Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Frantzestadaren eragina

 

      Hemeretzigarren mendeak ekarritako lehendabiziko gerla Frantzestada[67] dugu, Napoleonen harmadak penintsulan sartzean, Portugal eta Espainiako erresumetan haren anaia errege izendatzeko. Jose Iª delako Erregeak, hain zuzen paratu zituen estatu moderno bat egiteko behar ziren neurriak, eta, baita ere eragin, ondoren eta hein batean ondorioz, bere kontra ihardoki zen Cadiz-eko Batzarrean (1812.eko Konstituzioa egitean).

      Frantzestada urteotan[68] ere suertatzen da, estraineko aldiz, hego-euskaldunak hasten direla politikoki Espainiaren ideia berriarekin kidetzen.

      Frantsesen kontra sortu ziren Junta, Guerrilla (Europako beste hizkuntzetara pasa zen gaztelerazko solasa) prediku-izkirio eta zabalkunde politikoan oro har nazio hitza, Espainia rekin berdinkatua, hedatu zen azken zokoetaraino. Espadas eta Urquijok diotenez (Espadas/Urquijo, 1990, 27):

 

      La literatura política de esos años —desde las proclamas y bandos, a los Diarios de las Sesiones de Cortes, pasando por las páginas de la incipiente prensa periódica y de los miles de folletos, pasquines, plegos de cordel, y octavillas— permite constatar que, en todas las regiones españolas de acentuó el uso de estas dos palabras: «nación» y «patria».

 

      Aipatu baldintza horiek guziak gogoan ezinbesteko zaigu M. E. Mina Apat-en ondorioa (Mina Apat, 1981. 72):

 

      Navarra en aquellos momentos [...] se identificó totalmente con el resto de la Nación española y el patriotismo por el que vibró fue un patriotismo español.

 

      Laborari eta herritar aunitzek frantsesen kontrako erasoetan izan zuten bere eskola, gaztelera ikasteaz batera,[69] Euskal Herritik kanpoko lekuak[70] eta gizakumeak ezagutzen zituztelarik gerrila-taldeen partaide bilakatu baitziren eta urte gutiren buruan harmagizon, sortzen ari zen Harmada Nazional hartako baloreak, hizketak, sinboloak eta atxikimenduak[71] berenganatuz.

      Bestelakatze horren ikusteko on dagokiguke buruzagi gerrileroen eta harmadako euskaldun omentsuenen nondik norakoaren ikustea.

      Har ditzagun, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoako gerrileroen buruzagiak:

      * Francisco Espoz y Mina, Idozinen sortua, Nafarroan, laborari zen Frantzestada garaian; bere ilobaren bidez gudalde haietan sartua. Gerla amaitutakoan, harmadan aritu zen hil arteraino. Euskalduna izan arren, edo hobe esateko, euskalduna zelako, ez zuen euskara maite. Olorizen hitzetan:[72]

 

      Aborrecía el vascuence, la lengua de sus padres, de su raza, la suya propia [...] pues era natural de Idocin.

 

      * Frantzisko Tomas Antxia, Mallabian, Longa baserrian sortua. Gazte zelarik (Zavala, 1992, 81), Burgos-eko La Puebla de Arganzon herrira joan zen, errementeri batean lanean hasi eta nagusiaren alabarekin ezkondu. Gerla hasirik, ehun bat gizonen taldeburu zelarik frantsesei eraso zien. Gerla akiturik, harmadan ikusten dugu Longa mariskal ospetsua bilakaturik eta S. Fernando erret-dominaren jabe. 1818ean Fr. Pedro Astarloaren euskal liburu bat finantzatu zuen.

      * Gaspar Jauregi Artzaia, urretxuarra, hemezortzi urterekin irakurtzen eta idazten ez zekiela (Zavala, 1991, 66), frantsesen aurka atera eta jeneral izateraino iritsi zen. Gerlaz geroztik harmadan zen, Lehen Karlistaldian, Minak bezala, liberalen aldetik parte hartuz.

      Derasadan, azkenik, Txolinen kasua.

      * Felix Sarasa Txolin, Artikan sortu zen, Iruñatik 5 kmtra., Frantzestadan Minari zerraion, Minak berak kondatu duenez.[73]

      Tomas Zumalakarregi eta beste hainbaten kasua arront bestelakoa dugu, militarrak baitziren Frantzestada garaian eta urte askotako tradizino bati zerraizkiotelako. Premugoak gabetu semeek Ameriketara, Elizara eta Harmada aldera jotzen baitzuten eta hartarako prestatu ere. Sorterrian bertan gaztelania, kaligrafia eta latina ikasi eta eliza gizon, gortelari edo harmagizon bilakatzen zirelarik Aginte eta agintari berrien zerbitzutan bizi, erdalerrian ia beti eta gehienez jota ilobaren bat Cadiz aldera bideratu eta lagundu mixeriatik, eta herritik alde egin zezan. Aipatu horiek zuten nortasuna bere lan berriei zor zieten. Euskal gizarte tradizionalean, berriz, beste balore zenbait gertatzen ziren nagusi. Haustura handiagoa da, hortaz, Frantzestadak militarkatu zituen laborari euskaldunena.

      Ez da miresteko, bada, behin Arturo Campionek izkiriatzen zuena:

 

      La Guerra de la Independencia fue gigantesca hoguera en cuyas llamas se fundieron y evaporaron muchos de los sentimientos y de las ideas particularistas. Ella convirtió en españoles militantes a los baskos y nabarros lanzándolos a la corriente de la vida política española.

 

      Frantzestadako bertsoei gainbegiratzeak ohartarazten gaitu Campion poligrafo nafarraren egiaz. Aski bekizkigun ondokoak:

      Gerla hasierako bertsoa da, nonbait, Gure errege maitia... (Zavala, 1991, 75) izena daramana. Hortan, eta hasmentatik, egilearen aberria azaltzen da:

 

      Gure errege maitia

      familiarekin

      Frantzi-n sartu zuben

      lotsa gutxirekin;

      pikardiaz arturik

      gure fortalezak,

      Españia guztia

      nai zuben beretzat.

 

      Bigarren bertsoan sentimentuak ere azaleratzen zaizkigu:

 

      Zubek, andre ezkondu,

      neskatxa ta alargun,

      zarrak eta gaztiak,

      kantatu dezagun:

      Biba gure senartxo,

      anai ta amantiak!

      Biba gure español

      ta erritar maitiak!

 

      Antonio Zavalak Irunen, Udaine baserriko amonarengandik jasotako bertso zati batean (Zavala, 1991, 118) antzerako haria dukegu:

 

      Napoleon ori

      Españian buru

      eztegu ikusi bear

      lotsarik badugu.

 

      Frantzestadari buruz bildutako bertsoetan (Zavala, 1991, 67) badira Donostian moldatu bertsoak Irungo herriarentzat, honela hasten direnak:

 

      Biba Irun ta biba

      biba iruntarrak

      beti esan bear du

      española danak.

 

      Ehun urte iraganik, Fermin Imazek (1879-1924) egindako bertsoek (Zavala, 1991, 141) frantzestada dute gai eta batez ere Donostiako erreketa, 13.ean honela dio:

 

      Gure Españiyak edo patriak

      laguntza zuen eskatu,

      inglesa eta Portugal’koa

      egin zitzaizkan prestatu.

 

      Gertakari horiei buruzko bertsoak azaltzen dira ere Ollokiegi eta Udarregi (Juan Jose Alkain Iruretagoiena 1829-1895)-ren bertsoetan.

 

 

[67] Frantzestada izena da Antonio Zavalak hegoaldeko euskaldunetan, herri-kantutegietan, jaso duen izena, gaztelaniaz eta beste hizkuntzetan izen desberdinekin ezagutzen dena Indepentziako Gerla, Penintsulako Gerla, Espainiako Gerla eta baita ere Gerla Nazionala eta Gerla Herritarra izendatu dutena. Ikus Espadas/Urquijo, Historia de España (II), Madrid 1941, 23 or.

[68] Ohizko datak 1808-1814 urte bitartekoak izaten badira ere kontutan hartzekoa da Napoleonen harmada 1807.ean [urriak 19an] sartzen zela Irundik. Ikus Martin de Ugalde, Euskal kondairaren sintesia, Barcelona, 1977, 115 or.

[69] Ekar dezagun, konparantza baterako, Txolin gerrilariaren kasua. Iruñatik gertu sortua bazen ere, Artikan, gaurregungo Sanduzelai auzategiaren ondoan abantzu elebakarduna zen, eta, hala ere, Espoz y Mina buruzagiaren ondokoa, aditzera ematen diguna orduko euskaldunen kopurua eta baita ere geografia aldetik euskarak garai hartan zeukan hedadura. Espoz y Minak honetaz izkiriatzen zuenez (Apat-Etchebarne, 1974: 47 or.), (Felix Sarasua “Txolin”):

      No sabía escribir, leer, ni hablar castellano: comprendía sí la lengua castellana, más nunca pudo decir en ella una expresión enteramente ajustada. Era el vascongado más cerrado que había existido en Navarra.

      Inola ere ez dugu harritzekoa: XVIII. mendearen hasieran Valdorba osoan euskara baitzen hizkuntza nagusia, Iruñaz aski hegoago, beraz. Caro Barojak bere La Hora Navarra del XVIII liburuan (Iruña 1969, 35 or.) azpimarratzen baitu Barasoaineko erretorearen Francisco de Elorza y Rada-ren Nobiliario del Valle de la Valdorba-n agertu lekutasuna:

      [...] la Valdorba, donde sus Hijos conversan (conservan) la nativa lengua del Bascuence [...]

[70] Longaren mendimutil bizkaitarrek, esaterako, Bizkaia eta Arabaz kanpo Santander eta Burgoseko lurretatik ziharduten.

[71] Besteren artean Espoz y Mina eta Jauregik parte hartu zuten harmada liberalen aldetik, lehen karlistaldiaren urteotan (1833-39).

[72] OLORIZ, Herminio. Navarra en la guerra de la Independencia, Iruñea 1910.

[73] EZPOZ Y MINA, Memorias del General D. Francisco Espoz y Mina escritas por él mismo. (I) Madrid, 1851. Angel Irigarayk (A. Apat-Etchebarne-k) aipatua in Una geografía diacrónica del euskara en Navarra, Iruñea, 1974, 47 or.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994