|
Euskaldungoa erroizturik
Modernizazioaren ezpondan
Modernizazioak bazter-gizarte batera bildu zuen euskaldungoa, aitzinagotik doi-doi bizi zen euskaldun jende hura. Neskak beste etxaldetara ezkondu edo hirietara neskame joaten ziren maiz. Mutiletan, primantzarik ezeta bihotz ibiltari zeukatenak, Harmadara edota Ameriketara, Gaztelako Gortearen zerbitzutan lehenbizi,[174] XIX. mendean artzain. Neskatarako gogo haundirik gabekoak, lantzale ere ez baitziren aunitzetan, apez joaten ziren. Baziren ere mehatzaldera eta industriaguneetara, sortzen ari ziren lantegietara zihoazenak. Aipatu kasu hauetan guztietan, neskena salbu, erdara izaten zen lanbiderako ezinbesteko zubia. Basora joaten ziren beste zenbait, arbolak botatzera edo ikazkin. Horietakoetan, morroietan eta artzainetan aurkitzen ditugu mutil zahar bilakatzen zirenak. Hauek arrantzale eta laborariekin batera osatzen zuten euskaldungoa. Kultur gizonetan, apezak, hein haundi batean laborarietan sortuak, izaten ziren euskaldun. Bazter-gizarte hortakoen bizipenak ez dira aise antzematen, interview, erreportaia eta oroturia-liburuei esker zerbaixka badakikegu ere aienatuz doan mundu hortaz. Bizpahiru aipatuko ditugu. Jesus Alberdi, «Egileor», Elosuko bertsolaria (1931) gaztedanik ibili zen artzain eta geroxeago ikazkin harik eta hogoi urte bete arte.[175] Gogorrago, segurki, Lorentxo Sukia zaldibiarrak kondatzen duena:
Artzain eraman ninduan aita zenak Bizkaira, aitonarekin lan egitera. Negua han pasatu eta, Elorrio, Durango, eta Elgetan ostatu eginda Ormaiztegira etorri ginen. Han afaldu eta goizerako Zaldibiara. Billafrankatik Zaldibiara nentorrela, rebueltan sobra ere lo hartu eta azpikaldera erori nintzen. Zortzi bat urte izango nituen.[176]
Emilio Andueza (Lakuntza, 1902) pittin bat lehenago hasi zen lanean, sei urtetan herriko eskolan hasi baitzen eta zazpi urtetan artzain Handimendira:
[...] hantxe ibiltzen nintzen txabolara ura ekartzen, babak egosten, gaztakegiten [...][177]
Erramun Etchebarne (Aldude, 1904) urte bat eman zuen eskolan, hartaz geroztik eta hargin bilakatu arte bordazain ibili zela (Etchebarne, 1989, 17-20).
[174] Soldadu gisa lehenik, kalonje, eskribau eta merkatari geroxeago, azken bi hauek bereziki XVII-XVII. mendeetan; artzaintza —premurik gabekoentzat lan-aterabide bezala— sortu eta azkartu zelarik nagusiki joan den mendean. Ikus bereziki Caro Barojaren La Hora Navarra del XVIII, Iruña, 1969. [175] Salaberri X. «Omenaldi haundia “Egileor” bertsolariari». Egin. Hernani, 1985 /1/12. [176] «Lorentxo Sukia, azeria baino biziagoa». Habe. 15 zbk. Donostia. [177] Igelz, Luis Mari. «Emilio Andueza, Lakuntzakoa, otsoari beldurrik ez ziona». Egin. Hernani, 1983/VIII/31.
Euskaldungoa erroizturik |