|
Euskaldungoa erroizturik
Nazio berria bertsotan
XIX. mende hasmentatik, literatur moeta guziak tresna ziren orduko politika inperialistaren zerbitzutan, kontzientzia nazional (berri) baten sortzean, nazionalismo espainola indartuz, hortaz. Kordel-literaturak deitzen direnekoetan erromantze frango[74] publikatu zen espainolez sona haundikoen jeneralen irudiekin batera. Katalaneraz eta euskaraz ere azaldu ziren. Bertso-egile eskolatuekin batera (J. Antonio Uriarte, Eusebio Mª Azkue) bestelako bertsolariak ditugu, ezagunak, Altzoko Imaz bezala, edo, gutti ezagunak Zigardi beratarra, Pantxillo durangarra, Zubiria tolosarra eta beste batzuk azaltzen direla. Ikerkizun bada ere erdal agerkari kulto eta herritarren harrera orduko Euskal Herrian ezagun da bertsolaritzan eragin nabarmenekoa iduri lukeena, ikusitako joera eta trataeren karietarat. Ahozko kulturaren nagusigoa modu askotara azaltzen zaigu. Horietako bat izenen ahoskeraren bidezkoa dakiguke, idazketak finkatzen baititu izen horiek, bainan entzuleak edota egileak entzumenaren bidez bakarrik ukan dezake izen horien berri.[75] Azkuek Ereñon jasotako bertso batzuetan, ez daki nor ote den Gorogi paltsua. Zavalak ematen digu gakoa (Zavala, 1991, 64-65) delako Gorogi hori Godoy dela adieraztean, Karlos IV.aren emaztearen ohaide-agintaria, alegia. Ahozko tradizioan izkirioz jasotzen den aldikal ez bada ere, sarri gertatzen dira halakoak, esaterako, Juan Karlos Gerrak kondatzen digun honetan (Zavala, 1991, 129):
Aquella [Frantzestada] fue una campaña popularísima. Yo alcancé veteranos y testigos presenciales de ella que llamaban a Lod Wellington «Don Melitón»....
Afrikako gerlari buruzko bertsoetan bada beste adibide interesgarri bat, Biba español eta Odonnell’en tropa... hasten diren bertsoetako laugarrenean, hola idatzia zegoena (Zavala, 1977, 86):
Zabal eta Etxuari Koste, Solano, Brindarius ere badigu oraño...
Berako amatxi batek hala esan omen zion aita Mokoroari, bainan ahozko tradiziotik izkiriozko tradiziora A. Zavalak eginen digu zubia, nor diren goiko izen horiek argituz: Zabala, Etxague, Ros de Olano, Prim eta Ríos jeneralak, hortaz.
[74] JOVER Jose Maria, Caracteres del nacionalismo español, 1854-1874, 1984, 19 or. Besteren artean hauxe dio: El tema se prestaba a su recepción poética —romances, cantares de ciego— en los medios populares; y la época, no hay que decirlo, también. Tal receptividad fue estimulada por la prensa, al publicar minuciosas relaciones de combates, muertos y recompensas, e incluso al solicitar a los distintos ayuntamientos listas de combatientes. [75] Aipatu hauek —egile/entzule— agrafo direlarik, naski, erabilitako bideak, bertsolaritzak, hala iradokitzen digula.
Euskaldungoa erroizturik |