|
Euskaldungoa erroizturik
Volapukera (II)
Unamuno oraingo eta Bilboko espainolzaleen Jainkoa bada, garai batean euskaldun abertzaleen aztergai izan zen (Justo Garate, Salbatore Mitxelena, Txillardegi, Martin Ugalde...). Lehenago esana zuen, 1901ean, agorrilak 26an, Bilboko Lore Jokoen karietarat egin zuen famatuko zuen mintzaldian, euskal hizkuntza, berez, eta ez kanpoko eraginez ezteusa zela eta ezgai gertatzen zela oraingo bizimodurako. «Bilbao hablando vascuence es un contrasentido» aldarrikatzean Benito Jamar liberala eta beste aunitzen pentsakera adiarazten zuela. Handik labur, agorrilak 31ean, Pio Barojak aipatzen zuen Unamunoren mintzaldia, bilbotarraren mintzo garratza kritikatuz, funtsezko argudioak bere egiten zituen arren (Baroja, 1942, V, 840):
Y respecto a que no caben en nuestro viejo idioma pensamientos modernos, todos lo sabemos; nadie creo que tratará de traducir al vascuence la Lógica de Hegel [...].
Doi mende bat lehenagotik zetozen eritzi eta eztabaida horiek, euskarak —bizi den egoeran— diraueno badute bere segida gobernu espainolaren lehendakariak[145] adiarazi zuenez:
—¿Y los vascos? —Gran problema [...] veo muy bien que los vascos, los gallegos [...] tengan su propia bandera. —¿Y su lengua? ¿Se hará el bachillerato en vasco o en catalán? —Su pregunta —perdóneme— es idiota. Encuéntreme en primer lugar profesores que puedan enseñar química nuclear, en vascuence, catalán, etc. Tengamos seriedad [...].
Gaur egungo gaiak euskaraz ematearen kontrako joera ez da Suarezek asmatua, segur. Hamaika urte lehenago, Miarritzeko agerkari batek Brecht euskaraz ematearen kontra aldarrikatzen zuen.[146] Euskaldunak frantsesez eta gaztelaniaz aritzeko gai ez baziren, nola atrebitzen ziren, bada, alemanetik itzulikatzen? Funtski, euskarak dituen auzoerdarei ezinbesteko zubi kultural bakarrak izatea aitortzen zaie. Bada beste eraso bat, Brecht komunistaren obra itzulikatzeagatik,[147] euskara hizkuntza jainkotiarra, edo ez-mundutarra, bederen, atxikiz. Aitorpen interesgarriak, artekatze eta diglosiaren funtzioaren berri helarazten digutelakotz. Aipatzen ari garen gonbaraziorako, Unamuno, Balparda eta zerrenda luze bati darraikola, Rafel Sanchez Mazas-en aburua ekar genezake:
Del Cadagua a la mar cántabra por la orilla izquierda el idioma de Castilla, que se hacía vivo y sonoro en el habla de Portugalete. Así pudo, para Bilbao, hacerse familiar, materna una de las cuatro o cinco lenguas soberanas de la historia y la que bien llamó nuestro don Miguel de Unamuno «Su Majestad la Lengua Castellana». Tenía que comunicarse Bilbao con las gentes de su trastierra, con las del interior de España, y «empezaba a ser puerta —dice con Gregorio de Balparda— en los de tierra adentro, donde los caminos salvan las divisorias del Tajo, Duero y Ebro» [...]. Frente al Señorío iba Bilbao sustituyendo por voces claras y universales las palabras antiguas apegadas a las entrañas, pero ajenas a la cultura, no vertidas jamás a un libro de levantado nivel espiritual [...].[148]
[145] Philippe Garnier Raymond-ek Paris-Match-en egindako interviewa, Punto y Hora de Euskalerria-k espainolez argitara zuena. 12 zbk. Iruña, 1976/IX/15, 30 or. [146] ZAHARRA. «Est-ce un crime de traduire Brecht en basque». Enbata. 47 zbk. Baiona. 1965eko maiatzean. Ibidem zekarrenez: Récemment un courriériste du Journal de Biarritz se disait fort surpris par la discussion soulevée à Paris autour des traductions basques de pièces anglaises ou allemandes. Pour lui le problème ne se pose même pas, étant donné que les Basques ont déjà du mal à comprendre le français ou l’espagnol. [147] Bigarren kritikan euskaldunen gaitasun linguistikoa ez da ezbaigarri; bai, ordea, beren mintzaira kultur-gaietan erabiltzea. Hona goragoko kronikariak dakarrena bi kritikak elkarri lotuz: [...] le 16 avril, le même Journal de Biarritz faisait un sort à une diatribe de M. Henry de Madaillan, qui, lui, monte sur ses grands chevaux et parle avec indignation «d’escroquerie intellectuelle», parce qu’on a traduit du Brecht en basque, et que Brecht est communiste. [148] SANCHEZ MAZAS, Rafael. «Apología de Bilbao». Bilbo 1969. 143-144 or. Egileak, Falange Española-ren sortzailea, 4 zenbakidun karnetaren jabeak, bere haurtzaro eta gaztaroko uda gehienak ematen zituen Bilbon. Goragoko aipua 1957an Libro del Centenario del Banco de Bilbao delakoan publikatu zen lehenbizikoz.
Euskaldungoa erroizturik |