Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Gerlari euskaldunen izakera (I)

 

      Gerlari euskaldunen izakera apartaren sona XIX. mendeko bidaiari erromantikoek eraiki zuten (Victor Hugo, Augustin Chaho, A. de Bourging, V. A. Huber, “E. Garay de Monglave”, T. Roscoe eta beste hainbatek), lehen Karlistadan batipat, Euskal Herria ezagutu zutenean. Humboldtek sorturiko korronteak Frantzestadan iraun zuen Iparraldetik Harisperen gerlariak eta Hegoaldetik Mina bezalako mendi-mutilek protagonistatzen zutela.

      Euskal gerlarien ereduak Karlistaldietan eta Espainiak egindako gerla inperialistetan obratu ziren. Lehen Karlistaldirako bidaiari ingeles eta frantsesek lau haizetara zabaldutako ereduak Afrika (1859-60) eta Kubako gerletarako (1893-1898) egokitu zituzten agerkari espainolek. Hortik, apika, itsu-kopla, erromantze eta bertso paperetara.

      Bihoztunen iduripen hortan, taiukera, gorpuzkeraz landarat, jazkera aipatzen zen, irrintzina, eta euskara ere. Murat-en euskaldun soldadoak bezala, frantses haiek bezala, nahi bada, Kubara joandako euskaldun soldadoak ere, espainolak beste izenez, txapela gorri zuten ezaugarrietariko bat.[77] Gorpuzkeraz aski bekigu Alareon-ek dioenaren[78] aipua:

 

      [...] los Tercios Vascongados llegaron, por fin, anteayer, 27 [...]. Compónese de gente hermosa, alta y robusta, como lo es siempre esta raza privilegiada. Del clásico traje de su país sólo han conservado la boina, la cual basta para darles no sé qué aire antiguo y romanesco...

 

      Afrikara arribatzean oihu eta irrintzinekin agurtzen bide dute lurralde hori (Zavala, 1977, 106):

 

      [...] Cuando desembarcaron, el ejército español oyó hurras extraños, un conjunto de gritos discordantes que solo pechos vascongados pueden lanzar. Los pobres mutillak, que habían tenido una travesía muy mala desde Santander a Cádiz, saludaban a su manera la tierra africana [...].

 

      Ez da hortara baratzen gure gurka hauen aurkezpena, Latorre jeneralaren segida berrogeita hamar granadari euskaldunek osatzen baitzuten. Horietaz, Germand de Lavignek ondokoa[79] izkiriatu zuen:

 

      [...] Sus 50 hombres, vestidos de un modo pintoresco y llevando la boina tradicional iban al paso bascongado, es decir, a la carrera, y contestaban en una lengua desconocida para el ejército a las preguntas que se les dirigían.

 

      Beste testigantza batean[80] ere ikusten dugu jeneralaren segidakoek euskaraz egiten zutela.

      Aipatu beharrekoa da ere, gutienez hogei mendetako tradizioa zela; Zesaren hiltzearen ondoan, Augustok erabaki zuen, historian lehen aldiz dakigunez, bere geriza pertsonalerako soldadu bereziek osatu segida baten antolatzea eta soldadu haiek euskaldunak hautatu zituen.[81]

      Bidaiari eta goronista erromantiko horiek, menturaz jakin gabe, zerraizkion oso literatur tradizio zahar bati: euskal gerlariaren izakeraren berezitasunak kasik aipalelo bat bilakatu baitziren lehen iturri historikoetarik. Ezinagoko ausartak[82] zirela eta ez zutela burua gerizatzeko ohiturarik,[83] gerlan ez zirela sekula errenditzen,[84] leialak beren buruzagiekin...[85]

      Aipatzekoak dira euskal gudaloste berezien izatea hain garbiki frogatzen duen epigrafiaren ugariak historialari espainolen aldetik daukan trataera berezian nabaritzen dela NAZIO-aren adiera berriaren finkatzeko ahaleginak. Tazitoren bidez badakigu Germanian gudukatu zutela, baina euskal gudalosteen aipamena erakusten duen epigrafia erromatar inperio osoan zehar hedaturik aurkitzen ahal dugu (Beheko Rhinean, Britanian, Panonian, Mauritanian...) eta epigrafia horrek nonnahi ezinago ageriki vasconum/vardolorum et vasconum/vascon eta antzekoak erakusten dituelarik, historialariek beti «elementos hispánicos, tropas hispanas al servicio de Roma, alas y cohortes españolas en el ejército romano...» eta antzekopean sailkatuko eta aipatuko dituzte.[86]

      Afrikako gerlan, apika azken aldiz, halako gizatalde arrado bezala azaltzen da euskaldunena harmadan, mintzairaz, jazkeraz, ibileraz, sail berekin izateaz (konfidantzakoak, segidakoak) hitz batez XIX. mendeko hondar bat bezala. Hortakotz, bada, Estatu Modernoek bere Harmada Nazionalak egituratzen dituzten heinean, aienatuz doakie euskaldunei joandako urteotan sortarazten zuten adiskidantza.

      Euskal gerlariak ez dira euskal bezala agertzen mende honetako gerlatan. Gure mendeko harmadak ez ditu euskaldunak bere herrikideekin sailkatuko ezta ere jazkera, mintzaira, ibilera («paso bascongado»), ohidura (irrintzinak, esaterako) eta aire (XIX. mendeko «Ai, ai, ai mutilak» famatua kasurako) liferenteak haizu utziko. Soldadutza, Hegoaldean nahitaezko eskola dateke gaztelerdara eta Estatu Espainolaren, Nazio Espainolaren, himno, bandera, ikurra eta baloreak oro irakasteko. Iparraldean gutiago, ihes joaile aunitz gertazen zelakotz. Gerla Haundiak, halere, aipatu egoera hau uzkailiko du.

 

 

[77] Soldadu haien jazkerak:

      (...) se componía de ponche azul, pantalón encarnado, polainas de cuero y boina encarnada [...]. «El Pais Basco juzgado por los extraños. Los Tercios Bascongados en Africa». In Euskal-Erria, 1890.

[78] Alarcón, Diario de un testigo de la guerra de Africa.

[79] Germand de Lavigne-ren testigantza Zavalak dakar (1977, 106).

[80] «Nuestros Tercios en Africa» in Euskal-Erria, II, 1905, 12 or. Testu horren zati bat aldaratuko dut hona:

      (...] llamaron su atención el general y su escolta y cómo ésta hablara en bascuence, no supieron en los primeros instantes darse cuente de dónde procedían. Un oficial del ejército que los oyó, y que debía ser bascongado, descubrió el origen.

[81] SUETONIUS, Cains Tranquillus. De Duodecim Caesarum Vita, II, VIII eta XLIX.

[82] SILIUS ITALICUS, Tiberius Catius. Punica III, 357-358:

      Aut Uasco, insuetus galeæ, ferre arma morati [...].

[83] Kasu honetan, besteetan ez bezala, Hanibalen alde eta Erromaren aurka.

[84] JUVENAL, Decimus Junius, Satirae, XV, 93-96:

      Vascones, haec fama est, alimentibus talibus usi produxere animas [...].

      Ibidem, 103-104:

      [...] Sed Cantaber unde

      Stoicus antiqui prcesertim œtate Metelli?

[85] TACITUS, Marcus Claudius, Historia, IV, XXXIII, VI:

      Vasconum lectæ a Galba cohortes ac tum accitæ, dum castris propinquant, audito prœliantium clamore intentos hostis a tergo inuadunt latioremque quani pro numero terrorem faciunt, allis a Nouaesio, aliis a Mogontiaco uniuersas copias aduenisse credentibus [...).

[86] Ikus bereziki Primer Congreso de Historia Militar, Zaragoza, 1982, 69-91or. eta Perez Agorreta, M. J. Los Vascones (El poblamiento en época romana) liburua, Iruña, 1986, 59-61 or.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994