pueblo.

      2) Euskal hitza endakatuz eta kanpoko hitzen bati idurikatuz: Aunztegia-ren ordez La Osteria Artaxoan, edo Arrobia-ren ordez La Rubia Galar eta Zizurreko zendeetan eta Gazarrikoa-ren ordez Cacharricos Astrainen.

      3) Hitz berrien bidez: Ferrocarril, Via, Playa.

      Jimeno Juriok (1985, 625-626) aipatzen dituenetan badira arradoagoak ere, hala nola Gaztelu zar izendatzeko Arazurik aipatzen duen Monte Gurugu delakoa. Historian zehar suertatu diren aldeketen berri Jimeno Juriok paratzen digu Orderizeko adibidean (Jimeno Jurio, 1985, 626). 1729an euskaldun monoglotak ziren Orderizen, Izako zendean; 1945.ko katastroak, berriz, sei toponimo hauek biltzen ditu: Camino de la Iglesia, Fuente, Monte, Muga de Ariz, San Bartolomé eta Soto. Adibide ezinago argia Euskalerriko leku aunitzetan gertatukoaz.

      Eliza, baseliza, komentu eta halako eraikinetako saindu-sanda-izenek ordezkatu dute, maiz, euskal toponimia. Ezagun dituzkegu, kasurako, San Salvador izenak hainbat urtez Trapaga ezabatu duela. Basauriko gunean, San Migeli eskeinitako eliza egin zenetik, San Migel auzoa sortu da herrigunearen izena alboratuz.

      Sainduak eta beretarrak ez dira hobendun bakarrak, berriki egiten ari den autobide kalapitatsu batean, Gipuzkoan, S. Lorenzoko akordioaz mintzatzen da Larreko akordioaz mintzatu ordez, izan ere, San Lorenzo Larren dagoen ermita besterik ez baita.

      Bizimodu berriek, nekazaritza bazter uzten duela, lur gizen frango landu gabe uzten dute, honen karietarat soro, iturri, zoko eta bidaxken izendapenak ahanztarazten. Mezkirizeko Orreaga Ibarrak (1991, 301-357) aipatzen duen Concentración parcelaria delakoaren bidez hainbat toponimoren itzalketa ekar dezake, beste hainbat itxuraldatu eta aienatu direla jadanik.

      Aipatzekoak, Ripagaña zenaren ordez, Encima de la Ripa, edo Dorrekoa-ren ordez, De la Torre eta Itxaustia-ren ordez La Nogalera (Jimeno Jurio, 1991, 33), Burlatan baita. Leku frangotan gertatzen ari dira halako ganbiamenduak. Mezkirizen, gonbarantza batera, Artoalorra zenekoa El Maizal eta El Artorri[187] deitzen dute egun. Erdararen aurreratzeak duela gutira arte euskaldun ziren eremuetan beste aldaketa zenbait ekarri ditu ere, nabarmenenak, apika, euskal toponimoen desitxuratzeari datxizkiola: Mezkirizen, Bordaldea, 1850etik izkirioetan hala agertzen dena, El Bordal deitzen dute gaur egun; Etxeondon zena (Echeondoa izkiriatua 1806an) gaur Los Etxondos deitua; Zakurren iturri (Chacureniturria 1850ean) Txakurriturri deitzen dute egun, Intxaurrondo auzoa gaur Txorrondo dena. Sail honi dagokio ere Elizagurria zena Lazagurria deitzea.

      Baditugu, azkenik, pleonasmo diglosikoak dei genitzakeenak, euskal toponimia atxeki bainan erdarazko itzulpena aitzinetik erabiliaz. Aipagai dituzkegu, gaur Euskal Herrikotzat jotzen ez duten Valle de Aran izenekoaz landarat, La cueva de Lezestali, Mezkirizen; El rio Bayas Gorbeialdean eta El Valle de Bertizarana Baztan eta Malerrekaren artean, monte Mendikoa Zamudioko Arteaga auzunean, edo, Alfonso Irigoienek aipatu bezala, Hoyo de la Uraska Araban. Aipatzen ari garena euskaraz aritzean ere, bainan beste faktoreen karietarat, eman daiteke Holmer-ek (1964, 228) dakarren Lats-eko erreka lekuko.

 

 

[186] J. B. Orpustan in La politique du Patrimonie en Pays Basque. Baigorri, 1992, 219-234 or.

[187] Orreaga Ibarra Murillo, Mezkirizko toponimiaz in F.L.V., 58 zbk. Iruña, 1991, 315, 320, 324, 351-352 or.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994