Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Bilboko erdaraz

 

      Hizkuntzei buruzko solas eta liskarretan, erdaraz aritzean ez dugu zulatzen hizkuntza honen munta, ez da ezbaigarri gertatzen, hortaz, denok onartutako factum batetik abiatu garelarik. Hau da, mintzatzeko era arrunta, berezkoa eta hortik aitzinat “hizkuntza honen” —gure erdara honen, esan nahi baita— “bereizgarriak dituzkegu” edota beste hizkuntzei buruz zein hizkuntzen gertakariei buruzko erizpideak. Esan gabe doa mintzamolde honen hiztunek espainol erdaraz kanpokorik ez dakitela, edo, bestela esanda, euskara ez dakitelarik, erdara dela euskarari buruzko mintzatzeko era berezkoena, logikoena, arruntena.

      Gauzak horrela, edo hizkuntzen izaerari buruzko gogoetaka jartzen dira edota, bilbotar hauek, eredurako, beraiek ez dakiten hizkuntzaz kanpo, euskaraz kanpoko, bereizgarri-norgehiagokan hasten dira. Ez dakiten hizkuntza horrek ez badie nortasunik ematen, erabiltzen duten hizkuntza ez bada gatazkagai, beste nonbait aurkitzen dute nortasuna, ibilkeran,[135] edota Bilbon mintzatzen omen den gaztelania berezian, Unamunok, Indalecio Prietok eta hainbatek aldarrikatu dutenez. Euskara galdu berria zutenek, erdaraz osotoro trebatu aitzin, halako erdara berezi bat egiten zuten, bai Bilbon baita euskara galdu den leku orotan. Adibidez, «Araxes»-en artikuluetan, Diario de Navarra-n publikatuak ikus daitekeenez.

      Lehengo mendearen hasmentarako ez dakit egia zitekeen Mogeldar batek kondatzen omen zuena. Bilboko euskaldunez mintzatzean (Hara, hor dago torua, manzania jaten eta halakoak esaten omen zituzten); haien hizkuntza hibridatuaz, berriz, ez da duda Mitxelena jaunak, areago, esaten duenean, Bilbon halako tertium quid batean hitz egiten zutela. Lehengo mende amaierako bilbotar erdaldun berriek igoaltso. Hona Jose de Oruetak kondatzen duena:

 

      En pleno paseo del Arenal, un ama seca, o sea una ex-nodriza, sigue cuidando al niño que amamantó, sentada en un banco e inclinada hacia el nene que está en cuclillas, y a quien sostiene en los brazos, le exhorta con estas cariñosas palabras: «haste amante» a fin de romper, con lo que ella quería impedir que fuera a parar al also (regazo).[136]

 

      Hizkuntza egoera hok ez dira iraunkor; arront ezagunak, ordea, historiagile eta hizkuntzalarien aldetik (Malmberg, Vendryes, Sanchez Carrion, Alvarez Enparantza...). Jalgipen metafisikoak, berriz —nolarebait izendatzeko— berriagoak dira, demagun Jose Luis «Patxo» Unzuetaren azalpena Txabi Etxebarrieta zenari entzun omen ziona:

 

      También existe una forma de hablar el erdera por los vascos no euskaldunes que es tan distinta del español hablado en Jaén, como lo puede ser el español hablado en Lérida del catalán hablado en Barcelona.[137]

 

      Jazargoa ez dateke, beraz, euskara-erdara, ez euskara-gaztelania baizik eta espainol erdara/Bilboko espainol erdara, honetan euskara Lovecraften izaki misteriotsuak bezala urtu baita hitz-iduriko hondar guti batzuk utzirik.[138]

      Unzuetak (Bilbo, 1945) aipatzen dituen hondar-hitz horiez lekorat (txiribita, iturri, goitibera, txirlora, txalo) bere haurtzaroko neskatikoen kanta hau aipatzen du: Bat-bi con el ta-iru, lau bost con el ta-seis. Xabier Kintana (1946) Bilboko beste muturren sortua ezagutzen zuena ere, hain zuzen.

      Haurtzaroko hondar euskara hori hizkuntza beraren ezgaitasun-sinboloa dukegu. Luis de Castresanak behin izkiriatzen zuenez:

 

      Bilbao es un chicarrón del Norte a quien pronto se le hacen cortos todos los trajes y en cuya esencia se combinan los hondos latidos del idioma castellano y de la antigua y noble lengua euskérica.[139]

 

      Bestelakatze hori ezinbesteko eta berezkotzat adiarazteaz landarat ez dela hortan errotikako mudatzerik esaten zaigu ere:

 

      La villa [...] hoy se halla [...] entre las raíces de lo autóctono y la estandarización de lo cosmopolita [...].

 

      Eta beherago:

 

      Bilbao sigue siendo fiel a sí mismo. Porque ni lo moderno ha matado a lo tradicional, ni lo cosmopolita ha asesinado a lo autóctono.

 

 

[135] Bilbotarrei buruz Enrique Ojenbarrenak izkiriatzen zuen bezala El Correo Español-en argitara emandako artikuluska batean. Geroxeago German Yankek ere jaso du aipatu ñabardura.

[136] ORUETA, José de. Memorias de un bilbaíno. Goiko aipua Indalecio Prietok dakar: «El lenguaje bilbaíno». Excelsior. Mexico. 1961/1/4.

[137] «Anteproyecto de nuestro programa». Kemen (ETA VI). 1971. Ikus ere UNZUETA, Patxo, «El habla de Bilbao» izeneko kapitulua. Bilbao. Bartzelona. 1990, 16-23 or.

[138] Eskola honetan eta mintzamolde sinkretiko baten bila edo, chocholo, lelo eta halakoak manaiatu ohi du EL PAIS-eko artikulugileren batek; Corcuera Espainiako Barne-Arazoetarako kargudunak, bere aldetik, Bilboko erdal tradiziorik hoberenean chocholada erabili berri du, Umbral eta hainbaten irrizuria eraginez.

[139] CASTRESANA, Luis de. Un árbol en la villa. BILBAO, 45 zbk. Bilbo. 1981/abendua.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994