|
Euskaldungoa erroizturik
Deskulturatze bideak (II): diglosia
1. Bazterliteraturak
Badira, bi hizkuntzen topaketaren ondorioz, bi elebidun mota: hegemonikoena (euskararena egiazki bazterkultura bezala ikusten dutenak eta, funtsean, beren burua gutiesten dutenak [vascuence para hablar con Angelita de Bordakoa...][14]) eta baztertuena (euskararena kultura gisa bizi dute, beren damuz; baina ez dute bazterkulturaren berri: erdararen baitan manu-indarra dakusate bakarrik, ez kultura; kulturaz aldatzeko berantegi da haientzat) Lehengoek beti egiten ohi dute erabilera laburtu bat, esan nahi baita: etengabe laburtzen dituzte euskararen erregistroak erdarari egokitzeko, eta beren hizkuntz jokaera diglosikoa da zeren ez baitute hizkuntza bat ala bestea hautatzen nahiara, baizik eta egoera sozial batzuen arabera. Horretan, garbiki ikusten ahal da apez predikuegileek ezteusetako bazterkultura bezala ikusten zutela euskararena, laburtze prozesua azkeneraino daramate, eta ikuspegi hori bizkortu nahi zutela euskaldunen baitan deskulturatze prozesua osatu arte; hala adierazten du Francisco de Etulainek euskaldun hutsen aurrean ozenki irakurtzeko itzuli zuen bere Doctriña Christiana eta Berze Asco Gauz On (1789) esku-izkribuaren hitzaurrean:[15]
Bada erdaraz arquizen dire escribituac libru admirabliac eta abasto Christiandadiaren Erreligione Sandua zaiñ zaiñetic explicazendutenac. Nola diren San Gregorio de Nisac componduzuen Catecismoa edo pregunta; San Carlos Borromeoc componduzuena; Belarmiñoc componduzuena; Bosuet cerizon Doctore batee componduzuena; eta berze anitz viziric orai uscarara itzulinaidugun au [sic] explicazenbaitu zaiñ zañetic Christau batee jaquinbiarduen sustancia gucia. Solamente izandezaquete escusa cerbait uscaldunac, eta escolaric eztutenac; cergatic uscaraz beñiepeiñ gauz on guti dago escribituric eta daudenac ere ez aguitzleguage garbian. Baña hoquendaco ere bada erremedioa; endemas Nausi, Echeco Andriac baldinbadire, batian yuaten direlaric predicu onen aditzera baitire inaiz eta abasto particulazqui Ciudadetan eta Erri andietan. Berzian, baldinbadute edo iñondic ere logratu albadezaquete libru onic, manazendiotelarican escola duenbati, edo beren Niraberen bati, edo beren humeren bati, ardezala alaco librua, eta leidezala espacioarequin eta cuidadoarequin familia gucienaiziñian, etaori eguindezaquete anitz aldizdemboracharretan, eta Yaieco egunetan. Ontan solamente uscaldunac izanzezaqueten cerbait escusa; cergatic errandudan bezala, uscaraz quasic batere eztago escribituric; eta dagona ere choll edo Provinciaco edo Franciaco Uscaran quasic aiñ diferente baitire nola Frances eta Erdara. Baña cer eguiñenda? Hoc izandetzaquete icasteco asco arbritio.
Zer bilakatuko zen escusa cerbait izandezaque-en euskaldun huts hori Bossuet-en predikuak erdaraz cuidado eta espacioarequin aditzean? Ezinago ageri da, elebitasunera ez bazen iristen ere, bere buruaren gutiestera bederen bai helduko zela; halaber, ageri da hauen elebitasuna eta egoera diglosikoa izanen dela gorago aipatuaren osagailu simetrikoa. Francisco de Etulainen solasa, argudiaketa, ez da, baikorrenek pentsa zezaketenez, halako bitxikeria bat, baizik eta euskal apezek izkiriatu dutenaren funtsa. Euskal literaturaren hasieran, hortaz, XVII-XVIII. mendeetan euskara dateke euskaldunen hezketa erlijiosorako tresna hutsa, Eliza erdaldun batek zeukan bide bakarra publiko euskaldun baten bereganatzeko. Erabili beharreko hizkuntza publikoarena, entzulegoarena, giristinoen liburu eskuarrak, hein haundi batean, gutika baizik irakurtzen ez zuen apezeriarendako egiten baitziren. Horiek irakur ziezaioten arras agrafo zen entzulegoari. Hizkuntza standard batek, hizkuntza kodeatu batek ematen duen batasunik gabeko mintzoa zen liburu haiena, eskualde baterako, bertako publikorako pentsatuak. Edo, hobeki, agian, hala-hola itzuliak, gaztelaniaz pentsatuak eta, ahal-nola, euskarara bihurdikatuak. Lehenetariko bat Juan de Beriayn-ena dugu, Utergako Abadearena. Aitzin-solasean dioenez («Beriayn. 1980. “Al lector”») gaztelaniaz eta euskaraz izkiriatu du («en Romance y bascuence») euskararako esan behar badu ere iruñeraz idazten duela («el que se habla en Pamplona, Cabeza de este Reyno, y Obispado de Nabarra») eta euskal testua erdal testutik itzulia duela:
Y quando a alguno le pareciere que en algunas cosas no se entiende, de lo que escribo en Romance puede sacar el bascuence que se usa en su tierra; porque no voy atado a las palabras del Romance; y algunas veces por abreviar voy acortando algunas cosas y otras veces añadiendo por darlo mejor a entender.
Juan deTartas-ek ere eüskaldunen faboretan izkiriatzen du ontsa hiltzeko bidea dela herioaz ardura oroitzen eta salbatzeko ez dela bide hoberik munduan. Dudankara dabil, XIX. mendeko Bizkaian bezala, bere euskararekin:
Ene euskara, eta lengoajia eztakit aprobatia izanen denez [...].
bere herriarentzat lana besterik ez da:
Arüen egin düt neure pieza pobria, hanko lengoajia espada aski eder, hanko euskarak dü ogena, eta ez euskaldünak [...].
Axularrek, berriz, euskaldungoarendako izkiriatzen zuen, euskal komunitatea baitzen bere obra erlijiosoaren helburu eta horregatik zioen
euskara ez bazen trebe eta euskaldunek ez bazekiten nola eskriba eta ez nola irakur euskaldunek berek zutela falta eta ez euskarak [...].
2. Bertsotara hortaratuak
XVII. mendeko beste idazlari batek, Joanes Etxeberrik, Ziburuko doktor teologoak euskaraz eman zuen bere obra, ez hitz-lauz hortarako isuria baitzen, betsotan baizik marinelek lasterrago ikas zitzaten kanta erlijioso haiek (Etcheberry. 1970, 8):
Giristinoa, eman diat eskarazko bertsutan Katoliko manuala neure asti-ordutan. Ikusirik, nola bainaiz iaiotzez eskalduna, Gure nazioa dela kopla maite duena, Hartarakotz iakiaraz diat bertsuz ezarri: Lasterrago ikhas eta maizago aiphagarri.
Etxeberri Ziburukoari jarraiki zitzaizkion Gazteluzar jesuita eta Harizmendi eta Argaignarats apezak, euskaldun monoglota eta agrafo haiendako, bertso erlijiosoen egile. XVIII. mende erdialdetik aitzinat, denbora laburrez, ondikotz!, agertzen da, Gipuzkoan, Kardaberazen obra, berak dioenez
gure pobretxo on askoren animak salbatzeko [...].
Mende honetakoa dugu ere Iruñeko Apezpikuak, D. Gaspar Miranda eta Argaizek, dantzen kontra egin zuen Agiria, erdaraz eta euskaraz plazaratu zena, izan ere, Aingeru Irigarayk dioenez (A. Apat-Etchebarne, 1971, 73) garai hartan —agiria 1750ekoa dugu— euskal hiztunen lurraldea orain baino aunitzez zabalagoa baitzen:
Debemos recordar que en la fecha de 1750, era usual el vasco por la zona Norte y media de Navarra, hasta un límite meridional, a la altura de Tafalla y Estella [...].
Baina, gure harira itzuliz, derasadan, euskarazko bertsio hori erdarazkoaren laburpena zela, Iruñerriko euskaldunen kultur-mailari egokitua. Satrustegi apezak dioenez (1984, 44):
el traductor se tomó la libertad de refundir los conceptos fundamentales y adaptar los términos a las posibilidades del auditorio [...].
Zertaz luza? Euskaldunek ez zuten erdaldun arrunten maila kultural bera, gai horiek, Hegoaldean bederen, ez baitziren, ez ahoz, predikuetan kasurako, ezta izkirioz ere, bere hizkuntzan traktatzen. Peru Abarka obra beraren xedea euskara kanpotarren erosoetarik defenditzea da frogatuz mintzaira hortan ere egunerokoak adiarazi ahal direla. Juan Jose Mogelek Vargasi izkiriatutako gutun luzean (Altzibar, 1992, 180), besteren artean honela diotso:
Con el objeto de vindicar al idioma de la acusación de pobreza, he trabajado una obra de Diálogos vascongados entre un rústico casero y un cirujano callejero [...]. Para prueba de que el vascuence es lengua capaz de toda elocuencia, en un diálogo entre dos eclesiásticos dedicados al estudio de su idioma patrio, infiero traducciones vascongadas de las arengas ú oraciones latinas de Q. Curdo, Salustio, Tito Livio, Tácito y los exordios de las dos oraciones de Cicerón contra Catilina. Se ve en piezas tan oratorias un vascuence puro [...] y elevado al grado de la elocuencia. Agur, no hay gloria para mí sino para los autores latinos [...] y para nuestro idioma que tiene con qué responder.
3. Pedagogia suerte bat: katixima
XIX. mendean, katiximak ziren euskarazko liburu gehienak. Katiximak kristau fedearen funtsezko egien irakaspideak izan arren, helburu politikoetarako ere erabili ziren. Galdera-ihardespenen laburrak posibleztatzen zuen testu single eta gogoangarrien zabaltzea; moraltzaleak, hagitz pedagogikoak, erranera errazez osatuak, analfabetoek ere buruz ikas zitzaketenak. Hortaz, bada, katixima politikoak ere argitara izanak XIX. mendean gaindi.[16] Euskaraz publikatu ziren gehienak —Liberalkeriya pekatua da eta besteren bat salbu— erlijiozkoak izan ziren, eta gazteleratik itzuliak. Astete eta Ripaldaren katiximak espainieraz XVII. mendean publikatu ziren lehenbizikoz.[17] Euskaraz, berriz, XVIII. eta XIX.ean, batipat, ezagutu zituzten bere urrezko argitaraldiak. Fleuri-rena, kasurako, gazteleraz 1717an publikatu zen lehenbizikoz eta euskaraz ondoko mendean. Kultura erlijiosoaren agerpen xumeenak ere tartekatzearen bidez ailegatzen baziren, atxik gogoan noradinoko menpekotasuna zatekeen kulturaren agerpen gorenetan eta sortze lanei buruzkoetan. Menpekotasun hau areagotzen da, bada, pentsatzen badugu eredua —gaztelerazko prosagintza erlijiosoa— berez hirotua zela aspaldidanik, itzulpenetarik eta XVI/XVII. mendeetako autore gaztelauetarik bizi baitzen.[18] XIX. mendeko katixima haien xedeak, kristau hezketari atxikitzen zitzaizkion, jakin beharrezko fede ponduei eta elizkizunei, nolaerebait esateko kanpoko erlijiotasun bati estekatuak batipat. Egia da katixima izaten zela irakurtzen ikasteko testu bakarra baina, Hegoaldean, lekuan lekuko euskaldunei zuzenduak zeudenez ez ziren izan, inondik ere, herritarrak izkiriozko kulturara erakartzeko bidea, ezta hitzegiten zuten hizkuntzak bere idazkera bazeukala ohartarazteko ere. Zerbaitekin alderatzekotan Ameriketan egiten ziren Catecismos para bozales zirelakoekin gonbara genitzake. Galdera-ihardespen singleenetan funtsatuak, herritar apalei, bide, komeni beraz, zegozkien mailan moldatuak eta mintzamolde aldetik ñabardurarik gabeko azpi-hizkuntza batean eginak. Apez haien maila ekartzen digute eta baita herritar haien hizkuntza bakarra nola ikusten zuten. Egia da, halere, euskaldun haiek konprenitzen zituztela elizetan erdaraz ikusitako kristau fedeari buruzko hitzak. Apezek, katixima itzulariek, Hegoaldean bederen, ez baitzen deusik sortzen euskaraz, baliakizun guttirekin tresnatzen zuten hizkuntza. Erabiliena, apika, EDO hizkia, euskal hitza[19] eta erdarazkoaren zubigile. Zergatik bada euskal testu batean erdal hitzen eta lokuzio osoen agerpena? Hizkuntzen funtzioak[20] ez badira obratzen, ez dirateke gai hiztunen beharrak azaltzeko. Hortaz, bada, jibaroztatze prozesu baten bidez euskara bazter-hizkuntza bilakatua eta, hortakoz, ere halako sasi-baliakizunen erabilketa. 1880ean Nafarroan publikatu zuten Kristau Ikasbide batean, egileak ohartzen zitzaizkion aipatu arazo hauei, bainan ezinbesteko jotzen zuen delako EDO hortaz baliatzea. Hona bere hitzak:[21]
[...] itz cenbait, erdaracoac izanic ere, utzi dira berariaz uquitu gabe. Alaric ere, bear bada arquituco dituzu bein ere aditu ez dituzun euscarazco mintzoac: baño zuretaco berriac diren itz orien ondoan, arquituco dituzu EDO batequin paraturic gueyenetan usatzen dirán itzac, erdaratic artuac, euskara ederraren calte andiarequin. Guisa untan, aitzinean paratzen datzuten icasbideac, ezta izanen itzic aditu ez dezaquezunic.
Pentsatu behar dugu bestalde, katekesian hizkuntza dela zubi, Jainkoaren Berbatik entzulearengana doana, hain zuzen. Hizkuntza ezofiziala halako pedagogia-suerte bat bilakatzen da. Hola agitu zen bai Euskal Herrian, XIX. mendearen herenean batipat, baita Frantziaren estatupeko herri aunitzetan ere.[22] Katixima politikoetan eta antzerako testuetan, bazter-literaturetan jar genitzakeenak, katixima erlijiosoen erizpideekzutik diraute. Esamolde laburrak, singleak, gogoeta guti, azalpen nahitaezkoak xoilik, egileak errepublikazaleak, gorriak badira ere. Almanaketan, kasurako, adibide frango aurki genitzake. Ekar dezagun bat.[23] Honetan irakurgai printzipalak hiru dira, letra haundiz eta orrialde betekoak, Frantzia, Basses-Pyrénées eta Errepublika deituak. Ahalpaldiak honelakoak ditugu:
Errepublikak bakea du nahi —edota— Gure departamendua deitzen da Basses-Pyrénées eta formatua da bereziki lau phartez: Biarno eta Eskual-Herria zoinetan baitugu: Laphurdi, Bacha-Nabarre eta Zuberoa.
[14] Behin Donezteben entzun nuenez. [15] Ondarra, Frantziskok transkribatua in ASJU, XXIII-3, 1989, 709-710 or. [16] Gure mendean Mao Tzedong buruzagiaren aipuek badute halako eite bat, eta orokorki oraingo Heren Munduan zein, 1969/70eko Europan eta Francoren peko Espainian egiten zen zabalkunde komunista ere. [17] Asteterena 1607an eta Ripaldarena 1618an, Manuel Morales Muñoz-ek dakarrenez Catecismos e instrucción popular idazlanean. [18] Ibidem Manuel Morales Muñoz-ek dioenez: [...] la endeblez de la literatura religiosa española y la carencia de una legislación escolar estable durante la primera mitad de siglo, hizo que la producción catequística eclesial, lejos de manifestar alguna originalidad, tuviese que recurrir [...] a traducciones francesas [...] así como a la reedición y reimpresión de clásicos de los siglos XVI y XVII [...]. [19] Edo Larramendi baitatik jasotako hitz berriren bat. [20] Ikus honetaz: Jose Maria Sanchez Carrión, El Espacio Bilingüe, Burlata, 1981; eta autore beraren Un futuro para nuestro pasado, Donostia, 1987, 341-372 orrialdetan bereziki. [21] J. M. Satrustegui, «Emeretzi-garren mendeko kateximak» in Egan, Donostia, 1966, 68 or. [22] Joèu Melfrek izkiriatzen duenez: Adona l'occitan, l’euskara, lo francés. Lo patoás, vòtz mediatritz de la catequesa à dau sermón, es causa correnta e coneguda. «La lengua celesta dei Bergiers de Seguret» Testimoni de L. G. in Lenguas, 3 zbk., Montpellier, 1978, 68 or. [23] Almanak Berria edo Ziberouko eta Basa-Nabarreko Egunaria, Pabe, 1888.
Euskaldungoa erroizturik |