Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Azken hitza bere

 

      Gizarte mailetan gora jo gogo luketenek badakite zer eginen, eskuratuko badituzte ondasun berriak, izen ona barne. Oraingo taldeari muzin egitean baditu bertakoen, hizkuntzakideen gure kasurako, aieruak eta errezeloak. Goiko taldean ez dute bazkide edo partaide berririk nahi. Ataka hortan, hautatu beharra dago, eta piramide sozialean gora abiatu denari momento batean, denak gertatzen zaizkio etsai.

      Euskaldun-erdaltzalearen iduri baitan ikus genezake gorago aipatua, Urruzunok izkiriatu eta Azkuek agertu Sasiletratu baten zirian dakarren antzora:

 

      —Eta zergatik alkate gizajoari deitzen diozute Burduntzia?

      —Berak hala nahi dualako eta guk ere bai. Eztiozu askotan aditu izan: «a mi me gusta justicia, alkate es kalte si no es zuzen como burduntzi?

      —Egia esateko neskazaharraren gaitza dauka uste det Jaun horretxek [...].

 

      Neskazaharraren gaitza da edertu nahi ta ezina, zenbat eta apainago hainbat eta itsusiago. Gure alkatea, berriz, hor dabil erdaldundu nahirik eta zenbat eta erdara gehiago orduantxe eta barregarriago.[165]

      Jean Pierre Arbelbide napar apez misionestak, berak euskararen alde egin zuen lanik gotorrenean argiro dio frantsesera gaizki mintzatzekotan, hobe dela euskaraz segitzea (1895: 21) hortarako koblari baten hitzak ekartzen dituela: «Frantses murduskatzea ez da jakitate / ichilik egotea hobe lukete».

      Beste eliz gizon batek, Narbaitz, Baionako kalonje zenak egindako elaberri batean kondatzen ditu etxekoandre baten bizipenak. Mojen lan laudagarria aipatzen du:

 

      [...] Mojek ederki jardun-arazten dituzte lanean gure etxekoandre gaiak: ez bakarrik bordatzen baiñan josten, apaintzen, plantxakoa egiten, eta berdin baratzeko lana egiten, oilloak zaitzen, jatekoa prestatzen [...].

 

      eta baita Parisera neskame joandako ardi galdua:

 

      [...] ta bego Tupintegiko Roxali bere iriko oiturekin.

 

      Bestelakatzea hizkuntzari ere baitoakio (Arradoy, P., 1966, 20-21) batez ere ondoko ahapaldietan:

 

      Aitamak etxean, lanarekin burrukan, ezin elduz eta Roxali Parisen! [...]. Joandako udaran emen izan degu. Mokoa mee, ezpaiñak gorri, azazkalak gorri ere, eta zer frantses zerratua.

 

      Antzerako pasadizoak aurkitzen ditugu Paulo Zamarripa Txorierriko apezaren obran eta, maizago, Iparraldeko idazkarietan. Jean Pierre Iratchet apezak 1946an izkiriatu elaberrian, kondatzen dizkigu (Iratchet, 1990, 52-53) Antton gaizoaren menturak, errekara jotzen duela lehenbizi, Ameriketara joan beharra, Marixan bere andregai eder eta ergela herrian dela:

 

      [...] hain maite zituen «zinema» eta leku galgarrietan ibiliaren bortxaz, ait’amek emana zioten fedea hozten hasia zen haren bihotzean.

      Gero eta gehiago aments egiten zuen hirien ezkontzea, langile zoinbaitekin [...] eta saltzeko denak eder behar baitu, egin ahalak egiten zituen ezin anderetuz, ezpainen kolore, ilen plegu, zaien luzetasunetan frango jakintsun baitzen.

      Eta ere bazituen erosiak zapeta aztal luxe batzu, heien gainean ibiltzen baitzen haur xutik joan berria bezain nekez, ezin aski xut egonez, eta besoak ezin aski kontra atxikiz, dremendeneko ozka edo harrixkolan zangoa bihurtu eta sudurra hausteko hirriskuan.

      Horiek hola pentsatzen duzue Marixan ez zela gehiago laborantxaz agradoz. Eta mintzairea? Marixanek ez zuen gehiago erdaraz baizik mintzatu nahi. Urgulu bat zitzaion erraitea orori eskuara ahantzia edo ahanzten ari zuela. Alta bada ez dauzuet hitz eman nabi erdaran trebenetarik zela. Huna zer ihardetsi zuen Anttoni.

      «Mon chair Antton.

      »Je suis étai trai contante de ta joli lètre. De ma par je vieil t’envoyé quelques mos. J’e eus baucou de lapène quant j’e sut que tout les cochons des Américs, il son mort. Mes ne t’en fais pas pur eu tu inenvoi que tu aime pluss la campagne et que finirai de ferre mes pansés et que moi osi alors j’émerai pluss la campagne. Je ne veut pas te manjer le mot que je tai doné, me je pense que toi osi tu lera tes pensé et que si tu veu seleumen esayer pour quelque jour cornent tu vivrai dans la ville, tu te goûtera toi soi de la ville et que tu aimaera plumiux la ville que campagne.

      »Je fini ses ligne en tánvoiant un baizet.

      »Mari Jeane».

 

      Barbier apezak, bere herrikideei egiten dien kritika da frantseseraz gaizki aritzen direla, ezpaitakite behar den bezala, bainan, aldi berean, bihotz altxagarri baten gisan, oroitarazten die zein handi diren euskaraz egitean:

 

      [...] Eskualdun laborari maiteak, zein hunkigarri, zein eder, zein handi zaizten, eskuaraz mintzo zaiztelarik! [...][166]

 

      Klarki ari zaigu Barbier, elerran gabe, iradokitzen duenean apezak duela azken hitza, baita frantsesa ezin hobea zein den eta nork hitz egin behar duen ere. Ondoko solas honetan hau guztia azaltzen zaigu:

 

      Bazindakite, hala hala, zoin herrebeski ari diren zuen haurretarik zombeit, bereziki neskateha batzu, urthe pare bat edo gehiago hirian egonik, herrirat itzuli eta, «frantsesez» —beren ustez— hasten zauzkularik! Zer «fransesa» heiena! Ez frantses, ez kaskoin, ez portuges! Nik ez dakit nongo mintza-moldea duten hura [...]. Ez bethi Frantziakoa!

      Halako pampina bat ethorri zitzautan egun batez, bere espos-mezari buruz behar ziren zer guzien chuchentzera. Han nuen beraz nere pampina, paparoa zabalik, berrogoi’ta hamar liberako soin teharra belhaunetaraino heltzen ez zaizkiola, besoak sorbaldetarik beherachago doi doia kukutuak. Boketa-latsera edo bachera garbitzera zoakola erranen zuen gure Amacho zenak-Jainkoak bere lorian duela!

      Eta, nere pampinari ahal nuen bezala behatzen nioen aldi guzian, ez nezaken burutik igor, haren ama chahar maiteari, bezperan oraino, bizkarrean ikusia niola errege Salomonen demborako soin bat ferdea, bainan ferdea, muskerra! [...]. Haren beraren aitari aldiz, galtza batzu, asko landetako mamu edo marika batzuek ez baitzuzketen nahiko bele-fiken iziarazteko ere.

      Eta futcho, Frantsesez baizik ez ari nere pampina!

      «Mézié le Curé, je viens pour marier.

      »—Ederki; zerbeit holako aditua ere nintzen.

      »—Oui, je voudrié pour le vint et deus de mois d’abril.

      »—Ontsa da. Zuk nahi bezala eginen dugu.»

      Eta, briepola, nere jakitate guziarekin, nik hura ezin eskuaralat eroraraz!

      «Je vous erremereie bien, Mézié le Curé.

      »—Eta zerika duzu zure jauna, zer lanetan ari da?

      »—Oh! il a une tres bonne emplacement. Il est gardabil.»

      Soberakina, soberakina da, ez dea hala? Irria ezin gehiago atxikiz, ezpainak mehe mehea, erran nion beraz.

      «Oh! haurra, zure frantses zerratu hoi ezin dezaket urrunago segi. Eskuara baitakit hobekiago, emazu othoi eskuaraz, ene gatik...»

      Gorritu zen pichka bat, eta nombeit han eskuaraz bururatu gintuen gure solasak [...][167]

 

      Zergatik ote Iaborariei ezinezko gertatzen Azkue bezalako apezei hain aisa zaiena, erdararen ikastea, alegia? Iduri luke gizarte tradizional bateko elebidun bakarrak, eliz gizonek atxiki gogo zituztela beren duten esparruan, Elizaren, parropiaren bezeroak: eta hortarako euskaldun.

      Jean Barbier garaztarrak 1926an[168] adiarazten digu zerk egiten duen euskalduna zinezko euskaldun:

 

      Elizak, Etxeak, Hil-herriak, Mintzairak. Horietan datza Eskualdun arima guzia...

 

      Guziak dira begiratzekoak, bainan...

 

      [...] oroz gainetik gure mintzaira, Eskuara; eta eskuarak —hesiaren aipalelo zaharra, beste nonbait ikertu dugunez— gu gaitu begiratzen, pareta hazkarrenak soldadua egiten duen baino ere hobeki.

 

      Apez euskaltzaleak erabiltzen zuten solasa bizirik zen gure mendearen bigarren erdialdean, Frantsesez gaizki mintzatzekotan hobe zela euskaraz egitea, alegia.

      Euskal Herriko herri ttarro batean, euskaraz hasi solasaldi baten berri ematen digute. Hortan neskato euskaldun batek hauxe dio:

 

      Non, madame, c’est moi qui va faire la comission.

 

      Neskatoaren arrapostua entzutean, goronistak dioenez,

 

      [...] irria jalgi zitzaitan, erraiten nuela ene baitan: «Hemen ere ene iduriko zonbaiti ez zaiotek balio eskuaraz mintzatzea [...]. Norentzat dute hartzen beren burua? alta! eskuara baino hobeki deusik ez jakin! [...].[169]

 

      Agerkari berean gorago aipatu dugunaren idurikoak ikusten ditugu. Euskaldunak dakien frantseseraz hitz egin baino hobe luke isiltzea —euskaraz edo ezer ere ez, hortaz—. Euskaldunak ahoa ideki orduko,

 

errepostua ukanen du zalhu. Bereziki bizpahiru balin badira, burua itzuli orduko, hasiko dira irriz, trufa aire batekin, iduri [...]. Denen irri egingarri ezartzen dituzten beren buruak [...]. Frantsesa gaizki mintzatuz (hainitzek egiten duten bezala) ez dira hobeki ikusiak seguraz ere.[170]

 

 

[165] Azkue R. M. «Sasiletratu baten zirian». Euskalzale. Bilbo. 1898, 307 or.

[166] «Jean Barbier et la poesie profane». Gure Herria. Baiona. 1975 (V), 282-283 or.

[167] Ibidem.

[168] Ibidem.

[169] Phagotegi M. «Eskual Herriko neskatoak fier direa Eskualdun izateaz?». Gazte. (Sail berria) 31 zbk. Baiona, 1959.

[170] Goraki. Ago eskualdun Roxali. Ibidem.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994