Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Sehigoa

 

      Turismoa ideologia zanpagarri batekin gonbara liteke non-eta turistak ikusten duen guzia, erosten ez badu, jujatzeko gai dela erizten duen, bere sukaldeko zolatik ekarritako gibelasmo eta jakituriaren bitartez. Euskal Herria turismo-gaia eta leku den heinean holatsukoa dateke.

      Ez dakit nolako Euskal Herria ikusi nahi duten bisitari horiek: espartin xuri eta pilotariarena, terrorismo eta gastronomiarena, ala nahas-mahas, pataskan. Guri zaiguna, ordea, horien jarrera da, turismo-lekuetan hok izaten baitira goikoak, pagazaleak eta giza-ereduak ere.

      Euskaraz entzutean turista horiek, eskuharki, erakutsi duten erdeinuak eragin haundia lezake euskaldunengan, batez ere ondoko erranerak edota antzerakoak aditzen badituzte:[159]

 

      Mais qu’est-ce qu’ils parlent ici ces tribus? Il faudrait les finir à la flèche.

 

      Iparraldeko turismoa joan den mendearen erdialdean hasi zen ingeles eta frantziarrek Europa barneko «salbaiak» Breizhen, Pirineotan eta Iparraldean aurkitzen zituztenean. 1854erako Napoleon III.ak uda ematen zuen Miarrizen; urte hartakoa dugu, bestalde, Baionako trenbidea. Handik urtebetera Villa Eugenia eraiki zuten Miarritzen gorteko eta goimailako funtzionarien bilgune izan zena. Kanbon, hein batean Jean Rostand-i esker, Donibane Lohitzunen eta Hendaian ere hotelak eta turismo-egoitzak eraiki zituzten zibilizazio modernoaren ekarle.[160]

      Horiekin batera, ganbiamendu haundiak gertatu ziren Iparraldeko kostaldean, turismoak ondorio ekonomikoak ezezik dirua, fedea, gizarte eta hizkuntzarekiko jarrera berriak ekartzen baitzituen.

      XIX. mendeko izkirianta erromantikoek (Victor Hugo, Chaho eta abarrekoek) sortu zuten Euskal Herriaren iduria zen turistek ekartzen zutena eta sarritan euskaldunek berenganatzen zutena (arras goiti-beheiti gaurregun, oraindik, gida-liburuek diotena). Meza, kantu, neskame xuri-gorri, dantzari, lirain eta laborari zintzoen Euskal Herria zen eredu.

      Egoera honetan, gure egin genezake Dean MacCannellek inoiz (1986, 225) izkiriatu zuena:

 

      [...] un grupo étnico que se vende o se ve obligado a venderse, deja de evolucionar de forma natural. Los miembros del grupo ya no se piensan como personas normales, sino como representantes de un modo de vida auténtico. [...] Cuando prevalece la definición turística del grupo, la comunidad queda fijada en una imagen de sí misma, en un objeto de museo. El grupo se convierte en una cosa y eso es precisamente lo que las personas no pueden ser.

 

      Egia da denok ez zirela bat etortzen turismoak zekarren menpekotasun ekonomiko-kulturalarekin eta haren ondorioekin. Laurent Apesteguy apezak, Gure Herria-ren «Ilabetekoa» sailetik, hainbatetan ekartzen digun gaia dugu, lurrari eta tradizinoari atxeki ikusmolde batetik erasotzen duena:

 

      Harrizeko da zombat sartua den jendeen kaskoan hau: arrotzen trumila ekarraraztea on dela Eskual-Herriarentzat, hortarik dukela aberastasun eta mozkin! Ez! Ez! Uzten daukutela dirua, bai! bainan nori? ostaler edo saltzaleeri, maiz haiek bezein arrotz gure lurrean jarrieri.

      Arrotzak hemen gaindi abiatuz geroz errechago ote doa eskualdunarentzat bizitzea? [...] muthil neskatorik ez, arrotzekin irudiko jarri nahiak, oineko, jaunzdura eta bertze aztura guziekin, ala josteta, ala dantza, ala hizkuntza, berritzen ari dauzkigute gureak, ez ontzen.

      Bideak ere kanpotarren menean, firrindan dabiltzan auto horietan, eskualdunak bide bazterrean direla zintzurra latz eta begiak sutan.

 

      Interesgarria, halere, fededun horren aburua ikusle izatetik ikusgai izaterainoko bidea aipatzen duelarik:

 

      [...] behatze bat egiten daukute, nombaiteko basa abere batzu bagine bezala, diru pochi bat uzten, eta badoatzi airos, erran dezaketelakotz Eskual Herria ikusi dutela eta Eskualdunak dantzan edo pilotan, guk ginioken bezala Afrikako Moroer beha egonak garela.[161]

 

      Gogoeta horiek, Euskal Herri fededunaren aldekoekin batera, plazara zituen Gure Herria-ren beste zenbakietan. Batean, turismoa ere aipagai, arrotzak, dirua eta erdara biltzen ditu:

 

      Gutaz, gure herriaz choratuak dabiltzan arrotzak, kapeludun direlakotz edo diru eta erdaradun, gu baino gehiago zauzkigu. Hoien azturak, mintzairea, soinekoak laster guretzen ditugu gureak ahalgez utzirik.

      Hortan da Eskual Herriaren gaitza, horrek dezake gutartean galaraz eskualdungoa.[162]

 

      Hortan, bada, ttipiagotasun konplexuaren iturburuetako bat, dirudunetariko harremanetarik sortzen dena, ostatuan sehi dabilena, kanpotar bisitariei begi-belarri edota hiritartzen direnekiko ihakinetarik, erdaldunen aldetik «behar den bezala» ezpaitakite mintzatzen, euskaldunen aldetik igualtso «Eskuara ahantzi, erdara ez ikasi» delako erranerak kondatzen duenez, baitaere herrikideen bizimodua zokoratu duelakotz, bertsolarien «Roxali, dena fazoin, dena takoin» horren berri helarazten digunez.

 

 

[159] P.C.E.-k argitaratzen zuen Aragoa-n aipatua, 1967 aldean.

[160] Jean Goienetxek aipatzen duenez:

      [...] un nouveau genre de vie: tennis, skating, rallys, automobiles, dégustation de thé, les bals, les concerts, les théâtres, la bicyclette, les fiacres et les voilures [...] les golphs son reliés par tanway, les sports hippiques débutent, les sorties de messe le dimanche, à Sainte-Eugénie constituent un événement mondain [...).

      L'apport d'Eskualzaleen Biltzarra dans la construction culturel basque. Les origines sociales et historiques d’Eskualzaleen Biltzarra (1893-19/3). Izkirio polikopiatua. Baiona. 1984, 43-44 or.

[161] Apesteguy Laurent. «Ilabetekoa». Gure Herria.

[162] Ibidem.

 

Euskaldungoa erroizturik
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994